Gaia: batu gurera!

Urt
31
8:00

Mahatserria (Bilbo): Zoragarria

Ume eta gazteek ateri zela egin zuten korrika 34. Sei Izar Herri Krosean. Helduek euripean. Iaz baino ume eta gazte gutxiago hurbildu ziren arren, eguraldi umela ez zen traba izan helduentzat. Sekulako partaidetza izan zen eta antolatzaileen aurreikuspenak aise gainditu ziren. Errege Egunean 700dik gora kirolari elkartu ziren Santutxu-Txurdinagako asfalto bustian, gora eta behera, korrika egiteko.

Santutxuko Familia Elkartea pozik dago aurtengo Sei Izar Herri Krosarekin. Beharrezkoa den gutxiengo finantziazioa bermatuta, eguraldia eta partaidetza izaten dira antolatzaileen burukomin nagusiak. Bada, eguraldia erabat alde izan gabe –ateri egon zen ume eta gazteen frogan eta etenik gabeko zirimiria bota zuen helduen frogan– partaidetza sekulakoa izan da. Guztira, 100 umek eta gaztek eta 700 helduk eman zuten izena. Kopuru “zoragarria”, antolatzaileen esanetan. Zenbakietaz haratago, kirolarien jarrera goraipatzen du Familia Elkarteko Albertok era berezian: “Izen emate unean, korrikalari askok eskerrak eman zizkiguten krosa urterik urtera antolatzen jarraitzeagatik, jabetzen dira horrelako lasterketa bat antolatzeko dugun zailtasunaz”.

Izan ere, lan eskerga dago Sei Izar Herri Krosaren atzean, 100 bat auzotarren lan boluntarioa. “Goizeko bederatzietatik ibiltzen gara irteera prestatzen, kaleak trafikoari mozten, korrikalariak zenbatzen… Iker Gamindek, esaterako, bi ordu ematen ditu mikrofonotik hitz egiten informazioa ematen”. Udaltzaingoak eta Bilboko Udalak aurten krosean azaldu duten prestutasuna ere oso baikorki baloratu du Familia Elkarteak.

Jon Martin, 1go haur kategorian
Iaz bigarren geratu zen Jon. Aurten, berriz, atera du arantzatxoa, baina ez gogor ahalegindu gabe: “Hor egon gara, lehian, esprintatzen”. Forman mantentzeko parte hartzen du urtero krosean, gustura gainera “jendearen animoengatik”. Izan ere, irteera-helmugatik hurbil bizitzeak abantailak ditu, familia bertan izan baitzuen. Zirimiriak bustitako errepidea ez zen arazoa izan Jonentzat korrika egiterako orduan. Ezta futbolean egiten duenean ere. Hurrengo urtean “tituluaren defentsa” egingo du.

Claudia Peñas, 1go haur kategorian
Belauneko mina eta zapatila zaharrak ez ziren Claudiarentzat traba izan helmugan lehen neska izateko. Iaz bezala. “Zapatilak gastatuak ditut eta frenatu egin behar izan dut”, zioen lasterketa bukaeran. Ez zegoen erabat pozik eguraldi euritsuagatik espero baino haur eta gazte gutxiago elkartu zirelako. Eta, batik bat, neska gutxi. “Faltan ditut neskak. Bi lagunekin lotuta egon naiz gaur, baina ez dira etorri”. Kontuak kontu, Claudiak korrika jarraituko du: “Hurrengo urtean berriro”.

Josu Amutio, 1go senior kategorian
2005etik sei aldiz irabazi du Josu Amutiok Sei Izar Krosa. 2009an ezik, gainontzeko urteetan lehenengo izan da beti. Aurten, erraz garaitu du. Bigarrenari alde handia atera arren, probaren “gogortasuna” azpimarratzen du berak: “Euriagatik apur bat deserosoa izan da, gainera Txurdinagako parkeko bihurguneetan laban egin dut”. Ez du kexatzeko arrazoirik. 2011n Euskadiko Maratoi txapeldun izan da eta Espainiako Txapelketan lehen 20 korrikalarien artean geratu da. Otsailean, Espainiako Maratoi Erdian lehiatuko da.

Mari Karmen Gartzia, 1go senior eta beterano kategorian
Asfaltoan gustura ibiltzen da Mari Karmen eta zer esanik ez Santutxu-Txurdinagakoan, astean hiru bide entrenatzen baita basauriar hau gurean. Iaz bezala aurten ere lehenengo geratu da eta ez emakume beteranoen artean soilik, seniorren denbora ere ondu baitzuen. Zornotzako Nazioarteko Krosean parte hartu ostean, Bizkaiko Kros Txapelketa prestatzea da bere hurrengo helburua. “Nire kategorian, 45-50 urte bitartekoan, irabaztea espero dut. Gero Euskadikoa dator, hori zailagoa da. Ahal dudan ondoen egingo dut”.

Katsumi, azken korrikalaria
Ez zuen irribarrerik galdu Katsumi japoniarrak helmugan azkena izateagatik. Nekatuta iritsi zen, oso. Ibilbidearen “gogortasunaz” eta “zailtasunaz” ohartzean “presarik gabe” korrika egitea erabaki zuen. Jendearen animo oihuak lagundu zioten, batik bat, azken aldapa igotzen. “Venga, venga”, esaten zioten errepide bazterrean pilatutako auzotarrek. Bere senar santutxuarrak ere lagundu zion azken metroetan. Mendian ibiltzera ohituago dago Katsumi errepidean korrika egitera baino. Ez du alferrik Fuji mendia bi aldiz igo.

Berton aldizkaria | batu gurera!


Urt
31
8:00

Mahatserria (Bilbo): Begoñako ikurren galera

Ez dira, ez, Begoñako errepublika zaharreko erreferentzia asko geratzen. Gaur egun arte iraun duen horietako bat da kanposantua. Baina hori ere desagertze bidean dago hilobiak husten ari baitira. Jabe batzuk konforme ez, eta ahaleginak egingo dituztela iragarri dute bertan geratzeko. Ikusgai dago 6.000 metro kuadro zertarako erabiliko dituen udalak etorkizunean.

Bere ama eta amama Begoñako hilerrian lurperatuta daude, horregatik izan da betitik Jose Maria Etxebarriaren ilusioa bertan lurperatua izatea. Baina ez da posible izango, 2016an hilerria behin betiko itxiko baita. 2006an azken gorpua ehortzi eta hamar urtera, hileta-legeak ahalbidetzen duen bezala.

2006an jakin zuen Jose Mariak Bilboko Udalak hilerria ixteko zuen intentzioaren berri. Kanposantuko langile baten bitartez enteratu zen. “Ez duzue hemen luzaro iraungo, bota egingo zaituztete”, esan zion beharginak. Handik lau urtera, 2010eko abuztuan Bilbao Zerbitzuak erakundearen eskutitza jaso zuen etxean. Sutan jarri zuen eskutitz hark. “Hilobiaren kontzesio eskubireari uko eginez gero ordaina eskaintzen zidaten”, dio haserre. Etxebarriaren ustez, “eskubideei ezin zaie uko egin”. Bilbao Zerbitzuak erakundeak hainbat aukera eskaintzen zizkion eskutitzean, baina bere iritziz ez garbi azaldutakoak. “Oso anbiguoa da bertan esaten dena. Ez da posible horrelako zerbait idaztea. Eta zelan bidal daiteke horrelako eskutitz bat abuztuan jendea oporretan dagoenean?”

Egunero zabalik egotetik igandetan eta jaiegunetan zabalik egotera pasa zen Begoñako kanposantua. Botiloia egiten zuten gazte batzuk hilobietan kalteak sortzean hartu zen erabaki hori. Orduan, udalak “zenbait konponketa” egin zituen. Baina egun asko eta asko itxita eman arren, kanposantua ez da kalteetaz libratu. “Erabat utzita” dago, Etxebarriaren ustez, “hiltzen utzi dute”. Kapera eta osarioa, esaterako, oso hondatuta daude. Dena den, udalaren utzikeriak ez du zerikusirik hilobien jabe batzuen jarrerarekin. Oraindik orain, panteoia “atzo egina bezala” duenik bada. Are gehiago, lurreko hilobietan gerrako ume asko daude lurperatuta, 500 bat. Bilboren bonbaketan, 1957an, hildako umeak dira. Bada, “hilobi horietan loreak ipintzen ditu norbaitek gaur egun ere”.

Orain baino lehen ere izan dute Begoñako hilerriko hobien jabeek epemuga hurbil. Desjabetzeko zorian egon ziren. “Julia Madrazoren kontua izan zen. Baina hilerrian familia garrantzitsu asko daude eta horien presioari esker bertan behera geratu zen plana”.

Ikur baten galera
Mahatsorri ugari kezkatuta dago kanposantuaren desagerpenarekin. Besteak beste, Koldo Urrutikoetxea. “Begoñako erreferentzia historiko guztiak ezabatuz joan dira azken mende eta erdian bizimodu aldaketarekin batera, eta hainbat jauntxori esker: euskara, baserriak, nekazaritza, eskolak, udaletxea, plaza eta abar luzea. Kanposantua eta eliza dira geratzen diren Begoñako erreferentzia bakarrenetakoak eta uste dut erreferentzia historiko hori mantendu behar litzatekeela”. Urrutikoetxearen arabera hilerriaren lekuan udalak martxan jarriko duen proiektuak zenbait baldintza bete behar ditu. Esaterako, “ez hormigoirik ez eraikinik altxatzea, eta eremu osoa errespetatzea dagoen antzera. Txukuntzea eta egokitzea bertara sartu eta paseatu ahal izateko”. Espazio horrek etorkizunean kanposantua izan den erreferentzia historikoa ez du galdu behar Urrutikoetxearen iritziz. Eta erabat bateragarri irizten dio kanposantua mantentzeari paseoleku erabilpena ematearekin.

Balio eskultorikoa
Balio historikoaz gain, balio eskultorikoa duen hilerria da Begoñakoa. Bernabe Garamendi Zaldibar (Bilbo, 1833-1898) eskulturgileak lan eskerga egin zuen Bizkaian batik bat. Bere lan garrantzitsuen artean dago Abandoko San Bizente elizako erretaula nagusiko irudietako bat, San Bizenterena hain zuzen. Horregatik 6.000 kobrezko erreal jaso zituen. Lau urte beranduago, 1868an, gurutze bat zizelkatu zuen Begoñako hilerrirako. Dokumentuen arabera 600 erreal kobratu zituen. Garamendik hilerrietarako estatua asko landu zituen eta bere modeloak luzaroan errepikatu zituzten bere tailerreko oinordekoek.

Ezagunagoa da agian Quintin de Torre Berastegi (Bilbo, 1977-Espinosa de los Monteros, 1966) bera izan baitzen novecentismo vasco bezala ezagutu zen eskulturgileen taldeko kiderik ezagunena. Bere estilo zabaleko obraren barruan dago Begoñako hilerrirako egin zuen estatua multzoa.    

Etorkizunean zer?
Bateko eta besteko zurrumurruen arabera, hilerriaren lekuan supermerkatu bat, tabernak eta bolatokia eraikiko dituzte 2016tik aurrera. Baina horretarako udalak traba bat behintzat badu, aurreko jabeak ezarritako baldintza. Izatez, lursaila udalarena den arren, Casilda Iturrizar andrearen eskutik jaso zituen 6.000 metro kuadroak, herritarren gozamenerako izan behar zuten baldintzarekin. Ikusteko dago, udalak zein jokabide izango duen. Momentuz, Bilbao Zerbitzuak erakundeko gerente Oscar Garbisuk jakinarazi digunez, gune berde bezala kalifikatuta dago kanposantua eta udalak egun “ez du batere proiekturik bertan”. Bi arrazoi ematen ditu horretarako: “Egungo egoera ekonomikoa eta udalak martxan jarritako herstura plana”.

Bitartean, azken asteotan garbiketak burutzen jardun dute beharginek. Uralita eta fibrozementu plakak kendu dituzte hilerrian. Deigarria izan da langileek erabili duten uniformea. Goitik behera zuriz jantzita eta aurpegia babestuz maskarak dituztela ibili dira, auzotarren harridurarako. Garbisuk aitortu ez duen arren, amiantoarekin kontaktua izan dutela aipatu digute beharginekin harremana izan duten auzotarrek. Baina “hezetasuna dela-eta, arriskurik ez dute izan amiantoarekin”.

Ziurrenik, aurrerantzean, ohikoak izango dira hilobien hustuketa eta garbiketa lanak. Lan horiek doan egiteko proposamena egin die udalak hilobien jabeei, izan kontzesioa iraungita izan indarrean. Jose Maria Etxebarria ez da bere ama eta amamaren gorpuzkinak berehalakoan mugituko dituen horietakoa. “Hilerriaren hondatzeagatik edota asperduragatik joango dira batzuk. Baina beste batzuk eta nik borrokan egingo dugu apur bat. 2016ra arte hemen jarraituko dut. Azkenetakoa izango naiz alde egiten”. 

Berton aldizkaria | batu gurera!


Abe
13
21:27

Mahatserria (Bilbo): Auzoetako merkataritzari begiradatxoa

Remar eta Sarrikue auzoetan negozio banak dirau, eta bietan denetik zegoen lehen. Auzo txikiak dira. Salbuespenak. Eta salbuespen izatetik ohiko paisaia izatera pasa daiteke gure inguruko kale eta gune askotan dendak ixten ari baitira. Eusko Jaurlaritzak, irailean, 2010 urteari zegozkion datuak plazaratu zituen. Datuek denda txikien ixteko joera nabarmena azaltzen dute. Iaz arte, eta azken bi urteetan, 2.000 denda txiki baino gehiakok pertsiana itxi du betiko EAEn. Kontraesantzat har daitezkeen datu batzuk ere ageri dira Jaurlaritzaren txostenean. Dendak itxi badituzte ere, salmentak igo direla aipatzen da. Baita Seguritate Sozialean alta eman duten komertzio arloko langileen kopurua ere. Hala ere, denda txikiak ixten doaz. Gure auzoetatik pasiatzen badugu, ‘alokairuan’ eta ‘salgai’ bezalako gero eta lelo gehiago ikusiko ditugu jaitsitako pertsianetan itsatsirik. Batzuk, duela gutxi itxi dituzte. Beste batzuk, ordea, hilabete eta urteak daramate horrela. Egoeraren inguruan iritzia eskatu diegu Santutxuko, Txurdinagako, Uribarriko eta Otxarkoagako dendarien elkarteei, gertu-gertutik zelan bizi diren ezagutzeko.

 

TXURDINAGA da auzorik berriena. 200 denda eta negozio baino gehiago dago bertan.
Merkatarien Elkarte bezala, zelakoa da zuen auzoko egoera?
Arlo guztietan une zailak bizi ditugu. Gurea ez dago aparte, jakina. Baina elkarte gisa indarrak bateratzen ahalegintzen gara jendeak bere inguruko dendetan eros dezan, hurbiltasuna eta kalitatea eskaintzen dugulako. Auzoan dendak egoteak bizia ematen dio auzoari.
2011 urtea amaitzear dagoela, aurten denda gehiagok itxi du?
Auzoan itxi diren dendak jubilatu direlako izan da. Izan ere, negozio batzuen lekukoa jende berriak hartu du.
Krisiak gabonetako erosketetan eragina izango du?
Uste dugu neurri txikiagoan izango duela eragina. Data hauetan jendeak eskuzabaltasunez gastatu ohi du. Laster ikusiko dugu.
Inguruotan marka ezagunen supermerkatuak badira. Berauen eragina nabaria da ala izan da?
Auzo honetan dauden supermerkatuak ez dira merkatalgune erraldoiak. Hala ere, hiriko beste auzoetan gerta daitekeen bezala, horrelako lekuetan erosten duenak kotxea hartu eta hiritik kanpo dauden zentro horietara joaten da. Gainontzekoa, hurbileko dendetan erosten du. Ez dugu somatu ohituren aldaketarik.
Krisi denboretan, jendeak non egiten ditu erosketak?
Orokorrean, auzoan egiten ditu, hurbiltasunagatik eta konfiantzagatik. Horregatik, ez dugu aldaketa nabaririk somatu. Hori bai, akaso, salmenten jaitsiera bai.
Krisi denbora honetan, negozio berririk zabaldu da Txurdinagan?
Bai, baten bat zabaldu da: akademiaren bat, bazarra (denetik saltzen duen horietakoa), taberna, optika, animalientzako osagarri eta apaingarrien denda, parafarmazia…
Besterik azpimarratu edota esateko badaukazue?
Krisiladi une hauetan indarrak batzearen garrantzia azpimarratu nahiko genuke. Horren harira, auzotarrek erosketak auzoan egin ditzaten lan handia egiten ari gara kanpainen bidez. Azaroaren 28an, astelehenean, gure web orrialdearen aurkezpena egingo dugu (www.txurdinagabilbao.com) gure bazkide guztien eskaparatea izan dadin. Garrantzitsua deritzogun gaia da hauxe: kexetan denbora alferrik galdu ordez, bizi garen inguru aldakorrean egokitzeko gauza izan behar dugu.

 

URIBARRI, MATIKO eta KASTAÑOS auzoetan mota guztietako denda eta negozioak aurki ditzakegu. Baita aldapa dotoreak ere. Aitzinean ‘Bilbora jaisten’ ziren asko eta asko Zazpi Kaleetako dendetan, Erriberako merkatuan… egiten zituztelako euren erosketak. Auzo horietan, ordea, aukera zabala dago gaur egun. Jende nagusi asko ere bizi da bertan.
Distrito 2 Auzoa Berritzen du izena merkatarien elkarteak. Duela sei urte sortu zuten hiriko bigarren barrutiko merkatariek. Gaur egun 45 negozio dira elkarteko bazkide. Beren lehendakariarekin berba egin dugu.
Dendarik zabaldu da azken urteetan bigarren barrutian?
Bai, zabaldu eta lekuz aldatu. Denetik: mertzeria, zilarrezko gauzak saltzen dituen denda, urrea erosten duen denda, jatetxe txinatarra, aseguru-denda, tailer mekanikoa, jaki galegoak saltzen dituen denda, farmazia berritzen ari da…
Beraz, denetik zabaldu da?
Bai, eta denda asko berrikuntzak egiten ari dira. Eta ez da oso baikorrak garelako edota dena oso ondo doalako. Bezeroei konfiantza eman behar zaie. Egoera txarra da, baina hemen jarraituko dugula adierazi behar dugu. Azken finean, jendeak beharrak ditu eta, pentsatzen badu zuk ez duzula behar duen hori, beste nonbaitera joango da. Bereizteak ere zer edo zer laguntzen du.
Zeintzuk izan dira itxitakoak?
Bitxi-dendakoa jubilatu da, Kastañosko mertzeriakoa eta baita alboko tabernaria ere. Dekorazio-denda itxi dute eta orain ile-apaindegia zabaldu dute. ‘Kimu berde’ gutxi dago. Itxi direnak gehiago izan dira. Beste guztiok eutsi egiten diogu. Dena dela, jendea zain dago, eta garai hauetan berriztu, gauza berriak asmatu eta eskaini behar dira bezeroa erakartzeko. Ikastaroak egin, gauza berriak ikasi (dekorazioa, argiztapena…). Uste dugu arrazoi nahikoa dela hori merkatarion elkartean sartzeko, hortik abiatuta auzoko merkataritza hobeto sustatu daitekeelako. Ez da ‘makil magikorik’, baina bai bestelako tresna lagungarriak: ikastaroak, laguntzak, informazioa.
Kuriositatez, txinatarrek elkartean izena ematen dute?
Bai, orain dela gutxi eman du izena jatexekoak eta Eroski ondoan dagoen beste dendako jabea den neskak ere bai.
Hemen ez dago hipermerkaturik, baina, supermerkatu handiago horiek eraginik izan dute?
Ikusten da ogia erosteko lehen egoten zen ilara ez dagoela orain. Baina gauza bat esango dizut, ez dut uste kalitate berdinekoa denik fruta, haragia… Nik nahiago dut denda txikietan erosi, ilaran itxaron behar badut ere. Zerbitzua ere zuzenagoa da.

 

OTXARKOAGAN bizi den jendea, ekonomikoki, ez da aberatsa, ez. Hala ere, merkatari anitza dago. Krisi egoerak, beste auzoei bezala, eragin die. Itxura berrizten dabilen ‘Txino’ merkatalgunean den okindegi batean galdetuta, erantzun laburra bezain zehatza jaso dugu: “Egoera latza da”. Hortik oso gertu, denda bateko leihoan, ‘Liquidación por cese’ dioen kartel handi bat irakur daiteke. Auzoko betiko denda da. Eta ez da denda berririk zabaldu Otxarkoagan. Merkatarien Elkarteko bi ikuspegi jaso ditugu. Beti-betiko dendari batena, batetik, Enbeita plazan dagoen jantzi dendakoa. Metroko lanak, krisialdia, baita azken urteko eguraldiak ere, “dena” daukatela aurka dio. Auzora jende gaztea bizitzera etorri da, baina dena ipinita dutela eta, behar gutxi daukatenez, “erosketarik ez dute egiten auzoan, normalean”. Kotxea hartu, eta kanpora joaten dira. Jende nagusiak, ordea, behar gutxi du, eta diru gutxi, beraz, tarteka zer edo zer erosten badu, denbora luzean ez du ezer gehiago erosiko. Urte batzuetatik hona, gutxiago saltzen dela aipatzen dute Enbeita dendan eta aurreikuspen iluna egin digute: “Hemen ez da ezer ere altxatuko”. Bestetik, dendari gazte bat dago, Otxarkoagan dagoen dietetika bakarreko saltzailea da. Berak nahiago du garaiari ikuspegi baikorra ematea. Egoerak aurrera egiteko balio digula dio, “egunero aurrera segitzeko indarra atera behar dugu”. Bestela, kexen artean itoko litzatekeela. Berak, ere, abantaila txikia izan dezakeela pentsatzen du, inguruko mota horretako denda bakarra delako. Eskaparatismo ikastaro batean 60 urteko dendari bat ikusteak animoa pizten dio. “Jubilatzear dagoen pertsona bat oraindik ikasteko eta hobetzeko ilusioz ikusteak, aurrera segitzeak merezi duela pentsarazten dit. Kexatu, kexa naiteke, baina nahiago dut baikorki aurrera egin”.

 

SANTUTXUKO merkatariek 30 urte baino gehiago daramate elkarlanean. Denda eta negozio gehien daukan auzoa izanik, denetik aurkitzen da bertan, eta jendeak bertan erosteko ohitura dauka.
Zelakoa da Santutxuko elkarte bezala egiten duzuen egoeraren irakurketa?
Krisialdia dela eta, diru sarrerak gutxitu dira. Hala ere, auzoan ez dugu horrenbeste nabaritu. Izan ere, nabaritzen hasi ginen merkatalgune handiak zabaltzen hasi zirenean, duela urte batzuk jada.
2011an denda gehiago itxi dira iaz baino?
Bai, batez ere hasi berriak zirenak, ez direlako finkatzera iritsi. Aspalditik daudenak aurrera segitzen dutela dirudi.
Krisiak gabonetako erosketetan eraginik izango du?
Bai, azken urteetan era nabarmenean beherantz jo dute gabonetako erosketek, eta sektore batzuetan are gehiago.
Santutxun marka ezagunen merkatalguneak badira. Beraien eragina nabaria da?
Erabat, auzoko denda txikien artikulo gehiago bere egiten dutelako eta horrek lehia zuzena egiten digulako.
Krisi denboran, jendeak non egiten ditu erosketak?
Orokorrean, merkatalgune handietan. Auzoetan, gauza txikiak erosten dituzte, ahaztutakoak edota azken ordukoak bakarrik.
Krisi denbora hauetan negozio berririk zabaldu da Santutxu aldean?
Bai, baina lehen aipatu bezala, ez dute arrakastarik, eta denbora gutxian irauten dute zabalik. Dendak itxi, bai, baina negozio berri batzuk zabaltzen direla ere agerikoa da. Ia edozein gauza aurki dezakegu denda berri horietan. Bitxia da, baina antzeko gauza gertatu zen aurreko krisialdian non ‘Dena 100’ esaten zuen lelopean gauza erabilgarriak eta ez hain erabilgarriak saltzen ziren. Gurean, euskaraz ere saiatu direnak badira. Esaterako, Begoñaldeko bazar txinatarrak izena euskaraz jarri dio dendari.

Berton aldizkaria | batu gurera!


Uzt
28
0:53

Mahatserria (Bilbo): Mahatserriko Berbalaguna

Katalunian katalanera praktikatzeko egiten duten antzera, Mahatserrian eta Euskal Herrian oro har, Berbalaguna sortu zen euskararen erabilera sustatzeko. Santutxun 2004az geroztik dugu, batetik Asapala euskara elkarteak eta bestetik Santutxuko AEK-k egitasmo hau aurrera ateratzeko bat egin zutenetik. Laster ikasturte hasiera dator eta aukera paregabea da euskaraz aritzeko lagun-taldean eta musu-truk.

Lehen koordinatzailea Oihana Ondarra izan zen eta hiru urte eman zituen egitasmoa antolatzen. Ondoren Eneritz Perez aritu zen eta azken bi urteotan Aitor Argote dabil koordinatzaile lanetan. Berarekin bildu gara datu gehiago jasotzeko. Berbalaguna egitasmoarekin euskal sarea sortzea dute helburu, euskaraz hitz egiten duen jende multzoak sortu eta hedatzea, hain zuzen. “Euskara praktikatzeko edota ikasten daudenek zein maila oso altua ez dutenek hizkuntza erabili ahal izateko aukera da eskaintzen duguna”, dio Aitorrek. Hala, lauzpabost pertsonako taldeak osatzen dituzte eta haiekin laguntzailea deitzen dutena izaten da, euskaldun aritu bat. Antolatzaileen esanetan, “batez ere euskaraz praktikatzeko jenderik ez dutenentzat, ausardia nahikorik ez dutenentzat zein lotsa sentitu ahal dutenentzat aukera paregabea da traba horiei aurre egiteko eta euskaraz aritzeko”. Egun hemeretzi talde daude Berbalagunean parte hartzen, guztira 113 pertsona, eta elkarrizketa bat mantentzeko euskara maila minimoa jakitea besterik ez da behar berbalaguna izateko.
Astean ordu bat
Aurtengo ikasturteari begira, “ekonomikoki nahiko jaitsi da diru laguntzen kopurua eta koordinaziorako ere ordu murrizketa handia izan dugu”, dio Aitorrek. Hortaz, ezin dute egitasmoa gehiegi handitu eta gainera laguntzaileak behar dituzte hainbeste talde aurrera eramateko. “Konpromisoa astean ordu betekoa besterik ez da eta hemendik jendeari laguntzaile izateko luzapena egin nahi diogu”, gaineratu du Aitorrek.
Duela urte bat Eusko Jaurlaritzak inkesta bat egin zuen partaideek Berbalagunari buruz zein iritzi zuen ezagutzeko. Euskal Herri osoan egin zen makroinkesta eta erantzuna oso positiboa izan zen.
Mintza Eguna  
Aurten laugarren aldiz ospatu dute Mintza Eguna, berbalagunen urteroko jaia. Elizondon izan zen ekainaren lauan. 200 pertsona baino gehiago bildu ziren egun osoko jaialdian. “Oso jai bitxia da Euskal Herri osoko berbalagunak eta mintzalagunak batzen garelako eta ederto pasatzen dugulako”, diosku. Urtero bizpahiru ekitaldi nagusi antolatzen dituzte Mahatserriko berbalagunek. Urria aldera harrera jaia egiten dute. Martxoa aldera sagardotegira joaten dira Getxoko berbalagunekin eta ikasturte amaieran Mintza Eguna. Mahatserriko Berbalagunaren blogean Elizondoko argazkiak ikusgai daude.
Datorren ikasturterako izena eman nahi duenak Santutxuko AEKra (Arbidea, 21) hurbiltzea besterik ez du egin behar, bertan orri bat beteta nahikoa da. Bestela, epostaz (asapala@gmail.com) zein Asapalara deituta (9444735448) apuntatzeko aukera dago.
Gurasoen Berbalaguna
Egitasmo honen barruan bada Gurasoen Berbalaguna deitzen dena ere. Seme-alabak B zein D eredura daramaten gurasoek, hitz egiteko maila minimoa dutenek, hartzen dute parte bertan. “Eskolarekin elkarlanean egiten dugu, eskolaz kanpoko ordutegian eta gainera, ume txikiak begirale batzuekin egoteko aukera ere eskaintzen diegu, esaterako, Txurdinaga eskolan eta Karmelo ikastolan”.
Itxasoren Berbalagun taldea
Sonia, Eli, Ana, Julia, Carmen, Bego eta Itxaso (laguntzailea) ostegunero biltzen dira Santutxuko Giroa tabernan. Mahaitxo bat prest izaten dute denak elkarrekin egon daitezen. Hiru urte daramate Berbalagunean. Aurtengo ikasturtean oso pozik egon dira eta udan ere biltzeko asmoa dutela diote, hori bai uztailean Itxasori oporrak eman dizkiotela esan dute.
Batzuk euskaltegian ezagutu zuten elkar, Begok Irale ikastaro bat egin zuen eta ikastaroa amaituta berbalagun egitea erabaki zuen. Besteak hasiera batean hizkuntz eskakizuna gainditzeko lagunduko zien asmoarekin sartu ziren Berbalagunean, baina ondoren batez ere euskara praktikatzeko asmoak mantendu ditu elkarturik. Aitor Argotek dioskunez, “oso ohikoa izaten da hasierako asmo hori” iaz Eusko Jaurlaritzako inkestak zioena ikusita. Jendearen lehen helburua hain preziatua den hizkuntza eskakizun hori lortzea izaten da. “Gure helburua, berriz, jende artean euskaldun sarea lortzea da”. Batzuek ez dute Berbalagunetik kanpo euskaraz hitz egiten –diotenez–, eta koadrilan eta etxean ere zailtasunak dituzte. Laguntzaileari buruz galdetzerakoan (Itxaso), brometan diote gogorra dela, baina ez diegu sinistu.
Emakume hauek hainbat irteera egin dute elkarrekin, esaterako, Santurtzira hurbildu dira antzerkia ikustera edota Alhondigara bueltatxoa ematera. Eta zelan ez, gogora ekarri dituzte egindako afariak ere. Datorren ikasturtean denek itzultzeko asmoa dute, “azkenean lagun taldea bihurtu gara”, aitortu digute. 
Mikelen Berbalagun taldea
Berbalagun talde hau Santutxuko Kuluxka tabernan biltzen da asteazkenero goizeko hamar erdietatik hamabietara. Taldean Mari Jose, Joseba, Jose Luis, Mamen eta Mikel (laguntzailea) daude. Mari Jose aurretik beste berbalagun talde batean zegoen eta azken talde honekin hiru hilabete eman ditu. Bera euskaraz hitz egiteko asmoarekin apuntatu zen. Joseba, aldiz, duela sei urte hasi zen euskara ikasten eta berbalagun gisa hiru urte daramatza. “Niretzat euskara erabiltzea garrantzitsua da”, diosku Josebak. Mikel laguntzaileak “Josebak ulertu dena ulertzen du baina taldean gutxien hitz egiten duena da”, gaineratu du. Jose Luis duela zazpi urte hasi zen Berbalagunean, lehenetarikoa izan zen eta berak dio euskaraz hitz egiteko apuntatu zela. Jose Luisek seme-alabekin euskaraz hitz egiten du eta egunero zer edo zer ikasten duela diosku. Astean zehar Oñatiar lagun batekin eta Munitibarreko beste batekin mintza praktika egiten duela dio. “Nik euskaraz bizitza gogo handiz hartzen dut, gero adinarena beste kontu bat da, baina beno”, azpimarratu du. Mikelek laguntzaile lana egiten du taldean: “Niretzat oso pozgarria izan da ikustea hemen inguruan dabilen jendeak nola lortzen duen erraztasun minimo bat euskaraz egiteko”. Talde honetan edozertaz hitz egiteko lasaitasuna goraipatu dute taldekideek, euskaraz eta hainbat gai garatzeko aukera ederra izan dutela diote. Datorren ikasturtera begira, urrian hasiko dira eta denek errepikatzeko asmoa agertu dute. www.asapala.org/mahatsorriak/berbalaguna

Berton aldizkaria | batu gurera!


Uzt
28
0:50

Mahatserria (Bilbo): Bustita, baina umoretsu

Zirimiria eta euri-jasa, bietatik bota du aurtengo Santutxuko jaietan, eta ugari. Bederatzi jai egunetatik lautan. Eguraldi eskasak, baina, ez du ilundu santutxuarren jaietarako gogoa.

Berezia izan zen jaien hasiera, bertsotan bota baitzuten Gaztedi Dantza Taldeko kideek pregoia. Hori baino lehen bazkari goxoa izan zuten 200dik gora lagunek, ez Briñas ikastetxeko jolastokian –espero eta iragarri bezala–, udalaren baimen faltagatik, Basarrate plazan baizik. Lehen gauean bota zituen lehen euri tantak, gauerdi aldera, hurrengo egunetako milaka euri tanten iragarle edo. Jai Batzordeko kideen esanetan, eguraldiak “ez du lagundu”, baina izan den eguraldi eskasa kontutan hartuta, “beste urte batzutan bezalatsu” hurbildu da jendea jaietan parte hartzera.
Santutxuko bakailao txapelketa famatuak –53. edizioa– bazuen berrikuntzarik aurten. Lehen igandera aurreratu zuten antolatzaileek eta, iaz baino lau lapiko gutxiago aurkeztu arren, “giro ona” izan zen jaun eta jabe Basarraten. Txosnak zabalik egoteak eta pintxoak eskaintzeak zerikusi handia izan zuen giroari eusteko ahaleginean. Astearteko paella txapelketa ere “oso ondo” baloratu dute batzordekideek, are gehiago “goiz-goizetik euri arrisku handia zegoela nabarmena baitzen”. 14 koadrilak egin zioten aurre eguraldiaren mehatxuari paella bana aurkeztuz.
Play back txapelketa berpizten ari dela argi geratu zen ostegun arratsaldean. “Geroz eta parte-hartzaile gehiago dago eta batik bat umeak dira”, Jai Batzordeko kideek adierazi digutenez. Sei talde izan ziren guztira lotsa baztertuta eszenatoki gainera igo zirenak.
Musika kontzertu gehienak –Mamba Beat, Tributo Gaua– dilubiotik salbatu ziren, azken larunbateko Ingo al deu? erromeria taldea izan ezik. Euria amorruz ari zuen eta hala ere ez zioten jotzeari utzi. Auzotar askok txosnapean eta karpapean babesturik eman zuten gaua eta beste batzuk, ausartenak, blai eginda eman zuten jaietako azken gaua.
Balorazioa eginda, kontuak egitea dagokio orain Santutxuko Jai Batzordeari. Eta ez da ez lan erraza krisi ekonomikoa gain-gainean dugula eta Bilboko Udalaren laguntza 1.022 eurokoa denean. “Horrekin komunak ordaintzeko baino ez dugu”, diote batzordekideek. Komunen kostua apur bat murriztea lortu dute, garbiketa beregain hartu dutenetik. Dena den, udalaren diru-laguntzarekin “ez da ezertxo ere egiten”. Gainera, oso berandu jasotzen dutela aitortu digute: “Iazko laguntza aurtengo maiatzean eman digute, pentsa!”. Bildu alderdiaren proposamenaren inguruan –auzotar bakoitzeko bina euro bideratzea auzoetako jaietara– duten iritzia galdetuta, irribarreak ihes egiten die Jai Batzordeko lagunei: “Horrela balitz, oraingo egoerarekin alderatuz, miloidunak ginateke eta kristoren jaiak izango genituzke Santutxun”.
http://santutxukojaiak.blogspot.com

Berton aldizkaria | batu gurera!


Eka
30
8:00

Mahatserria (Bilbo): Pedalei eraginez, geroz eta gehiago

Bizikleta, aisialdirako baliatzeaz gain, garraiobide bezala erabiltzen hasiak gara. Non eta Bilbon, asko, non eta Mahatserriko aldapetan, gutxiago baina inoiz baino gehiago. Jakin nahi izan dugu, batetik, uritarrok zergatik egin dugun pedalen aldeko hautua, hirian zelan moldatzen garen eta arauak ezagutzen ote ditugun eta, bestetik, erakundeek bidegorrien sarea eta bizikletaren erabilpena zein neurritan bultzatzen duten. Pedal kolpeka, hona helmugan jasotako iritziak.

Ez zeraman txirrinik bizikletan eta isuna jarri zioten Elena Sandonisen alabari. Txirrindularia eta txirrindula saltzailea den Elenaren alabari, alegia. Familiartean bi gurpilekiko zaletasuna txikitatik bizi izan duen neskak ‘hutsegitea’ izan zuen eta berak bezala txirrindulari askok izaten dute, ezjakintasunagatik batik bat. Bere amak, Elenak, “lan pedagogikoa falta dela uste du. “Umetan, gure lehen ibilgailua da bizikleta eta, gainera, oso ibilgailu ahula gainontzekoen parean. Kaskoa, txirrina, argia eta islatzaileak beharrekoak direla buruz jakin beharko genuke”. Baina badira arau gehiago ere. 15 kilometro orduko gehiegizko abiadura muga ez gainditzea, trafiko seinaleak eta semaforoak errespetatzea, eskuinaldetik zirkulatzea, traiektoriari eustea, banan-banan joatea, errail eta norabide aldaketak jakinaraztea… arau horien ezagutza are garrantzitsuagoa da Espazio Publikoaren Erabilerarako Ordenantza iazko irailean indarrean sartu zenetik. Harrezkero bizikletek ezin dute espaloian ibili eta, beraz, errepidea baino ezin dute erabili. Bilboko ordenantza berriak, gainera, bat egin du txirrindularen boom-arekin. 
Orain bost urte hasi zen Jesus Sandonis Sando, bizikleta saltzailea eta Santutxu Txirrindulari Elkarteko kidea, gorakada igartzen. “Asko antzeman da salmentan”, dio. Baina zera izan behar du kontutan hirian bi gurpilen gainean hasi behar duenak Sandoren iritziz: “Txirrindulariok molestatu egiten dugula”. Bilbo “ez dago prestatuta” Gasteiz edota Bartzelona bezala eta automobil, autobus eta taxiek “ez diete lekurik uzten ez pasatzen uzten” bizikletei. “Pentsaera eta ohiturak” aldatu behar ditugu, nahiz eta hasiak diren motordun ibilgailuen gidariak jarrera aldatzen. Horretan zerikusia izan dute, Sandoren esanetan, alkoholemia kontrolek, hiriguneko 50 km/h-ko abiadura mugak eta puntukako gidabaimenak. Arreta gehiagorekin gidatu beharra dago orain eta horrek ibilgailu denen arteko bizikidetza errazten du. Geldiro, baina “lortuko da”. Txorierriko Goio Sanz txirrindularia ere iritzi berekoa da. Kexak badirela dio leku askotan bizikletek bestelako ibilgailuekin edota oinezkoekin konpartitu behar dutelako lekua, baina “ez dugu besterik, elkarrekin bizitzen ikasi behar dugu”.
Sinplerantz
Krisi ekonomikoa ez da pisuzko arrazoia bizikletaren erabilpenaren gorakada justifikatzeko. Horixe pentsatzen du Goiok: “Jendearen pentsaera geroz eta modernoagoa da eta geroz eta gauza sinpleagoak nahiago ditu”. Ondorioz, ibilbide laburretarako bizikleta moduko bitarteko garbi, osasuntsu, eroso eta atseginaren alde egin du. “Jendea desiatzen dago eta aukera segurua emanez gero, erantzun egiten du”. Getxon abian jarri duten egitasmoaz ari da, Bilbora lanera bizikletan joan-etorria egiteko egitasmoaz. Txirrindulari ugarik bat egin du errepidea puntako orduetan konpartitzeko. Bizikleta bakarraren ordez, asko izanik, ikusgarriago dira bestelako ibilgailuen aurrean, eta horrek “seguruago sentiarazten ditu”. Errepide horixe, itsasadarrekoa, erabili ohi du Elenak lagunekin txirrindulan ibiltzeko, lehen “arriskutsua, pentsaezina zenean”.
Europan aspaldian eta gu, berriz, duela gutxi hasi gara “garraio gizatiarragoaren ideia” barneratzen eta bizikleta garraiobide gisa kontsideratzen. San Franciscon (AEB) 1992an sortu zen Masa Kritikoa izeneko mugimenduak hileko azken ostiraletan du elkarturik pedalei eragiteko hitzordua, zehazki, ideia horien defentsa egiteko. Mundu osora zabalduta, Bilbon duela hamar urte sortu zen Masa Kritikoa mugimendua. “Txirrindulak ere trafikoa garela aldarrikatzen dugu”, diosku Karioka Bacigalupe Biziz Bizi elkarteko lagunak. Hilean behin Bilbon zehar bizikletan taldean ibiltzeko biltzen direnek “ikusgai” egin nahi dute beraien burua kalea beraiena ere badela gogorarazteko. Hilez hile geroz eta txirrindulari gehiago hurbiltzen da gainera. Behin, Santutxun bukatu zuten ibilaldia: “Oso polita izan zen Sei Izar plazan bizikleta piloa ikustea. Auzoetara ere eraman nahi genuen Masa Kritikoa. Utzi dugun arren, buruan dugu auzoak berreskuratzea”.
Lekuan lekuko Masa Kritiko mugimenduen urtean behineko bilkurari Kritikona esaten diote eta aurten, maiatzaren bukaeran, Bilbon ospatu zen estatu mailakoa. Ehunka txirrindularik sanferminen parodia egin zuten, bizikleta gainean noski, eta Renferen egoitzaren aurrean  protestaldia burutu zuten “txirrindulak ez onartzeagatik bere trenetan”. Kariokak ez du zergatia ulertzen: “Europan edozein garraiobidetan sar daiteke bizikleta eta estatuan ez dute kabidarik”.
Mailegu zerbitzuaren hutsuneak
Berritu egin du Bilboko Udalak 2006tik eskaintzen duen bizikletak maileguan uzteko zerbitzua. Lehen erabiltzaileen esku zeuden 180 txirrindulak 260 dira egun, eta hiriko 19 gunetan banatuta daude –lau Mahatserrian–. Bide batez, maileguan bizikleta hartzeko ordutegia luzatu du. Orain¬goz sistema doakoa bada ere, udazkenetik aurrera ordainpekoa izatea aurreikusi da; urtean 20 euro ordaindu beharko dutelarik erabiltzaileek. Berrikuntza guzti hauek “urian mugitzeko sistema jasangarria, praktikoa, arina eta egunerokoa garatzeko” ezarri ditu udalak. Baina Kariokaren iritziz zerbitzua “ez dabil ondo”. Hainbat akats ditu, tartean: “Bizikletak falta dira Otxarkoaga, Karmelo eta Boluetako puntuetan. Jendeak Bilbora jaisteko erabiltzen ditu eta zerbitzua ematen duten langileek ez dute denborarik erdigunetik auzoetara bizikletak bueltatzeko. Langileak ez dira iristen”. Baina bada gehiago ere, bizikleten aulkiak “ezin dira mugitu” eta posible da bizikleta maileguan hartzea txartelik gabe –derrigorra da txartela ateratzea udal bulegoetan zerbitzuaren erabiltzaile izateko–. Tira eginez gero, txirrindula hartzea posible delako ugaritu ei dira bizikleta lapurretak. “Era arranditsuan aurkeztu zuen udalak zerbitzua, baina oso berria da eta hutsune ugari du”.  
Bidegorriak eta Lezamako bide berdea
Bilbon eta Bizkaian bada Bidegorri Plan bat (2003-2016 Plan Ciclable). “Oso plan ona da”, Goio Sanzen esanetan, “Bizkaiko herri gehienak lotzen baititu”. Baina epearen erdia baino gehiago igaro denean asko falta du osatzeko. Bilbon, egun, 12 ibilbidetan 28 kilometro daude bizikletek erabiltzeko prestatuta, eta datozen bost urteetan 50 kilometro egotea aurreikusi du Bilboko Udalak. Sandok ez du gehiegi sinisten erakundeen esanean: “Hamar urte daramagu bidegorrien iragarpena entzuten, eta oso geldiro doa dena, ezer gutxi egin dute”. Goioren ustez, “konpromiso politikoa falta da” erakundeentzat ez baita garestia pedalen aldeko hautua egitea: “Askoz diru gehiago gastatzen dute abiadura handiko trenean”.
Bada bide berdea erraz bihur daitekeen ibilbide bat gugandik oso gertu. Lezamako trenbide zaharraren bidea, hain zuzen ere, 115 urteko antzinatasuna duena. Txorierriko txirrindulari taldea orain bi urte hasi zen ikertzen zelan bide berde bihurtu eta “lanaren %70 eginda dagoela ohartu ginen”, dio Goiok. Alde batetik, Sondikako jendeak bizikletan ibiltzeko erabiltzen du zati handi bat eta, bestetik, Mahatserritik dagoen bidea aprobetxa daiteke. Bitartean dagoen tunela “konpontzea eta zabaltzea da lanik handiena”. Ideia buruan, Renferekin eta Madrileko Ingurumen Ministerioarekin jarri ziren kontaktuan Txorierrikoak. “Obra ordaintzeko prest azaldu dira Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak lurrak uzten badizkie”. Borondate kontua denez eta erakundeak urratsak ematera animatu asmoz, bizi martxa antolatu zuten Bilboko eta Txorierriko txirrindularitza taldeek maiatzaren bukaeran. “Piloa disfrutatu genuen, eta tunelean ere sartu ginen. Margo berdearekin eta zinta zuri-gorriekin markatu genuen ibilbidea. Beraz, edonor joan daiteke, bidea markatuta dago!”.
Argi dago txirrindulariek eta erakundeek kilometro asko dutela egiteke. Hobe elkarri entzun eta pedal kolpe berarekin tropelean bat egiten duten.

Berton aldizkaria | batu gurera!


Api
28
8:00

Mahatserria (Bilbo): Herri prentsan aitzindari: Santutxu aldizkaria

Santutxu aldizkariaren lehenengo alea auzotarren ahaleginari eta batasunari esker sortu zen 1976ko abenduan. 28 orriko aldizkaria egitea ez zen kontu makala garai hartan, hala ere, hainbat talde ekimentsuri, laguntzaile gogotsuri eta merkatari presturi esker iraun zuen, zenbait gorabeherekin bada ere, 1984ko abendura arte. Talde eta elkarte sustatzaileak honako hauek ziren: Santutxu Familia Elkartea, Karmeloko Euskara Eskolak, futbol kluba, Mendigoizale taldea, Ikastola, Interkluba eta Santutxuko Txirrindulari Taldea.

Hala ere aldizkaria ez zen sortu bat-bateko batzuen burutazioaren ondorioz. Auzoan urte haietan lanean zebiltzan hainbat talderen eta pertsonaren ekimenen ondorioz baizik. Lan haien bilgune izan zen 1976ko maiatzaren 2tik 16ra egin zen Hamabostaldi Kulturala.  Aurtengo maiatzean 35 urte beteko dira Santutxuren historian mugarritzat har genezakeen ekimen hura burutu zela. Ekimen arranditsua, arrakastatsua eta zalantzarik gabe zuetako batzuek gogoan izango duzuena. Orduko prentsak ere jaso zuen. Hala Bilboko  Hoja del lunes, astelehenetan argitaratzen zen egunkari bakarrak  honela aipatu zuen hamabostaldiaren lehenengo egunean bizitako giroa: “Santutxu jai handiz jantzi zen atzo goizean. Goizeko zortzietan txistularien dianak jaia hasi zuen. Ordu erdi geroago mendi martxa hasi zen Gangurengo mendietara. Ehun bat pertsonek hartu zuten parte. Hamar eta erdietan ehunka pertsonek, pankartak eskuan eta musikaz lagunduta Txurdinagako kiroldegia izateko den orubean batu ziren. Bertan Santutxuko lehenengo eskola krosa egin zen…”. Mila pertsona baino gehiago batu ziren igandean bertan eguerdiko ordu batean hamabostaldiari hasera emateko. Hurrengo lanegunetan hitzaldiek hartu zuten lekua eta lehenengo egunekoa bezain arrakastatsuak izan ziren.
Kontzertu beroa
Maiatzaren 8an ekitaldi nagusietako bat izan zen. Berrio-Otxoa ikastetxeko jolastoki handian kantaldia antolatu zen, bertan Pantxo eta Peio, Antxon Valverde, Gontzal Mendibil, Joseba Etxebarria, Mikel Laboa, Xabier Lete eta Lourdes Iriondo parte hartzekoak ziren. Zoritxarrez garai txarrak ziren euskaldunonzat; ikurrina oraindik debekatuta zegoen. Hasi baino lehen kaleko arroparekin jantzitako poliziak hurbildu ziren antolatzaileengana etxeak eraikitzen ari ziren ondoko orubeko garabi handian zegoen ikurrina kendu behar zutela esanez. Antolatzaileek erantzun zuten haien kantaldi eremua Berrio-Otxoa zela eta ikurrina hortik kanpo zegoela. Gainera haiek ipini ez, eta ez zutela kenduko. Poliziak alde egin zuten kendu ezean kantaldia bertan behera utzi behar zela ohartaraziz. Mehatxua gorabehera, kantaldia hasi zen. Mikel Laboa jotzen ari zela polizia agertu zen kristoren triskantza eginez. Jendeak alde egin behar izan zuen zapatak, jertseak eta abar bertan utzita. Antolatzaileak, Joseba Arrieta, Arrizabalaga eta Joseba Basterra, komisaldegira eraman zituzten eta orduko 500.000 pezetako isuna jarri nahi izan zieten nahiz eta azkenerako isuna ezerezean geratu. Hala ere hamabostaldi kulturalak aurrera egin zuen auzoan urte luzez iraun zuen arrastoa utziz.
Arrasto horietako bat Santutxu Aldizkaria izan zen eurek lehenengo alearen editorialean aitortu zuten bezala. “Joandako udaberrian geure hauzategian hospatu genuen Kultur Hamabostaldiak, herriak kalean biziriko egun haien zapore ona zerbait gehiago utzi zuen. Hamabostaldi hartatik, hauzategi osoaren beharrizanei erantzun nahi den iniziati-bak ongi burutzeko bide bakarra, Santutxuko indar eta antolakunde guztien batasuna delako konbikzioa eta eritzia geratu zen”.
Ondoren aldizkariaren asmoak azaldu zituzten: “Gure hauzategiko problemak haziz doaz egunetik egunera. Aldizkari hau, arazoak airatzeko, buruz buru aztertzeko, seinala-tzeko, alternatibak aurkezteko, eta, hitz batez, hauzategiaren ahotsa izateko sortzen da. Hauzategiari buruz zeresanik duen edonork, horri hauetan harrera ona ukan dezala nahi dugu.
Gizatalde eta hiritar gisa hunkitzen gaituen ezer ere ez dugu ahantzi nahi: eta hainbeste gauzak hunkitzen gaituzte…! Polikiroldegi ezatik hasi, anbulatorio, berdegune eta eus-kal kultura herritarraren baztertzetik segituz, eta referendum antidemokratikoarekin eta, nola ez, amnistia ezarekin bukatuz… Amnistiarekin batez ere.
Lerro hauek Santutxun eta Santutxuren alde egiten ari diren lanak ispila ditzaten nahi dugu. Eta horretarako zure sostengu eta laguntza era behar ditugu. Guztion artean guz-tion aldizkaria eginen dugu: horixe da, hain zuzen ere, gure programa”.
Hasi eta jarraitu
Horrela hasi zen aldizkaria. Berehala hamaika lagun aritu ziren lanean, argazkiak egi-teko, koordinazioa egiteko, hirigintza, osasungintza, kultur edota emakumeen aldeko komisioetan parte hartzeko edo administrazio, publizitate eta banaketan aritzeko.
Jorratutako gaiak askotarikoak ziren auzoari hurbil-hurbiletik zegozkionak zein politika orokorragokoak. Lehenengo alean kiroldegiaren eta berdeguneen aldarriez gain, irakur ditzakegu Ramon Garaik idatzitako Santutxu eta Haurtzaindegiak artikulu sakona, Zu-maldetar Joseanen Santutxu Ezagutzen non auzoaren arazo eta gabeziak agerian uzten dituen edota Olentzeroren jaian gertatutako karga polizialaren salaketa.
Bigarrenean, besteren artean, langile gatazkaz, ikurrinaz eta auzoko elkarte ziklistaz hitz egiten da. 
Hirugarrenetik aurrera diseinu grafikoari gero eta garrantzia gehiago ematen zaio argaz-kiek leku nabarmenagoa hartuz. Txurdinaga auzoaz mintzo dira: “Lerro hauen bidez, txurdinagatarrak beren hauzategiko arazo eta kezkak azaltzera datozkigu. Hainbat arazo, guk santutxuarrok eta Bilboko beste hauzategikoek planteaturik dauzkagun antzekoak dira. Hala nola, garbitasun zerbitzu, zarama zerbitzu, autobus linea, semaforo, argikun-tza eta abarren eskasia eta falta. Zer esanik ez, problematika guzti hau bost axola zaiola Udaletxeari. Bestalde, aipagarri da, Txurdinagan ijitoekin elkarbizitzan sorturiko orain-dik oraintsuko iskanbilak. Arazo honetaz ere beren eritziak eta soluziobideak proposa-tzen dituzte…”.
Bosgarren alean Karmelo ikastolaren “apurketaz” hitz egiten da eta auzoko euskaldun berri batzuei hainbat galdera egiten zaie. Bertan agertzen dira, Kontxi Sorazu, Iñaki Atxurra, Josune Arroniz, Pili Ruiz, Alberto Anton, Txaro Iguaran, Begoña Larrea, Sara Salazar eta Iñaki Sendagorta.
Laugarren urteurrenarekin batera, 23-24 zenbakidun alea atera zen: “Laugarren urtea betetzen dugu ale honen argitarapenarekin, eta 1. alean salatzen genituen arazoak gaur egun ere salatu behar ditugu (laboralgintza, euskara, Lemoiz, eta abar). Editorial honen bidez gauza bat lortu nahi dugu, zera, pentsatzea hemen azaltzen ditugun arazoak gaurko egoeraren adibideak besterik ez direla. Lehenbiziz, Olarra S.A.ko langileek du-ten arazoa salatu behar dugu zeren eta ezin dugu onhartu bere bizia laga duten guzti hauei, orain ostikoa ematea, eta ikusi bazaitut ez naiz gogoratzen… Bigarrenik udal politika ere salatu behar dugu zeren eta promesak besterik ez dizkigute ematen. Hau dator hiri-zergaren gorakada lotsagarria izan delako… Azkenik, hunkitu behar dugun arazoa denon ezaguna da: Euskara. Nahiz eta dekreto, lege, edota zenbait asmakizun arraro egin, benetazko medio erabilgarriak ez badizkigute ipintzen, euskara pikutara joanen da. Inoren laguntzarik Gabe ez dutenez euskal isparringiek, herriarengana jo behar izan dute metodo hoien bila (dirua, lan egiteko gogoa…)”.
Urte asko pasa dira eta gauzak aldatu dira. Baina Santutxu aldizkariari errepaso bat emanez ikusten dugu beharbada gauzak ez direla hainbeste aldatu. Laboralgintza eta Olarrako langileak aipatzen ziren orduan, gaur egun batzuek sortutako krisia eta haren ondorioak ez dira makalak. Lemoiz aipatzen zen eta gaur egun Garoña eta Fukushima daukagu. Euskal izparringien laguntza eza aipatzen zen eta gaur egun euskal prentsa batuta dabil ganorazko laguntzak jasotzeko.

 

Berton aldizkaria | batu gurera!


Ots
03
17:11

Mahatserria (Bilbo): Sei Izar Krosa, markak hautsiz

 

 

700 korrikalari batu ziren Errege Egunez Santutxun. Inoiz baino gehiago. Iaz baino 100 gehiago. Eguraldi epelak lagundu zuen, baina batik bat 33 urte betetzen ari zen lasterketa herrikoi batean parte hartzeko askok eta askok azaldu zuen grinak. Santutxuko aldapak ospe handia dute eta atletentzat gainditu beharreko erronka dira. Erronka handia.

Josu Amutio, Euskadiko Maratoi Erdiko txapelduna iritsi zen lehen Briñas eskola aurreko helmugara. 7,5 kilometro gorabeheratsu egiteko 23 minutu eta 55 segundo behar izan zituen. Azken, Fortunato Vencedor heldu zen, 82 urte betetzear dagoen gizona. Biek ala biek sari bera jaso zuten opari, Santutxu Familia Elkartearen logotipodun poltsa bat. Elkarteko kide eta kroseko antolatzaile den Jabi Perezen esanetan, “asko gustatu zaie, arropa gordetzeko oso praktikoa izan daitekeelako”.
Pozez zoratzen daude Santutxuko Familia Elkarteko kideak aurtengo parte-hartzearekin: “Diru-laguntza faltagatik kolokan izan dugu krosa aurten. Azkenean lortu dugu diru pixka bat. Gutxi behar dugu, antolakuntzako kide guztiak boluntarioak direlako, baina zertxobait bai. Jendeak itzel erantzun du”, adierazi digu Perezek.
Ume eta gazteen artean, istripu txiki bat izan zen irten eta berehala, 10 metrora. Bi umek estropezu egin zuten eta sei ume jausi zitzaizkien gainera. Kolpe batzuetaz aparte, ez zuen bestelako ondoriorik izan gertakariak.
Helmugan, botila ur bana jaso zuten korrikalariek. Askok botilaren tapoia Lekeitioko Ronan gazteari laguntzeko bota zuten antolakuntzak prestatutako kutxa batera. Giarretako gaitza duen Ronani aulki berezi bat erosi ahal izateko, besteak beste, ur botilen tapoiak biltzen ari da bere familia. Bildutako tona bakoitzeko 200€ emango dizkio enpresa batek. Santutxuko korrikalariek Ronani beren laguntza emateko modua izan zuten.

Berton aldizkaria | batu gurera!


Urr
28
3:00

Mahatserria (Bilbo): Asel Luzarraga etxean da

Ez dute Txiletik bota, hori bazen hango agintari batzuen nahikaria. Asel Luzarraga bere kabuz atera da bertatik eta Euskal Herrira, Mundakara, bueltatu da. Justiziaren izenean justiziaren arrastorik ere izan ez duen prozesu zoro baten zurrunbiloan preso egon ondoren, idazle mahatsorria gurean da, berriro ere, ekin eta ekin.

Urriaren 9an egin zioten ongi etorri xumea Asel Luzarragari Bermeon. Lagunak, ezagunak, kideak, kultur arloko jendea, senideak eta, oro har, elkartasuna adierazi nahi zioten herritarrak elkartu ziren. Arreba Lourdesek eman zion lore sorta. Egun batzuk lehenago ailegatu zen Mundakara, familiaren etxera, Txiletik bere erabakiz irten eta gero. Bere erabakiz, esateko modu bat da, jakina, erabaki hori Txileko agintariek azken bederatzi hilabeteotan bere kontra erabilitako bortizkeriaren ondorio izan baita. Txileko epaileak eta poliziak elkarlanean jardun dira Asel Luzarraga herrialde hartatik bota ahal izateko. Lortu, lortu dute, baina ez dute bota, joan egin da.
Irakurleek ondo gogoan edukiko dutenez, iazko gabonzaharrean hasi zen Asel Luzarragaren sufrikarioa. Txileko polizia etxean azaldu, eraikina goitik behera arakatu eta begoñar idazlea preso eraman zuen. Zelan ahaztu Txileko kazetari batek kontatu ziola Aseli, kameren aurrean, bere kontrako salaketen berri, polizia-etxetik eskuak lotuta zeramatela. Errugabea naiz, irten zitzaion bihotzaren erditik. Alferrik. Epaileek barrura bidali zuten. Espetxean hilabetea egin zuen eta, gerora, bere etxean egon da, bertatik irten ezinik.
Zigorra eta kanporatzea
Azkenean epaiketa eguna heldu zen. Bere kontrako salaketa nagusiak –hainbat bonba ipini izana- aspaldian ahaztu zituzten poliziek eta fiskalak –hasieran hamar urteko kartzela zigorra eskatu zuen–, modu traketsean asmatutako gezur galant haiei eusterik ez zeukatelako. Hortaz, argudio nagusia bere etxean poliziek ‘topatu’ zituzten osagaiak –ustez lehergailuak egiteko– izan ziren. Luzarragaren defentsak poliziak berak ateratako argazkiak baliatu zuen erakusteko horiek ez zeudela etxean miaketa hasi zenean eta bazeudela miaketak aurrera egin ahala.
Horrelako kasuetan justizia espero duena gizaxo hutsa da. Asel ezin zuten espetxeratu dena muntaia hutsa zelako. Baina Asel ez zuten aske nahi, ez zuten Txilen nahi. Eta horregatik, erruduntzat jo –etxean lehergailuak egiteko materiala edukitzea leporatuta– eta 220 eguneko kartzela zigorra ezarri zioten. Beteta zeukan egun kopurua, alegia.
Behin libre, Asel Luzarragak kanporatze agindua zeukan zain. Bere kontrako sententziari helegitea aurkeztu dio mahatsorriak. Laster jakingo dugu emaitza. Eta ez zuten Txiletik bota. Bere kabuz joan zen. Etxera etorri zen.
Nobela berria
Txiletik kanpo dago, beraz, Luzarraga, baina ez geldirik, ezta isilik ere. Maiatzean Berria egunkarian aitortu zuenez, atxilotu aurretik bere asmoa zen Euskal Herrira irailean etortzea, bere hurrengo nobela aurkeztera. Bada, azkenean egin ere horrela egin du, oztopoak oztopo.
Izan ere, dagoeneko Asel Luzarragak liburu berria kaleratu du. Esan bezala, nobela da eta ‘Utopiaren itzalak’ dauka izen. Txalaparta argitaletxearen bidez plazaratu da. Beste aldetik, begoñar idazlea ez da isildu. Bere blogean, Txileko prentsan eta Euskal Herriko hedabide batzuetan idatzi izan du, bere kasuko gorabeherak azalduz eta Txileko agintarien jokabidea salatuz.
Orain helegitearen emaitzaren zain dago. Baina helburua lortuta. Aselek berak idatzi duenez, “bidean dagoen helegitearen emaitza zein ere den (logikak aginduko balu aldekoa behar luke), askea naiz orain. Lehen baino apur bat gutxiago, zenbait pertsonak erabaki dutelako jaberik behar ez lukeen lur honetako zatitxo bat debekatuta daukadala, baina askea, azken finean”.
Informazio gehiago:
http://aselaskatu.org
http://goiena.net/blogak/asel
Maputxeen kontrako bortizkeria ez da amaitu
Asel Luzarragarekin Txilen gertatutakoa oso kasu larria da. Euskal Herrian asko dira hara begira paratu direnak, harri eta zur. Txilen demokrazia zegoelakoan egon eta, hara non, poliziaren muntaia penagarria ageri-agerian.
Baina ezin da ahaztu idazle mahatsorriaren kontrako operazioaren benetako arrazoia: maputxeei erakutsi zien elkartasuna. Horra hor gakoa. Europar herritar baten kontrako hain muntaia negargarria egiteko gauza badira, zer ez ote dute egingo ez aitarik ez amarik ez duten indiar gutxi batzuen kontra?
Maputxeak 600.000 omen dira Txilen. Erresistentzia gogorra egin zuten espainolen kontra –Erzilla bermeotarraren araukanoak dira– eta baita haren ondorengoa den Txileko estatuaren kontra. Orain borroka lurjabe handien eta basogintza konpainien kontra egiten dute, euren lurraldeak ustiatu eta haiek miseria gorrian utzi dituztelakoan.
Gatazka horretan Txileko estatu-aparailuek maputxeen kontra jo dute, errepresioa barra-barra erabiliz. Poliziak gazte maputxeak hil egin ditu manifestazioetan, militanteak atxilotu eta, Pinocheten garaiko legeak (Lege Antiterrorista eta Justizia Militarreko Kodea) baliatuz, kartzelaratu eta zigortu egin ditu…
Maputxeek, euren aldetik, ez dute etsi. Borrokan segitzen dute eta azken bost urteotan presoek gose greba lazgarriak egin dituzte –eta egiten ari dira–. Besteak beste, euren kontrako polizia muntaiak salatzen dituzte.

Berton aldizkaria | batu gurera!


Urr
01
19:20

Mahatserria (Bilbo): Mahatsorris in the United States, posible ote?

Bost urtean behin egiten den legez, Euskal Jai jendetsua ospatu dute udan Boisen, Estatu Batuetako Idaho estatuan. Euskal diasporaren bilgune garrantzitsuenetakoa da Boise hiria eta euskal jatorriko biztanleek bertoko dantza, kanta eta ohiturak gorde dituzte. Euskaraz ere badakite Boiseko amerikar askok. Aurtengo Euskal Jaia uztailaren amaieran egin dute eta milaka lagun batu dira, Estatu Batuetako bazter guztietatik, Hego Ameriketatik eta Euskal Herritik bertatik joandakoak. BERTONek ere ez du hutsik egin eta Boisen egon da, han ikusi eta bizitakoaren berri izan dezazuen.

Euskal Herritik joandako bisitari gehienak Busturialdea eta Lea-Artibaikoak izan dira, Idahoko diasporako kide gehienek eskualde horietan baitute jatorria. Baina BERTON aldizkariko erreportaje askotan agerian geratu denez, Mahatserrian ere ez gara etxean geratu zale eta Begoñako Errepublikaren mugetatik milaka kilometrora dagoen arren, Boisen ere izan dute gure berri aurten.
Esaterako, Argiñe Aurtenetxe santutxuarrak bazeukan gogoa Amerika eta hango euskaldunak ezagutzeko eta, beraz, hegazkina hartu eta beste lau lagunekin abiatu zen. Hiru santutxuar, Txurdinagako neska bat eta Iruñeko beste bat ibili dira Ameriketan hilabetez eta Boisen geldialdia egin dute. Hango giro euskaldunak harritu egin du Argiñe, “batez ere amerikarrak euskaraz hitz egiten entzutea, hori ez nuen espero!”, azaldu digu.
Kepa Mallea mahatsorria ere Ameriketan izan da udan eta ez du hutsik egin jaialdira, “bizitzan behin bizi beharreko” esperientzia da berarentzat. Euskal komunitatea zabala izanik, Idahon euskara gorde dute diasporako kide askok eta seme-alabei erakutsi diete arbasoen hizkuntza. Jaialdiko ekitaldirik jendetsuenetan ere, aurkezleak elebitan jardun dira une oro, ingelesez eta euskaraz.
Euskal munduarekin loturarik ez daukaten amerikarrentzat, ezusteko handia da gure kulturaren berri izatea. Boiseko Euskal Museoa arduratzen da euskal kultura, hizkuntza eta nortasunari buruzkoak modu ulerterraz eta atseginean erakusteaz. BERTON aldizkariak museoko zuzendari Patty Millerrekin hitz egin du eta azaldu digunez, bisitariak gehien harritzen dituena da euskal kulturak horrenbeste mendez irautea. Amerikar euskaldunen bilgune da museoa, baina Millerren esanetan, euskal jatorririk gabeko bisitariak ere asko dira, Boiseko erdigunean egonik, Euskal Museo eta Kultur Zentroa hiriaren turismo eskaintzaren zati baita. Urtero, bataz beste, 15.000 pertsona hartzen ditu museoak, baina aurten Jaialdia ospatu denez gero, kopurua gainditzea espero dute arduradunek.
NORTASUN BEREZIA
Boiseko Euskal Jaia, diasporako handiena, gune handi bitan banatzen da, Basque Block eta Fairgrounds izeneko guneetan. Basque Block hiriaren erdian dago eta bertan batzen dira Boiseko euskal nortasunaren ikurrak; hau da, Euskal Etxea, euskal museo eta kultur zentroa, pilotalekua eta Gernika eta Leku Ona jatetxeak. Jaialdiak iraun bitartean jendez gainezka egon da, gau eta egun, eta Euskal Herritik jondakook herriko jaien tankera hartu diogu hango giroari. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bidalitako ordezkaritzek ere han egin dituzte ekitaldi nagusiak, lehendakaria eta ahaldun nagusia buru.
Fairgrounds gunea, ostera, hiritik kanpoko landa zabala da eta han denetariko dantza eta herri kirol erakustaldiak egiten dira eta produktu tradizionalen salmentarako postuak daude. Ikastolen Ibilaldiaren itxura hartu diogu leku horri. Beroak, baina, ez digu Fairgrounds-eko ekitaldi guztiez gozatzen utzi, gerizpea falta du gune horrek. Boiseko udak itogarriak dira eta hiria hutsik eta geldirik egoten da uda osoan. Horregatik, Euskal Jaiak Boiseko kaleak biziberritzen ditu eta hori bihotzez eskertzen dute hango dendari eta ostalariek.
Amerikar eta euskal nortasunek bat egiten dute Boisen. Euskal dantzak ikusteak hunkitu egin du Argiñe Aurtenetxe santutxuarra, “hain urrun joan eta gure tradizioak gordetzea” azpimarratu du, baina era berean, Estatu Batuetako gizartearen ohiturek ere harritu dute, “kalean ezin da alkoholik edan, oso zorrotzak dira”, gogoratu du Argiñek. Gu geu ere, zur eta lur geratu ginen, herri kirolen erakustaldi batean, aizkolariak AC/DCren doinuekin aurkeztu zituztenean.
DANTZAK
“Euskara gordetzea denon ardura da hemen”, esan digu Patty Miller museoko zuzendariak, “euskara ikastaroak antolatzen ditugu museoan bertan eta on-line ikastaroa ere jarri dugu interneten”. Gainera, Millerrek azpimarratu du, euskara ikasi edo hobetzeko, Idahoko jende asko Euskal Herriko barnetegietara joaten dela.
Dena dela, euskal nortasuna gordetzeko orduan, Patty Millerrek dantza aipatu du: “Idahoko euskal amerikar gehienak, noiz edo noiz, dantza taldeetan ibiltzen dira eta euren sustraiak mantentzeko bidea horrela hasi dute”. Kepa Mallea mahatsorriak gaineratu du, hunkigarria dela hainbeste ume eta gazte dantzan ikustea. “Jaialdi gaztea, bihotzez eta bikain antolatua, galanta, koloretsua... aldika ametsa zirudiena”, horrela deskribatu du Kepak Boisen ikusitakoa.
Amerikar peto-peto eta euskaldun zintzo, horrelakoak dira Idahoko euskaldunak. Berdin maite dituzte Estatu Batuetako bandera eta ikurrina, pareko harrotasunez abestu amerikar ereserkia zein Agur Jaunak. Horregatik, euskal-amerikarrak politikagintzan nabarmendu dira. David Bieter Boiseko alkate demokratak euskara darabil sarri, Idahon jaioa izanagatik. Pete Cenarrusa ia 40 urtez izan zen Idahoko estatu idazkari baina Bizkaitik joandako gurasoek erakutsitako euskara gorde du.
Ikastola ere badaukate Boisen, Nafarroako neska bat dabil han irakasle eta Jaialdiak iraun artean, Santutxu eta Txurdinagako lagun taldearekin ibili da. “Gainera, euskal jatorririk gabeko mutil amerikar batekin ere ibili gara, euskaraz ikasi zuen nahi izan zuelako”, gogoratu du Argiñe Aurtenetxek. Esperientzia gogoangarria izan da Boiseko Euskal Jaia, “hainbeste jende batzea ez nuen espero, hainbeste euskara entzutea, Euskal Herritik joandako ezagunak topatzea, sinestezina izan da”, Argiñeren gogoeta da hori. Bost urte barru, berriro ospatuko da Jaialdia Boisen eta hara itzultzeko irrikitan geratu da. Kepa Malleak ere ez dauka zalantzarik: “It was wonderful, bost urte barru gehiago!”.

Berton aldizkaria | batu gurera!


Uzt
29
8:00

Mahatserria (Bilbo): Sangutxuk hurrengo urtera arte agurtu du auzoa

 

 

Beste urte batez 9 egunetan zehar Santutxuko kaleak alaitzen aritu da Sangutxu, auzotarrei jaietarako aukera zabala eskainiz

 

Jende ugari ibili da Santutxutik gau eta egun. Adin guztietako jendeak aukera oparoa izan du aurten ere jaietaz gozatzeko. Umeentzako tailer eta jolas ezberdinak, puzgarriak, pailazoen ikuskizuna, molto asterketa eta piszina egon dira; nagusienek ere berbenak izan dituzte astean zehar; eta gazteek aukera paregabea izan dute bai egunez eta bai gauez jaietan murgiltzeko.  Kirolak eta musikak urtero moduan tarte handia izan dute festetan. Eta koadrilen arteko parranda eta lehiarako grina ere ez dira falta izan.  Aurtengo pregoia, Santutxu eta Boluetako jubilatuek irakurri dute. Pregoi hunkigarria prestatu zuten, antzinako auzoa eta jaiak gogoratu zituzten, gaur egun hauek zelan bizi dituzten azaltzearekin batera.  Ostegunean, funky gaua antolatua zuten koadrilek. Jende ugari bildu zen Basarraten Cherry Boopersen kontzertuan. Ostiraleko kontzertuek ere arrakasta handia izan zuten. Larunbateko sukalki lehiaketako txapela Bilbo82 tabernakoek eskuratu zuten eta igandeko 52. bakailao lehiaketa Basarrate tabernak irabazi zuen, beste behin.

 

Berton aldizkaria | batu gurera!


Mar
31
8:00

Mahatserria (Bilbo): Abentura eta espeleologia Karibeko oihanetan

 

 

Alfonso Antxia espeleologia elkarteko sei kide Dominikar Errepublikan egon dira, Haitises Naturgunea aztertzen.

Hamazortzi eguneko espedizioa egin dute Natur Parke horretan eta ingurunea kartografiatu eta lurrazpiko altxorrak aztertzeaz gain, abentura zirraragarriak ere ez zaizkie falta izan. Haitises Parkea hobeto ezagutzeko ezinbestekoa izan da Alfonso Antxia Elkartearen lana eta horregatik, Dominikar Errepublikako Gobernuaren babesa ere izan dute.

 

 

 

 

 

 

Espedizio buru, Jabier Les mahatsorria ibili da eta BERTON aldizkariari azaldu dionez, esperientzia gogoangarria izan da Haitises Parkekoa. Dominikar Errepublikako naturgunerik handiena da hori, ia 2.000 metro koadro da eta orain arte ezezagunak izan dira parkearen ezaugarri geologiko asko. Horregatik, Jabier Lesek gidatutako espedizioari laguntza handia eman dio bertako gobernuak. Domingo Abreu, Dominikar Errepublikako ingurugiro idazkari eta zientzialaria, egon da euskal espeleologoekin eta baliabide materialak ere eman dizkie: “Helikopteroak eskura izan ditugu”, gogoratu du Jabier Lesek. “Uharteko parke naturalik handiena da eta ia ez dute ezagutzen, normala da gobernuak interesa izatea”.
Azterketa hidrokimikoa egin dute oihanean, lurrazpiko uren zirkulazioa ezagutzeko. Gune karstikoa da Haitises Parkea eta, ikusi dutenez, hango urak abiadura bizian ibiltzen dira lurrazpiko kobazuloetan barrena. Leizezuloetako mikrobiologia ere ikertu dute eta ingurugiroa babesteko balioko duten datuak ere batu dituzte. Deforestazioaren arazoa larria da han, “egoera tamalgarrian topatu ditugu leku batzuk, zuhaitzik gabe”. Horregatik, Haitises Parkea babestea ezinbestekoa da. Mogote izeneko mila mendixka karstikok osatzen dute naturgunea eta itsasoan barneratzen da parkearen mutur bat, paradisuaren pareko oihana da, beraz.
EZUSTEAK KOBAZULOETAN
Haitises Parkea aztertzera, sei laguneko lan taldea eraman du Alfonso Antxia elkarteak. Espainiako hiru aditu eta Dominikar Errepublikako beste bost gehitu zaizkie. Disziplina askotako adituak egon dira espedizioan, izan ere, euren jarduna ez da espeleologia lanera mugatu. Adibidez, kobazuloen barruan, antzinako gizakiek egindako irudi eta petroglifoak aurkitu dituzte.
Giro bikaina egon da lan taldean eta egoera xelebreak gogoratzen ditu Jabier Lesek: “Espedizioko kide batzuek arazoak izan zituzten oihaneko eltxo erraldoiekin, ondo prestatuta joan behar da”. Indar txikiko lurrikara pare bat ere nabaritu zituzten eta horrek gogora ekarri zien aste gutxi batzuk lehenago uhartearen beste puntan, Haitin, gertatutako lurrikara bortitza. Hezetasunak eta oihan itxiak nekatu ditu espedizio kideak, eta komunikazioa ere ez da erraza izan. Espeleologia lana uste baino bizkorrago amaitu zutenez, etxera itzuli baino lehen, Karibeko itsasoan baleak ikusteko aukera izan zuten.
MAGIA BELTZA?
Dominikar Errepublikako herritarrekin izan dute kontaktua, nekazariekin batez ere, Jabier Lesen esanetan: “Jende abegikorra eta atsegina dira”. Hori bai, egun batean herritar guztiak asaldatu zituzten. Uren ibilbidea ikertzeko kolorazioa egin zuten, hau da, urari tinta berdea eman zioten eta herrietako ibaietan ur berdea agertu zenean, budua edo magia beltza zela pentsatu zuten nekazariek. Lanak izan zituzten espeleologoek azaltzen prozedura zientifiko arrunta baino ez zela, osasunerako kaltegarria ez dena.
Jabier Les 2003an eta 2004an egon zen Haitises Parkean, Dominikar Errepublikako gobernuak gonbidatuta. Aztertzeko lurralde interesgarria zela ikusi zuen eta orduan hasi zen aurtengo espedizioa prestatzen, Dominikar Errepublikako Domingo Abreu espeleologoarekin eta Funkarst fundazio publikoarekin batera. Urte bukaera honetan edo hurrengoaren hasieran, berriro bueltatuko dira euskal espeleologoak Haitisesera, lana bukatzera. Parkearen ia 2.000 kilometro koadroak goitik behera kartografiatu eta aztertu nahi dituzte, eta kobazuloen sistema konplexua ere bai. Antzeko lana egin du Jabier Les eta bere lan taldeak Ozeano Bareko Rapa Nui uhartean eta, behin hori amaituta, Dominikar Errepublikak gordetzen duen altxor handiena, Haitises Parkea, da helburu nagusia.

Informazio gehiago: http://haitises2010.wordpress.com  eta www.sociedadalfonsoantxia.org helbideetan.

Berton aldizkaria | batu gurera!


Urt
28
8:00

Mahatserria (Bilbo): 1.300 oin korrika

Ibilbide berria estreinatu zuen Errege egunez ospatzen den Sei Izar Krosak. Santutxun buelta labur bat eman eta gero abiatu ziren 650 korrikalari Txurdinaga aldera, kiroldegiko aldapa gogorra igo eta Briñas aurreko helmugan bukatzeko. Horrela zazpi kilometro eta erdiko ibilbidea osatuz.
Eguraldi freskoa eta euririk ez. Korrika egiteko baldintza ezin aproposagoak izan ziren 32. Sei Izar Krosean. Parte-hartzaileak, 650 korrikalari: ume, gazte, heldu eta nagusi. Iazko marka hobetu dela eta, “sorpresa izan da, oso pozik gaude”, zioen Jabi Perez Santutxuko Familia Elkarteko kide eta antolatzaileak.
Azken urteetan baino askoz laguntza gutxiago jaso dute aurten antolakuntza lanetarako. Jabik ez du zergatia ulertzen: “Bilboko doako kros bakarra gurea izanik, Bilbo Kirolakek orain arteko diru-laguntzarik ez ematea erabaki du”. Ez da hori arazo bakarra izan. Eroskik 20 urte baino gehiago zeramatzan korrikalarientzako ur botilak oparituz eta aurten “gure poltsikotik ordaindu behar izan ditugu”. Izan du, bai, ondoriorik laguntza faltak. Diplomarik ezin izan diete eman oroigarri gisa parte-hartzaileei. Baina ez dira esku-hutsik geratu, ohiko oparirik ez da falta izan eta. Korrikalariek Santutxu Mendi Taldearen egutegi bana jaso zuten.
Jabik ez du uste aurrera begira gauzak hobetuko direnik. Horregatik Sei Izar Krosa aurrekontu txikiagora egokitu behar dela uste du: “Herrikoi mantenduko dugu, egitura sinplifikatuz”.

Berton aldizkaria | batu gurera!


Abe
31
8:00

Mahatserria (Bilbo): Airean zintzilik

 

 

Gloria asturiarrak eta Maider donostiarrak zirkoko teknikak ikasiz ezagutu zuten elkar. Bikote moduan, Azulkillas izenarekin, mundu osoan zehar ibili dira aire akrobaziak eginez. Badira bi ikasturte Txurdinagako kiroldegian kurtsoak ematen dituztela. 2010ean ikastaro trinkoa eskainiko dute airean adrenalina soltatu nahi duenarentzat.

 

 

Kukutza gaztetxeak eta La Haceria kulturguneak falta duten altuera eta berotasuna topatu zuten Txurdinagako kiroldegian zirkozaleek. Ez dago Bilbo aldean Txurdinagako kiroldegia bezain ondo prestatuta dagoen tokirik aire akrobaziak egiteko. Hamabi bat pertsona entrenatzen dira bertan, ia denak neskak eta erdiak getxoztarrak. “Ez dakigu zergatik”, dio Gloriak. Harro kontatu digu orain bi urte kiroldegian kurtsoak ematen hasi zirenetik, ikasle pare batek “engantxatu” eta Bartzelonako zirko eskoletara jo duela ikasketak egitera. Izan ere, Bartzelonan eta Madrilen ohikoa dena, Euskal Herrian oraindik sortzen ari da. Horregatik betetzen du horrenbeste Gloria zirko kurtsoak emateak: “zirkoa martxan jarri dadin hemen ere”.
Harrera ona izan dute akrobazia ikastaroek orain artean. Jende “arrunta” da izena eman duena. “Bere gorputza landu nahi duena”. Iaz, esaterako, bi mediku izan ziren. Bertigoa duten pertsonak ere izan dituzte. Geldiro-geldiro, trapezioa geroz eta altuera handiagoan jarriz, beren beldurrei aurre egin behar izan diete. Eta ez, ez dira ariketa arriskutsuak. “Inork inoiz ez du ezer ere apurtu”. Kolpeak sahiesteko hamaikatxo koltxoneta eta gomaespumaz betetako fosoa dute. Eta bai, altuerak euforia sortzen du. “Eskalatzeak eta beste kirol batzuk ematen duten zirrararen antzekoa da; jendea txutearekin irteten da klasetik”.
PAUSOZ PAUSO
Gorputza berotzea eta ondo luzatzea funtsezkoak dira akrobazietan. Horrelaxe, “abdominalak egiten dira”, dio Gloriak. Prestaketa fisikoaren ondoren dator trapezioarekin lehen kontaktua. Kulunkan ibiltzeko ordua. Hurrengo urratsa: trapezioan eskegita figurak egitea. Aingerutxoa, kristoa eta usoa dira unibertsalenak. Zirko tradizionaleko trapezistek egiten dituzten horiek dira. Baina denborarekin akrobazia teknikak asko garatu dira, “gaur eguneko zirkoak zerikusi gutxi du ni hasi nintzenekoarekin” Internet, liburuak… informazio asko dago lehengo aldean orain. Azulkillasek argi zuen estilo tradizionala atzean utzi eta ikerketaren bideari ekingo ziola. Horretarako youtube Interneteko bideo bilatzailea erabiltzen dute Gloria eta Maiderrek. “Sinestezina da, besteek egiten dutena ikus dezakezu. Nahikotxo inspiratzen gara horrela. Artista askok egiten du hori”, dio bikoteak. Nahi duenarentzat bada zirkoko teknikak Internet bidez ikasteko aukera ere: “Youtube-n trapezio klaseak jarri eta kitto”.
HAMAIKATXO ONURA
Gorputza sendotzeaz gain, oreka eta koordinazioa hobetzen dira zirkoarekin. Buruko       oreka ere bai, beldurrak usatzeko balio baitu. “Osasuntsu mantentzen zaitu, ez du balio erdi osasuntsu egoteak”, Gloriaren esanetan. Gazteentzat oso gomendagarria deritzo.  “Gazteentzako eskaintzak geldoak dira eta beraiek mugimendua behar dute. Zertarako mozkortuko dira behar duten adrenalina akrobaziak ematen badie”, galdetzen du. Arazodun familietako umeekin ere probatuta dago zirkoaren onura. “Beraien arazoak askatzen laguntzen die”, horrelakoetan.
Zirkoaren zabalpena oso beharrekotzat jotzen dute Gloria eta Maiderrek. Horretarako “hippysmotik irten eta erakundeetan sartu” behar dela pentsatzen dute. “Erakundeek ikusi eta baloratu dezaten”. Eskatzen hasita, dirua inbertitu eta zirko proiektu sendoak martxan jar ditzatela eskatzen diete.
AZULKILLAS
Hankapaluekin eta malabareekin hasi ziren. Denborarekin, teknika ezberdinak ikasiz, zirko munduan geroz eta barrurago sartu ziren: “Eskegita egotea gustuko genuela konturatu ginen arte”. Munduan zehar ibili dira –Kuban, Brasilen– zirko eskoletan ikasle eta kalean ikuskizunak eskainiz. Egun, bikoteka egiten dituzten aire akrobaziengatik da Azulkillas ezagun. Gloria “eramailea” da eta Maider “bizkorra” txikiagoa baita. Leioan 2005ean euskal konpainiarik oneraren saria eskuratu zuten eta hurrengo urtean Vilanovako Golfes Circ de la Fira de Circ de Trapeziko saria. “Zirkoak gora egin du eta bete-betean harrapatu dugu goraldian. Ez dago guk egiten dugunean ari den  jende asko eta horrek on egin digu”.
Trapezioa, soka, ohiala… “edonondik eskegi zaitezke”, bota digu Gloriak. Beti ari dira mugimendu eta tresna berrien bila. Bila eta bila, pare bat tresna asmatzera iritsi dira: kubo bat eta biraka dabilen uztaia. Kalean, zazpi metroko altueratik eskegita daudela, denetik entzuten dutela diote. Harridurazko hitzak ia denak. Beldurrezko oihu gutxi. Koltxonetarekin aritzen dira beti eta horrek beldurtienak ere lasaitzen ditu. Udan jaialdiz jaialdi ibiltzen dira eta neguan ekitaldietan eta sarieketetan. “Guggenheimean, azkena”.
Une honetan, dantza bertikala entseatzen ari dira Txurdinagako kiroldegian. Dantza eta eskalada uztartzen dituen modalitatea da. Arnesa jantzita eta sokatik eskegita, “horman zehar oinez egingo bazenu bezala”, laburbiltzen dute. Zirkoko tekniken ikastaro trinkoak oraindik data zehatzik ez duen arren, ziurrenik urte hasieran izango dela diote. Ezhoiko urtea izango da Azulkillasentzat 2010ekoa. Bikoteka baino nor bere aldetik ariko baita batik bat. Gloria Mozanbiketik etorri berri da. Payasos Sin Fronteras elkartearekin eman ditu hiru hilabete eta “beste espedizio bat” prest dute urte berrirako.

 

Berton aldizkaria | batu gurera!


Urr
29
23:00

Mahatserria (Bilbo): Burdinezko Gerrikoan zehar

Egun borobila izan zen Bilbo eta Txorierriko euskara elkarteek elkarlanean lehen aldiz antolatutakoa. 80tik gora pertsona Basarraten batu ostean, Otxarkoagatik Ganguren mendira igo ziren. Bertan, Egoitz Askasibarrek, Borja Sarrionandia-Ibarrak eta Iosu Ziordiak gerra zibil garaiko berri eman zuten. Ondoren, linterna eskuan zutela, Gangurengo bunkerrak barrutik ikusteko aukera izan zuten bertaratuek; gehienek lehenengoz. Bazkari legea Zamudioko Zortzi jatetxean egin zuten eta bazkalostean, ‘Agur Intxorta Maite’ diskoko kantuak jo zituen Joseba Tapiak. 1936ko gerrari buruzko ikasgai praktikoa izan zen.

  

 

 

 

 

“Eusko gogoa armez ta indarrez/ezin leike hil inola/Gernika erre ziguten baina/zutik daukagu arbola”, kantatuz bukatu zuen Joseba Tapiak kontzertua, urriaren 25eko iluntzean. Eta horrela eman zitzaion bukaera goizeko 9:30ean hasitako egunari.

Pozarren zegoen Txus, Zurbarangoa. “Dena izan da berria niretzat”. Ez zekien Gangurengo bunkerren berri, nahiz mendizale amorratua den: “Erankundeei ez zaie interesatzen azalpenak ematea, bunkerrak Bilbo ondoan daude eta bilbotarrek ez dituzte ezagutzen”. Pena sentitu du Txusek Errepublikaren aldeko batailoien artilleria arrastoak ikusita. “Egoera txarrean dago dena, zikin, hesirik gabe, kartelik gabe, zaindu gabe”. Bere gizon Joseba harritu egin da. Burdinezko Gerrikoaren erorketa diseinatu zuen Goikoetxea ingeniariak frankisten aldera egin izanaren ondorioa zela uste zuen. Horrek baino, bestelako arrazoiek izan zuten pisu gehiago: “Ez nekien gerrikoak Lehen Mundu Gerrako sistema zaharkitua zuenik”, etsaiek zuten gerra modernorako baliabideen aldean. 10.000 pertsona hilabeteetan gogor lanean aritu arren, “gerrikoaren %40 bakarrik” eraiki zela jakiteak harritu du Sergio. “Burdinezko Gerrikoa ez zen burdinezkoa”, laburdildu du Arritxuk. “Ahal izan zutena egin zuten”, erantsi du Soniak.

Umetan, bunkerretako tuneletan ibilitakoak dira Derio eta Zamudioko Ixone, Ohiane eta Zuriñe. “Txorierriko aisialdi-taldeek askotan egiten dute irteera Gangurenera, bunkerra ikusi eta Viveron bazkaldu”, diosku Ixonek. Hala ere, izan da lehen aldiz entzun duten berririk: “kanpoko jendea Bilbo eta Txorierria defendatzen egon zenik ez genekien. Zer egiten zuten hemen horrenbeste asturiarrek guri laguntzen?”.

Ekarpenak
Gangurengo bunkerrak hondatuta egon arren, gure historia eta ondasunaren gordailu eta erakusle dira gehienen iritziz. Zer egin daitekeen galdetuta, “garbitu”, “zaindu”, “berreraiki”, “ezagutzera eman”, “bisita gudatuak antolatu”… dira gehien entzun ditugun ekarpenak. Horretarako erakundeen borondatea eskatzen dute. “Gutxienekoa da informazio kartelak ipintzea, mapa eta garaiko argazkiren batekin”. Rubenek oso beharrezkotzat jotzen du zerbait egitea galera ekiditeko: “Gure belaunaldiak zerbait badaki gerrari buruz, baina hurrengoek ez dute ezertxo ere jakingo”. Ixoneren arabera, “gehiago erakusten digute Europako gerrei buruz, gure etxe ondoko historiari buruz baino. Bertoko historia falta zaigu; hemen egon zela lubakia eta hor zehar atzera egin zutela jakitea”. Josebak argi du: “80 pertsonatik gora elkartu gara gaur; 1936ko gerra eta orduko gertakariak ezagutzeko nahia du jendeak”.

Berton aldizkaria | batu gurera!


Ira
30
11:05

Mahatserria (Bilbo): Mahatsorrien Zinemaldia

‘Itsasoaren Alaba’ eta ‘La maquina de pintar nubes’ filmak directed by... mahatsorriak dira. Biak ala biak heldu dira aurtengo Donostiako Zinemaldian parte hartzera, euskal zineari eskainitako Zinemira ziklo berrian. Gogotsu eta esker oneko hitz egin digute zuzendariek.
Aitor Mazok eta Patxo Telleriak elkarrekin idatzi eta zuzendu dute La maquina de pintar nubes. Post-produkzioa orain hilabete dezente bukatu zuten eta banatzaileak non eta noiz estreinatuko zain egon dira. Azkenik, heldu da publiko aurrean pantailaratzeko unea. Donostian erakusteko “gogo izugarria” duela diosku Aitorrek. Orain arte ikusi duenari gustatu zaio eta orain “maisu den publikoak esan dezala”. Baikor dago Mazo, zinearen egungo “panorama ikusita, ondo estreinatzea lortu dugu. Beste askok ez du horrelako aurkezpena izateko aukerarik”. Donostiako Zinemaldian eta banatzaile handi bat dutela, “ondo atera zaigu”, aitortzen du.
Etxebarria lantegiko behargin baten semearen gorabeherak kontatzen dira La maquina de pintar nubes filman. 1974ko udan kokatzen da istorioa, eta orduko gatazka politiko eta sozialek pisu handia dute gertakizunetan. Monika Ausin santutxuarra arduratu da eszenak 70. hamarkadako edukiz hornitzeaz.
Gutxi itxaron beharko dugu La maquina de pintar nubes ikusi ahal izateko. Urriaren 1ean Capitol zinemetan izango da aurrestreinaldia. “Suposatzen dugu, Bilbon nahikotxo ikusiko dela, baina ez dakigu, auskalo!”.
Amestu ezina, egi
Duela bi urte unibertsitateko kamerekin eta IPESen 3.000 euroko beka batekin grabatzen hasi ziren Itsasoaren Alaba dokumentala. Josu Martinez eta Haize Goikoetxeak beren lagun eta kontaktuak mobilizatu zituzten horretarako. Orain berriz, “amestu ere ez genuen egingo zerbait gertatu da: gure pelikula txikia festibal handian egotea lortu dugu”, diote.
Hiru egunez pantailaratu da Donostian dokumentala. Lehengo egunean lepo bete zen aretoa eta hurrengo egunetarako sarrera ia denak aurretiaz salduta zeuden. Josuren hitzetan, “saria da ahalik eta jende gehienak eta desberdinenak gure lana ikustea”. Zinemaldira iritsi izan ez balitz, askok ez zukeen ikusiko GALek hil zuen Mikel Goikoetxea Txapela ETAkidea ezagutzeko bere alabak egiten duen saiakera-dokumental hau. Eta emanaldiaren ostean izandako kolokioan aipatu zenez, “beraiek ere pertsonak direla pentsatzeko balio dute maitasunez kontatutako horrelako filmeek”.
Aurrekontu txikia izan arren, Itsasoaren Alabako lan taldeak lagun, senide eta gonbidatuekin jai txikia antolatu zuen Donostiako sozietate batean. Dokumentala Zinebin ikusteko aukera izango da azaroan.
Estatu terrorismoaren ostean, deportazioa
Josu Martinez eta Txaber Larreategiri beti sortzen zaizkie “istorio berriak”. Horietako bat da martxan duten deserriari buruzko dokumentala. Kristian Etxalus eta 25 urte Sao Tomen deportatuta daraman Alfonso Etxegarai bere bikotea ditu protagonista. Udan grabaketak egin dituzte Euskal Herrian zein Gineako golkoko uhartean. “Oso bikote ona osatzen dute. Kristian energia zurrunbiloa da eta Alfonso, aldiz, lasaia, hitzak asko neurtzen dituena, xamurra”. Hurrengo urtean Donostiako zinemaldian ikusi nahiko luke Josuk lan hau ere. Baina zailtasunak onartzen ditu, gai “delikatuak” baitira. “Horrelako istoriak soziolizatu behar direla uste dugu, era guztietako jendeak ikus ditzan”. Otsailean muntaia amaitu eta prest izango da. “Oso polita” izango dela aurreratu digu Josuk.

Berton aldizkaria | batu gurera!


Uzt
27
9:14

Mahatserria (Bilbo): Beste urte batez bukatu dira Santutxuko Jaiak

 

Aurten ere, Sangutxu auzoko kaleak alaitzen aritu da bederatzi egunez, auzokideentzako eskaintza zabalarekin.

Jende dezente ikusi dugu Santutxun jaiak iraun bitartean; barraketan, txosnetan, kalean… auzoko gune ezberdinetan adin guztietarako eskaintza zabala izan baita. Urtero bezala, herri bazkariak, txapelketa gastronomikoak, haurrentzako gauzak, koadrilen arteko jokoak, musika eskaintza zabala, playbacka, bertso saioa eta abar egon dira jendea alaitu eta aste batez jaietaz gozarazteko.
Jaien aurkakoak ere agertu dira
Aste osoan zehar behin baino gehiagotan agertu da Santutxu masa hedabideetan. Gehienetan, hauen kontra egiteko: presoen argazkiak direla, jendea mehatxatua sentitzen dela…
Interneten ordea, Sangutxu beraren eskutik jaien berri izateko aukera ere izan da http://www.asapala.org/mahatsorriak/sangutxu?m=200907 web gunean.

51. Bakailao Txapelketa
1.go saria: Basarrate taberna
2. saria: Meabe
3. saria: La rapadilla de Irala
4. saria: Abalantxa
5. saria: La Campa

Berton aldizkaria | batu gurera!