Donostiatik Oriora etorri diren autoak gehiago izan dira, Oriotik Donostiara joandakoak baino
A-8 autopistako Orioko sarrera-irteerak larunbatean beteko du urtebete martxan jarri zenetik, eta Bidegik kaleratu ditu dagoenerako lehenengo datuak. Geroz eta erabiltzaile gehiago izaten joan da bidea, lehen seihilekoan 2.700 auto inguru ibiltzen zen eguneko, baina hortik aurrera datuek gora egin zuten, 2010eko lehen laurdenean 3.500 arte igoaz eguneko erabiltzaile kopurua.
Eguraldi onek lagunduta, uztailean 4.000 erabiltzailera arte igo da eguneko kuota, nahiz eta hilabete horren hasieran tarifa 0,96 eurotakoa izatetik 1,35 eurotakoa izatera igo zen Via-Trik ez dutenentzat. Zenbaki orokorretan, Donostiatik etorri diren erabiltzaileak, Oriotik Donostiara joan direnak baino 20.000 gehiago izan dira, 539.000 ibilgailuk egin dute handik honako bidea, eta hemendik ekialdera 519.000 joan dira.
N-634ak antzeman du ibilgailuak gutxitu direla Oriotik Donostiarako tartean, egunean %18 ibilgailu gutxiago ibiltzen dira-eta orain, baina, bestalde, Orio-Aritzetako A-8ko tartean %18 hori igo egin da, Behobiatik Bilbora doan autopistan dentsitate gehienetakoa duen puntua bilakatuz.
Txankako bidea
Bidegik 1,4 milioi euroko inbertsioa egingo du A-8ko irteera eta hondartza lotzen dituen bidea atontzeko lanetan. Lanak Construcciones Mariezkurrena eta Construcciones Zubieder AEEk –Aldi baterako Elkartutako Enpresak– egingo ditu, eta bost hilabete dituzte lanak egikaritzeko.