
Manolo Méndez (44 urte) kirolari afizionatua da baina ez du marka makala, besteak beste, 12 Iron Man proba egin izana. Muga Kirolak bere dendan egin diogu galdetegitxoa.
Aurten, uztailean, Frankfurteko Iron Man triatloi lasterketan izango zara berriro.
Manolo Méndez: Bai, eta azkena izango da. Erretiroa hartuko dut aurten. Orain 20 urte hasi nintzen triatloiean, eta 11 urte daramat Iron Man probak egiten.
Zein izan da zure markarik hoberena?
MM: 9 ordu eta 11 minutu. Frankfurten egin nuen.
Gogoratu behar dugu Iron Man proban 3900m igerian egin behar dela, 180Km bizikletan eta 42Km korrika, jarraian. Iron Man proba erdiak ere izaten dira.
MM: Bai. Apirilaren 4ean, adibidez, Iron Man erdi bat egin nuen Marbellan. 400 kirolariren artean 29. postua lortu nuen.
Gogor entrenatzen duzu, ezta?
MM: Astegunetan, goizez igeri egiten dut eta eguerdietan korrika eta bizikletan, tarteka. Asteburuetan bizikletan eta korrikan aritzen naiz, distantzia luzeagoetan.
Babeslerik baduzu, ala zeure kontuz aritzen zara?
MM: Ez daukat babeslerik. Amateurra naiz eta nire poltsikotik ordaintzen dut dena. 400 euro inguru balio du soilik izen emateak, eta gero bidaia eta bestelako gastuak gehitu behar dira.
Bukatzeko. Euskaraz aritzen zara?
MM: Dendan bai. Kuadrilan, adibidez, oso gutxi.
Esaiguzu zein den Interneteko zure txoko kuttuna.
MM: IronMan.com