Orio - Aia: Agustin Mujika, Erretzabal: Izugarrizko poztasuna ematen dit ilobekin txalupan aritzeak
Orioko Arraun Elkartekoekin izan da beste behin Manu Etxeberria, kasu honetan Agustin Mujika izan da elkarrizketatua. Karkararentzat egiten duen denboraldiko hirugarrena da hau, eta horretaz gain, bere webgunearekin martxan jarraitzen du. Hemen doakizue Etxeberriaren azkena:
Elkarrizketa hastean, noiz arte arraunean? galderari irribarre zabal batekin erantzuten dio. 39 urte ditu Agustin Mujika Erretzabalek, eta Mirotzako arraunlari beteranoenetakoa da, eta, hori bai, palmaresik onena duena: sei Kontxa, 1996an Oriorekin irabazi zuen lehenbizikoa, eta ondoren Castrorekin beste hirutan ere irabazita dauka Donostiako garaikurra. Iñigo eta Josu ilobekin tostetan aritzeak biziki pozten du Agustin, eta aurten lortu du biekin bandera bat irabazteko aspalditik zuen ametsa.
Manu Etxeberria: Ez dakit zenbatetan entzun dugun arraunari uzteko asmotan zenbiltzala…
Agustin Mujika, Erretzabal: Izan ere, askotan esan izan dut, baina gero, badakik… 1998an ez nintzen arraunean ibili, eta gero ere, 2000 urtean kale egin nuen; 2003an lagatzeko asmoa nuen baina gaur arte iraun dugu, hara…
M.E.: Noiz hasi zinen arraunean, eta zenbat urtetan aritu zara lehiaketan?
A.M.: Serio 1993an hasi nintzen, 22 urte nituela. Korta zebilen orduan, eta Zarautzen utzita egin genuen batzuk arraun. 1998an ez nintzen ibili, ezta 2000an ere; 2001 eta 2002an Castron, eta gero hiru urte lagata egon nintzen, 2003, 2004 eta 2005ean; gero berriz Orion hasi nintzen, eta joan den urtea kenduta, beste denetan ibili naiz.
M.E.: Nolatan joan zinen 2001ean Castrora?
A. M.: Lagata nengoen artean, eta neguan esan zidan Jose Luisek Castrora joan nahi ote nuen. Denboraldi hasiera zen, eta traineru jaitsiera batean beterano batzuk txalupa osatu genuen; Jose Luisek ikusi eta esan egin zidan. Castroko zuzendaritzakoekin bildu, hitz egin eta hara joatea erabaki nuen.
M.E.: Fitxaketa izanda, tratu ona izango zuen zurekin ezta?
A.M.: Bai zera! Castron izugarrizko gorabeherak zeuden arraunlarien artean… Jose Luisi erantzuten-eta ibiltzen ziren. Eta hark zera egin zuen, beste denak nire palmaresa (bi Kontxa ordurako) ezagututa, niri garrasika hasi zitzaidan, ea arrastoan sartzen zituen. Eta baita lortu ere. Gero arraunean ikaragarri ondo egin genuen; indar gutxi zegoen han, baina Jose Luisek dena ateratzen zigun, eta txalupa zoragarri zebilen.
M.E.: 2001. urtean Castron egotea ez zen bat ere goxoa izango oriotar batentzat…
A.M.: Egia esan, Kontxako Estropadan gertatutakoa ikaragarria izan zen; ez nuen sinesten hura. Estropada irabazi eta ez zigutela bandera ematen… hantxe, uretan zain… eta gero moilan arraunlarien artean ere istilua izateko ez zen ezer ere falta; nik lagunak nituen Orioko txalupan eta izugarri tristea izan zen niretzat; eskerrak beterano batzuk gazteak gelditu egin zituztela. Badakigu zeinek galdu zuen estropada hura, eta ez zen bidezkoa guri bandera kendu nahi izatea.
M.E.: Hainbeste urtean koadrila ezagututa, esan, aurtengoa nolakoa da?
A.M.: Arraunean oso ondo egiten dugu. Patroiak esandako arraunketa erabiltzen dugu; oso ona da horretan Carrillo. Indarra badago txalupan, eta mutil jatorrak dira gazteak. Diziplina handia dute gazteek, esandakoa egiten, ondo zaintzen bere burua,… entrenamendutara gogo handiz joaten dira eta horrek asko balio du. Gure gorabehera da estropada batzuetan arraunketa ez dugula hartzen, edo atera egiten garela.
M.E.: Orion ezagutu duzun koadrilarik onena…
A.M.: Indarrez, 1997koa talde izugarri indartsua geneukan. 2007an arraunean oso ondo egiten genuen, baina 2008an indar gehiago zegoen. Gogoan dut, itsasoan gindoazela bat-bateko joaldi bat eskatzen zigula patroiak eta ontzia airean ateratzen zela, ikaragarri ondo.
M.E.: TKE, profesionaltasuna… nola ikusten duzu euskal arraunaren momentu hau?
A.M.: Niri oso ondo iruditzen zait jendea profesionala izatea. Kontu batzuetan, ordea, antolaketa, epaileen prestaketa, arraunlariontzat aldagela txukunak edukitzea, sarien diru-kopurua orain hogei urtekoen antzekoak izatea… horrelako kontuetan asko hobetu beharra dagoela iruditzen zait.
M.E.: Kortak beste akatsak ere ikusten dizkio TKEri…
A.M.: Bai, arraunlari propioen kontua dela-eta… Baina nik berari hauxe esaten diot: Castrokoak hasi zirela TKE antzeko zerbait behar zela, eta kristoren lana egin zuten lortu arte. Orain dio Liga Orio eta Hondarribiarentzako dela… Nik, pertsonalki, fitxaketn kontua baino beste bat ikusten dut oso garrantzizkoa. Alegia, estropada astean denean, arraunlari horiek, gehienak, lanik egin gabe joaten dira estropadetara, eta gu, berriz, gehienak goizean lan eginda gero joan izaten gara estropada batzuetara.
M.E.: Zuri pertsonalki, ondoko tostetan ilobak joateak sentsazio berezia emango dizu ezta?
A.M.: Izugarrizko poztasuna ematen dit ilobekin txalupan elkarrekin aritzeak. 2004 eta 2005ean, aurrena Salsamendik, eta gero Amilibiak, esan zidaten hasteko, baina nik garbi neukan ez nintzela hasiko ez bazen ilobekin arraun egiteko. Arraunlari apartak dira, arraunean egoskorrak, lana egiteko grina izugarria dute, eta horrek balio du arraunean ezerk baino gehiago. Txikitan nirekin igo ziren udaletxeko balkoira Kontxa irabazitakoan, eta horrek barru-barrura sartzen du zaletasuna. Seguru nago Kontxa irabaziko dutela, seguru.
M.E.: Zarauzko Estropadak Oriorenak dira. Aurten zer gertatuko da?
A.M.: Estropadak asteburu guztietan edukitzeak ez digu uzten bat bereziki prestatzea. Dena dela, noski, ilusio berezia ematen digu Zarauzko Ikurriñak. Ikusiko dugu, aste honetan entrenamendu onak egiten baditugu, ondo ibiltzea daukagu, eta baita irabazi ere, noski.
M.E.: Eta Liga? eta Kontxa? Ze aukera dauzka Oriok?
A.M.: Ikusi da, Urdaibai Ligaren bila joan denean, aldaketarik gabe-eta, oso ondo ibili dela; kontua da ze helburu jartzen duen bakoitzak. Kontxan?, faboritoa Kaiku izango da. Guk aukeraren bat izango genuke, dakigun bezala egiten badugu arraunean, eta bi egunetako batean Kaikuk kale egiten badu.
Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | elkarrizketa, kirola







