Gaia: albistegia

Mai
22
8:03

Zumaia: Urola ibaiaren dragatze lanak hasiak dira

Astelehenean hasi ziren Zumaiako itsasadarraren dragatze lanak. Gaur egun arranpla parean ari dira lanean, baina Portuen Zuzendaritzako arduradunen esanetan, itsasadar osoa garbituko dute.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailak Obras y Dragados Aldamis S.A. enpresari esleitu zion martxoan itsadarraren dragatze lanak. Esleipenaren zenbatekoa 970.025,52 eurokoa da.

Pasa den astebukaerarako Zumaian Urolaren ondoko basak eta hondarrak eramango dituzten ontziak eta astelehen honetan hasi dira lanean. Hasiera batean, arranpla parean hasi dituzte dragatze lanak, baina Portuen Zuzendaritzako kideen esanetan, itsasadar osoa garbitzea dute helburu, “zubiaunditik parolmuturrera bitartean”. Hori bai, Narruondo ibaian gora lanik ez dela egingo argitu zuten.

Baleike | albistegia | ( Komentarioak )


Mai
21
10:34

Zumaia: Zumaiako odol-emaileak bihar elkartuko dira, hogarrean

Odol-ateratzeak 17:30etik aurrera egingo dira Beheko Plazako gizarte zentroko bigarren solairuan.

Baleike | albistegia, nabarmenak | ( Komentarioak )


Mai
16
11:59

Zumaia: Hondakinen inguruko akordio berriaren balorazioa

Zumaiako Hondakinen Mahaiak sinatu berri duen akordioaren inguruko balorazioa dator Birziklategitik. Hemen irakur dezakezue osorik: http://sortzen.galernasarean.info/2013/05/16/hondakinen-inguruko-akordio-berriaren-balorazioa/

Baleike | albistegia | ( Komentarioak )


Mai
14
13:30

Zumaia: Hizkamizka telebista saioak lehiakideak behar ditu

Euskal Telebistan abian jarriko dugun Hizkamizka lehiaketan, lehiakideak behar ditugu kultura orokorreko galderei erantzuteko.

Jarraian duzue saiotik bidalitako gonbidapena.

Aukera polita duzu dirutxo bat irabazteko, programa bakoitzeko 300 euro irabaz baitaitezke.

Saio bakoitzean bi lehiakidek hartuko dute parte, eta erantzun zuzen gehien emanez puntu gehien lortzen duenak egingo du aurrera, hurrengo saio berri bat jokatzera pasatuko delarik.

Zenbat saio irabaziko dituzula uste duzu? Lau, bost, hogei…? Ba, biderketa egin eta ikusiko duzu nolako poltsatxo polita aterako zaizun.

Trivial batean egingo liratekeen galderei erantzun behar zaie:

- Zein arkitektok egin zuen Bilbao Guggenheim Museoa?

- Zein izen-abizen ditu Ken Zazpi taldeko kantariak?

- Zein udalerritan dago Bilboko aireportua?

- Nola deitzen da akerraren emea?

- Zein markarekin lotzen duzu Steve Jobs izena?

Ekainean eta uztailean hasiko gara saioak grabatzen Donostiako Miramongo estudioetan. Anima zaitez, galtzekorik ez duzu eta irabaztekoa asko izan liteke.

Saioa irabazten den bakoitzean, 200 euro jasoko ditu lehiakideak, baina azken txanpako tartea gainditzen badu, zakuan bilduta dagoen diru guztia ere eraman dezake etxera. Eta horrela saio bakoitzean 300 eurotik oso-oso gora irabaztea ere badago. Pentsa ezazu zenbait saio irabazten baditu baten batek, hori pagotxa!

Animatu baizik ez duzu. Ez da asko eskatzen duguna: zeu bezalako 18 urtetik gorakoa eta euskalduna izatea. Ez besterik. Eta ez kezkatu zaharragoa bazara, 30, 40 edo 50 urte baino gehiago baitituzu, zeren eta are estimatuago izango baitzara lehiakide bezala.

Eman zure datuak helbide honeten: hizkamizka@eitb.com

Izena

Abizena

Adina

e-posta

Telefonoa

Helbidea

Herria

Lurraldea

 

Baleike | albistegia, nabarmenak | ( Komentarioak )


Mai
13
8:17

Zumaia: Zumaiatik urruti dago Santander

Aitortza batekin hasiko naiz: badakit diruak ez daukala aberririk, baina beste banku edo aurrezki-kutxa batzuekin alderatuta, oso urruti geratzen zait Banco Santander; ez ditut bertako langileak ezagutzen, ez naiz inoiz sartu sukurtsal barrura, baina sartzeko gogo handirik ere ez daukat, eskaparatean jarri berri duten propaganda ikusita. Itxura batera, zumaiarrok hain gorrizaleak izanda, esango nuke asmatu dutela irudi korporatiboarekin, ez balitz oraingoan ere gaztelania hutsean jarri dutelako iragarkia.

10.000 milioi euroko dirutza gure enpresak bultzatzeko, baina euro ziztrinik ez iragarkia euskaraz jartzeko?

Hainbesteko ahaleginak euskararen alde, hainbeste “Euskaraz bizi nahi dut!”, hainbeste EBPN, korrika eta saltaka, Euskaratxanpan, Uema…, eta gutxien espero dugunean (edo ez?), aiba!, Zumaiako Erribera kale erdian, lotsa izpirik gabe, gaztelania hutsean!

Aterako al diogu txartel gorria Banco Santanderri?

Santander_erdaraz

Baleike | albistegia | ( Komentarioak )


Mai
07
10:00

Zumaia: Zumaiako neska palistek emaitza ederrak lortu dituzte

 

Emakumeak ari dira bere lekua egiten kirol munduan. Baita hasiera batean hain ohikoak ez diren kiroletan ere. Pilotan, adibidez. Pasa den santelmotan emakumezkoen pala partida ikusteko aukera izan zen Odieta frontoian. Zumaiako Kirol Elkartea ere lanean ari da bide horretan: neska talde bat ari da palako ikasgaiak jasotzen.

Aurtengo ikasturte hasieran hasi ziren palako ikastaroekin. Bi talde osatu genituen: alebinetan bat eta infantiletan beste bat. Ostiralero edukitzen dituzten entrenamenduak: 17:00etatik 18:00etara alebinekin eta 18:00etatik 19:00etara infantilekin. Lehendabiziko sorpresa Gabon inguruan izan zuten. “Deban txapelketa txiki bat egon zen eta Zumaiatik 4 neska animatu ziren: hiru alebin eta infantil bat. Txapelketa hau, Zumaiako Eire Salegi alebinak irabazi zuen eta txartela lortu zuen Gipuzkoako banakako txapelketa azkar batean jokatzeko. Txapelketa azkar hau, Donostiako Atanon izan zen eta Eire Salegik emaitza bikaina lortu zuen bertan: bigarrena gelditu zen sailkapen nagusian”, dio Enrike Mendizabalek, neska hauen arduradunak

Otsailean binakako txapelketa hasi zen eta Zumaiatik bi talde osatu zituzten: Zumaia A eta Zumaia B. Zumaia A taldea Nekane, Zoihartze eta Enarak osatzen dute; Zumaia B taldea, aldiz, Eire, Amaiur eta Maialenek. “Txapelketa honek maila handia izaten du, bertan hainbat herri txikitako neska askok hartzen baitute parte. Hau honela izanik, Zumaia B taldeak finalerdietara iristea lortu zuen. Finalerako txartela ezin izan zuten lortu, Oiartzunen aurka 20 eta 10 galdu baitzuten. Hala ere, gure neskak izugarrizko maila daukatela erakutsi ziguten txapelketa osoan zehar”.

Zumaia A taldeak ere maila polita erakutsi zuen eta sailkapen nagusian erdialdean geratu ziren.

Baleike | albistegia, pilota | ( Komentarioak )


Ots
26
10:03

Zumaia: “Ez dago suntsipen handiko arma eraginkorragorik kontsumismoa baino”

Gaur egun gure eguneroko bizitzan hain eragin gordina izaten ari den krisi ekonomiko finantzieroari garrantziarik kendu gabe, muineko krisi sakonago baten aurrean gaudela dio Joseba Azkarraga Etxegibel soziologoak: zibilizazio krisia. Diagnosi horren aurrean, kapitalismoaren amaiera ezinbestekotzat jotzen du pentsalariak, eta komunitatearen autoeraketan ikusten du aldaketarako hazia. Hemen daukazue Gune elkarteak antolatuta joan den ostiralean Forondan eman zuen hitzaldiaren mamia. Bideoan osorik ikus dezakezue.Lurrikara bat gertatzen denean geologoek epizentroa eta hipozentroa bereizten dituzte. Hausduraren energia azaleratzen den lurrazaleko puntua da epizentroa. Hipozentroa, berriz, lur azpian hausdura gertatu den puntua. Gaur egungo krisi ekonimiko finantzieroa da epizentroa; baina sakonean zibilizazio krisi baten aurrean gaude. “Krisi ekonomiko finantzieroari meriturik kendu gabe”, etorkizuna erabat baldintzatuko diguten lau krisi erraldoiren aurrean gaude Azkarragaren iritziz:

Energia krisia

Zibilizazio urbano, moderno, industriala erregai fosiletan oinarritu da (petrolioa, ikatza eta gas naturala). Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, 2006an muga historiko bat gainditu genuen: lur azpian dauzkagun baliabideen erdia baino gehiago kontsumitu ditugu. Horrek esan nahi dugu dagoeneko kontsumitu dugula petroliorik onena eta merkeena. Hemendik aurrera, petrolio eskasagoa eta garestiagoa izango dugu. Ondorioak ikaragarriak dira, azken mendeko historian ez delako ezer ulertzen erreferentzia zuzenik egin gabe erregai fosilei, bereziki petrolioari. Merkataritza, nekazaritza, garraioa, industria, populazioa ikaragarri hazi dira petrolioari esker.

Klima aldaketa

Datuak jasotzen direnetik, Nabarmena da azken urteak izan direla beroenak. Zientzialarien aurreikuspen ezkorrenak betetzen ari dira. Erabaki da, gainera, 2020ra arte ezer ez egitea. Nazioarteko konferentzia guztiak izugarrizko porrota izan dira. Ondorioz, oso gauza larria onartu dugu: mende honetan Lurraren tenperatura bi gradu igoko dela batazbeste, gutxienez; eta lau gradukoa ere izan daiteke igoera hori. Horrek esan nahi du Afrikan tenperaturak zazpi gradu egin dezakeela gora. Kontinenteak gizakiarentzat bizigarri izateari utziko lioke. Klima aldaketaren ondorio ekonomikoak ere larriak izango dira. Klima aldaketak erakusten digu kapitalismoari bere kasa funtzionatzen utziz gero ez digula huts egingo bere gaitasun suntsitzaileak.

Bioaniztasunaren krisia

Ekosistemak kaltetzen ari gara, oso modu larrian. 1975-2000 urte artean, 25 urtean, ekonomia halako lau hazi zen, eta naturatik hartzen ditugun baliabideen %60 galzorian jarri ziren. Nazio Batuen Erakundeen aurreikuspenen arabera, ez dago batere garbi planeta honek gure premiak asetzeko gaitasuna izango ote duen etorkizunean. Hau ez da kontu etiko edo estetikoa. Joera honek eragin zuzena izango du gure bizimoduan.

Elikagaien krisia

Eta laugarrenik elikagaien krisia aipatuko nuke. Gaur egun 7.000 milioi lagun bizi gara planetan. Ia bikoitzari jaten emateko produzitzeko gauza gara. Gaitasun produktibo handia daukagu. Beraz, gaur egungo gosea ez da arazo tekniko bat, jakien banaketan eta politikan daude arrazoiak. Baina etorkizunari begira ez dago batere garbi gure gaitasun produktiboak horrenbesterako emango duen. Demografia askoz arinago ari da hazten gure gaitasun produktiboa baino. Gainera, lur emankorrak galtzen ari dira egunetik egunera, funtsean petrokimikoen gehiegizko erabileragatik. Gainera, petrolioaren menpekotasun ikaragarria du gaur egungo agroindustriak; klima aldaketak ere ondorio zuzena du nekazaritzarengan; eta hori guztia gutxi balitz, espekulatzaileek negozioa egiteko gaitzat hartu dute, prezioak ikaragarria garestituz.

Honek guztiak esplikatzen du zergatik mundu mailan hainbat enpresa eta gobernu ari diren lurrak erosten. Adibidez, Txinak Afrikan lur sail ikaragarriak alokatu edo erosi ditu. Ikusten delako etorkizunean oso zaila izango dela nork bere populazioari jaten ematea.

Zerk ekarri gaitu egoera honetara?

Asko laburtuta, hazkunde ekonomiko mugagabearen ideia magiko eta utopikoak. Fizkioa da, ilusio optiko erraldoia. Hazkunde etengabearen ideiak ekarri gaitu kolapso finantzierora, hondatze ekologikora, inoizko ezberdintasun ekonomikorik handienetara. Hazkunde ekonomiko mugagabearen ilusioak ekarri bagaitu zibilizazio krisi honetara, oraindik orain, barne produktu gordina igotzen ari dela entzun orduko halako helduleku magiko bat sortzen non atseden hartu. Gure enzefalograma ikaratu hau automatikoki lasaitzen da. Eta bitxia da, ez baitago ideia autodestruktiboagorik. Etengabe hazi beharragatik egundoko talka batera ari gara iristen. Sistema sozio-ekonomikoa etengabe ari da hazten eta biosfera mugatua da. Hain da sinplea. Lurrak bere baliabideak berriztatzeko daukan gaitasunetik oso gora ari gara kontsumitzen (%30 goitik gaur egun), eta hondakinak ere Lurraren xurgatze gaitasunetik gora ari gara sortzen.

500 urte dituen artefaktoa da kapitalismoa. 500 urte hauek antolatu ditu “beti gehiago” ikuspegiarekin: teknologia gehiago, diru gehiago, ondasun material gehiago… Beti gehiago lojikak daukan inertzia historikoa izugarria da. Iraunkortasunaren perspektibak bete-betean jotzen du sistemaren flotazio lerroan. Ez da posible sistema kapitalista iraunkortasunaren arazoari aurre egin behar bazaio. Funtsezko kontraesana dago.

Segurunez, ez dago suntsipen handiko arma eraginkorragorik kontsumismoa baino. Suntsitzen ditu modu sistematikoan baliabide naturalak, komunitatea eta pertsonak, kontsumo ekintza bidez ari garelako gure identitateak eraikitzen, eta suntsitzen duelako gure dimentsio espirituala.

Gure elite ekonomiko eta politikoek badaukate abildade berezia defentsa mekanismoak sortzeko eztabaidaren aurrean. Horietako bat da pentsatzea zientzialariei zerbait okurrituko zaiela. Teknologiaren mitoa. Ez dago mito indartsuagorik gizarte honetan. Baina errealitatea da gaur egun zientziak ez daukala B planik. Zientziak eta teknologiak gaur egun pirula lasaigarrien funtzioa jokatzen dute gizartean. Mekanismo hauek egundoko oztopoa dira garaiz erreakzionatu ahal izateko, benetan sinesten ditugulako.

Dilema baten aurrean

Bidegurutze batera ari gara iristen, dilema oso potolo batera. Egoera honen aurrean, zer egin? Proposatzen ari zaizkigu hazkunde ekonomikoaren karrilari berriro heltzea, ekonomia estimulatzera zuzendutako politikekin. Metafora bat: gu bagoaz A8 autopistatik 140ko abiaduran, legeak ezartzen duen 120ko mugatik gora. Proposatu digute azeleragailua topera zapaldu eta hala eusteko 10-15 minutuz. Istripua izateko probabilitatea ez da handia, erabatekoa da. Oinarrian, hori ari zaizkigu proposatzen hazkunde ekonomikoaren bidearekin. Dilema zein da? Hazi ezik, kolapsora goaz, gaur egungo sistemaren parametroetan. Baina, haziz gero ere kolapsora goaz. Hori da gaur egun mahai gainean daukagun dilemarik garrantzitsuena. Eta gaur egungo sistemak ez dauka erantzunik. Paradigma berri bat beharrezko da ataka honetatik ateratzeko.

Gauza esentzialetara itzultzeko momentua da. Gaixotasun larri bat edo istripu bat duten pertsonek, heriotza aurrez aurre ikusten dutenek, bizitzan benetan garrantzitsua zer den identifikatzeko gaitasuna eskuratzen dute. Halako ariketa bat behar dugu zibilizio bezala. Nola demontre antolatu behar dugu gizartea guztion premia funtsezkoak ase ahal izateko muga naturalen barruan –bestela ez dago etorkizunik–, eta gainera eskasiak aginduko duen etorkizun berri batean. Hori da aurretik daukagun erronka.

Erronka: Nola bizi hobeto gutxiagorekin?

Oso arrazoizkoa da pentsatzea aipatu ditugun krisi guztiak larriagotzen joango direla. Ez daukagu motiborik kontrakoa pentsatzeko. Kolapso probabilitatea, istripurako aukerak, uste baino handiagoak dira. Gertakari segurua da norabidez aldatzen ez bada. Norabidez aldatzea eta abiadura mantsotzea ez dira gauza bera. Fisikoki ezinbestekoa izango da hemendik aurrera gutxiagorekin bizi behar izatea, eta ireki beharreko gidoi politiko berria izango da nola bizi hobeto gutxiagorekin. Auzitan ez dago sistema kapitalistak etorkizunik ba ote duen, gure bizimodu kontsumistak iraungo ote duen. Zalantzan dagoena da bukaera nola etorriko den.

Eskasiak agindutako etorkizun horretarantz egin dezakegu trantsizio ordenatua edo desordenatua. Mendiaren gailurrera iritsi gara eta orain jaistea dagokigu. Jaitsi gaitezke suabe-suabe, makilekin lagunduta, gauzak ondo planifikatuta: teknologia, zerbitzu publikoak, ekonomia, hezkuntza, kultura… Inteligentzia politiko dosi oso altuak beharko ditugu trantsizio bidezkoa eta orekatua izan dadin. Beste aukera maldan behera korrika hastea, zeren kontra amilduko garen jakin gabe. Hori da trantsizio desordenatua, injustizia dosi handiekin, kaosa, militarismoa, muturreko fenomeno politikoak.

Antola gaitezen

Gizarte eta herri mugimenduak sortzen ari dira trantsizio ordenatu hori bultzatzeko, erresilientzia komunitarioaren bidetik: komunitate garen neurrian has gaitezen antolatzen, ikuspegi pragmatiko eta eraikitzaile batetik. Nola egin aurre aipatu ditugun krisiei? Antola gaitezen. Horrek esan nahi du autosufizientzia lokala indartu behar dela. Elikadura eta energia burujabetasuna oso garrantzitsuak izango dira. Euskal Herria izan da garapenkerian txapeldun; baina, aldi berean, herri honetan sare komunitario oso sendoa daukagu. Autoeraketa lojikak apliatu ditugu Euskal Herrian, oso garrantzitsuak diren eremuetan: ekonomian (kooperatibak), hizkuntzan (euskara), hezkuntzan (ikastolak)…

Azken urteotan pauso kualitatibo garrantzitsuak egin dira bide horretan. Adibidez, Debagoienan energia berriztagarrien inguruan (bertan produzitu bertarako); kontsumo taldeen loraldia; tokiko monetak (Iparraldean), Otxandion gertatzen ari den iraultza, Zerain Fundazioa, auzolan mugimendua, REAS sarea, Caritas, Fiare banka etikoa… Esperientzia txikiak dira, lokalak, mugatuak, baina oso garrantzitsuak. Gobernuen zain bagaude, ez gara garaiz iritsiko. Norbanako bezala, ez da nahikoa. Tarteko esparrua da komunitatea. Potentzial handiko eremua. Askoz interesgarriagoa da gustatzen ez zaigunari harrika ibili baino gustuko dugun mundua eraikitzea. Hazi horietan daude potentzial handiko erantzunak. Aldi berean, maila globalagoan artikulatu beharko dira botere eta kontrabotereak, gugan eragina zuzena duten hainbat arazo globalak direlako.

Zer behar dugu ondo bizitzeko?

Erreflexio honek balio beharko liguke ongizatea zer den berdefinitzeko. Zer da bizitza? Bitxia da, baina milaka urtetako pentsamendu filosofiko, espiritual, erlijiosoek esan digute egozentrismoan, egolatrian eta materialismoan ez dagoela bizi pozik, hori ez dela bizitza estrategia inteligentea. Eta milaka urte eta gero iritsi gara eraikitzera dimentsio material horri inoiz funtzio sinboliko, sozial eta psikiko gehien esleitzen dizkion gizarte batera. Ez da bakarrik analfabetismo erraldoi batean bizi gaituela gure muga fisikoei dagokienez, badago baita ere analfabetismo erraldoia gure giza kondizioari berari buruz. Hanka bikook zer behar dugu ondo bizitzeko? Oraindik orain, ez gabiltza batere ondo erantzuten galdera funtsezkoari. Krisia ez da bakarrik gure inguruan gertatzen ari, gure barruan ere bai. Depresioa izango da XXI. mendeko izurritea. Krisi existentzialista batean gaude.

Mendebaldeko filosofiak beti esan digu zenbat eta ondasun gehiago pilatu eta gehiago kontsumitu, orduan eta aukera gehiago zoriontsu izateko. Eta ekialdeko filosofiek berriz, kontrakoa. Zenbat eta gehiago murriztu ondasun materialak kontsumitzeko irrika hori, zenbat eta gutxiago atxiki nitasunari, orduan eta eta aukera gehiago bizitza gozatzeko. Biek ezin dute arrazoia eduki. Bietako bat oker dabil. Eta badakigu zein den.

 

Baleike | albistegia | ( Komentarioak )


Ira
14
14:16

Zumaia: Udal Gobernuaren oharra, aste honetan izan den gehiegizko presentzia polizialaz

Pasatu den asteazken arratsean, Zumaiako sarrera irteera guztietan Guardia Zibil zein Ertzaintzaren presentzia nagusi izan zen.

Zarautz alderako irteeran zein Txiki Erdiko biribilgunearen inguruan Guardia Zibilaren kontrola, eta, metro gutxira, Ertzaintzaren kontrola izan ziren. Atzo, osteguna, berriro ere poliziaren presentzia izan zen Zumaian. Nahiz eta ez izan herenegun bezalako nabarmena. Horren aurrean, Udal Gobernuak herriko bizilagun zein bisitariek Zumaian oztoporik gabe sartu-irtenean ibiltzeko duten eskubidea aldarrikatu eta bermatu nahi du. Horrekin batera, berriro horrelako egoerarik gerta ez dadin behar den lekuan kexa edo salaketa egiteko konpromisoa hartzen du. Horretaz gain, herrian poliziak esku-hartzeren bat egin behar duenean Udalak gutxiengo informazioa izatea eskatuko du.

 

Baleike | albistegia | ( Komentarioak )


Ira
04
12:03

Zumaia: Mutrikutik Lekeitiorako bidea eginda, amaitu da aurtengo udaleku ibiltaria

Mutrikutik Ondarrura, eta Ondarrutik Lekeitiorako bidea eginda, amaitu da aurtengo udaleku ibiltaria. Giro bikainean ibili dira elkartutako gazteak.

UDALEKUA-2012

Lehen egunean, Mutrikutik Ondarrurako bidea egin eta gaua Ondarruko gaztetxean igaro zuten, bertako gazteekin batera. Hurrengo egunean, Ondarrutik Lekeitiora mendi-ibilaldia egin ostean, Lekeitioko gazteekin herri bakoitzeko esperientziak elkartrukatu zituzten gazteek, Lekeition gaztetxe bat lortzera bidean momentu hontan egiten ari diren bidea azalduz, eta Zumaiako gaztetxearen aldeko borroka gogoratuz. Gaua bertan igaro ostean, Lekeitioko Mozorro Egunarekin amaitu zuten udaleku ibiltaria elkartutako 30 gazteek.

15 urtetatik hasi eta 26 urtera bitarteko gazteak izan dira udalekuan elkartutakoak eta giro bikainean igaro dituzte hiru egunak, gitarra-doinu, abesti, pin-pon txapelketa, hitzaldi, gaubela eta mozorro artean.

Baleike | albistegia | ( Komentarioak )


Abu
10
14:09

Zumaia: Baleike.com-ek oporrak hartzen ditu

Bihartik abuztuaren 26ra bitartean oporretan izango da atari hau. Denbora honetan ez dugu albisterik idatziko, baina zuek idatzitakoei sarrera emango diegu.

Baleike | albistegia | ( Komentarioak )


Abu
06
13:20

Zumaia: Kabra eta dontzeilen 37. lehiaketa jokatuko da bihar

Anadek antolatuta, Kabra eta dontzeilen 37. lehiaketa jokatuko da bihar. Arrantza ordutegia 07:30etik 12:00etara izango da. 12:30ean ontzi denek Zumaiako kaian egon beharko dute. 12:00etan itsasoan katxapero bat botako da, lehiaketa bukatu dela adierazteko (ordu horretarako parailu denak jaso egin behar dira). Pisaketa Anadeelkartean egingo da. 12:45ean ontziren batek bere arrantza ez balu aurkeztu, deskalifikatua izango da. Arrantzarako eremua: Zumaiako barratik irtenda, ezkerretara Aitz-txuri pareraino, eta eskubi aldetik San Anton mendiraino. Itsasertzetik urruntzeko mugarik ez dago. Parte-hartzaileek zehaztutako eremuan egin beharko dute arrantzan. Aipatu eremutik kanpo egiten badute, deskalifikatu egingo dira. Izenematerakoan ontzi bakoitzeko 10 euro ordainduko dira. Izenemateko epea gaur, 19:30ean amaituko da.

Baleike | albistegia, nabarmenak | ( Komentarioak )


Eka
20
9:27

Zumaia: Ura moztu dute Trenzubiko hodiko matxura konpontzeko

Artaditik jasiten den hodi batean atzo izan zen matxura konpontzeko lanetan, ura moztu da herri osoan. Udaletik aditzera eman denez, 15:00ak arte urik gabe izango da Zumaia. 15:00ak aurretik konponduz gero, ura lehenago itzuliko da etxeetara. 15:00ak ondoren urik ez bada etxeren batean, Gipuzkoako Uren 902302222 telefono zenbakira deitu beharko da.

Matxura atzo arratsaldean gertatu zen Artadiko ur-andelatik jaisten den hodi batean, Trenzubiaren parean. Zumaiako etxe asko urik gabe geratu ziren gaueko 11k ingurura arte. Une horretan Arritokietako ur-andelan jasotzen den ura bideratzen hasi ziren etxebizitzetara. Baina, Arritokietakoak nahikoa ur gordetzen ez, eta agortu egin da. Bestalde, Udaletik jakitera eman digutenez, Artaditik jaisten den hodiak jarioak ditu eta hura konpondu bitartean ura moztea erabaki da.

Baleike | albistegia | ( Komentarioak )


Eka
10
16:41

Zumaia: Pilota txapelketako seigarren jardunaldia jokatu da

Esku pilota txapelketako seigarren jardunaldia jokatu zen ostiralean Odieta pilotalekuan. Honako emaitzak izan ziren: Azkune-Etxabe (Salaberriaren ordez), 19; Beristain-Urbieta, 22. Oliden-Alberdi, 22; Ruiz (Iribarren ordez)-Galarraga, 14. Urbieta-Aizpurua, 22; Artetxe-Astigarraga (Odriozolaren ordez), 18. Ostiralean jokatuko da txapelketako zazpigarren jardunaldia, 18:00etan, Odietan.

Baleike | albistegia, kirola, nabarmenak, pilota | ( Komentarioak )


Eka
10
16:31

Zumaia: BIDEOA: Ori and the Wikipiks

Oriol Flores bateariajole kataluniarrak gidatzen duen Ori and the Wikipiks jazz laukoteak kontzertua eman zuen ostiralean Itzurun tabernan. Bideoan duzue saioko une bat.

Baleike | albistegia, kultura, musika | ( Komentarioak )


Eka
09
11:09

Zumaia: Gaur “Museora bixitan” goaz Arrasatera, Ismael Manterolaren azalpen eta guzti!

Amsterdameko Rijsmuseum ezagunera joango gara “Museora bixitan” emanaldiarekin. Arrasateko Amaia Antzokian da hitzordua, iluntzeko zortziretan.
Rembrandt, Vermeer eta Steen-en margolanak ikusi ahal izango dira, Ismael Manterola arte adituak emandako azalpen eta guzti.
Eta guk musika jarriko dugu, noski. Johan de Meij-en Dutch Masters Suite joko dugu. 3 atal dituen obra da, eta bakoitza margolan batean oinarritua dago: Rembrandt-en “Gaueko Zaintza” (De Nachtwacht) , Vermeer-en “Amodiozko Gutuna” (De Liefdesbrief) eta Steenen “Printzearen Eguna” (Prinsjesdag).

Arrasateko Musika Bandarekin egindako elkatrukearen aitzakian antolatu dugu biharko kontzertua.  Zumaian iaz otsailean eskaini genuen “Museora bixitan” emanaldia. Bigarren aukera daukazue iaz ikusi ez zenutenok. Edo errepikatu nahi baduzue… ZUMBen gonbidapena badaukazue behintzat!

Baleike | albistegia, kultura, musika | ( Komentarioak )