Gaia: begoñeraz

Ots
02
0:31

Mahatserria (Bilbo): Bilbo setiaturik bigarren karlistadan (1874)

Orrialde hauetan ikusten duzuen irudiak ondo baino hobeto azaltzen du Bilbo zelako estu hartu zuten karlistek 1874ko setioetan. Zenbakiekin, erasotzaileen eta setiatuen posizioak ikusten ditugu, gehienak Begoñako elizate zaharrean. 

XIX. mendeko karlistada bietan Bilbo hainbat bider setiatu zuten Don Karlosen aldekoek, baina ahalegin guzti horiek ustelak izan ziren. 1833ko urrian eta azaroan baino ez zen Bilbo karlisten esku egon, herri matxinada eta foru agintari batzuek sustatutako altxamenduaren ondorioz. Sarsfield jeneral liberala 1833ko azaroaren akabuan hirian sartu zenez gero, karlistek kanpotik ikusi behar izan zuten Bilbo.

Eta ez zen gogo faltagatik. Ahalegin itzelak egin zituzten, ehunka gizon galdu zituzten eta euren buruzagirik onena hil zieten. Baina ez zuten lortu. Ez lehenengo gerran (1833-1839) ezta bigarrenean ere (1873-1876). Bietan, setioetako borrokaldirik latzenak Begoñako elizate zaharreko eremuetan gertatu ziren, defentsa eta eraso lerro nagusiak bertan zeuden eta. Hala ere, Deustua eta Abando be, gatazka gogorren eszenatokiak izan ziren.

Bigarren karlistadako setioa 1874 urtean egin zuten Don Karlosen aldekoek. Otsailean ekin zioten eta maiatzaren 2ra arte iraun zuen. Portugalete menderatu eta gero. Espainiako armadak Galdames eta Serantes artean zabaldutako tropa karlisten kontra jo behar zuen, Bilbora helduko bazen. Defentsa natural handiak ziren haiek, handiegiak liberalen armadaren gaitasunerako. Liberalak esan dugu, baina zehatzago esan dezagun errepublikarrak, Espainian Amadeo de Saboyaren ostean monarkia kendu eta lehenengo errepublika aldarrikatu baitzuten.

Karlisten eraso lerroa
Ondoko irudian ederto ikusten dugu Bilbo, Begoña eta Abandoko zati bat zelakoak ziren 1874 urtean, eta erraz antzematen da karlisten kanoi-bateriak non egon ziren: Casamonte (gaur egun Jesus Maria ikastetxea dagoen aldean, Artxandako tunelaren gainean, irudian 1 zenbakiduna), Pitxon (ia Artxanda gainean, 3 zenbakiduna), Kate-zarra (izen bereko txakolindegia egon zen lekuan, 15 zenbakia), Artagan (Zabalbideko goialdean, 16 zenbakia) eta Santa Monika komentua (gaur egun dagoen lekuan bertan, 17 zenbakia).

Liberalen defentsa lerrotik hurren azken bi horiek zeuden. Eta, jakina, haiek ziren arrisku gehien hartzen zutenak. Egin kontu: gobernuaren aldekoak 150 metrora zeuden, Begoñako elizan (irudian, 14 zenbakia). Liberalek tenplua gotortu zuten –lehenengo gerran karlisten esku laga zuten eta larrutik ordaindu zuten–, bere horma sendoak babesleku bikain bihurtu eta dorre altuan tiratzaile onenak ipinita, karlisten jarduna oztopatu zuten. Tiratzaile haiek, antza denez, kalte handia egin zuten karlisten artean. Ondorioz, elizako dorrea beren jomugan jarri zuten karlistek eta suntsitu egin zuten.

Bateria lerro sendoa zeukan Bilbok bere defentsarako. Begoñako lurretan, ondoko hauek: San Agustin gotorlekua (San Agustin komentuko hondarretan, gaur egun Bilboko udaletxea dagoen lekuan, 4 zenbakia), Bateria del Diente (apur bat gorago, 6 zenbakia), Txoritokikoa (Mallonako kanposantuaren ondoan, 7 zenbakia), Mallonakoa (ortusantuan, 8 zenbakia), Solokoetxekoa (11), Larrinagako espetxekoa (Zabalbide ondoan, bateria eta gotorlekua, 12 eta 13 zenbakiak) eta, arestian esan bezala, Begoñako elizakoa. Horrez gain, liberalek bateriak zeuzkaten Abandon (tren geltokian, Miribillan…) eta Begoñan bertan, Larreagaburuko muinoan. 

Karlistek Bilbo estu hartu bazuten ere, esan bezala, 1874ko maiatzaren 2an setioa altxatu behar izan zuten. Gerrak, hala ere, luze iraun zuen oraindik, matxinatuak Bilbo inguruan sarritan agertzen zirela. Baina 1876an, Espainian estatu-kolpe baten ondorioz errepublika kendu eta Alfontso XII errege jarri ostean, karlistek euren aukera guztiak galdu eta gerra amaitu zen.

Berton aldizkaria | begoñeraz


Abe
31
18:51

Mahatserria (Bilbo): Delmasen etxea, Begoñako Ibarran

Egunotan, Bilboko Udalaren esku, Juan Eustakio Delmas protagonista daukaten liburu garrantzitsu bi argitaratu dira. Zoritxarrez, liburu horietan Bilbo baino ez da ageri. Baina Delmasek asko idatzi zuen, baita albo-herrien eta Bizkaia osoaren gainean ere. Eta Begoñan bizi izan zen: Campo Volantinera aldatu zen lehenengo burgesa izan zen Delmas. Karlistadan galdu zen etxe hartan gorde zuen altxorra.

Azken asteotan, Seve Callejaren ardurapean eta Bilboko Udalaren eskutik, liburu berri bi plazaratu dira Juan Eustakio Delmas inprimatzailearen inguruan. Lehenengoak, Viaje por el Bilbao de antaño, XIX. mendean Delmasek –eta Francisco Hormaetxek– egindako Bilboren deskripzio zabalak batzen ditu. Bigarrena, ostera, Seve Callejak ehundu duen biografia da: El impresor Juan E. Delmas, un sueño incendiado.
Delmas Bilbon jaio zen 1820an, aita italiarra eta ama gaztelarra zituela. Aitak kafetegia eduki zuen arren, bene-benetako ogibidea inprenta zuen. Semeak segida eman zion behar horri, kazetari, editore, historia ikertzaile eta grabatugile ere jardun zuen arren. Hamaikatxo lan argitaratu zuen Bilboko, Bizkaiko eta, oro har, Euskal Herriko kontuen gainean. Egunkarien artean, bere lanik kuttunena ‘Irurac Bat’ kazeta liberal foruzalea izan zen.

Delmas Begoñan
Bilbotarra izanagatik, Delmasek bazeukan zer ikusirik Begoñarekin, eta ez edozelakoa. Bera izan zen Campo Volantin aldean jauregia eraikiarazi zuen lehenengo burgesa, XIX. mendearen erdialdean. Orduan leku bakartia zen hura, Salbetik hur, ortu, estrata, solo eta zuhaiztien artean.
Ez dago esan beharrik alderdi hura Begoña zela. Bilbo Zingirakalen (Sendejan) amaitzen zen. Handik aurrerakoa, Begoña zen (1870an Bilbok alderdi hori bereganatu zuen arte): Quintana jauregia, Kristoren ermita, San Agustin komentua (egun Bilboko udaletxea dagoen orubea), Campo Volantin osoa Salberaino… Bide batez: Campo Volantin baino lehen, inguru guzti horri Begoñako Ibarra auzoa esaten zioten agirietan (barrio de Ibarra, en Begoña). Hortik Euskaltzaindiak proposatu duen Begoñaibarra izena.

Etxea eta altxorra erre
Askotan gertatzen zaie aitzindariei garesti ordaintzen dutela euren ausardia. Delmastarrek behar baino arinago altxarazi zuten etxea. Jauregi dotorea zen, garaiko burgesen gustukoa, itxura frantseseko txaleta, pisu bikoa, inguruan lorategiak, zuhaitzak eta zelaiak zituela, dena ondo hesituta.
Baina bigarren karlistada biztu eta gero eta indar gehiago hartu zuen, harik eta matxinatuek Bilbo setiatu zuten arte. Delmasen zoritxarrerako, setio lerroa bere etxean bertan hasten zen: karlistak Deustuko azken etxeetan zeuden (gaur egun Deustuko Unibertsitatea dagoen aldetik Salbera: Kaba, Arkotxa, Casamonte…). Delmasen etxea, ostera, liberalen lehenengo defentsa gunea zen. Eta, jakina, larrutik ordaindu zuen.
1874ko martxoaren 14ko gauean gertatu zen. Karlistek eraso jo eta jauregia defendatzen zuen guarnizio liberala garaitu zuten. Etxeari su eman eta oso-osorik erre zen txalet eder hura. Delmasek Bilbotik –hiriburuaren defentsan lagundu zuen– ikusi zituen bere etxeko suak eragindako garrak: “Nunca olvidaré la fecha cuando ví que se levantaban hacia cierto sitio donde jamás volvía los ojos sin temblar; comprendí que le había llegado el turno de arder a mi quinta”.
Juan Eustakio Delmasentzat kolpe latza izan zen. Hala aitortu zuen urte batzuk geroago, gerra amaitu eta gero, Valdespina buruzagi karlistari bidali zion gutunean. Gehiegikeria izan zelakoan zegoen, etxeari su eman ziotela horretarako arrazoi barik. Karlistek eman zuten partean, ostera, gatazka gogorren ondorioa izan zela jakinarazi zuten.
Edozelan be, asko izan ziren Bilbo inguruan (Begoñan, Deustuan, Abandon) eta Bilbon bertan karlistadetan erre edo galdu ziren baserri, etxe eta jauregiak. Delmastarrenak, ostera, bazeukan berezitasunik: etxearekin batera Delmasek urte askotan han eta hemen batutako agiri zaharren kopia piloa galdu ei zen. Bere bizitzako lana ei zen, Bizkaiko historiaren gaineko hamaika agiri zahar, bere eskutik egindako oharrez jantzita. Denetara 30en bat eskuizkribu ei zeuzkan, noiz zuzendu eta argitaratu zain.

Berton aldizkaria | begoñeraz


Abe
13
20:50

Mahatserria (Bilbo): Misiolariak Begoñan

 

 

 

Misioak gertakizun garrantzitsuak izan ziren gure herrietan XVIII. mendetik XX. mendearen hasierara arte. Lantzean behin fraideak herrira etorri eta sekulako astindua eragiten zuten. Predikuen bidez kontzientziak aztoratu eta arimak salbatu egiten zituzten.

XX. mendearen lehenengo herena arte, misiolariak gertakizun handia izaten ziren gurean. Ezustean herri honetan edo bestean agertu eta egun batzuk (aste bi) ematen zituzten fraide haiek haien predikuak lau haizetara zabaltzen.
Baina zer ziren herri misioak? Berez, gotzainak bidalita edo bestela, lekuan lekuko abadeek (edo bertako agintariek) eskatuta, herri jakin batera joaten ziren fraide predikatzaileak ziren. Aste bi ematen zituzten herrian, sermoi gogorrak esaten, kontzientziak astintzen, bekatuaren zirrikitu guztiak agerian uzten. Hona hemen bilbotar misiolari batek zelan azaltzen zuen: “Barri onac, eta guztizco onac dacartzueguz, cristiñauac. Pecatupean bizi zareen pecatari errukigarriac, pecatu mortalaren catea gogorracaz loturic, eta catigu zagozanoc, poztu zaitece (…) [Jesusek] atera guraric ceuec ceuen bide okerretatic, biralduten deutsue misiño santu au ceuen errira, ceuei adietan emoteco bene benetan ondu gura badozue; prest dagoala bera, baita ondo prest, ceuei parcatuteco, eta ceuen adiskide izateco”.
Lerro horiek idatzi zituena Juan Mateo Zabala bilbotarra da, eta honela amaitzen zuen: “Misiño santua entzunda onduten ezpazare, bildur izan bear tzare, ceuen buruen ganera etorrico dala Jaunaren aserre gogorra”. Abisua zen, duda barik, baina baita misioen bertuteak aitortzeko modu adierazgarria. Belen Altuna ikertzaileak honela definitu ditu misioak: “Baina zer zen misio bat? Shock-tratamendu halako bat, kontzientziak esnatu, arimak astindu eta damua eta zuzenketa-nahia pizteko”. Herriko abadeek eragin ezin zezaketen astindua jotzera joaten ziren.
Euskal Herrian jesuitak eta frantziskotarrak izan ziren misioetan gehien aritutakoak. Beste batzuk be ibili dira, pasiotarrak berbarako. Juan Mateo Zabala aitatu dugula, esan dezagun, Belen Altunaren datuei jarraiki, frantziskotar bilbotar horrek 1817 eta 1821 urte bitartean, urtean bederatzi bat herritan egin zuela misioa, bakoitzean hamabost bat egun eginik.
Misiolariak ahozkotasunerako dohaiak, ahots ona, karisma eta prestakuntza teologiko egokia behar zituen. Sarritan milaka pertsonen aurrean egin behar zuten berba, eliz atarietan edo kanpoaldean, batere bitartekorik (mikrofonorik, esate baterako) gabe.
XVIII. mendetik aurrera ugaldu ziren misioak Hego Euskal Herrian, garaiko elizgizonek herri ohitura ‘lohi’ eta ‘okerrak’ erreformatzeko –zuzentzeko– ahaleginaren tresna nagusietako bat izanik.

Begoña 1853
XIX. mendean behin baino gehiagotan agertu ziren misiolariak Begoñan. 1853an, adibidez, azaroaren 13tik abenduaren 4ra egin zuen misioa aita Frantzisko Estarta frantziskotarrak. Normalean binaka joaten ziren misiolariak eta kasu honetan aita Zipriano Etxebarria eduki zuen lagun. Badirudi sermoiak Estartak esaten zituela eta Etxebarriak aitormenak entzuteko ardura eduki zuela.
Itxura denez, urte hartan Begoñara bertako abadeek deituta joan ziren misiolariak. Garaiko prentsan irakurri dugun kronika baten arabera, Begoñako eliza jendez lepo beteta egoten zen frai Frantzisko Estartaren sermoiak entzuteko. Fededunek, hala Begoñakoek nola inguruetako eta urrutiko herrietatik etorritakoek, gau batzuk elizaren atarian eman zituzten, ateak noiz irekiko begira.
Artean Estarta misiolari ospetsua zen, 49 urtekoa, 60 bat misio egindakoa. Eta mingaina ez zuen makala. Garai hartan bekatuaren kontrako gerran dantzak eta erromeriak izaten ziren helburu nagusia. Bada, Berrizen misioa eman eta gero, herriko jaiak ez egitea erabaki zuten, bekatuari ateak ixteko. Diogun kronikaren arabera, Estarta 1844an ere egon zen Begoñan misiolari. Orduko hartan, 16 sermoi esan zituen euskaraz eta 3 erdaraz. 1853an, ostera, 15 sermoi euskaraz eta 6 erdaraz.
Misioek eragiten zuten shock hura gogoratzeko,zer egokiago Txirrita handiak 1916ko Goizuetako misioei jarritako bertso berrietako zati hau baino: “Misionistak izandu dira/Goizuetako partian/oien bisitaz oroituko naiz/bizirik nagoen artian”.

Berton aldizkaria | begoñeraz


Urr
28
23:22

Mahatserria (Bilbo): Maiukiak txakolinaz blai

zan Begoñako txakolinetako postre delicatessena, izan be makailuaren gazixe goxotu egin behar.

Geure izena ta izana txakoliñetik dator, horregaitik dogu inguruan mote lez matzorri, matza ta enbidiatik datorrena, izan be non ematen zan ba aukerearik eta onena txakoliñe lortzeko Begoñan baino? Zein da, ingurune honetan hegoaldeari begira, eguzkibegi, dagoena? Zeinek jasotzen dau Artxandako aldapetatik euriak ateratako orbela aberatsa? Nora joaten ziren harek arbola orri ta begetal hondakin emankorrak ba? Mahats herrira, mahatsa sortzen.
Baldintza hauen fruituak asko ziren, euritariko bat, famatuena, maiukiak, jende zaharrak kontatzen dauenez Erriberako merkatuan kotizatuenak ei ziran Begoñakoak, batez be Herradurako kurba ingurukoak, berton aldapa, ura asko eta eguzki indartsua baina ez egun osoan ordu batzuetan baino. Jaso egin bear be aldapa gora ta behera.
Kokaera geografikoa aproposa dogu, eguzkibegi eta Artxandak egiten dauen ‘U’ handi horren erdian gauz, kanala geu gara ura batzeko (oraingo Begoñazpi ikastola alboan ura hartu egiten da), zirku antzeko honen barruan haize txarretatik protegidute gauz, horreri gaineratu mendietatik jausten dan ongarria eta zolua aproposa berez, kaliza eta margak, matza emateko. Gaur egun porlanaz tapaute dagoen zolu horrek oso matza fine ematen eban, halan esaten eurien hemendik ibilitako bidaiari batzuk, Humboldt ospetsua bat.
Txakoliñe matza irailean batzen zan auzolanean, inguruko gizon ta gazteek egiten eben biarra, edadearen arabera gauza diferentea, gogor, matza batzeko, kontutan hartu bihar da hemengo sasoirik onena zala, udako beroak matzan egindako azukrea aprobetxatu bear, geroago eguzki handirik ez eban maztiak harrapatuko eta. Egin egiten zan batu domeka batean, Pilarica inguruan, gizonek fabriketan eta zapatuetan be egiten zeurien biarra eta, hurrengo zapatuan txakoliaren jabeak afaria emoten eban pagu moduan.
Matza mordoak gizonezkoek moztu ta jasotzen zeurien, asto gainean eroan baserrira eta segiduan zapaldu bear zan, galdu ez daiten, zeregin honen arduradunak gaztiek ziran, hamalau hogeita pikuko urtekoek, honela eginda, fruta zapalduz, muztioa atara egiten jakon matzari.
Ostean, bertan gelditzen zan, upelean, irekizten, bor-bor egiten egun pare bat, ez gehiago, halan zikinkeri handienak berantza jausi eta likidoa, gainean geldituta, fermentau egiteko, kolore oso iluna eta usaina gutxi eukan.
Egun batzuen ostean filtratu egiten zan, hondakinak kendu egiteko, findu egiteko, eta gelditzen zan mordokoa ‘la garete’ deitzen zan, oso gustu gogorrekoa zan, hori hartu eta ‘sin fin’ bategaz estutu eiten zan, prentsatu egiten zan, likido zeozer gehiago ateratzearren, eta gareteko zati bat bota egiten zan berriro kupelara, gutxi baina, kontua zan mamia emotea baina tamainan ez dagion mikaztu gustoa, honetan egoan txakolinaren sekretotxo bat.
Bi hilabete pasata ‘trasiegoa’ eiten zan upela batetik bestera, beste hirugarren batera be batzutan, zenbat eta gehiago egin garbiago txakolina, baina flojoagoa be bai. Hau mostoa zan.
Handik beste hile batzuetara, otsailerako, txakoline  eginda egoan. Apirilan edo maiatzan txakoliñe edateko prest egoan eta hasten ziran bilbainoak Begoñara etortzen, baina bidea erakutsi bear. Horretarako ereñotza adartxoak erabiltzen ziran, Bilbotik etorrite bide gurutzetan jartzen zan erramu lorea ezkerra ala eskumea hartu bear zen markatzeko eta txakolira, baserrira, ailegatzean upela zabalik eukala esateko teilatuan ipintzen zan ereinotza adarra be bai, izan be txakoline guztiak txandaka eiten zeurien zabaldu.
Txakoliñe bakar bat egoten zan zabalik, ingurukoak itxita, batek zabaldu eta besteak itxi. Kupelak hustu egiten zirenean, txakoliñe amaitu, beste batek zabaldu eiten eban eta markak, bide gurutzetako markak, aldatu be eiten ziran, bilbainoak, pagatzen zeurienak, ez daitezen bideaz okertu.
Txakolina ardo berde eta garratza zan, segun eta nork egin fuerteago ala goxoago, eta merienda afarirako erabiltzen zan sarri. Beragaz jateko makailua zan normalena, baina ez bakarra, jan be jaten ziren angilak eta antxoak, makailua pil-pilean eta bizkaierara, baita txapa gainean erreta, eta postrerako Santiagitoko makarroiak edota maiukiak be jaten ziran. Danen artean, postrerik eta delicatessenena zan Begoñako maiukiak bertako txakolinaz blai-blai eginda.

Berton aldizkaria | begoñeraz


Ira
29
22:10

Mahatserria (Bilbo): Larreagaburu, frantses eta italiarren gaztelua

Larreagaburu esan izan zaio mende askotan Bolueta, Santutxu eta Atxuri artean dagoen mendixkarik garaienari. XIX. mendetik aurrera, ostera, El Morro izena zabaldu eta nagusitu da. Bada, tontortxo horretan gotorleku edo gaztelu txikia egon zen, Bilboren defentsarako lagungarri. Frantsesek egin zuten. Edo italiarrak izan ziren?

1808-1814ko gerran Bilbo sarritan izan zen helburu militarra. Denbora gehiena Napoleonen armadaren mende eman bazuen ere, matxinatuek behin baino gehiagotan eskuratu zuten, hala 1808an bertan nola 1812an. Hala ere, kasu guztietan galdu egin zuten, frantses armadaren nagusitasunak (lehorrean, itsasoa ingelesen esku zegoen eta) ez baitzien aukera handirik eskaini.
Bilbo kontrolpean edukiagatik, tarteka frantsesak ez zeuden batere lasai, inguruetan Espainiako armadako tropak (batez ere Mendizabal jeneralarenak) eta gerrillari taldeak (Gaspar Jauregi ‘Artzaia’-k zuzentzen zuena, esate baterako) ibiltzen zirelako, hiribildua noiz hartuko. 
1812an birritan sartu zen Bilbora Mendizabal baina, gerra-egoerak apur bat aldatzea nahikoa izaten zen frantsesak berriz ere hiriaz jabetzeko. Napoleonen armadak ondo gotortuta eta indartuta zeuzkan Santoña, Durango, Donostia, Getaria, Iruñea eta Gasteiz. Ingelesak, ostera, Castron eta Bermeon zeuden, haien itsas-armadaren babesean. Bilbo zen, kate horretako mailarik ahulena.
Horregatik, 1813ko otsailean, frantsesek Bilbo aldeko euren indarrak handitu zituzten. Horretarako, Madriletik Palombini jeneralaren italiar dibisioa (2.500 gizon) ekarri zuten. XIX. mende hasiera gatazkatsu hartan Napoleonek Italiako gizartearen sektore batzuen laguntza lortu zuen. Haiek osatu zituzten frantses armadarekin batera borrokatu ziren oste armatuak, Palombini buru zuen dibisioa –divisione Palombini– kasu.
Palombini Bilbora heldu zenean, lehenengo-lehenengo hiriburua gehiago gotortzeko proposatu zuen, artean defentsa traketsak zeuzkalakoan. Clausel frantses buruzagi nagusiak bere plana onartu eta lanari ekin zioten.

Larreagaburuko kanoitegia
Defentsa planeko nobedade nagusia Larreagaburun zegoen. Mendixka hori Bilbotik kanpo egon arren, giltzarria zen hiriburua bermatzeko eta, ondorioz, tontorrean  gaztelutxoa atontzeaz gain, defentsa lerroaren barruan sartzea erabaki zuten. Lanen diseinatzailea Camilo Vacani izan zen. Begoñako elizatik eta dorretxetik ekialderantz lubanak atondu eta taketak ipini zituzten Mallonako kanposanturaino; eta berdin gotortu zuten San Agustin komentuaren aldea (gaur egungo udaletxea). Beste horrenbeste egin zuten Begoñako elizatik Larreagabururaino, leku garrantzitsuenetan. Eta, ibaiaz bestalden, Miribillan eta San Franciscon.
Badakigu jakin frantsesek Larreagaburun bost bateria eduki zituztela, denetara hamazortzi artilleria-piezekin hornituta.
Defentsa lanok egokiak ote ziren? Laster ikusi zuten. Palombinik Artzaia Gernika aldean inguratu nahi izan zuen batean –1813ko apirilean–, Mendizabalek Bilbo eraso zuen, barruan tropa gutxi zegoelakoan. Oldarraldi gogorra egin zuten, lehenengo Boluetako Zubibarritik gizon gutxi batzuk eta gero Artxandatik behera multzo handi bietan jaitsita. Lehenengo zutabeak su bizia egin zuen eta bigarrenak Begoñako elizaren kontra jo zuen eta San Agustineko trokatik behera egin nahi izan zuen. Begoñako eta Mallonako gotorlekuetatik kanoikadaka erantzun zieten baina, unerik kritikoenak San Agustin aldean gertatu ziren. Azkenean frantses eta italiarrek erasoa geldiarazi zuten. Setiatzaileek, geroago, lehenengo gerra karlistan gertatuko zen bezala, San Agustin komentuaren inguruan topatu nahi izan zuten defentsa lerroan arrakala.
Ez zuten, bada, lortu, eta ez zuten lortuko. Frantsesak eta italiarrak ekainean joan ziren Bilbotik, Wellingtonek Gasteizko bataila irabazi eta gero. Orrialde hauetan argitaratu dugun mapan, italiarrek diseinatutako defentsak eta 1813ko apirilaren erasoaren nondik norakoak ikusten dira.

Berton aldizkaria | begoñeraz


Uzt
28
0:38

Mahatserria (Bilbo): 1937ko errepresioa: kartzelak eta urkamendiak

 

 

 

75 urte bete berri dira Espainiako eskuin muturreko sektorerik bortitzenek Estatu kolpea jo zutenetik. Gerra zibila eta errepresio basatia eragin zuten, baita garaitu ondoren ere. Liburu berri batek Bilboko kartzelak, fusilatuak eta errepresaliatuak begien aurrean paratu dizkigu. Sekula justiziarik egin ez zieten gure herritar horiek ahaztu ez ditzagun.

Orain dela gutxi BERTONen Txema Uriarte historialariak gogora ekarri zuen oraindik ere Gerra Zibilaren bortizkeriaren ondorioei buruz zer gutxi dakigun. Bilbon, Begoñako errepublika zaharrean, non egon ziren kartzelak, nortzuk izan ziren preso eduki zituzten milaka lagunak, zer egin zieten, nortzuk ziren fusilatu zituztenak… Eta nork egin zituen barrabaskeria haiek, nortzuk izan ziren hiltzaileak, nork eman zituen aginduak...
Galdera guzti horien aurrean argia egitera etorri da Ascension Badiola Ariztimuño ikertzailearen liburu berria, ‘Cárceles y campos de concentración en Bizkaia (1937-1940)’, Txertoa argitaletxearen eskutik. Zorigaiztoko 1937ko ekainaren 19tik aurrera frankistek Bizkaian eratu zuten sistema errepresiboaren nondik norakoak zehaztu ditu Badiolak, baita biktima askoren (9.000 pertsona, hildako eta errepresaliatuak) izenak plazaratu ere. Zapalkuntza hartan Begoñako errepublikako leku batzuek ospe beltza eskuratu zuten.
Larrinaga, ikararen etxea
Badiolak emandako datuen arabera, Bilbo aldean sei lekutan pilatu zituzten presoak 1937ko ekainetik aurrera: Deustuko unibertsitatea, Eskolapioak, Upo Mendi ontzia eta Begoñako errepublika zaharreko hiru eraikin: Larrinaga kartzela, Santutxuko Karmelo eta alboan zeukan Orue txaleta.
Preso gehienak lehenengo bietan egon baziren ere (1937ko abenduan, Deustuko Unibertsitatean 2.800 eta Eskolapioetan 3.438; Bilbon, denetara, 11.000 preso), Larrinaga izan zen lekurik krudelena. Batetik, espetxe horretan ere preso kopuru altua batu zutelako: 350 pertsonentzako kartzelan ia 3.000 lagun eduki zituzten giltzapean. Bestetik, fusilamendu gehienak bertan egin zituztelako: gerra amaitu orduko 300en bat lagun hil zituzten espetxeko patioan.
Karmelo, espetxe
Santutxuko karmeldarren etxea ere kartzelarako erabili zuten frankistek. Lehenago, Eusko Jaurlaritzak ere zeregin horretarako atondu zuen. Gerra garaileek 1.200en bat lagun eduki zituzten bertan giltzapeturik, tartean 45 abade. Hasieran elizgizon horiek karmeldarren komunitatearekin batera bizi izan ziren baina gero haiengandik bakartu zituzten.
Karmelon baldintza gogorrak sufritu zituzten presoak eta haietako batzuk hotzak eta goseak hil ziren. Ez zegoen preso guztientzako oherik eta horregatik behegainean ere egin behar izaten zuten lo.
Orue txaleta, emakume kartzela
Karmelotik hurbil, aurrez aurre kasik, bideaz bestaldean, Orue txaleta zegoen. Lorategia zeukan inguruan, zuhaitz handien gerizpetan. Hemen ere, baldintzak latzak ziren. Egin kontu: 30 pertsona hartzeko moduko etxea izanik, ia 600 emakume presoren espetxe bilakatu zen.
Kartzela txiki gehiago egon zen gurean: Adoratrices eta Galera etxea, esate baterako. Sufrimendua barra-barra. Garaileen gordinkeria. Liburu bikain honetan Ascension Badiolak galtzaileen kontrako bortizkeria dokumentatu eta agirian utzi du. Asko falta da oraindik, baina alderdi bat gutxienez eginda dago.
Bitartean, guk gogora ekarriko ditugu frankistek gure herrian fusilatu zituztenen izenak, egunen batean haien hiltzaileenak ere argitaratuko ditugulakoan: Clemente Briñas, Carlos Bilbao, Teodoro Celis, Segundo Bedialauneta, Hilario Aretxabaleta, Tomas Obieta, Clemente Lopez, Manuel Garate…

Berton aldizkaria | begoñeraz


Eka
30
8:00

Mahatserria (Bilbo): Begoña 1850ean, Madozen begietara

Pascual Madoz iruindarrak lan itzela egin zuen XIX. mendearen erdialdean, baita argitaratu ere, 1850ean: ‘Diccionario geografico-estadístico-historico de España y sus posesiones de ultramar’ izeneko idazlan erraldoia osatu zuen. Bertan, besteak beste, Hego Euskal Herriko udalerri guztien deskribapena egin zuen. Tartean zen, jakina, Begoña.

“Anteiglesia en la provincia de Vizcaya…” horrela hasten zen Madozek Begoñari eskainitako testua. “Nervion ibaiaren eskuinaldean dago, menditxo baten gainean, haize guztien mende. Klima epel eta osasungarria”. Gaur legez, ezta? Eta jarraian, herria zelan zegoen banatuta azaldu zuen: “220 etxe dauzka” ondoko auzo hauetan batuta: Begoña bera, Atxuri (Bilbo ondoko auzoa), Atxuri kanpoaldekoa edo Bolueta, Uribarri, Las Calzadas (Mallona) eta Otxarkoaga. Denetara, 2.600 biztanle, Bizkaiko herri handienetako bat.
Herriko etxea bota zutenez gero, sasoi hartan behin-behineko aretoa zeukaten kontzejurako. Horrez gain, eskola –140 neska-mutil joaten ziren bertara ikasle–, sei iturri herriko beste horrenbeste bazterretan eta “zuhaizpeko pasealeku bi: Bolantin eta Miraflores”. Eta zubi eder bat, harlanduzkoa, bederatzi arkuduna, Boluetan (Zubibarri, alegia). Bertatik igarotzen zen Frantziara eta Gaztelara joian bidea. Begoñan beste bide garrantzitsu bat zegoen, Bermeokoa, gutxi gorabehera gaur egungo Zabalbide kalea.
Zer batzen zuten Begoñako arlo eta soloetan? “Garia, artoa, txakolina, gaztainak, intxaurrak, patatak, barazkiak, frutak…” eta, gainera, ardiak, ahuntzak eta behiak bazkatzeko larre gozoak zeuzkaten. “Begoñako behien esnea estimu handitan daukate Bilbon”. Bazen gehiagorik: “ehiza ere bada: untxiak, erbiak, txinboak eta arrantza: barboak, aingirak eta loinak”.
Industriari dagokionez, herrian urunea egiteko errota bi zegoen, 6 narru-lantegi, beste bat kotoizko ehunak egiteko, “oraintsu atonduta Pontoian, Bilboren errota egondako orubean; azken gerra zibilean errotaren eraikin bikainari su eman zioten”. Gaur egun Abusu ikastola dago eraikin bikain hartan.
Eta, jakina, “burdin fabrika ospetsua Boluetan, non burdin biribilak, koadratuak, azalak eta zumitzak egiten dituzten”. Ibaiko urek hiru gurpil hidraulikoak eragiten zituzten, eta, haren bitartez lantegiko zilindroak, mailuak eta artaziak mugitzen zituzten. Epaltzatarrena eta haien bazkideena zen lantegia, Santa Ana fabrika hain zuzen.
Eliza, erromeria eta ermitak
Jakina, Begoñaren gainean berbetan hasita, ezin bazter utzi Begoñako eliza. Legendetako bat kontatu zuen: “Gaur egun aldare nagusia dagoen lekuan artea egon zen eta bertan agertu ei zen Ama Birjinaren irudia; eliza gorago egin gura eben baina egunean batutako materialak gauez arte haren ondora eroaten zituen Andra Mariak berak. Harik eta herriko batek Ama Birjinari entzun zion arte: Bego ona!, bertan egiteko beraz”. Baina Madozek ipuina zela zehaztu zuen eta elizaren historia eta ezaugarriak deskribatzeari ekin zion: 1519 eta 1558 bitartean zaharberritu zuten, 174 oin luze eta 82 oin zabal da, 3 nabe dauzka “de atrevida arquitectura”, hamar zutoin ikusgarrien gainean… Gerrek eragindako kalteak ere islatu zituen, beren-beregi lehenengo karlistadan galdu zen kanpandorre bikaina.
“Urtero-urtero, abuzturen 15ean Begoñako erromeria ospetsua egiten dute, Bizkaiko handienetakoa eta, beharbada, luxuzkoena. Antzina elizaren aurrean egiten zuten dantza, baina zuhaitzak desagertu dira eta gaur egun etxe galduak besterik ez dago, Zumalakarregi jeneral karlista zauritu zuten etxea esate baterako; horregatik, erromeria eliza ostean egiten da”. Sasoi hartako grabatu ospetsu batek ere horrela erakusten digu Begoñako erromeria, elizostean soka-dantzan. Azkenik, Madozek itsasgizonak aitatu zituen: “itsas-enbaten eta arriskuen erdian Begoñako Andra Mariari eskatzen diote mesede federik handienaz”. Sasoi hartan Begoñako elizan hiru abade, sortxantrea (organujolea), sakristaua eta kanpai-jolea zeuden.
Elizaz gain, Begoñan lau ermita zeuden, gaur egun denak galduta: Uribarriko Kristo (gaur egungo Bilboko udaletxearen atzealdean), Justo Otxarkoagan (Santa Marina ospitalea dagoen lekuan), San Joakin eta Santa Ana Boluetan (fabrika egondako orubean) eta San Francisco de Paula Boluetan (Santutxun, zehaztu behar dugu guk, hori ere desagertuta).

Berton aldizkaria | begoñeraz


Mai
19
23:33

Mahatserria (Bilbo): Begoña eta kantu karlistak

XIX. mendean Euskal Herrian lau gerra gogor izan ziren eta lauetatik hirutan liberalek eta antiliberalek (karlistek) elkarren kontra jardun zuten. Gure herriaren historia handia zein eguneroko bizimodua markatu zuten. Eta borroka ez zen armatua bakarrik. Kantutan be, nor baino nor. Sasoi hartako abesti batzuek ospe itzela lortu zuten.

‘Eta tira eta tunba’ disko zoragarria kaleratu du Joseba Tapiak XIX. mendeko karlisten eta liberalen hogeita bi kanturekin. Askoz be gehiago dagoz, gerra haiek ondorio latzak utzi bai, baina musika arloan oparoak eta emankorrak izan ziren eta. Hara non, Begoñako errepublika zaharra be tartean dabil, kantuetako batean, ondoko bertso hau abesten zuten eta: Karlosek esan ei dau/Begoña ganean;/laster sartuko dala/Madrilgo kalean.
Hain justu, diskoari izena ematen dion kantuan dago pasarte hori: ‘Eta tira eta tunba’. Eta hori tradizio handiko abestia dugu, lelo nagusia behintzat, karlistadak amaitutakoan lehenengo jelkideek eta gero ezker abertzaleko jendeak nahi erara egokitua. Adinean gora doazenek jakingo dute: “eta tiro eta tiro…”.
Begoñako errepublikaren aitamenak beste kantu batzuetan ere ageri dira, diskoan jaso ez direnak, inoiz orrialde hauetan kontatu dugun bezala. Hona hemen, horren erakusle, lehenengo karlistadako kantu elebiduna, karlistak Bilbo setiatzera datozela abisatuz: “Poniendo los cañones/Begoña partean/pondran el parlamento/entrega gaitean”.
Ai, ai, ai mutilak
Tapiaren diskoa entzuten igual ez gara kargutuko, baina bertan dago karlistadetako benetako himnoa, kantu nagusia, ‘Ai, ai, ai, mutilak’ alegia. XIX. mendeko musika arrakastarik handiena gurean, euskaldunen ikur eta ereserki bilakatu zen. Izatez, erritmo biziko doinua zen, eta lelo nagusiari nahi beste estrofa erantsi zizkioten. Horrela, XIX. mendean zehar aldatuz joan zen eta, karlistek ez ezik, liberalek ere erabili zuten, baita beste gerra batzuetan ere. Ze, argi zegoen, borroka kantua zen.
Joseba Tapiak dokumentalistek batutako bertsio klasikoetako bat abestu du bere diskoan: Azpeitiko neskatxak/arrazoiarekin,/ez dute dantzatu nahi/txapel gorriekin,/ai, ai, ai, mutillak,/txapel gorriekin. Artean txapel gorriak liberalen aldeko boluntario euskaldunak ziren. Karlistek ‘pezetabikoak’, ‘bipezetakoak’ edo ‘pezeteroak’ ere esaten zieten, haien soldata aurpegiratzeko. Bertso argigarri honetan batzuen eta besteen arteko aldeak zehaztu nahi izan zituzten: Gobernuak baditu/bi pezetakuak,/bai eta Don Karlosek/boluntariuak,/boluntariuak/ez jornaleruak.
Abesti honen garrantzia ezin argiago azaltzen zaigu XIX. mendearen erdialdeko prentsa irakurrita: Liberalen ‘Himno de Riego’ ereserkiaren parekoa da ‘Ai, ai, ai, mutilak’ eta ohikoa ei zen jai herrikoietan jotzea. Beste idazki batzuetan Alemaniako ‘Deutschland uber alles’ eta Ingalaterrako ‘Good save the King’ ospetsuen pare jartzen zuten.
Eta, esan bezala, borroka doinua zen, bizkorra eta grinatsua. Ez ahaztu karlisten gerra oihua ‘Aurrera mutilak!’ izan zela, aldarri hori egiten zutela liberalen posizioak eraso orduko. 1859an, Bizkaiko Diputazioak Marokoko gerrara tertzioak bidaltzea erabaki zuenean ere, Gernikako Batzarretatik bueltan, Bilbon, gerrazaleek manifestazioa egin zuten, txaranga eta guzti, “entonando el estribillo Ay, ay, ay, mutillac/Biba lanzeruak/”. Kanpaina hartan beste bertso eta kantu askotan txertatu zuten lelo hori –besteak beste, ‘Ai, Ai, Ai, mutilak/Biba bizkaitarrak/Ai, ai, ai mutilak/muera marruekoak’–. Karlistadetatik, beraz, oraintsu Joseba Sarrionandiak horren ederto kontatu digun Afrikako gerrara egin zuen salto ‘Ai, ai, ai mutilak’ abestiak.
Bilbo aldean, eta jakina, Begoñan, karlisten topaleku kutunetakoa alegia, sarri abesten zuten. Eta bigarren karlistada hurbildu ahala, areagotu ziren. 1870ko ekainaren azken domekan, iluntzean, manifestazio karlista egin zuten Bilbon: “Unos setenta jovenes recorrieron diferentes calles de la población cantando el ¡Ay, ay, ay, mutillac! y otros cantares propios del partido carlista; algunos de ellos llevaban boinas blancas y empuñaban enormes piedras; acompañaban los cantares con el ruido que producía el choque de ellas”. Kantua, gerraren iragarle, oraingo honetan. Migel Unamunok ere ‘Paz en la guerra’ nobelan ‘Ai, ai, ai mutilak’ Bilbo inguruko txakolindegietan sarri entzuten zela kontatu zuen.
Ameriketan
Azken ohar bat. Atzerriko literatur lanetan ere ageri izan da abesti hau, Ameriketan eduki zuen zabalpenaren oihartzun. Paul Groussac frantses-argentinar idazlearen ‘Del Plata al Niagara’ liburuan, Arizonako apatxe batek biolinaz jotzen du karlisten kantua. Eta Pueblan entzun zuten soldadu yankiek 1846-48 bitartean Mexiko inbaditu zutenean, ‘La Ponchada’ izenburuarekin, Albert Gallatin Brackett militarrak General Lane’s Brigade in Central Mexico (1854) liburuan kontatu zuenez. Oraindik ere euskarazko leloa zeukan!: “Mexikarren gustuko abesti bat sarritan entzuten genuen, La Ponchada. Hemen paratuko dut nire irakurleentzat, erakusteko zelako ondo ematen genuen denbora. Muñoz andereñoak abesten zuen, jakina: Ya no se llaman negros/Los hijos de Aragon,/Se llaman defensores/De Isabel de Borbon/Ay! ay! ay! Mutilac/Chapela gorriac.

 

Berton aldizkaria | begoñeraz


Api
28
8:00

Mahatserria (Bilbo): Begoñako Ama Birjina eta lamiak

Euskal erlijio zaharreko osagai ezagunak dira Mari, lamiak, jentilak, basajaun, sorginak eta gainerakoak. Gerora kristautasuna ailega eta nagusitu zen. Baina sinismen zaharrek iraun egin zuten. Begoña aldean be bai.

Iraun egin zuten bai. Ia gaur arte. Euskal Herriko gainerako leku gehienetan bezalaxe, euskal sinismen zaharren transmisioa XX. mendean eten zen. Baina, zorionez, garaiz ibili izan dira ikertzaileak kontakizun horietako batzuk jasotzeko. Esate baterako, Iñaki Gamindek ale polit batzuk argitaratu zituen ‘Bilbotarron euskararen zuzuan’ liburuan.
Lamiak, sorginak, igeltxoak (iratxoak)… euskal mitologiako izaki ezagunak gure bazter hauetan ere ei zebiltzan. Lamiak –laminak– esate baterako, Otxarkoagako elizaren azpiko errekan agertzen ei ziren andreak bertara joaten zirenean arropak garbitzen. Horrela gertatu ei jakon, gutxienez, Garate baserriko amamari. Begoñan kontatzen da, diosku Gamindek, ba ze gauez basoan beharrean ibiliz gero, kate zaratak entzuten direla.
Sorginak be ez ei ziren apartean bizi. Gamindek batutako testigantzen arabera, “Arbolantxa aldeko Sorginzulo deritzon lekuan biltzen ei ziren Artxandatik baxatzen ziren sorginak”. Begoñako andre-gizon batzuek luzaro bizi izan ziren seme-alabarik eduki barik; halako batean, iratxoek andrea harrapatu eta hainbat egunetan galduta egon ostean, bederatzigarren hilabetean umeaz erditu ei zen iratxoei esker: “Horreik ez euren euki familiarik eta hori joan da botijuagaz, ardautan, Sisironera, eta igeltxoak koxi otzien”.
Ama Birjina laminduta
Beste ikertzaile batek, Anuntxi Aranak, euskal sinismen zaharren eta kristautasunaren arteko loturak aztertzerakoan –‘Euskal mitologiaz’ liburuan–, alderdi bi nabarmendu ditu. Alde batetik, kristautasuna nagusitu zen arren, ez zuela erabat ordezkatu edo ezabatu antzinako sinismenen indarra. Bestetik, elkarren arteko eraginak aipatu ditu. Gauza jakina da kristautasunak beretzat hartu zituela aurreko sinismen eta leku sakratu batzuk. Baina, era berean, sinismen zaharrek bere kontakizunetan integratu zituzten Ama Birjina eta demonioa bezalako pertsonaiak.
Begoñako Ama Birjina horren adierazle izan daiteke, sinismen zaharren kontakizunetan integraturik gelditu baitzen, sarritan laminen ezaugarriz jantzita. Alde batetik, herri ipuinen arabera, Andra Marik berak nahi zuen lekuan eraikiarazi zuen eliza. Bestetik, Ama Birjina zigortzailea ere bazegoen. Hemen bertan argitaratu genuen lapurraren kontakizuna: bere koroa ostu gura izan zuenean, lehenengo Andra Marik berak oratu zion besotik. Gero, ihesi doala, ahari handi indartsu talde bat, zezenak eta erraldoi batek bidea oztopatu eta azkenean elizako kanpai hotsek salatu zuten bere ezkutalekua. Euskal sinismen zaharretako osagai ezagunak dira horiek.
Anuntxi Aranak berak Orozkon entzundako kontakizuna da hurrengoa: Begoñako Ama Birjinak mirari handi bat egin zion baten bati eta hura zapatariarengana joan zen, Andra Marirentzako oparia enkargatzera. Zapatariak galdetu zion zein zen ba mirari handia. Besteak erantzun: “astoaren bastearen tamainakoa”. Eta hori esatean mutu para ei zen. Astoak sabelaren azpian daroa bastea. Eta holangoxe tipoan dauka Ama Birjinak uhala, euki be. Baina ‘astoaren’ esan izanagatik, mututurik laga zuen. Zigortzailearen arketipoa, berriro ere.

Berton aldizkaria | begoñeraz


Mar
31
8:00

Mahatserria (Bilbo): Begoñako bazterrak Bilboko setioaren plano batean (1835)

Gauza jakina da Bilbok lau setio sufritu zituela lehenengo gerra karlistan (1833-1839), eta lauetan bere defendatzaileek eutsi egin zietela Don Karlosen osteek egindako erasoei. Oraingoan garai hartako plano bat dakargu eta bertan Begoñako bazter batzuk zehatzago ikusiko ditugu.

Egia esan, Bilbok ia gerra osoa eman zuen blokeaturik. Espainiako armada 1833ko azaroaren akabuan sartu zen hiribildura eta karlisten altxamendua ia agorturik zegoela ematen bazuen ere, hilabete gutxi batzuk geroago haien zemaipean bizitzen ohitu behar izan zuten. 1835eko ekainean garaipenik garaipen zetorren Zumalakarregik Bilbo inguratu zuen. Beldurrak airean zeuden hiriburuaren defentsaren arduradunak, Ormaiztegikoaren aurrean ezer gutxi egin ahal izango zutelakoan. Baina, kontu ezaguna da, bala galdu batek hankan jo zuen Begoñako jauregiko balkoitik Bilbora begira zegoenean. Zegamako petrikiloarengana eraman zuten baina aste bigarrenean hil egin zen.
Hala ere, karlistek erasoa jo zuten Bilboren kontra, eta menderatzeko zorian egon ziren. Ez zuten lortu, ostera, eta uztailaren 1ean, Espainiako armadaren indar gehiago etorri zirenean, karlistek setioa altxatu zuten. Ordukoa da testu honekin batera argitaratzen dugun planoa. Setio hartan karlistek eta liberalek menderatu eta gotortutako lekuak ageri dira. Guk Begoñako aldeari -planoaren behealdeari alegia- erreparatuko diogu. Kontuan eduki kolore ilunagoz agertzen diren eremuak karlisten esku zeudela. Horrela ikusita, argi dago zeinen estu hartu zuten erasotzaileek Bilbo orduko hartan. Alferrik, ordea.
Gure eskuinaldetik hasiko gara. Ibai ondoan, uhartetxoa ikusiko dugu. Hori Uribitarte da, txoko honetan pare bat bider azaldu dugu bere istorioa: Begoñako lur eremua izan zen lehenengo, kanala induskatu zuten gero eta uharte –urbitarte, Bilboaldeko euskaran- bilakatu zen. Eta, azkenean, 1870ko hamarkadan, ibaiaren bide zaharra lehortu eta ibaiaz bestaldean gelditu zen, gaur dagoen lekuan.
Begoñako ibarrean, Campo Volantin-eko zuhaiztia ikusten da, eta eraikin luze bat: sokak egiteko lantegia zen. Hori eta ondoko eraikinak (tartean Estufa izeneko bat) karlisten esku gelditu ziren eta oholez ahal bezain ondo gotortu zituzten, erasorako. Bidean aurrera, Bilbo aldera, liberalen lehenengo lubaki sendoa: San Agustin komentua (gaur egun Udaletxea dagoen orubean). Bertan eta inguruetako eraikin eta gainetan liberalek babeslekuak eta kanoiak paratu zituzten. Bertara iristen ziren Uribarritik zetorren bidea eta San Agustineko troka, gaur egun Etxebarriako parketik Gas plazara jaisten den aldatsa.
Mallonako gainalde hori liberalen esku iraun zuen setio osoan. Lauki itxurako eraikina kanposantua da, eta bere ezkerrean Mallonako fortea eta eskuinean Zirkukoa esaten ziotena zeuzkan, laguntzaile. Handik metro gutxitara karlistak zeuden, bai eta Begoñako elizan, ondoko jauregian eta Landakoetxe etxe aldean ere.  Bertan ikusten ditugu Bilbotik Begoñara igotzen zen bidea, Egirleta-Santo Domingora doana, Iturribideko troka eta ‘camino real’ izenarekin, herritarrek Zabalbide esaten ziotena.
Zabalbiden Landaberde
Eta Zabalbiden, hain justu, karlisten beste posizio gotor bat ikusten da, Landaberde baserriaren ondoan. Bertan hiru bateria paratu zituzten. Haiei aurre egiteko, Bilboko defendatzaileek Solokoetxeko bateria antolatu zuten.
Azkenik, Atxuri aldea ere babestu zuen Espainiako armadak, Gizakunde komentua gotorturik eta inguruan, Ollerias eta Miraflores aldean bateriak kokaturik. Karlisten esku zeuden Larreagaburu (el Morro) eta Pontoiko errota eta okindegia (egun Abusu ikastola), hilabete bi lehenago egindako erasoan erre zirenak.

Berton aldizkaria | begoñeraz


Mar
10
17:57

Mahatserria (Bilbo): Begoñako Ama, Aberriaren alde

1936an argitaratutako liburuxka dakargu, oraingo honetan. Lucio Arriortua dimoztar fraideak idatzi zuen eta Bilboko Verdes inprimategian egin zuten. ‘Eleiza ta aberri aldezko otoitza’ izenburupean kaleratu zuten eta Begoñako Ama Birjina du protagonista.

Bitxia da, gero, sinbolo eta balio batzuek egin dezaketen aldaketa, gizartea bera aldatzen doan neurrian. Izen, irudi, ikur eta leku askorekin gertatu izan da historian zehar. Oso urruti joan behar barik, orain dela 40 urte ‘Euskadi’ berba independentisten ahotan entzuten zen, batez be, frankistek eta enparauek ‘euscalerria’ nahiago zuten bitartean. Gaur, ostera, abertzale gehienek Euskal Herria nahiago dute eta Euskadi EAEko estatutua defendatzen dutenentzat –tartean hainbeste frankista ohi– gelditu da, gehien bat.
Begoñako Ama Birjinarekin ere gorabehera politiko ugari izan dira historian barrena. XVIII. mendearen erdialdean Batzar Nagusiek Bizkaiko Zaindari izendatu zuten, eta hori bazen zer edo zer. Geroago, XIX. mendearen akabuan, bigarren karlistadaren ostean, karlistek ekin zioten Begoñan erromeria handiak egiteari, herritarren debozioa Espainiako Gobernuaren joera laizista apal batzuen kontra bideratuz.
Hurrengo urteetan karlistekin eta integristekin –muturreko katolikoekin– batera jeltzaleak ere lerrokatu ziren. Garai hartan alderdi laiko eta erlijiotsuen arteko aldea ikaragarria zen. Diferentziak kalean ere islatu ziren, esate baterako, 1900 urtean Begoñako Andra Mariren koroatze ekitaldia zela medio. Errepublikarrak eta sozialistak kontra azaldu ziren eta istilu latzak izan ziren Bilbon.
Aurrerantzean, ostera, aldaketak gertatu ziren. Alde batetik, alderdi politiko laiko eta konfesionalen arteko aldeak lausotu ziren. Bestetik, Bizkaian, batez ere herrietan, karlismoaren nagusitasuna desagertuz joan zen, bere lekua hartu zuen EAJren mesedetan batez ere. 1936ko gerra piztu orduko, bizkaitar euskaldunen artean askoz gehiago ziren jeltzaleak karlistak baino. Aldaketaren ondorioz, Begoñako Andra Maria bera ere, abertzaleen ikur bilakatu zen.
Otoitzak
Giro horretan argitaratu zen ‘Eleiza ta aberri aldezko otoitza’, hamabi orrialdeko liburuxka elebiduna (euskaraz eta erderaz). Egilea, liburua interneten irakurgai jarri duen Sancho el Sabio Fundazioak eskainitako datuen arabera, Luzio Arriortua. Dimakoa zen, fraidea, Ameriketan misiolari ibilitakoa eta, jakina, abertzalea.
Liburuak, berez, otoitz bi dakartza. Lehenengoa, izenburu nagusiari dagokiona. Bigarrena, “Otoitza Bizkaiko Zaindari Naguzija dan Geure Ama Begoñakoari”. Atal horretan, Euskal Herriko gerra egoera kontuan hartuta, babes osoa eskatu zion Andra Mariari: “entzun egizuz gure erreguak, O Jaungoikoaren Ama Begoñakoa! Eta errukitu zaite Euzkadi geure Aberri maiteagaz, beronen azkatasuna lortzen dauzkuzula eta aren semiak egunero ta maiteago izan zaitugula egiten dozula”.
Areago, otoitzak eskatzen zion bere magalean hartzeko “Euzko Erri guztija, zeu zarialako bere ikurriñaren izar argi dirdiratzuba”. Eta politikarientzat ere eskatu zion: “eskatzen dautzugu zeure eraspenian aurrenengo ta zutzuena dan geure lenengo Lendakari ta Zuzenburuarentzat, bere jaurbide, legegila ta epaikarientzat, zeure zurtasuna”.
Eta, jakina, ezin ahaztu gerra garaian zeudela: “Izan zaitez zeu gure gudarijen aldezle ta zaindarija, itxazgizon ta arrantzalien itxasargija ta bidazti ta urrutikoen zaipen ta babesa”. Amaitzeko, eskari guztiak laburbilduta: “Gure Ama Begoñakoa, erregutu ta gaizkatu Euzko Errija!”.
Urtegarrenean Begoña etsaien eskuetan zegoen. Eta karlistek ahalegin guztiak egin zituzten santutegiari atzera be haien marka jartzeko. Erreketeen indarrekin “Tercio Nuestra Señora de Begoña” eratu zuten; eta, gerra amaitutakoan, haien hildakoen aldeko meza egiten hasi ziren Begoñan abuztuaren 15eko erromeria egunean. Holako egun batez egin zieten atentatua, 1942an, falangista batzuek. Orain dela gutxi orrialde hauetan bertan gogoratu genuen bezala, hiru hildako eta hamarnaka zauritu eragin zuen falangista batek jaurti zuen esku-bonbak.

Berton aldizkaria | begoñeraz


Ots
03
17:06

Mahatserria (Bilbo): Unamuno, Maeztu eta Begoñako umeen euskara


Migel Unamunok bazterrak harrotu zituen Bilboko Lore Jokoetan (1901) euskararen heriotza iragarri zuenean. Arrapaladan, Ramiro Maeztu azaldu zen, bilbotar ospetasuaren profeziari babesa emateko. Eta, hara non, Begoñako umeak erabili zituen argudio.

1901ean, Bilboko Lore Jokoen (literatur jardunaldiak) barruan, Migel Unamunoren diskurtsoak gaur egun be amata ez den sua izetu zuen. Oraindik eztabaidagai dago bere mezuaren helburua euskararen aldekoa ala erabat kontrakoa ote zen. Baina edukia, argi zegoen: “El vascuence no puede acomodarse a la vida moderna [...]. Bilbao hablando vascuence es un contrasentido. [...] El vascuence se extingue [...]. Enterrémosle santamente”. Euskara hil aginean zegoen eta hobe zen ahalbait arinen ehorzketa duina egitea. Batzuen ustez, zirikatu nahian esan zuen, euskara biziberritzeko itxaropenagaz. Gehienen iritziz, gure hizkuntza ahaztu eta erdara –gaztelania– besarkatzeko deia zen.
Handik gutxira, 1901eko irailean, Ramiro Maeztu gasteiztar idazleak artikulua argitaratu zuen, Unamunoren alde. Mezu nagusia zen euskaldunen etorkizuna Espainiarekin zegoela, halabeharrez, eta euskara utzi behar zela. Besteak beste, euskara benetan galtzear zegoela argudiatu zuen, euskaldunek eurek ez zutelako euskaraz berba egiten. “Euskara badoa –idatzi zuen, erdaraz–, euskal arraza desegiten ari da eta merkataritzaren eta komunikabideen garapenaz ideal ekonomiko, artistiko, politiko eta sozial berriak sartu dira euskal gogoan, bere betiko egitura aldatu eta bizimodu modernorako prestatu dutelarik. Mugimendu horren kontra elkartu dira bizkaitarrak [EAJ], karlistak, integristak, euskaroak, fakzioko osagai guztiak, ideia berrien etsaigoan baturik”.
Eta euskara galbidean joiala frogatzeko, Maeztuk datu hauek eskaini zituen: “Milaka euskaldunek euskara ahaztu dute, orain dela hamar urte umeek euskaraz egiten zuten Donostian, Gernikan, Deustuan, Begoñan, Algortan eta hogei herri gehiagotan; gaur, ez”. Maezturen arabera, Begoñan umeek euskararik ez 1901ean.
MAEZTU ETA UNAMUNO
Maezturen artikuluarekin amaitu baino lehen, kontu bi. Alde batetik, bertan azaldu zuen euskararen aldeko mezu eta ahalegin haiek ez zutela euskaldun berririk ekarri. “Zer lortu dute? Filologo gutxi batzuek, gehien jota seik, ikasi egin dute milaka euskaldunek euskara galdu duten bitartean”. Bestetik, Bilbo inguruan Unamunorekin batera egindako paseo bat kontatu zuen. Buia aldean daudela, neskatilatxoa agertu zen txakurrarekin eta Unamunok euskaraz egin zion, baina nerabeak erdaraz erantzun zion, esanez, ba ze, aita eta ama euskaldunak zirela baina bera erdaldun hutsa.
Kontu bi horiek bitxiak dira. Izan ere, Maeztuk eta Unamunok, hein batean, antzekotasun handiko ibilbideak egin zituzten. Gasteiztarra eta bilbotarra erdarazko idazle handiak izan ziren, 98ko belaunaldi ospetsuko kideak, gaztetan ezker politikoaren inguruan aritu eta heldutakoan eskuin aldera lerrokatu ziren eta euskal nazioaren aferan, Unamunoren gaztetako ametsak alde batera utzita, espainolismoaren alde irmo azaldu ziren.
Eta hala ere, aldeak daude. Unamuno 1864an jaio zen, Bilbon, eta berea da euskararik bako lehenengo belaunaldia Bilboko historian. Emiliano Arriaga –musikagilearen loba– 1844an jaio zen eta euskalduna izateaz gain, Bilboren gainean idatzi zituen kontuek euskarazko zipriztin asko dauzkate. Unamunok, ostera, gaztetan ikasi zuen euskara, umetan bera eta bere adinkideek egiterik izan ez zutena. Horra hor hizkuntzaren etena Bilbon.
Baina, egin kontu, Bilbo esatean Zazpi Kaleak esan nahi dugu. Unamunoren idazlan kostunbristak irakurriz argi eta garbi ikusten da albo-herrietako baserritarrak euskaldun –hutsak, askotan– direla. Esate baterako, Bilboko gazte bi txinbotan doaz Txorierrira eta, Tibolitik gora, Uribarri aldean, buru gainean sorkia eta bendeja zeramaten baserritar emakumeekin gurutzatzen dira. “No sabes tú algo de vascuence? –batak besteari– ¡Sí, vascuence de Artecalle! Díles algo, échales una flor… Eh! su… nesca… gurusu… gurusu…”. Beraz, Unamunoren kontakizunaren arabera, Begoñako (Uribarriko) neskatilekin berba egiteko euskaraz ahalegindu behar ziren XIX. mendearen akabuan.
Maeztuk kontatuta jakin dugu Unamunok horrela jokatu zuela Buia aldean. Eta, 1901ko paseo hartan neskatila erdalduna topatu bazuten, Buia aldean, ehun urte geroago ere euskara ez da galdu. Eta 1901ean Begoñako umeak erdaldun hutsak baziren, nekez ulertuko da Begoñako bazter askotan euskarak gaur arte iraun izana. Egia da, hala ere, Algortan, Deustuan, Begoñan, Donostian edo Gernikan atzeraka zegoela, hizkuntza zapalketaren ondorioz. Baina hori ez zen ez Maeztu ezta Unamunoren buru argien interesekoa.
Parekotasunak parekotasun, batak eta besteak oso akabera desberdina eduki zuten. Maeztu, espainiar eskuindarrekin bat eginda, Madrilen preso hartu zuten 1936ko gerra zibila hasi eta berehala. Urte hartan bertan hil zuten, urriaren 29an, Aravacako kanposantuan egindako legez kanpoko fusilaketetako batean. Unamuno, ostera, Salamancan zegoela, lehenengotan Francoren matxinada txalotu bazuen ere, atoan kargutu zen bere erruaz eta, urriaren 12an, historiara pasatu den ausardia keinu batez, Millan Astray jeneral eroaren eta bero-bero zeuden falangista sutsuz betetako auditorio baten aurrean, esaldi mitikoa bota zuen: “Irabaziko duzue, indar hutsa nahikoa eta sobera daukazuelako. Baina ez duzue konbentzituko. Konbentzitzeko limurtu behar da, eta limurtzeko falta zaizuen zerbait behar da: arrazoia eta borrokarako eskubidea”. Carmen Polo –Francoren andrearen– babesari esker atera zen onik auditorio hartatik. Kargutik kendu zuten eta, handik gutxira, 1936ko gabonzaharrean, hil zen.

 

Berton aldizkaria | begoñeraz


Abe
30
8:00

Mahatserria (Bilbo): Zubia, txakur txiki baten

 

 

Bilbo bere zubiek famatu zuten, garai batean. Zubi eskegia –Mesedeko elizaren aurrean–, San Anton… eta, zergatik ez, txakur txikiarena. Baina hori, lagunok, Begoñan zegoen. Edo, hobeto esanda, Begoñari hartutako eremuan.

Saltzen, saltzen, txakur txiki baten karamelua… Horrela dio kantu zaharrak eta hor ikusiko dugu txakur txikia (Espainiako txanpon baten izen herrikoia) balio gutxikoa zela, mizkinkeriak erosteko beste, doi-doi. 1916an, Evaristo Bustintzak, Kirikiñok, argi baino argiago idatzi zuen, Euzko Gaztedik euskara laguntzeko eratu zuen diru-batuketa bat iragartzeko: “Txakur txiki bat astean! Ori, zer da? Ezebez! Txakur txiki bat emoten da bape tamal barik edozetan: adiskide edo ezagun baten ume bat ikusten dozula «Eutsi, ume, txin» esanaz an doa; gitarrea joten (benetan, e?) agertzen jatzula gizon bat, abestuten dabelakoan deadar ikaragarriak darabilzala, an damotsozu txanpon txiki ori; artz tisiku bat eta tximiño zikin bat lagun dabezala ta pandero zar andi bat joten eltzen da errira ungaro koipezto ule-luze bat, eta txakur txikia botaten dautsozu; bertso berri ganorabako batzuk erostearren ataraten dozu sakeletik dirutxu ori ezetariko iguin barik”.
Bada, txakur txiki bat ordaindu behar zen 1892an Bilboko Udaletxearen aurrean eraiki zuten zubitik igarotzeko. Urte batzuk lehenago, Begoñatik Abandora zeharkatzea izango zen hori, baina, artean Bilbok beretzat hartuta zeukan Abando osoa eta Begoñako zati bat, tartean Zingirakalea (Sendeja), San Agustin aldea (gaur egun Udaletxea dagoen orubea), Campo Volantin eta Uribarriko alde bat.
Burdinazkoa
Txakur txiki bat huskeria izango zen, jakina, baina egunero hara-hona ibili behar zuenarentzat bazen zer edozer, eta kexak ere ez ziren falta. Zubiak salto bat egiten zuen Ibaizabal ibaia zeharkatzeko eta beste bat, behin Abandoko aldean, Naxako geltokian akabatzen zen trenbidearen gainetik igaro eta Erripara heltzeko. Begoñako aldean eta erdian, begi bien artean, txabola bana zegoen, kobratzaileena. Bertatik pasatzerakoan ordaindu behar zuten herritarrek txakur txikia.
Zubia dena burdina zen, begi biak. Egitura ikusgarria zen, are gehiago birakaria zela jakinda. Egin kontu, orduan asko ziren Bilboko Areatzaraino ailegatzen ziren barkuak, gabarrak, ontzi txikiak eta baporeak. Azken horietarako zubia edegi behar zen, zabaldu, baina gorantz barik, albo baterantz mugitzen zuen besoa, baporeari bidea libre uztearren.
Garai hartako Bilboko prentsan irakurri dugunez, zubia gau eta egun egoten zen oinezkoentzat zabalik, kobratzailea bertan zela jakina. Behargina beti hor, bere txabolatxoan, egotea onuragarria gertatu zen. Uretara jausten zen jende asko lagundu ei zuten, prentsari kasu egin behar badiogu. 1931ko egunkari batean irakurri dugunez, “zubia barkuak egoten diren lekuan dago eta itsasgizon asko, beren-beregi atzerritar baporeetakoak, lehorrera joaten dira parrandan eta gaueko ordu txikietan etortzen dira atzera, guztiz mozkorrik, eta, barkura igotzeko oholetik pasatzean, blaust! uretara”. Zorionez, han egoten ziren zubiko beharginak, sorosle lanak egiteko prest. “Zubi horretako lehengo behargin bat, Etxebarria jauna, –jarraitu zuen kazetariak, ez dakigu serio ala txantxetan– sarituta dauka Ingalaterrako Gobernuak, uretara jausi diren hamaika ingeles salbatu zituelako”.
Begoñako zubia
Txakur txikiaren zubiarenak 1930ko hamarkada hartan egin zuen. Eraitsi, bota egin zuten, bertan beste zubi bat eraikitzeko, Begoñako zubia, gaur egun Udaletxeko zubia esaten dioguna. Begoñako zubia eta Deustukoa batera proiektatu eta egin zituzten, gerra zibila baino lehen amaitu zituztela. 1937an, faxistak Bilbora sartu orduko, errepublikarrek lehertarazi zituzten hiriko zubi guztiak, erasotzaileen oldarra geldiarazteko asmoz. Ondoren, gaur ezagutzen ditugun bezala berreraiki zituzten.

 

Berton aldizkaria | begoñeraz


Aza
26
8:00

Mahatserria (Bilbo): Begoñako atentatua, karlistak, falangistak, gezurrak eta NO-DO

1942ko abuztuko erromeria odoltsua suertatu zen Begoñan. Karlisten eta falangisten arteko borroka agerian gelditu zen non eta Bizkaiko patroiaren elizaren ateetan bertan. Ondorioak ez ziren edozelakoak izan Francoren erregimenean: Falangearen sektorerik gogorrena alboratu zuen Francok, karlistak gobernutik kanpo utzi eta NO-DO sortu zen. Arranopola!

 

Beste behin ere jorratuta gaude 1942ko abuztuko atentuaren kontua BERTONen. Laburbilduz, abuztuaren 15eko erromeria aprobetxatuz, karlistek urtero meza egin ohi zuten Nuestra Señora de Begoña tertzioan hildako erreketeen alde. Tertzio hori gerra zibilean eratu zuten, ustez karlista bizkaitarrekin, Bizkaia mendean hartu ahala. Bere borrokaldirik gogorrenak Euskal Herritik kanpo egin zituen, Teruel aldean esate baterako.
1942ko abuztuaren 15eko meza berezia izan zen, Gerra ministroa, Varela jeneral karlista, bertan egon zelako. Sasoi hartan karlisten eta falangisten arteko giroa nahikoa mikaztuta zegoen, nahiz eta (edo beharbada, horregatik) biak alderdi bakar batean batu zituen Francok. Ikertzaile gehienek bat datoz. Varela mezetatik irtendakoan, Juan Jose Dominguez falangistak esku bonba bi jaurti zituen haren kontra. Lehenenagoak ez zuen leher egin. Bigarrenak bai, baina jeneralaren ondoan barik, karlista multzo baten erdian. Hamaika zauritu izan ziren. Dominguez, beste kide batzuekin batera, Madriletik etorri berria zegoen. Falangisten bertsioen arabera, karlistek ‘Viva la monarquía’ eta ‘Muera Franco’ oihukatu zuten eta hiru bilbotar falangista jipoitu gura izan zuten. Horren ondorioz, kasualitatez, handik pasa ziren Dominguez eta enparauek bonbak jaurti zituzten, haien kideak babestearren.
Karlistek Varela jeneralaren kontrako atentatutzat jo zuten, areago, Espainiako Armadaren kontrako erasotzat jo ere, eta hala Varelak nola Galarza barne ministroak zirkularra bidali zieten gobernadore zibilei eta kapitain jeneral guztiei, Francok ezer jakin barik (oporretan zegoen, Galizan).
Oposizioak ere, horrela ikusi zuen, atentatu gisa. Espainiako Alderdi Komunistako agerkari batean, langile baten kontakizuna argitaratu zuten. Haren hitzetan, elizatik irtetean, karlistak ‘Viva el rey!’ka hasi ziren eta falangistek ‘Viva Franco!’ erantzun zuten. Oihu horri “muera” erantzun ei zioten karlistek eta orduan falangista batek –caballero mutilado, gerran zauritutakoa alegia– bonba jaurti zuen, “lo cual indica que el atentado estaba preparado de antemano por Falange”.
Alderdi komunistaren agerkari horren arabera, egun haietan “se temía un levantamiento en Salamanca o Burgos, por lo cual fueron desplazados a una de estas dos poblaciones más de 35.000 soldados”. Baina ez zen ezer geratu. Irailaren 2an, oporretatik bueltan, Francok Varela eta Galarza karlistak eta Serrano Suñer falangista nazizalea kargutik kendu zituen. Garaiko prentsa komunistaren arabera, Serrano Suñerrena herriaren poza izan zen, “pues se decía que con ello desaparecía el peligro de que España fuese a la guerra en favor de Alemania”.
Atentatuaren ondorioz hiru karlista hil ziren: Francisco Martínez Priegue, Roberto Mota Aranaga eta Juan Ortuzar Arriaga.
Heriotza zigorra ezarri zieten Juan Jose Dominguez eta Hernando Callejari (gerrako beterano zauritua, Valladolideko Falangeko lehendakariordea). Callejari barkatu egin zioten, gerrako zauri horiek zirela medio. Dominguez, ostera, fusilatu egin zuten, irailaren 1ean. Adolf Hitlerrek domina ezarri zion, egin kontu. Falangista erasotzaileen artean Mariano Sanchez Covisa zegoen, gerora Guerrilleros de Cristo Rey talde paramilitarraren buru gisa nabarmendu zena.
Eta No-do sortu zen
Hara non, atentatuaren ondorioak ez ziren orain arte esandakora mugatu. Falangista sutsuenen aroa akaba zen eta karlistak erregimenetik urruntzen hasi ziren, bai, baina hori ez zen dena. Hara non, aditu batzuen ustez, NO-DO ere handik sortu zen.
Artean, Espainiako zinemetako albistegietako materialak Fox (estatu batuarra) edo Ufa (alemaniarra) kateen bidez eskuratu ohi zituen Francoren erregimenak. Orduko hartan, Gabriel Arias Salgadok, Herri Hezkuntza saileko idazkariordeak produktora biei deitu zien, Begoñako gertakizunen inguruko material grafikoa eskatzeko. Irudi horiek, ondoen zetorkien bezala muntatu eta testu egoki batekin lagunduta, zinemetara iristen ziren. Baina orduan ikusi ei zuten hobe zela euren zerbitzu propioa edukitzea, kate bi horiei ‘mesedeak’ eskatzen ibili barik. Eta hortik sortu zen, Alberto Reigek NO-DOko lehenengo zuzendari-ordeak kontatu duenaren arabera, Francoren Espainiaren irudi bilakatu ziren noticiario-documental ospetsu haiek. Lehenengoa 1943ko urtarrilean proiektatu zuten.

Berton aldizkaria | begoñeraz


Urr
28
1:00

Mahatserria (Bilbo): Ciudad Jardin sortu zenekoa (1923)

XX. mendearen lehenengo herenean, ‘etxebizitza merkeak’ esaten zieten. Begoñako errepublika zaharreko bazter askotan egin zituzten, Bilboren hazkundearen ondorioz etxebizitza arazo larria bilakatu zen eta. Bitxienen artean, Ciudad Jardin, enplegatuen eta kazetarien elkarteak sustatu zuen etxe-multzoa.

Gaur egun be hor dago Ciudad Jardin (Loruri, Euskaltzaindiari kasu eginez gero), Artxandako aldatsean, funikularraren, Txorierriko trenaren eta Maurice Ravel etorbide-autobidearen artean hesiturik. Ederra bere apalean. 1911ko Etxebizitza Merkeen Legea baliatuz, asko izan ziren gurean eraiki ziren mota horretako etxeak, arazo larria zen eta. Modu bitara egin zuten: blokeak (Gurutzea auzoa, Solokoetxe…) eta familiabakarreko etxebizitzak. Azken horiek ugariagoak izan ziren gurean: La Union Begoñesa Basarraten, Dolaretxe, Zurbaran eta Ciudad Jardin, besteak beste.
Ciudad Jardin, esan bezala, Artxandan eraiki zuten. XX. mendearen lehenengo herenean Artxandako hegietan hamaika etxe-multzo egin zituzten, denak Etxebizitza Merkeen Legearen ondorioz, denak etxe baxu eta atseginak izateko borondateaz. Deustuko Buenavista eta Talleres de Deusto (hori gaur egun ia osorik galdurik), Ciudad Jardin, Zurbaran… Eta zer zeukan bada Artxandak? Orientazioaz gain (hegoaldeari begira), leku horiek Bilboko kaletik kanpo baina hurbil zeuden, espekulazioaz libreago. Artean Artxandako alderdi handi bat Bilborena zen, Begoñari lehenengo anexioan hartutako lursailak hain zuzen ere.
Udal langileak eta kazetariak
Ciudad Jardin sortzeko proiektua Sociedad Cooperativa de Empleados y Periodistas kooperatibaren ekimenaren ondorioz gauzatu zen. Celso Negueruela udal funtzionarioa buru zutela, 1921ean osatu zuten elkartea, 164 bazkiderekin. Udal langileez gain, Diputaziokoak, banketxeetakoak eta kazetariak batu ziren. Euren asmoa, lorategi-hiria egitea, garai hartako ereduei jarraituz, Artxandako aldatsean. Horretarako, 27.500 metro koadroko lursaila erosi zuten, 303.000 pezeta ordainduta, gehienak Bilbok Begoñari hartutako eremuan baina besteak oraindik Begoñaren agintaritzapean zegoen aldean. Gogoratu Bilbok 1925eko urtarrilaren 1ean gauzatu zuela Begoñaren erabateko anexioa. 
Bazkideak berrehundik gora izatera ailega baziren ere, azkenean etxe gutxiago egin zituzten, garestitxoak atera zitzaizkielako. Denera 112 etxebizitza egin zituzten, lehenengo 86 eta gero 26 gehiago. Lehenengo harria 1923ko urriaren 28an paratu zuten, Bizkaiko, Bilboko eta Begoñako agintariak aurrean zirela (Begoñako Udalaren izenean, Victor Ugarriza). Jakina, kazetariak tartean egonik, prentsan oihartzun handia eduki zuen. Horren lekuko dira testu honekin batera aurkezten dizkizuegun argazki biak, Madrileko Mundo Gráfico aldizkaritik hartuta. Obrak 1925eko azaroan amaitu zituzten.
Ispizuak diseinatu
Pedro Ispizua arkitektoak egin zuen Ciudad Jardin etxe-multzoaren diseinua. Besteak beste, auzoko bizitzaren muina izan behar zuen gizarte-etxea proiektatu zuen, eskola, eliza, elkartzeko gelak eta dendak eduki behar zituena. Etxebizitzak, neovasco estiloan sortuak, hormigoizko egituraz, adreiluzko hormez eta oholezko balkoi eta etartez osatu zituen.
Bermeotarrak hiru etxebizitza mota diseinatu zituen, txikienetik handienera. Emaitza, adituen esanetan, ederra da: kalitate oneko etxe dotoreak eta, urte askotan, Bilboren gaineko balkoi baten gainean. Gerora etorri ziren problemak, hirigintza garapen basatiaren ondorioz: Maurice Ravel etorbidea (sei etxe bota zituzten orduan, auzoa autobide baten ertzean bertan gelditu zen), inguruetako bloke izugarri altuak, 1960ko Plan Parcial de Begoña-k eta orain hogei urteko Plan Nagusiak auzoan zehar ireki nahi izan zituzten errepideak… Zorionez, auzokoek proiektu horiei aurpegia eman eta geldiaraztea lortu zuten.
Gaur, Ciudad Jardin ez da sortu zeneko paradisu amestu hura, baina balio handiko etxe-multzoa da Begoñako errepublika zaharrarentzat eta, jakina, Bilborentzat

Berton aldizkaria | begoñeraz


Urr
01
19:27

Mahatserria (Bilbo): Lapurreta Atxuri aldean

1935eko urtarrilaren 30ean lapurreta egin zieten okin biri Bolueta eta Atxuri artean. Hurrengo egunetan, gertakizunaren xehetasun guztiak kontatu zituzten. Lapurrek berrehun pezeta eraman zuten baina guri, hori baino gehiago, beste gauza bat interesatu zaigu: pistola eskuan egindako atrako hura euskaraz gertatu zen.

Ez zen sekulako lapurreta izan, filmetan agertzen diren horietakoa. Etekinari begira, 200 pezeta, nahikoa apala. Egiteko moduagatik, ostera, badauka mamin gehiagorik, lapurrak pistola eskuetan agertu ziren eta. Azkenik, biktimei erreparatuz gero be, ez dugu banketxerik edo oligarkiako handi-mandirik topatuko, okindegiko behargin bat eta bere seme gaztea baino ez.
Horregatik, segurutik, lapurreta hori ez da historia liburuetan agertuko. Baina guretzat, balio handiko ezaugarria dauka. 1935ean, gerra zibila piztu baino urte bete arinago, Begoñako errepublika zaharrean pistolak eskuetan egindako lapurreta hura euskaraz gertatu baitzen. Soziolinguistika historikoaren ikuspegitik, interesgarria.
Parte ofiziala
Lapurreta 1935eko urtarrilaren 30ean gertatu zen, iluntzeko zortziak eta laurdenean. Bizkaiko Gobernadore Zibilak berak kazetariei jakinarazi zienaren arabera, honelaxe gertatu zen: ordu horretan, La Antigua okindegiko gurdi bat gorantz doa. Gurdian, Pedro Azkuenaga behargina -gurdizain eta kobratzailea, gobernadorearen berbetan, okina, kazetari batzuen idatzietan; beraz, ogia banatu eta kobratzen zuen langilea-, 48 urtekoa, eta haren seme Ramon, hamabi urtekoa. Mirafloresko errepidetik Korrejidorearen pasealekuaren -gaur egun Kainuetako pasealekua- bidegurutzera heldutakoan, gaztetxoa gurditik jaitsi zen eta aitak diru-zorroa eman zion. Denetara, 200en bat pezeta, txanpon, billete eta zilarrean.
Orduantxe agertu ziren lapurrak. Artean ezkutaturik egondako hiru gizon okinarengana eta semearengana hurreratu ziren, eskuetan pistolak zeuzkatela. Euretako batek gaztearengana jo zuen eta “en vascuence le decía que le diese la cartera y el dinero, y que no dijera una palabra, porque, si no, caería muerto en el mismo momento”.
Jarraian, diru-zorroa kendu zion gazteari eta, badaezpada, mutila miatu ere egin zuen, diru gehiago ba ete zuen. Ondoren, hiru lapurrek Bilborantz egin zuten ihes.
Geroago Guardia Zibila eta polizia agertu ziren. Okinaren semeak argi esan zuen euskaraz egin eta diru-zorroa ostu ziona ondo baino hobeto ezagutuko zuela, hiru lapurrak aurpegia agerian azaldu zitzaizkien eta. Gobernadore Zibilarena ematen duen esaldia ere argitaratu zuten kazetariek, kronikaren erremate gisa: “La policia trabaja con gran ahinco para dar con los atracadores”.
Ondorioak
Gertakizun horrek badauka hainbat alde interesgarri. Alde batetik, lapurrak non azaldu ziren ondo ulertu badugu, Mirafloreseko -gaur Larreagaburu- errepidearen eta Korrejidorearen pasealekuaren -gaur Kainuetako pasealekua- arteko bidegurutzean, paraje hori, orduan leku bakartia gauaz, Atxuritik irten eta Boluetarako bidean zegoen, baina Atxuritik hur.
Bestetik, lapurreta euskara hutsez gertatu zen. Ezin jakin kasualitatea zen ala lapurrek bazekiten okina eta semea euskaldunak zirela. Itxura baten, behintzat, ez ziren elkarren ezagun, lapurrak aurpegia agerian azaldu ziren eta. Baliteke aita-semeak euskaraz egiten joatea eta, horiek entzundakoan, lapurrek ere euskaraz egin izana. Kontuan eduki lapurreta baino lehen aitak semeari diru-zorroa eman ziola eta, segurutik, zer edo zer esango zioten elkarri.
Parte ofizialaren arabera, Pedro Azkuenaga 48 urteko gizona zen. Horren arabera, 1887an jaio zen. Bizkaiko Elizaren Artxiboan bataio agiriak begiratuta, urte hartan Pedro Azkuenaga bakarra aurkitu dugu: Igorreko Pedro Azkuenaga Arriortua, bataioa 1887ko abenduaren 5ean hartu zuena. Ez dakigu gizon hori non bizi zen baina behar Bilbon egiten zuen eta, lapurretaren ordua ikusirik, oso urruti ez zen biziko. Bera euskalduna zen, beraz, baita hamabi urteko semea ere, lapurrak berari egin baitzion euskaraz. Eta ez berba bat edo bi, trantze larrian esaldi konplexuak esan zizkion eta.
Ezin dugu ahaztu 1936 urtea baino lehen, Begoñako errepublika zaharreko baserritar aldeak -Artxandako hegiak, Txurdinaga, Otxarkoaga, Bolueta, Santutxuko alde bat- hein handi batean euskaldun segitzen zuen, erdarak aurrerakadak eginagatik ere. Eta hiri barruko auzoetan ez zen euskaldun hutsik falta. Atxurin, Uribarrin, Iturribiden euskaldun hutsak ere baziren, Bizkaiko barrualdetik etorritakoak. Ezin ahaztu, hortaz, XIX. mendearen amaieran Atxurin tabernari zeuden Arraibi ama-alabak, eurak ere euskaldun hutsak, eurak ere jatorriz igorreztarrak.
Beraz, oraingoz dakigunaren arabera, ondoriozta dezakegu gauzarik naturalena izan zela, 1935eko urtarrileko iluntze hartan, Atxuritik gorako aldatsean, lapurreta euskaraz egitea. Ostu behar zutenak eta dirua zeukatenak euskaldunak zirelako.

Berton aldizkaria | begoñeraz


Uzt
29
8:00

Mahatserria (Bilbo): Zumalakarregi hil zeneko 175 urte bete dira

Tomas Zumalakarregi Begoñan zauritu zuten 1835eko ekaineko 15ean, Bilbo setiatu berriari begira zegoela. Handik aste bitara hil zen, Zegaman, petrikilo baten erabaki okerren ondorioz. Begoñan heriotzez zauritu zutena ez zen bakarrik karlisten buru militarra. Euskaldun gehienen buruzagia ere bazen eta, batzuen iritziz, independentziarako gidaria.

Nahikoa oharkabean pasatu da gure artean Tomas Zumalakarregiren heriotzaren 175. urteurrena. Eta harrigarria da, bera bezalako pertsonaje gutxi eman baitu Euskal Herriak azken 200 urteetan. Lehenengo karlistadan (1833-1839) lau herrialdeetako karlisten buru lehenengo eta Don Karlosen armadaren gorengo buruzagia gero, bere mutilekin armada espainola sarri garaitu eta behin baino gehiagotan lotsagarri utzi zuen. Bere boladarik onenean heldu zen Begoñara, ekainaren erdialdean, Bilbo setiaturik zeukala eta berau menderatzeko asmoz. Ezaguna denez, Begoñako jauregian, elizaren ondoan, hiribildura katalejoz begira zegoela, bonba batek hanka zauritu zion. Aringa-aringa Zegamara eraman zuten, bere konfiantzako petrikilo batengana, baina, antza denez, erabaki okerrak hartu, zaurituaren egoera larriagotu eta berehala hil zen, ekainaren 24an bertan.
Bizirik zegoela, Hego Euskal Herriko karlistak –herritarren gehiengo zabala, alegia– bere buruzagitzat zuen. Hamaika bider kantatu ziren haren omenezko bertso eta kantuak, Gipuzkoa aldeko hau, adibidez:
Zumalakarregi da
Gure jenerala
Berorrek konponduko du
Hasitako lana

Bazter guztietan entzuten zen ‘Biba, Biba Don Tomas/Biba Karlos Kinto!’, herritarren begietara ormaiztegiarra euskaldunen gidari nagusi gisa agertzen zela. Horregatik, hil zenean, samindura bazter guztietara zabaldu zen. Hain zen horrela, ezen karlistadatik aparte bizi zen Ipar Euskal Herrian ere Zumalakarregi euskaldun guztien buruzagitzat jo baitzuten. Haren omenez moldatu zuten Beltzuntzeko jauna ohoratzen zuen bertsoa –Zumalaren izena/eta haren omena/urrun da hedatzen/Erregeren gorthetan–.
Ipar Euskal Herritik atera barik, Jean Baptiste Kamusarri ziburutarrak bertso hunkigarriak idatzi zizkion. Elizanburuk, Gratian Ademak eta Jean Martin Hiribarrenek beste horrenbeste egin zuten. Hona hemen ale bat:
Jeneral euskalduna
Ohora dezagun,
Esker gabetasuna
Urrun kasa zagun
Sekulan ez dugun erranen goregi;
Biba, beraz biba Zumalakarregi

Eta, zer esanik ez, Agosti Xaho, abertzale avant la lettre, zuberotar jeniala, bere libururik ospetsuenean –Voyage en Navarre pendant l'insurrection des basques– Zumalakarregirekiko elkarrizketa ‘asmatu’ zuen, liburuaren gorengo unea lortuz eta, bide batez, eternitaterako eztabaida sortuz: Ormaiztegikoak Euskal Herriaren independentzia lortu nahi izan ote zuen?
Ameslaria ote
Egia da Zumalakarregiren bizitzan ez dagoela ezer –historialariek ikertu ahal izan dutenaren argitara behintzat– ormaiztegiarra Hegoaldeko lau probintzien independentzia aldarrikatzeko asmoa edo ametsa –Xahoren bidetik jotzeko– eduki zuenik pentsatzeko. Espainiako armadako militar tradizionalista izan zela nabarmendu izan da behin eta berriz, eta izan horrela da.
Baina ezin bazter utzi, bestalde, sasoi hartako beste testigantza batzuek Hego Euskal Herriko lau probintzien independentzia edo antzeko proiektuak iradokitzen dituztela. Xahok bere liburuan, Zumalakarregiren ametsaz gain, dio –beharbada hori ere asmatu zuen– euskal buruzagi karlista gehiagok ideia horixe bera zeukala, Valdespina markesak esate baterako. Garai hartako prentsan eta gerra ondorengo memoria liburuetan ere tankera horretako planen zurrumurruak agertu ziren. Iruñean matxinatu ziren tropa liberal nafarrek, Barrikart buru zeukatela, Nafarroako independentzia aldarrikatu zuten. Eta, ezin ahaztu, praktikan, lau probintzietako lurralde zabalak estatu independente batean bizi izan zirela gerrak iraun bitartean, Don Karlos errege eta lau diputazioak agintari zituztela.
Begoñan zapuztu ote zen XIX. mendeko euskal estatu independentea sortzeko aukera?

Berton aldizkaria | begoñeraz


Mar
31
8:00

Mahatserria (Bilbo): 1880ko erromesaldia, erlijioa eta politika (I)

 

 

 

 

Gauza jakina da Begoñako elizak euskaldunen artean azken mendeetan eduki duen itzala. Denon gogoan daude basilikaren inguruan batu izan diren jendetzak. Prentsan 1880ko erromesaldien albisteak eta irudiak aurkitu ditugu. Hona hemen.

La Ilustración española y americana aldizkariak argitaratutako grabatua 1880. urtean

 

 

 

 

Azken zenbakietan La Ilustración española y americana aldizkariak argitaratutako grabatuak eduki ditugu atal honetan lagungarri eta atsegingarri. Oraingoan be bai. Madrileko errebista horrek 1880ko iraileko erromesaldiak islatu zituen bere orrietan. Eta ohi zuen bezala egin zuen, alegia, testuaz eta irudi ederrez. Grabatuok egiteko, Rafael Rochelten krokisak eta Emperaile jaunaren argazkiak erabili zituzten. Aldizkariko erredaktoreak idatzi zuen bezala, irudietan “ondo baino hobeto ikusten da erromesaldiok zertan izan diren”.
Urte hartan Begoñan jendetza itzelak batu ziren, 40.000 lagun antolatzaileen ustetan. Erromesaldiak hiru egun iraun zuen, irailaren 6, 7 eta 8a hain zuzen, eta bazeukan arrazoi berezia. Hogeita bost urte ziren kolera gaixotasuna Bilbotik desagertu zela. Izan be, 1854an kolera izurritea zabaldu zen han-hemen baina, beren-beregi, Bilbo aldean. Baina izurritea azkenean eten egin zen eta, jakina, halako balentriak benetako ahaltsuen eskuetan utzi ohi ditugunez, herritar askok Begoñako Amaren miraritzat jo zuten. 1880ko erromesaldi hura koleraren desagerketaren hogeita bosgarren urtegarrenean egin zuten.
Madrileko aldizkari horren kronikaren arabera, irailaren 6an prozesioa egin zuten, goizeko zortzietatik hamar eta erdiak arte; ondoren eliza ondoko plazan meza esan zuten, sermoiak erdaraz eta euskaraz –azken hori aita Pagoagaren ahotik –. Horrez gain, 50 ahotseko abesbatza batek Mozarten Kyries, Haydnen Gloria, eta musika sakroaren beste ale asko kantatu zituen. Hiru egunetan mezak eta prozesioak nagusi izan arren, hura erromeria izan zen eta, jakina, txosnak, musika, dantzak, kale-saltzaileak eta giro ikusgarria ez ziren falta. Eliza ondoko abadetxean erromes pobreentzako ostatua atondu zuten.
Kutsu politikoa
Aldizkariaren kronika oso onbera da erromesaldiarekin. Baina, hala ere, esaldi batek atentzioa ematen du: “Pena da batzuek alderdi politiko baten erakustalditzat jo izana”, idatzi zuen kronikagileak. Zer zegoen ba, erromesaldiaren atzetik? Garaiko prentsa irakurrita, erantzuna erraza da. Liberalek eta ezkerreko indarrek erakustaldi karlistatzat jo zuten Begoñako erromesaldia. Eta ozen salatu zuten. Madrileko El Imparcial-ek, esate baterako, Bilboko Beti-bat karlistaren kronikari barre egin zion. Beti-bat-ek prozesioa deskribatzean ondoko hau idatzi zuen: “Akabuan Bilboko abadeak, tartean karmeldar eta frantziskotar fraideak zirela, Begoñako udal kargudunak, Bilbokoak baino fededunagoak, eta musika militarreko talde bat”. El Imparcial-ek di-da erantzun: “Musika hori karlisten bataioietako batena izango zen”. Ez ahaztu lau urte baino ez zirela bigarren karlistada amaitu zenetik eta zauriak zabalik zirauen. Begoñako elizako fatxada eta dorrea oraindik ere obretan zegoen, gerrako kalteak konpontzeko lanetan alegia.
Hortaz erraz ulertzen da Madrileko beste egunkari batek, La Unión-ek, honelako gauzak argitaratzea: “Atzo ikusi zuen Bilbo hiri garaiezinak berau umilatzeko Begoñan egin nahi izan zuten manifestazio egoskorraren porrota”. Erromesaldia, liberal askoren iritziz, Bilboren kontrako erakustaldia zen. Bilboko Udalak ez zuen erromesaldian parterik hartu. Erromesaldia ez zen Bilbon sartu.
Madrileko El Globo-k ironiaz jantzitako kronika argitaratu zuen, baina bertan benetako datuak ere tartekatu zituen. Adibidez, prozesioa tabako fabrikaren ingurutik abiatu eta Zabalbidetik gora joan zen Begoñara. Erromesak, nor bere herrikoekin, emakumeak ezkerrean eta gizonak eskuinean. Herri bakoitzaren buru, abadeak eta fraileak, sobrepellizak jantzita. Emakumeak –baserritarrak nahiz kostaldekoak– “soineko beltz laburrak janzten zituzten”; buruetan, ostera, zapiak. Aristokraziako damek, ordea, setazko soinekoak eta espainiar mantilak.
Baina liberalen erasorik setatienak abade eta fraideen euskarazko sermoien kontra bota zituzten. Zer gertatu zen? Datorren zenbakian kontatuko dugu…

 

Berton aldizkaria | begoñeraz


Ots
25
11:00

Mahatserria (Bilbo): Arbolantxako borrokaldia

Behin baino gehiagotan ekarri izan ditugu orrialde hauetara karlistadetako kontuak. Guda latzak izan ziren haiek, luzeak eta gogorrak. Lehenengoan nahi bigarrenean Bilbo estu hartu zuten karlistek, baina ez zuten menderatzerik izan. Oraingoan, gatazka txiki bat dakargu, irudi eder batez lagunduta.
Grabatua Becerro eta Lagarde jaunek egindako krokisak islatu zituen. ‘La Ilustración española’ aldizkariak argitaratu zituen 1875eko apirilean. Orrialde batean Nafarroako karlisten kanoi bat, Ziordiako gerra ospitalea eta Elorrioko irudi bat plazaratu zuten, azken horretan mutilak Don Karlosen armadara joateko deialdi publikoaren irakurketa zekartela. Baina irudirik handiena, erdian ipinita, gerra irudi ikusgarria da. Eta hona hemen bere azpian idatzitakoa: “Bilbo: Borrokaldia Arbolantxan otsailaren 26an. Baioneta eskuetan erasoa Avril mendiko trintxeretan”.
Jakina, marrazki hori bera da artikulu honekin agertzen dena. Holako erasoen krudelkeria eta gordinkeria izugarriak ziren. Aldizkarian bertan idatzi zutenez, gatazkak Bilbo osoa asaldatu eta aztoratu zuen, hain izan zen latza.
BAIONETAZ
Otsailaren 26an gertatu ei zen. Bilbotik foru guardiako –liberalen aldeko oste armatua- konpainia bi eta Espainiako Armadako Albuera batailoiko eta Saboya erregimenduko beste batzuk atera ziren. Santo Domingo aldera jo zuten, La Ilustración Españolak zehaztu zuenez, “Abril, Arbolantxa eta Santa Marinako muinoetara”.
Bertan karlisten trintxerak zeuden, Bilboren zelatan, Bizkaiko batailoietako mutilen ardurapean. Karlistek atzera egin zuten foru guarden oldarraren aurrean. Liberalek lehenengo trintxera gainditutakoan, Bizkaiko batailoietako mutilek karga egin zuten, baionetak astinduz.  
Oste bien arteko talka odola gatzatzeko bestekoa izan ei zen. Madrileko aldizkariaren kontakizunaren arabera, “ikaragarria izan zen: borrokalariak elkarren aurka oldartu ziren su izugarri baten erdian, eta foru guardiakoen ausardia gora behera, karlistak berriz ere jabetu ziren trintxera hartaz”.
Liberalen bajen artean foru guardiako kapitain bat, teniente bat eta hamaika guardia hil ziren. Gainerako unitateetakoak ez zituzten zehaztu.
SETIOAREN ONDOREN
Egia esanda, gatazka hori Bilboko setioaren ostean gertatu zen. Izan ere, karlistek 1873ko azken hilabeteetan ekin zioten Bilbo blokeatzeari eta 1874ko otsailean setioa osatu zuten. Espainiako Armada Muskizen zegoen geldirik, behin eta berriro oldartu arren hango mendialdea zeharkatu ezinik. Abanto eta Bilbo bitartean Don Karlosen armada zegoen, baita Bilbo estu hartzen ere. Bigarren karlistadako setio hartan, lehenengo gerratean ez bezala, liberalek Begoñako eliza bere defentsa perimetroan gorde zuten. Handik hurbil, Artaganen eta Santa Monika komentuetan hain zuzen, karlistek euren bateriak ipini zituzten.
Setioa 1874ko maiatzaren 2an altxatu zuen Espainiako armadak. Baina, garaipen horrekin ere, ezin izan zuen arriskua uxatu. Bilbo inguruko mendietan segitzen zuten karlistek, sarritan jaun eta jabe. Arbolantxako borrokaldi hura, esan legez, 1875eko otsailean gertatu zen, egin kontu. Bada, gatazka hura izan eta urtebetegarrenean amaitu zen gerra, 1876ko otsailaren 28an Don Karlos Arnegitik Ipar Euskal Herrian sartu zenean.

Berton aldizkaria | begoñeraz


Urt
28
8:00

Mahatserria (Bilbo): Lezamako trenbide zaharra

Gure kaleetako bat da Lezamako trenbide zaharra eta izen berezi hori zeri zor dion azaltzen ahaleginduko gara oraingoan. Izan ere, bai, kale horretatik trenbidea ibili zen sasoi batean, Bilbo-Lezama trenbidea hain zuzen. Hala izan zen harik eta, istripuen eraginez, gaur egungo trenbidea egin zuten arte.

 

1886an egin zuten lehenengo ahalegina Bilbo eta Txorierri arteko trenbidea gauzatzeko. Sasoi hartan, abiatu berriak ziren Bilbo-Areeta eta Bilbo-Portugalete tren lerroak eta garraiobide hori leku gehiagotara zabaltzeko asmoak ugariak ziren. 1892an trenbidea eraikitzen ari ziren, Jose Luis Torres Bildosola ingeniariak eginiko proiektuaren arabera.

Lehenengo geltokia Zazpi Kaleetan zegoen, “institutuaren plazan” garai hartan esaten zuten bezala, gaur egungo Unamuno plazan alegia. Bertan da, oraindik ere. 1.450 metro aurrerago, 57 metroko altueran, Begoñako geltokia paratu zuten, Dolaretxeko etxeen ondoan, “Begoñako santutegitik hurbil, inguruetako herrietatik bertara jende asko joaten da eta”. Gaur egun Amadeo Deprit kalea dena trenbidea zen orduan, eta jarraitu gaur Lezamako Trenbide Zaharra esaten diogun kaletik jarraitzen zuen. Hurrengo geltokia Artxanda zen, eta ondoren San Roke (Artxandaz bestaldean), Bidekurtze, Derio, Zamudio eta Lezama.
Proiektu teknikoak zehaztu zuenez, trenak Bilbotik Artxandara lau kilometro eginez igotzen zuen eta gero aldapan behera Lezamarako tartea egiten zuen. Asua ibaiaren gainean zubi bi eraiki behar izan zituzten. Denetara, 15 kilometroko trenbidea. Hala ere, desnibelik handiena lehenengo lau kilometro haietan zetzan. Espainiako Revista de Obras Públicasen 1892an idatzi zutenez, “trenbide horretako berezitasunik handiena aldats gogorrak dira”, horrek lokomotora egokiak eta bidearen egoera sendoa eskatuko zuela gaineratuz.
Trenbidea 1894ko maiatzaren 2an jarri zuten martxan, Begoña eta Lezamaren arteko zatian. Urtebetegarrenean Bilbora arte luzatu zuten.

ISTRIPUAK
Adituek aurreratu bezala, Bilbo eta Artxandako gainaren arteko desnibelaren handiak arazo larriak ekarri zituen. Aldatsek eta errebueltek oso arriskutsu egiten zuten trenbidearen jarduera. Eta horrek istripu ugari eragin zuen. Batzuetan, oso larriak. Hain larriak ezen, azkenean, tren horretarako bide berria egitea erabaki zuten.
Istripurik ospetsuena 1894ko uztailaren 8an gertatu zen. Hamahiru hildako eta hamazortzi zauritu eragin zuen. Garaiko prentsan honelaxe kontatu zuten: “Hilaren 8ko goizeko zortzi eta erdietan Lezamatik abiatu zen 7. zenbakidun trena. Lezama makina aurrena eta, atzean, lehenengo klaseko bagoi bat, bigarreneko beste bat eta furgoia. San Rokeko harrobian harriz betetako hiru bagoneta erantsi zituzten”. Denetara, zehaztu zutenez, hogeita hamaika bidaiari, gehienak Bilboko plazara frutak eta ortuariak zeramatzan baserritarrak eta lixiba eginda bueltan zetozen garbitzaileak.  
“Helmugako geltokik hurrean (Begoñako geltokitik alegia) tunela dago, Zurbarango tunela, Artxanda mendia zehartzeko. Tuneletik irtendakoan, aldats gogorra hasten da % 3,5-4koa, erradio gutxiko kurba bat eginez. Bertatik trena gero eta arinago jaisten ari zen, makinistak ezin gelditurik, hamaika ahalegin egin bazuen ere. Makina, bagoia eta bagonetek laban egiten zuten galgari jaramonik egin barik. Abiada gero eta handiagoa. Makina baporearen indar betez txistuka zetorren eta bidaiariak, arriskuaz jabetuta, ikararen ikaraz aldarri egiten zuten eta, batzuek, ateetatik eta leihoetatik salto egin zuten.
Makinistak, ostera, ez zuen trena utzi nahi izan eta azkeneraino eutsi zion trenari. Lehenengoz atzeko bagonetak atera ziren bidetik eta gero gainerakoak. Hiru metrotik behera lubanera jausi zen. Lehenengo klaseko bagoiaren gainean furgoia gelditu zen, inguruan harriz betetako bagonetak zituztela. Hala ere, kalterik handiena klase txiroen bagoiak jaso zuen, aurreko horien eta makinaren artean gelditu zelako. “Hondakinen artean odola, jantzi zatiak, ortuariak, frutak eta garbitzaileen zorroak ikusten ziren”, azaldu zuten kazetariek.
Ondoko baserri batetik eta Zurbarandik jendea laguntzen joan zen. Begoñako alkate Sorrogieta jauna, soldaduak, abadeak eta fraileak ere agertu ziren, baita Gurutze Gorriko andreak ere. Makinista, Zipriano Padura, salbatu egin zen. Zauri arinak baino ez. “Treneko hogeita hamalau pertsonetatik hiru bakarrik atera ziren guztiz onik”, amaitu zuen kronikagileak.

BIDE BERRIA
Istripu hark eta beste batzuek ere erabaki garrantzitsua eragin zuten. Bidea arriskutsua zela iritzita, beste bat egitea deliberatu zuten. Enpresak 1.349 metroko tunela proiektatu zuen Artxanda zeharkatzeko. 1908ko urriaren 31an hasi zen trenbide berria. Gaur egun ezagutzen duguna da, Ciudad Jardín etxe-multzoaren albotik igaro ostean mendian barrena murgiltzen dena alegia.
Harrez gero, trenbide zaharra erabilera barik gelditu zen eta Begoña, trenbide barik. Horregatik, geroago Bilbo-Begoña tranbia jarri zuten martxan. Lezamako Trenbide Zaharra kalearen amaieran, Artxandako gainaldetik hurbil, oraindik ere irauten du antzinako geltokiak, baserri bihurtuta.

Berton aldizkaria | begoñeraz