Nor gara Tokikom?

TOKIKOM euskarazko tokiko hedabideok osatzen dugu. Euskarazko tokiko prentsak loraldi moduko bat bizi izan zuen 1980ko hamarkadaren amaieran. 1988an Arrasate Press sortu zenetik, hamaika aldizkari sortu ziren Euskal Herriko herri eta eskualdetan, denak ere helburu komun batekin: jendeari benetan interesatzen zaion informazioa, tokikoa, ingurukoa, bere egunerokotasunean zuzenean eragiten duena, amu gisa erabiltzea publikoa euskarara hurbiltzeko; tokiko informazioa euskaraz eskainiz hizkuntzaren normalizazioan eragitea.

Hogei urte joan dira ordutik. Orduko aldizkari haiek garatzen joan dira, garai berrietako beharrei erantzuteko. Lehengaia berbera da: tokiko informazioa, euskaraz. Baina moduak aldatuz joan dira: paperezko euskarri hutsetatik irratia, telebista eta internet lantzen dituzten talde multimediak sortu dira, herriz herriko antolamendutik eskualdetara... Produktuen kalitatea hobetzeko ahalegin handiak ere egin dira, azken finean kalitateko produktua eskaintzea baita publikoarengana iristeko modu bakarra.

Ahalegin horiek erantzun ona izan dute publikoaren aldetik. Esku artean ditugun datuen arabera, TOKIKOMeko aldizkari bakoitza irakurriena da bere banaketa esparruan. Hona zertzelada batzuk:

TOKIKOMeko aldizkarien irakurle kopuruak
Aldizkaria Eremua Tirada (aleak) Irakurleak Iturria  
...eta kitto! Eibar 7950 14000 AZTIKER 2008  
Aikor! Txorierri 5300 8000 AZTIKER 2008  
Barren Elgoibar 4760 8500 AZTIKER 2009  
Goienkaria Debagoiena 20000 44000 CIES 2009  
Guaixe Sakana 4500 15000 CIES 2009  
Hernaniko Kronika Hernani 4200 10400 IKERTALDE 2006  
Karkara Aia, Orio 3100 4700 AZTIKER 2009  
Ttipi-Ttapa Bortziriak, Baztan,Malerreka 6000 26000 CIES 2009  

Baina hala ere, txikiak direlako pertzeptzioa gailendu egiten da gehienetan. Tokikotasuna tamaina txikiarekin lotzen da sarritan, batez ere, iragarle handien eta bestelako eragile publiko eta pribatuen aldetik, eta ez dugun irismen handiarekin, edo irakurleen atxikimenduarekin. Hori ekiditeko, TOKIKOM sortzea erabaki dugu, tokiko aldizkarien talde izaera azpimarratzera datorren marka bateratua.

Aniztasuna oinarri

TOKIKOM hedabideen mapa

Zalantzarik gabe, aniztasuna da tokiko prentsaren ezaugarri nagusienetako bat. Hori oso kontuan hartu da TOKIKOM sortzeko orduan, eta mimo handiz errespetatzea izan da irizpide nagusia. Formatu askotarikoak ditugu, maiztasun ezberdinak, izaera anitzeko euskarriak, iritzi ezberdinak; baina hala ere, asko dira komunean ditugun ezaugarriak, eta horiek gizarteratzera dator TOKIKOM: euskaraz lan egiten dugu, hurbileko informazioa hurbiletik lantzen dugu, gure herri eta eskualdetan txertatuta bizi gara…

Kanpora begira, beraz, tokiko aldizkarion talde izaeraren ikurra da TOKIKOM. Euskarazko tokiko hedabideok komunikazio talde handi eta eraginkorra osatzen dugu, eta indarrak batuz biderkatzailea izan daiteke gure eragina.

Barrura begira, berriz, kohesioa lantzeko eta elkarlana bultzatzeko akuilu dugu TOKIKOM. Bizi garen garai zail hauetan, oso garrantzitsua iruditzen zaigu sektorearen garapenerako bide berriak irekitzea elkarlanean oinarrituta, eta gaurko hau pausu handi bat da zentzu horretan. 

Hasierako fase honetan, 20 aldizkarik hartu dute parte TOKIKOMen definizioan:

Ekimena, esan beharrik ez dago, erabat irekia da, eta espero dugu kopuru hori etorkizun hurbilean handitzea.