Mahatserria (Bilbo): Athleticen bandera Begoñan
1930ko ekainean Athleticek Begoñara jo zuen bere bandera bedeinkatzera. Orain ez bezala, garaipen garaia zen hura, Espainiako liga txapelketaren bigarren edizioa irabazi berritan. Orain bezala, futbol zelai berriaren usainean zebilen klub zurigorria.
Urrezko aroa izan zen Athleticentzat, ezelango zalantza barik, 1930ko hamarkadan 1936ko gerrak bortizki eten zuen arte. Hasi, bikain hasi zen. Espainiako Liga Txapelketa 1928-1929 urtean hasi zen eta orduko hartan hirugarren egin eta gero, hurrengoan, 1929-1930ean Athletic txapeldun gelditu zen. Ez zuen partidurik galdu eta liga amaitzeko jardunaldi bi falta zirela titulua eskuratu zuen, Barcelonari 4-3 irabazita.
Ondoren, Kopa txapelketa jokatu zen eta finaleraino iritsi ziren zurigorriak. Real Madrid eduki zuten arerio, baina orduan ez zegoen lehoiei aurre egingo zienik. Ekainaren 1ean bilbotarrak 3-2 nagusitu ziren. Blasco, Txirri, Lafuente, Bata, Gorostiza, Garizurieta… belaunaldi mitikoak bere lehenengo doblete-a eskuratu zuen, liga eta kopa tituluen jabe eginda.
Bitartean, ekipoaren arrakastek eta futbolaren zabalkundeak gero eta zale gehiago eramaten zituzten San Mamesera. Horren ondorioz, 1913an eraikitako futbol zelaian handitzeko obrak egin behar izan zituzten, ia etengabe. Garaiko prentsan irakurri dugu: “Behin baino gehiagotan zelai zahar hori [San Mames] handitu behar izan dute; baina Athleticen garaipen ugariek bazkide uholdeak bideratu dituzte klub horretara, Bizkaiko gainerako futbol taldeen indarra bereganatuz”.
Horregatik, Athleticek zelai berria egiteko erabakia hartu zuen. Deustuan Madariaga dorretxeko etxalde zabala erosi eta bertan futbol zelaia atontzeko lanei ekin zien. Lehenengo harria 1930eko ekainaren 22an ipini zuten. Jai eguna izan zen hura eta hasi, Begoñan hasi zen.
Bandera bedeinkapena
Ekainaren 22ko jai-egunaren arrazoi nagusia denboraldiko kirol arrakastak ospatzea izan zen, liga eta kopa tituluak alegia. Goizean, Begoñako elizan meza egin zuten eta bertan zaleek klubari oparitutako bandera zurigorria bedeinkatu zuen abadeak. Bandera hori herri harpidetzaren bidez ordaindu zuten.
Ondoren, Begoñako errepublikako plazan (elizaren atzealdean, alegia, Begoñako Udaletxearen aurrean) Club Deportivoko dantzariek erakustaldia egin zuten, ezpata-dantza eta beste euskal koreografia batzuk dantzatuta. Argazkian ikusten denez, jendea egon zen, baina ez, inondik inora, gaurko ekitaldiekin alderatzeko beste. Futbola bere bidea urratzen ari zen.
Begoñan bedeinkatutako bandera Deustuko Madariagako dorretxeko eremuan ipini zuten. Futbol zelai berriko lehenengo harria jarri eta obrak bedeinkatu eta gero, erromeria egin zuten, Galdakaoko bandaren musikaz.
Deustuko zelai hura ez zen inoiz amaitu. Arazo ugari azaldu zitzaizkion aurrean, tartean gerra bera. Gaur egun alderdi horretan Torremadariaga etxe-multzoa dago. Klubak San Mames oraindik ere gehiago handitzeko aukerak aztertu eta egingarria zela ikusi zuen. Eta San Mamesen gelditu zen. 1930ean ‘zelai zaharra’ zena, 2013ra iritsi da. Laster ordezkatuko dute, baina oinordeko ez du urrutiko eremurik izango, bere saihetsean atondutakoa baino.
Harrez gero Athleticek behin baino gehiagotan jo du Begoñara bere tituluak eskaintzera. Esate baterako, 1983 eta 1984 urteetan irabazitako azken liga eta kopa txapelketak.
Testua: Hektor Ortega












