Gaia: batzarra

Aza
23
17:02

Orio - Aia: Agerraldia egingo dute Bilduk eta Orainek

Arraunerako teknifikazio zentroaren inguruko azalpenak emango dituzte

Bihar, azaroaren 24a, osteguna, Bilduk eta Orainek, Orioko Udaleko gobernuan dauden bi taldeek agerraldia egingo dute, iluntzeko 20:00etan, Ikastolako eraikin berriko aretoan. Bilera irekia izango da herritar guztientzat.

Arraunerako eta piraguismorako teknifikazio zentroaren lanak aurrera doaz eta hasiera hasieratik ari gara gobernuan gauden Bildu eta Orain gaiaren inguruko jarraipena egiten. Lortutako diru-sarreren eta proiektuaren gastuen inguruko azalpena emateko antolatu dute agerraldia bi taldeek eta aurrera begira dituzten lehentasunak ere azalduko dituzte bileran bertan.

Herritarrei bertaratzeko eskatzen diete Bilduk eta Orainek bidali duten prentsa oharrean.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra, lanak, politika


Ira
21
11:43

Orio - Aia: Orio Arraunketa Elkarteko ezohiko batzarra Ikastolan izango da

18 urtetik gorako bazkideak baino ezingo dira sartu eta bilera itxia izango da

Ostiralean, irailaren 23an Orio Arraunketa Elkarteko ezohiko batzarra izango da 19:00etan, Ikastolako aretoan eta horren harira elkarteko presidente Joxe Kruz Expositok hainbat ohar jakinarazi nahi ditu:

  • Batzarra tokiz aldatu dute leku gehiago izateko, beraz, kultur etxean izan beharrean Ikastolako eraikin berriko areto nagusian izango da.
  • Batzarra, ateak itxita egingo da. Horretarako, bigarrengo deialdian, 19:00etan, atea itxiko dute.
  • 18 urtetik gorako bazkideak eta urteko bazkide-kuota eguneratua dutenek bakarrik izango dute sartzeko ahalmena, bozkatzeko eskubidea duten bakarrak, alegia.

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra, deialdia, kirola


Mai
12
11:19

Orio - Aia: Ezohiko batzarra izango da Ikastolan

Udalarekin duten akordioa dela-eta deitu dute batzarra

Gaur, maiatzaren 12a, iluntzeko 20:00etan, Ikastolako eraikin berriko batzar aretoan, ezohiko batzarra izango da Udala eta Ikastolaren arteko akordioaren inguruan.

Batzarraren nondik norakoa Udala-Ikastola lankidetzaren inguruko informazioak erabakiko duenez, Ikastolako bazkideei dei egiten dio Ikastolak bertaratzeko, haien iritziak eta haiek informazioa izatea ezinbestekoa iruditzen zaielako.

Batzarra euskaraz egingo bada ere, ulertzen ez dutenek, unean bertako itzulpena jasoko dute.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra


Ira
28
12:21

Orio - Aia: Nekazaritzari buruzko bilera irekia ostegunean

Nekazaritza sustatzearekin zerikusia duten gaiak aztertuko dira

Udaleko Ekintza ekonomikoetako eta enpleguko zinegotzi Karmele Belaskok Nekazaritzako Aholku Batzordea izenpean batzorde zabal bat eratu nahi du, nekazaritza sustatzearekin zerikusia duten gaiak aztertzeko. Lehenengo bilera ostegunean, irailaren 30ean, izango da, 19:00etan, udaletxeko teilatu azpiko gelan.

Bilerara deituta daude, besteak beste: udal ordezkariak, herriko baserritar eta nekazariak, ikastetxeak eta bestelako eragileak, baina gaiarekin interesa daukan edozeinek har dezake parte.

Honako gaiak aztertuko dituzte batzarrean:

  • Nekazaritza Orion. Orioko baserriei buruz bekadunek egindako lanaren emaitzak.
  • Eskola baratza ikastetxean proiektuaren azalpena, arazoak eta lantzeko ideiak proposatzea.
  • Nekazaritza-produktuak eta kontsumo taldeak nola bideratu eta lagundu Orion.
  • Sanikolasetako neguko azoka prestatzea.
  • Nekazarien elkartea sortzeko arrazoiak eztabaidatzea.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra


Mar
17
12:06

Orio - Aia: Prozesu demokratikoa aktibatzeko apustua berretsi du Orioko Ezker Abertzaleak

25 bat oriotarrek parte hartu dute Ezker Abertzalearen barne eztabaidan

Atzo, martxoaren 16an, asteartearekin, herri batzarra egin zen, kultur etxean, Orioko Ezker Abertzaleak deituta. Bertan, Euskal Herriko herri gehienetan bezala, Orion burututako hausnarketa eta eztabaida prozesuaren berri eman eta erabakiak plazaratu zituzten.

Azaldu zutenez, Orion 25 bat lagun aritu dira eztabaida bileretan, adin eta iritzi ezberdinekoak, eta horrek asko zabaldu du Ezker Abertzalearen ikusmira, orain arte eginiko barne eztabaida garrantzitsuenetakoa izanik.

Ondoriok eta aurrerantzean eman beharreko pausoak azaltzeko hau esan zuten: Egun gure herriak bizi duen bi fase politikoren arteko blokeo egoera gainditzeko, prozesu demokratikoa aktibatzeko Ezker Abertzaleak eginiko proposamena berresten dugu Orion ere. Prozesu demokratikoa, eskubideak (zibil eta politikoak, indibidual eta kolektiboak) ukatzen dituen marko estatutario batetik, herritar guztien eskubideak bermatuko dituen marko demokratiko batetara pasatzeko ibilbidea da. Proiektu politiko guztiak egingarriak izango diren egoera batetara iristeko bidea hain zuzen ere.

Gehitu zuten, badakitela prozesua graduala izango dela, pixkanaka eraiki beharrekoa izango dela, eta Ezker Abertzaleak determinazio osoa duela fase politiko orokor honek behar duen bultzada emateko.

Horrez gain, Jon Anzaren erailketa salatzeko mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu zituzten herritarrak. Mobilizazio horiek ostegunean izango dira eta Donostian egingo diren manifestazioak izango dira ekitaldi nabarmenenak: goizekoa, 12:00etan hasiko da, Askatasunaren hiribidetik abiatuta, eta, arratsaldekoa, 20:00etan, Boulevard Zumardiatik. Orion, 19:00etan, elkarretaratzea egingo da plazan.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra


Mar
15
13:38

Orio - Aia: Ezker Abertzalearen barne eztabaidaren ondorioak plazaratzeko batzarra

Bihar egingo da herri batzarra, 19:00etan, kultur etxean

Bihar, martxoaren 16an, asteartearekin, Ezker Abertzaleak deitutako herri batzarra izango da kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Azken hilabeteetan burututako barne hausnarketa eta eztabaida, prozesu demokratikoa eta ondorio gisa plazaratutako Zutik Euskal Herria agiriaz hitz egingo da.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra


Urt
21
11:51

Orio - Aia: Txomin Iribarrek jarraituko du Babes Lekuko presidente

Estatutuak aldatuta, elkarteko kide izateko baldintzak zabaldu zituzten

Atzo, urtarrilaren 20an, asteazkenarekin, Zaharren Babes Lekukoen urteko ohiko batzarra eta ez-ohiko batzarra egin zituzten, 17:00etan, kultur etxeko areto nagusian. Txomin Iribar eta zuzendaritzako gainontzekoez gain, Jon Redondo alkatea eta Noemi Ostolaza Udaleko gizarte politika batzordeko burua ere izan ziren batzarrean, eta kultur etxea Babes Lekuko kideez lepo bete zen.

Lehenengo, presidenteak ongi etorria eman zien bertaratutakoei eta, une honetan, 799 sozio direla esan zuen. Agurraren ondoren, 2009ko urtarrilean egindako ohiko batzarreko akta onartu zuten aho batez.

Jarraian, 2009ko ekintza ekonomikoen balantzearen berri eman zuen Rogelio Perez diruzainak. Guztira, diru laguntzetatik, sozioen kuotetatik, urtean eginiko ekintzetatik eta abarretatik, 79.961 euroko diru sarrera izan zuten eta, aldiz, gastuak 79. 610 eurokoak izan ziren. Beraz, urteko irabazia 351 eurokoa da. Gero, kutxako kontuen errepasoa egin zuten eta, denera, 15.641,48 euro dituzte aurreztua. Aho batez onartu ziren kontuak ere.

Kontuak garbi, alkateak hartu zuen hitza. Iaz agindutakoa bete duela esan zuen, Zaharren Babes Lekuko sarreraren parean arranpa jarrita baitago dagoeneko eta kultur etxe atzeko igogailua ere martxan dago. Kalean jartzekoak ziren komun publikoetako bat ere, Abaromendikoa, laster irekiko dela esan zuen, azken ukituak eman ondoren. Gainera, jakinarazi zien, kirol ariketak egiteko makinak jarriko dituztela laster zaharrentzat, Dikeko parkean eta, gero, kiroldegi ondoan.

Ondoren, Txomin Iribar presidenteak hartu zuen hitza, elkarteko presidente berria hautatu behar zelako. Inork kargua hartu nahi ez zuela-eta, kexu agertu zen. Gustura egin dut lan nik, baina oso nekatuta nago eta norbaitek erreleboa hartzeko garaia da, adierazi zuen. Jendeak txalo artean hartu zituen Txominen agur hitzak, jarraitzeko erregutu zioten askok eta, azkenean, onartu zuen beste bi urtez jarraitzeko ardura. Baldintzak jarri zituen, ordea, izan ere, jendeak dituen kexak eta ardurak zuzenean berari azaltzeko eskatu zuen eta antolatzen diren ekintzetan ere laguntzeko jende gehiagok azaldu behar duela. Jendeak baietz esan zuen eta, orain, Txominek zuzendaritza batzorderako hiru kide hautatu beharko ditu, batzuek bukatu baitute beren zikloa.

Ohiko batzarra bukatuta, ez-ohikoari ekin zioten. Bertan, 1988an onartutako estatutuetan aldaketa bat egitea proposatu zen, baita aho batez onartu ere. Hemendik aurrera, aurre-jubilatutakoek ere Zaharren Babes Lekuko kide izateko aukera izango dute, baita senarra edo emaztea jubilatuta dutenek eta ezintasunagatik edo alargun izateagatik pentsioa jasotzen dutenek beren bikotekidearekin batera. Zaharren Babes Lekuan kabituko ote ziren galdetu zuen batek, baina ez zitzaion garrantzirik eman eta aho batez onartu zen estatutuen aldaketa.

Bukatzeko, galderen txandan, Zaharren Babes Lekuko sarreran, barruan, panel edo horma bat egiteko eskatu zioten alkateari, atea irekitzean haize gehiegi sartzen baita mahaietara. Alkateak gaia bulego teknikoarekin aztertuko zuela erantzun zuen, baina ez zuela arazo handiegirik ikusten ez egiteko.

Bilera bukatuta, irteeran, bertaratutako kide bakoitzari txartel bana eman zitzaion, urtarrilaren 23an, larunbatean, Zaharren Babes Lekuan egingo den hamaiketakorako gonbidapen gisa.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra


Urt
08
8:31

Orio - Aia: Zaharren Babes Lekuak ohiko eta ez-ohiko batzarrera deitu ditu bazkideak

Urtarrilaren 20an izango dira biak, kultur etxean, 17:00etan hasita

Urtarrilaren 20an, asteazkenarekin, ohiko eta ez-ohiko batzarrak egingo ditu Orioko Zaharren Babes Lekuak, bata bestearen atzetik, kultur etxean.

17:00etan hasiko da lehena, ohikoa. Iazko urtarrilaren 14an egindako Batzar Nagusiaren Akta irakurri, ekitaldi ekonomikoa nola itxi den azaldu, 2009ko balantzea egin eta aurtengo informazio orokorra zabaldu ondoren, presidente berria hautatzeari ekingo zaio.

Presidente-gai izan nahi duenak ondorengo baldintzak bete beharko ditu:

- Zaharren Babes Lekuko bazkide izan behar du.

- 2010eko urtarrilaren 13a baino lehenago egungo Zuzendaritza Batzordeari jakinarazi beharko dio, iragarki taulan jarriko den orrian izena emanez.

- Hiru bazkide aukeratu beharko ditu, Zuzendaritza Batzordea osatzeko. 

Ohiko batzarra bukatuta hasiko da ez-ohikoa, gai bakarrarekin: Estatutu berriei dagokien zuzendaritzaren proposamena aztertuko da. Bazkideren batek estatutu hori irakurri nahi badu zuzendaritzara jo beharko du.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra


Aza
27
9:48

Orio - Aia: Euskararen Aholku Batzordearen bilera astelehenean

Egindako lanari eta egingo denari buruz hitz egingo dute bertan

Orioko Euskararen Aholku Batzordeak bilera egingo du datorren astelehenean, azaroak 30, 18:30ean.

Batzarra udaletxean izango da, teilatu azpiko gelan.

Gaiak honako hauek izango dira:

1.- Urtean zehar Euskara batzordeak egindako lanaren berri ematea.

2.- Datorren urteko aurrekontuari begira proposamenak jasotzea.

3.- Norberak lekarkeena.


Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra


Aza
20
17:08

Orio - Aia: Egunkariaren aldeko batzordeak bilera deitu du astearterako

Sanikolasetako ekintzak antolatzea izango da gai nagusia

Azaroaren 3an kultur etxean egin zen bileran, Egunkaria auzikoei babesa emateko batzordea sortzeko asmoa gauzatu zen.

Jende askorik hurbildu ez zen arren, ekintzak antolatzeko asmoa azaldu zuten bildu zirenek. San Nikolas jaietan parte hartzea erabaki zen bileran, horrela herritarren artean auziaren nondik norakoa hedatzeko eta kontzientziazioa lantzeko.

Horretarako, gauzak txukun egin asmoz, sanikolasetan egin nahi diren ekintzetan jendearen laguntza ezinbestekoa egingo zaie. Antolaketa modu egokian egite aldera, beste bilera bat egitea erabaki dute datorren asteartean, azaroak 24, arratsaldeko 19:00etan, kultur etxeko areto nagusian.

Sanikolasen antolaketaz gain, bileran informazioa emango dute Jakes Goikoetxea eta Idurre Lizarraldek auziaren gaur egungo egoerari buruz. Herritar guztien laguntza ongietorria izango da Egunkariaren aldeko batzordekoen aldetik.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra


Aza
13
17:12

Orio - Aia: Ohiko batzarra egingo dute gaur arraun elkartekoek

18:00etan egingo da lehen deialdia eta 18:30ean bigarrena

Gaur arratsaldeko 18:30ean hasiko da Orioko Arraun Elkartearen ohiko batzar nagusia. Ekitaldia kultur etxean egingo da eta azken batzarreko akta onartzea, azken denboraldiaren balantzea, egoera ekonomikoa eta eskari-galderen txanda izango dira jorratuko diren lau puntuak.

Aurrekoa bukatu eta gero, ezohiko batzarra egingo dute zuzendaritza berria aukeratzeko hauteskundeetako batzordea sortu eta hauteskunde-egutegia zehazteko.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra


Aza
06
9:55

Orio - Aia: Egunkariaren aldeko batzordea eratu da

Atzo egin zuten lehen bilera eta positiboa izan zen bertatik ateratakoa

Atzo, iluntzeko 19:00etan, egin zen Orioko Egunkariaren aldeko batzordearen lehen bilera. Bertan jende askorik izan ez arren, oso positibotzat jo zuen Jakes Goikoetxeak batzarra, bertaratu zen jendea ikusita: Nahiz eta asko ez izan, lanerako borondatea duen jendea bildu gara, eta horrek izugarri balio du esan zuen kazetariak.

Batzarrean hartutako erabakien artean, festetan egingo diren ekitaldietan nolabaiteko presentzia edukitzea izan zen nagusiena. Horretarako, lan-taldea zehaztu beharra dago eta zein ekitaldietan zer egin ere zehaztekotan geratu ziren, nahiz eta gutxi gehiago eskema bat osatu zuten atzoko bileran.

Datorren bilera azaroaren 24an, asteartearekin, egingo da kultur etxean, arratsaldeko 19:00etan. Batzordearekin lan egin nahi duen guztia bertara deitua dago, eta ezin duenak web orri hau erabili dezake edozein zalantza edo gauza galdetu ahal izateko.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra


Aza
04
8:50

Orio - Aia: Herriko eragileen eta koadrilen arteko bilera gaur

OKK-k deitu du bilera eta sanikolasak eta gaztetxea izango dira hizpide

Gaur, asteazkenarekin, arratsaldeko 19:00etan hasita, herriko eragileen eta koadrilen arteko bilera egingo da, kultur etxean, OKK gazte asanbladak deituta.

Bilera oso garrantzitsutzat jo du asanbladak, izan ere, sanikolasak antolatzeko herriko eragileen eta koadrilen laguntza behar dute, Gazte Festetan bezala, batez ere, jaietarako geratzen den denbora urriagatik.

Bestalde, gaztetxearen funtzionamenduaren eta bertan egingo diren ekintzen proiektua garatu nahi dute, Udalari aurkezteko eta, horretarako, ahal bezain beste jende agertzea ezinbesteko ikusten dute.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra


Aza
02
11:36

Orio - Aia: Egunkariako auzipetuei babesa emateko batzordea bihar

Bilera azaroaren 3an, asteartean, kultu etxean izango da, 19:00etan

Pasa den astean, urriaren 22an, bilera informatiboa antolatu zuten Jakes Goikoetxeak eta Idurre Lizarraldek udaletxean, Egunkariaren auzia zertan den azaltzeko. Bilera horretan, Jakes eta Idurreren azalpenak entzun eta gero, bertaratu zirenek erabaki zuten batzorde bat osatzea herrian, auzian inplikatuta daudenei babesa emateko eta arazoa gizarteratzen laguntzeko.

Batzorde hori osatzeko bilera datorren asteartean, azaroak 3, egingo da kultur etxean, 19:00etan.

Bilera irekia da eta deitzaileen asmoa da batzorde zabala osatzea, ondoren bertan erabakitzeko antola litezkeen ekitaldiak.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra


Eka
25
16:10

Orio - Aia: Atxiloketen aurkako manifestazioa gaur 20:00etan

Atzo egin zen batzar informatzailean 70 lagun inguru elkartu ziren

Atzo, 20:00etan, Patxi Uranga oriotarraren, Olatz Lasagabasterren eta Ainara Vázquezen atxiloketak salatzeko elkarretaratzea eta batzar informatzailea egin zuten herriko 70 inguru lagunek. Atxilotuak askatu lelopean bildu ziren eta, bertan adierazi zutenez, hiru atxilotuak inkomunikazio egoeran daude eta atzo bertan Madrilerako bidea hartu zuten. Inkomunikazio egoera horretan torturatuak izateko arriskua omen dute. Horren aurrean, gaurko, 20:00etarako, manifestazioa deitu dute, azken bi hilabeteetan bi gazte oriotar izan baitira atxilotuak eta ez dute nahi herriak atxiloketa horiek kasu bakan modura hartzerik. Espainiar estatuak euskal presoekiko edozein elkartasun eta maitasun adierazpen galarazi nahi duela gaineratu zuten eta mobilizazio gehiago izango direla ohartarazi.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra


Urt
12
10:40

Orio - Aia: Zaharren Babes Lekuko Batzar Nagusia asteazkenean

Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartea uztea eta 2009rako kuota euro 1 garestitzea dira eztabaidatuko diren gai nagusiak

Asteazkenean, urtarrilaren 14an, Orioko Zaharren Babes Lekuko Batzar Nagusia egingo da kultur etxean. 16:30erako da lehen deialdia eta 17:00etarako bigarrena. Hau da batzarreko gai zerrenda:

1.- Lehendakariaren agurra Batzarrari.

2.- 2008ko urtarrilaren 25ean egindako azken Batzar Nagusiaren akta irakurtzea eta, ondo bada, onartzea.

3.- Ekitaldi ekonomikoa ixtea eta 2008 urteko balantzea.

4.-  Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsionisten Elkartea uzteko Zuzendaritzak egiten duen proposamena aztertzea.

5.- Zuzendaritzaren proposamena, kuota euro 1 garestitzeko.

6.- Zuzendaritza Batzordearen erdia berritzea.

7.- Informazio orokorra.

8.- Norberak lekarkeena.

Oharra: 2009ko urtarrilaren 26tik 30era (biak barne) ordaindu beharko dute kuota bazkidek, 16:00etatik 19:00etara, Zaharren Babes Lekuan.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra