Gaia: arrantza

Urt
13
8:26

Orio - Aia: Kofradia berria inauguratu dute

Saregileek, arrantzaleek eta Portuetako Zuzendaritzak dute lekua bertan

Gaur goizean bertan, urtarrilaren 12ko 10:30ak inguruan, inauguratu dute kanpoko barrako zabalguneko kofradia berria, 3.472 metro koadro dituena. Bertan izan dira, besteak beste, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako Sailburu Iñaki Arriola, Orioko alkate Jon Redondo, Aiako alkate Igor Iturain, Portuetako zuzendari Felix Asensio, Arrantza eta Akuikulturako zuzendari Jokin Diez, Orioko kofradiako presidente Santi Peiro, saregileak eta kofradia berriaren proiektua egin duen Joxe Mari Alkorta arkitektoa.

Kofradia berrira sartu aurretik, eraikina inauguratu du Unai Manterola Orioko eta Aiako apaizak, Kofradiaren pareta batean jarritako Karmengo Amabirjinaren irudiaren aurrean. Barrua arakatzera pasa dira ondoren agintariak eta bertaratutako guztiak. 10 soto daude beheko solairuan: Portuetako zuzendaritzarentzat izango da aurrenekoa, gela batekin batera, lurralde-zerbitzuko bulegoa jartzeko. Biltegi bana hartuko dute Orioko 7 itsasontziek. Eta gainerako biak norentzat izango diren erabaki gabeko dago oraindik.

2010-Kofradia berriaKofradiaren administrazio bulegoa ere behe solairuan izango da, batzar-eremuekin batera. Administrazio-lanetarako eremuak, aldiz, bigarren solairuan daude, saregileak lanean aritzeko zabalgune batekin batera.

Arrantza-kanpainetan erabili ez diren sareak jasotzeko edo lehorrean dauden bitartean, sarea lehortzeko biltegiak ere baditu Kofradia berriak. Itsasontzitik eta lehorretik sareak kargatzeko modua du, gainera, garabiak eta beharrezko diren gainerako tresnak izango baitira bertan.

2009ko abenduan hasita, 4,6 miloi euro eta 14 hilabete behar izan dira lanak bukatzeko.

Jon Redondok adierazi duenez, eraikin berritzaile eta praktikoa da gaur inauguratu dutena: arrantzaleek bizia eman diezaioten falta da. Saregileek baldintza duinetan egingo dutela lan azpimarratu du Redondok.

Santi Peirok berriz eskerrak eman nahi izan dizkie alboan izan dituzten guztiei eta Eusko Jaurlaritzari gogorarazi dio aurrerantzean ere ez ahazteko arrantzale eta saregileekin.

Iñaki Arriola sailburuak hartu du atzetik hitza eta Oriaren ibaiaren garrantzia nabarmenduz hasi da. Bukatu berri den proiektu horrekin Eusko Jaurlaritzak Orioko kofradiaren beharrei erantzun diola gehitu du ondoren. Bestalde, gogorarazi du, Orioko kirol portuko eraikinak bukatzeko lanak hasiak dituztela. 1,3 milioi euro kostako da egitura hutsean dauden hiru eraikinak amaitzea eta 8 hilabeteren buruan egin beharko dute lana.

Kaleratutakoen alde, protesta

2010-Kirol portuko langileak kaleraKofradia berriaren atarian, Orioko kirol portuko hainbat langile eta langile-ohi izan dituzte zain agintariek, lanik gabe utzi dituzten lau langileren kaleratzearen kontrako protesta egiten. EKP Despidorik ez, subrogazioa orain idatzitako papertxoak banatu eta bota dituzte aurrena, eta Kirol portuetan subrogazioa lemadun pankarta zabaldu dute gero. Iñaki Arriola sailburuari aurpegia emateko eskatu diote, eta Orioko kirol portuko langileriak eskatutako hamarretik gora bilera eskaerei erantzunik eman ez izana leporatu diote.

2010-Kirol portuko langileak kalera 2

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | arrantza


Abu
26
12:59

Orio - Aia: "Ustekabean harrapatu gaitu gure ontzia –Berriz Gure Naia– ez desegiteko deiak"-Asier Uranga

Lanak gelditzeko eskatuz, presazko mozioa sartu du gaur Udalean Orioko Eusko Alkartasunak

Orioko herritar talde batek Berriz Gure Naia ontzia ez desegiteko deiak ustekabean harrapatu ditu itsasontziko armadorea eta familia. Hala adierazi digu armadorearen seme Asier Urangak. Urangaren hitzetan, ontzia desegiteko azken epea hurbil dute eta hainbeste denboran geldirik egon den ontzia bizirik mantentzeko ekintzak azken orduan etorri dira: ez dugu berria aztertzeko denborarik izan eta ez gaude, momentuz, behintzat, iritzirik emateko moduan.

Bestalde, Orioko Eusko Alkartasunak presazko mozioa sartu du gaur goizean bertan Orioko Udalean, besteak beste lanak berehala gelditzeko eskatuz. EAko presidente Juan Gorostegik bertan adierazten duenez, Berriz Gure Naia ez bada berreskuratzen, gure izaera, arrantzaleek urteetan egindako ahalegina eta ehun urtetako gure armadoreen historia pixkanaka-pixkanaka galtzen ikusiko ditugu, oroitzapen edota lerro batzuetara mugatu arte. Mozioa osorik irakurtzeko klikatu hemen.

Telebista bidez

Herenegun zabaldu zen Berriz Gure Naiaren patua herrian, euskal telebistaren albistegiaren bitartez. Berria berriz lerrootara ekarriz, Orioko egurrezko azken arrantza-ontzia da Berriz Gure Naia eta azken urtean zain egon ondoren, Arostegi tailerraren aurrean dago, desegiteko zain. Hori ikusirik, herritar talde bat, ontziari beste erabilera bat emateko lanean ari da, museo edota turismora edo aisialdira bideratutako ontzi bihurtzeko eskatuz. Orduz geroztik hainbat kultur elkartek, prentsak… agertu dute berriarekiko beren interesa.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | arrantza


Abu
25
12:36

Orio - Aia: Berriz Gure Naia ontzia bizirik nahi dute

Orion geratzen den egurrezko itsasontzi bakarra da

Orion geratzen den egurrezko itsasontzi bakarra den Berriz Gure Naia desegiten ari direla eta, ontzia bizirik mantentzeko laguntza eskatu du herritar talde batek. Juan Gorostegiren hitzetan, horrelako ezaugarriak dituzten itsasontzi gutxi geratzen da inguruotan eta hondoratu aurretik bestelako erabileraren bat emateko lanean hasi da, besteak beste, Xanti Manterola eta Eusebio Aldaz arrantzale ohiekin batera: arrantza jarduerari baja eman eta museo bihurtu nahi dugu Gure Naia. Erabilera turistikoa eman dakiokegu –Donostiara ibilaldiak antolatu…–, edota egurrezko itsasontziak nolakoak ziren haurrei erakusteko balio dezake, eskola moduan…

Noiz desegingo zuten zain bazeuden ere, duela egun gutxi hasi dira ontzia txikitzeko lanak Arostegi tailerrean. Inork ezer egiten ez zuela ikusita hasi zen orduan Juan Gorostegi lan horiek geratzeko ahaleginak egiten. Egoera plazaratzeari ekin dio aurrena –prentsa eta abarren bidez– eta herriko agintariei berri ematen ari da orain. Diputazioko arduradunekin ere hitz egin du eta datorren astean –Gorostegiren hitzetan, beranduegi, agian– Aldundiko ordezkariren bat Oriora hurbilduko dela agindu diote. Berriz Gure Naia nolakoa den ikusi nahi dute itxuraz.

Gorostegik adierazi digunez itsasontzi bat desegiteagatik diru laguntza ematen du Europar Batasunak eta ez da bidezkoa ontzia museo bihurtzeagatik armadorea zigortzea, diru laguntzarik gabe uztea: beste bide batetik eman beharko litzaioke zor zaiona. Berriz Gure Naiako armadore Gabriel Urangarekin hitz egitekotan direla ere gehitu du Juan Gorostegik.

Berriz Gure Naia deseginda, arrantzan diharduten zazpi itsasontzi geratzen dira Orion –Beti San Luis, Gure Gogoa, Berriz Ave Maria, Kantabriko Berria, Beti Aingeru, Montserrat Berria, San Antonio Berria eta Berriz Gure Naia– eta altzairuzkoak dira guztiak.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | arrantza


Urr
14
15:21

Orio - Aia: Nekazaritzaren eta arrantzaren egoera aztergai

Orioko Udalak urriaren 16an egingo du nekazaritza sektoreko bilera; arrantzarena, 23an

Orioko Udaleko Ekintza Ekonomikoak eta Enplegua batzordeburuak bilerara deitu ditu nekazaritza eta arrantza sektoreetako eragileak. Bi sektore horien egoera suspertzeko ahaleginetan, eragileen iritziak jasoko dira eta bide batez, 2009ko aurrekontuaren eztabaidara eramango. Urriaren 16an bilduko da nekazaritza alorrekoekin eta 23an arrantzakoekin. Kultur etxean izango dira batzar biak, 19:30ean.

Udal iturrietatik jakinarazi dutenez, batzar horiek irekiak dira eta edonork har dezake parte.

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | arrantza, nekazaritza