Gaia: antzerkia

Ira
16
15:55

Orio - Aia: Bertso-antzerkia ostiralean gaztetxean

Galtzagorriei to, Inaxito! lana eskainiko du Trikuharri taldeak


Gaztetxea gazteenga ez ezik herritarrengana -kasu honetan umeengana- zabaldu nahian haurrentzako bertso- antzerki emanaldia antolatu dute ostiralerako, irailaren 17rako. Trikuharri taldeak Galtzagorriei to, Inaxito! antzezlana eskainiko du gaztetxe kanpoko zelaian(euria eginez gero Ikastolaren eraikin berriko aretoan) 18:00etan. Saioa doanekoa da eta herriko ume zein gurasoak gonbidatu nahi dituzte antolatzaileek.

Ibai Esoain, Xabier Sukia eta Gorka Tolosa aktore dituen antzezpenean, euskal mitologiako pertsonaiak eta lurraldeak ezagutuko ditu Inaxitok jolasean; kondairak bertsoz lagunduta egongo dira, gainera.  

Txotxongiloak Gazte Festetan
Bestalde, datorren asteburuan, Gazte Festen baitan ere ez da faltako umeentzako ekintzarik. Irailaren 25ean, larunbat goizean, haurrentzako jolasak izango dira 10:30ean plazan eta ondoren, txotxongilo emanaldia.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | antzerkia


Abu
19
8:59

Orio - Aia: Potxin eta Patxin pailazoak plazan

Zirkua ezagutuz izeneko lana antzeztuko dute

Ostegunero programaren barruan, aurten egingo den azkenekotako saioa izango da gaur, abuztuak 19, iluntzeko 19:30ean, herriko plazan egingo dena. Potxin eta Patxin pailazoek zirku baten barruan nola bizi diren erakutsiko dute, beraien baitan izan bizi izan dituzten esperientziekin.

Horretarako, besteak beste, zirkuan dauden artisten berri emango dute, hauek antzeztuz. Hala nola, akrobatak, trapezistak, funanbulistak, mimoak, musikariak… zer egiten duten azalduko diete bertaratzen direnei.

Ordu eta laurden inguruko ikuskizunak eskaintzen du normalean bikoteak. Urtean zehar ekitaldi asko egiten dituzte eta besteak beste, Txirri, Mirri eta Txiribitonentzat ere egin dute lan, Altzaporru eta Triki traka triki tron saioetan.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | antzerkia


Urt
11
11:24

Orio - Aia: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia urtarrilaren 29an

Sarrerak Ikastolan eta Gelatto kafetegian daude salgai, 6 eurotan

Aurten ere, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek saioa eskainiko dute Orion, Irrien lagunak izeneko ikuskizunarekin. Urtarrilaren 29an izango da, ostiralarekin, arratsaldeko 17:30ean, kiroldegian, eta Orioko Herri Ikastolak antolatu du.

Sarrerak, aurrez, 6 eurotan egongo dira salgai Ikastolan eta Gelatto kafetegian. Inguruko herrietan ere eskura daitezke sarrerak: Aian, kultur etxean eta Juanenean; Zarautzen, Salbatore Mitxelena ikastolan eta Oteiza lizeoan; eta Getarian, Harritarte dendan.

Emanaldiaren egun berean, oraindik, sarrerarik geratuko balitz, salneurria 7 eurotakoa izango da.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | antzerkia