Gaia: baleike kultur elkartea

Mai
15
11:15

Zumaia: Elkarrizketa Euskadi Irratian

Hemen entzun dezakezue atzo gauean Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrila saioan Baleikeko kazetari Gorka Zabaletari egindako elkarrizketa, CAF-Elhuyar sariaren harira.

 

Baleike | baleike kultur elkartea | ( Komentarioak )


Urr
22
20:18

Zumaia: Baleike.com, erabiltzaileen parte-hartzea areagotzen

Baleike.com abian jarri genuenetik beti izan dugu helburu erabiltzaileen parte-hartze dinamikoa izatea. Hori dela-eta, edozein erabiltzaileek bidali ahal ditu albisteak, edo iruzkinak egin edozein albistetan.

Orain, iruzkinen sistema hobetu dugu, Baleike.com-en albisteek sarean sortzen duten dinamika osoa jaso asmoz. Sare sozialen zabalkundearekin, Baleike.com-en albisteek sare horietan izaten zuten oihartzun, iruzkin eta zabalkundeen informazioa galtzen genuela ikusita egoera konpontzeko bidea jarri dugu. Hori dela-eta, orain edozein erabiltzailek Twitter, Facebook edo beste edozein webgunetan Baleike.com-eko albisteen inguruan egindako iruzkin, txio, atsegin dut, edo estekak, jatorrizko albistearen iruzkin moduan jasotzen dira, informazioaren inguru guztia bildu asmoz.

Ondorioz, Baleike.com dinamikoagoa eraikitzen ari gara, Baleike.com-eko ohiko iruzkinez gain, Twitter eta Facebook-en egiten diren iruzkinak ere gure atarian integratuz. Animatu, erabiltzaile, eta parte hartu!

Baleike | baleike kultur elkartea, nabarmenak | ( Komentarioak )


Urr
04
11:35

Zumaia: Antzerkirako sarrerak zozkatu ditugu

Wilt, panpina puzgarriaren hilketa antzezlana ikusi ahal izango da bihar gauean Aita Marin (22:00etan). Baleike Kultur Elkarteko hiru bazkiderentzat bina sarrera zozkatu ditugu. Hauek saridunen izenak: Aloña Zubimendi, Antton Garitano eta Manex Elola. Sarrerak zuen izenean izango dituzue, Aita Mari aretoko lehiatilean. Gozatu!

Baleike | baleike kultur elkartea | ( Komentarioak )


Ira
19
10:41

Zumaia: Baleikeren bigarren eskuko kultur produktuen azoka, urriaren 20an eta 21ean

Hilabete barru egingo da Baleikek antolatzen duen bigarren eskuko kultur produtuen azoka, urriaren 20an eta 21ean, hain zuzen ere. Zazpigarren aldia izango da aurtengoa, eta bildutako dirua Zumaiako Distira Argazki Elkartearentzat izango da. Materialarekin lagundu nahi baduzu (liburuak, diskoak, dvd-ak, komikiak…), Alondegian utz ditzakezu.Aurreko sei aldietan bezala, azoka aurrera atera dadin ezinbestekoa da guztion parte hartzea. Etxean hamaika liburu, disko, dvd, komiki eta beste izaten ditugu hautsa jaten, eta azoka aukera polita da apaletan leku pixka bat egiteko. Hori bai, kontuan izan beste norbaitek erosteko modukoa behar duela izan. Horregatik, egoera onean daudenak bakarrik onartuko ditugu. Materialarekin lagundu nahi baduzu, Alondegian utz dezakezu.

Lehen bost aldietan azokan bildutako dirua nazioarteko lankidetzara bideratu da, baina iaztik erabaki genuen herriko kultur taldeei bideratzea. Iaz bildutako dirua baleike.com webgunea berritzeko erabili zen. Aurten Distira Argazki Elkartearentzat izango da zuen ekarpena. Herriko argazkizaleak biltzen ditu Distirak, 2009tik. Ikastaroak eta lehiaketak antolatzeaz gain, herriko hainbat ekimenetan hartu dute parte (aste solidarioa, Flysch Traileko argazki erreportajeak…). Udalak Forondan utzitako lokala egokitzea da orain elkartearen helburuetako bat, horrek elkartearen dinamika aberastuko duelako. Lokala behar bezala hornitzen laguntzeko erabiliko da azokako dirua.

Baleike | baleike kultur elkartea, kultura | ( Komentarioak )


Ira
13
9:51

Zumaia: Liburua bi euro merkeago Baleikerekin

Baleike aldizkarian erreportaje zabala eskaini diogu Zumaia eta Olagarroa liburuari, liburuko hainbat pasarte eta argazkiekin jantzita. Gainera, Baleike-rekin bi euro merkeago eskuratu ahal izango duzu liburua, aldizkariak dakarren kupoia aurkeztuta. Bazkide ez bazara, bihar aurkituko duzu ohiko salmenta lekuetan.

 

Baleike | aldizkaria, baleike kultur elkartea, osagarria | ( Komentarioak )


Uzt
13
13:00

Zumaia: Lizeaga-Urkidi familia, uztaileko Baleike aldizkarian

Kioskoan da jadanik uztaileko Baleike aldizkaria. Lizeaga-Urkidi familiak etxeko ateak zabaldu dizkigu, Beñat semearen itzuleraz hitz egiteko –hemen irakur dezakezue elkarrizketaren aurrerapena–. Horrez gain, iritzi artikuluak (Rafael del Pilar, Plataforma, hedabideak) eta kirol kontuei buruzko elkarrizketa eta erreportajeak aurkituko dituzue:  Josu Arrieta boxeolaria, ‘Peke’ eta Imanol Yeregi aita seme surflariak, Oihana Kortazar eta Ana Conde korrikalariak.

 

Aranjuezko espetxe atariko lehen elkarrizketa hartan zenioen ez zenuela sinetsiko aske zinela biharamunean etxeko ohean esnatu arte. Nolakoa izan zen esnaera hura?

Beñat Lizeaga: Ba, kartzelako ordu berean esnatu nintzen, 07:30ean. Errutina horretara ohitzen zara… Baina zure ohean esnatzea oso ezberdina da. Ziegaren espazio bikoitza dauka gelak, liburuz beteta dago, beste kolore bat du, ez dago txapazko ate hura, atea egurrezkoa da; eta ez da irekitzen kanpokoak nahi dutenean, zeuk erabakitzen duzu noiz irten. Ohea bera ere handiagoa da, recuento-ko soinua ere falta da, ateko leihatila txikiaren txapa hotsa. Kartzelan, goizero-goizero pasatzen dira funtzionarioak, zortziak laurden gutxi aldera.

Mikel Lizeaga (aita): Bizilagun baten pertsiana soinuak esnatu zuen…

Beñat: Saiatu nintzen berriro lo hartzen, baina ezin. Errutina ezin da egun batetik bestera aldatu. Jaiki eta sukaldera joan nintzen.

Mikel: Gure gela ondotik pasa zenean, eskua altxa nion, eta bere atzetik jaiki nintzen. Harrituta gelditu nintzen ikustean nola alde batetik hasi eta armairu guztietan begiratzen hasi zen, banan-banan, bestalderaino, hozkailuraino, ate haiek z horiek zabaltzeko eskubidea ukatua izan balu bezala. Hozkailura iritsi zenean, atea zabaldu, barrua behatu eta horrela esan zidan: “Aita, hau duk hozkailua, hau; han ez zegoan honelakorik!”.

Beñat: Gure ziegan ez zegoen horrelakorik, ez… Ziega bakoitzean bi lagun geunden. Komuna, dutxa, bi ohe –literak–, bi mahai txiki eta tiradera batzuk arropa sartzeko. Han ez genuen besterik. Legez, gelan ezin da jatekorik eduki, baina fruta pixka bat edo txokolatea igotzen genuen, tarteka jateko.

Beraz, jaiki eta armairuak behatu ondoren, gosaldu egingo zenuen, ezta? Zuk aukeratutako lehen gosaria, aspaldiko partez.

Beñat: Bai, pare bat arrautza egosi gosaldu nituen, fruta ere bai…

Mikel: Bi ez, hiru! –eskuarekin hiru hatz erakutsiz–.

Beñat: Hemen inspektorea! [barre algarak]

Mikel: Ez, ez… Poza eman zidan gogo horrekin ikustea.

Mari Bego Urkidi (ama): Dena dela, gosaldu baino lehen, leihotik amona Begoña ikusi genuen bere etxeko balkoian [ia parez pare bizi dira]. Onintza [Ostolaza] lehengusua, abokatua dena, amonarekin zegoen, eta esan genien etxera etortzeko gosaltzera. Jokin, Amaia eta umea ere etxera etorri ziren gosaltzera, eta Arantza eta Imanol ere bai [senitartekoak denak].

Beñat: Familian gosaldu genuen, etxeko balkoian.

Mari Bego: Sekulako gosaria, aspaldiko onena. Erabat pozik.

Beñat: Gosaria hartzeko ilaran egon beharrik ez… Kafesnea galletekin edo olioz betetako txurroekin ematen ziguten kartzelan. Eta asteburua bazen, bollo lehorren bat.

Senideekin gosaldu ondoren, lehen bisita nori egin zenion?

Beñat: Aurrena Maria Jesusena joan ginen, Patxiren amarengana [Patxi Aristi]. Harekin egon ondoren, Inpernupen zerbait hartu eta baserrira joan ginen, Astigarragako familiarengana.

Mikel: Baserrian bazkaldu genuen, bi izebek, amonak eta guk. Amona-eta siestara joan ziren eta Beñatek erabaki zuen mendi buelta egin behar zuela, han inguruko parajeetan. Haize premia zeukan.

Beñat: Batez ere, hazienda inspekzionatu…

Mikel: Lehen berak garbitutako lur saila da, eta nahi zuen ikusi ondo zaindu ote dugun denbora honetan…

Beñat: Ba, ez duzue azterketa pasa… [barre algarak]

Mikel: Gero joan ginen ikustera txakurrak, txerriak eta ahuntzak; eta, ondoren, goi aldera, behiak ikustera. Piotegiko gainalde hartan mendia zelaia da, erabat ordeka, eta Beñat hantxe gelditu zen, geldi, inguruari begira, espazioari begira, artean ezin sinetsirik non zegoen. Ordubete edo egin genuen han.

Mari Bego: Isil-isilik egon ginen hirurok. Handik Zumaiara bueltan, hileko azken ostiraleko presoen aldeko elkarretaratzean izan ginen.

[...]

 

Baleike | baleike kultur elkartea | ( Komentarioak )


Mai
30
10:50

Zumaia: Sagardoa Baleikeko bazkideentzat!

Orain hasi eta ekainaren 30era bitartean bazkide eginez gero Ekain sagardotegiak emandako 6 botilako kaxa bana jasoko duzu opari. Nahikoa da zure datuak elkartea@baleike.com helbidera bidaltzea edo mezua uztea 943861545 telefonoaren erantzungailuan. Bestetik, iaz bezala, 5 kaxa sagardo ekologiko zozkatu ditugu jada bazkide badirenen artean, eta hauek izan dira irabazleak:

Imanol Zuazobide, Eguzkiñe Senosiain, Igor Albizu, Ane Aizpurua eta Mª Luisa Irigoien.

Zorionak, eta eskerrik asko zuen ekarpenarekin aldizkaria eta baleike.com bezalako gune hau posible egiten duzuenoi!

 

Baleike | baleike kultur elkartea | ( Komentarioak )