Goizetik hasi eta arratsaldera arte jarduera bereziak antolatu dituzte Lardizabalen, Zaraguetan eta Orioko Ikastolan
Abenduaren 3an Euskararen eguna dela-eta, toki berezia izango du gure hizkuntzak Orioko eta Aiako eskoletan, hainbat jarduera antolatu dituzte egun jakin horretarako eta.
Zaragueta Herri Eskolan, Guk ere euskaraz lelopean, ikastetxeko langile, ikasle eta gurasoei argazkiak aterako dizkiete Lehen Hezkuntzako ikasle zaharrenek, gero horma-irudia osatu eta eskolako harreran jartzeko. Horrez gain, euskara ikasi duen kanpotar bati elkarrizketa egingo diote. Bestalde, kantuan eta dantzan arituko dira ikasle eta irakasle guztiak eta bukatzeko, Shakirak bisita egingo die Zaraguetakoei euskarazko hitzik politena ekitaldia aurkezteko.
Orioko Herri Ikastolan, berriz, goizean goizetik kirolari helduko diote. Izan ere, herri kiroletan –lokotx biltzen, zaku-karreretan, txingetan…– arituko dira Lehen Hezkuntzako ikasleak 08:30etik 12:30era bitartean. Haur Hezkuntzakoek, berriz, euskal kantak abestuko dituzte 11:00etan hasita, eta altxorraren bila jardungo dute 11:30ean, Argitxok ezkutatutako pistei jarraituz. 12:00etan, Euskara Eguneko pregona irakurriko dute Ikasleen Euskara Batzordeak eta erromeria izango dute ondoren HHko haurrek.
Arratsaldea ere ez-ohikoa izango da ikastolako ikasleentzat: herri kirolak izango dira berriz, 14:30etik 16:30era, baina oraingoan DBHko gazteak arituko dira izerdia botatzen. Lehen Hezkuntzako ikasleak, aldiz, mahai-jolasetan –partxisean, okan, xakean…– jolasten pasako dute arratsaldea. Tailer eta jolasetan –aulki-jokoan, globo-dantzan, koilare-tailerrean…– arituko dira HHkoak ere.
Aiako Lardizabal eskolan ere goizetik ekingo diote Euskararen Eguna ospatzeari, eguraldi txarraren eta elurraren baimenarekin: txalaparta doinuekin hasiko dute eguna, 10:00ak aldera. Kopla batzuk kantatuko dituzte gero. Atzetik, ipuin kontalariez gozatuko dute Haur Hezkuntzako ikasleek. Euskara bere egin duen Pat Cowie gure lankide eskoziarraren bisita izango dute gero. Hitzaldia eskainiko du Cowiek eta ikasleen galderei ere erantzungo die. Herri kiroletan ere arituko dira eskolako guztiak eta indarrak errekuperatzeko guraso elkarteak emango duen txokolate beroa izango dute.
Bestalde, lelo lehiaketa jarri dute martxan Lardizabalen eta gaur lanak jasota, bihar bertan emango dituzte sariak.
LABen oharra
Bestalde, LAB irakaskuntzan-ek ere Euskararen Egunari buruzko oharra kaleratu du, Euskararen Eguna abenduaren 3an bakarrik? izenburupean. Horrela dio hitzez hitz:
Azken urteotan hainbat ikerketa eta ebaluazio egin dira ikastetxeetan
ikaste-ereduen emaitzak aztertzeko. Eta horietan guztietan agerian geratu da
egungo hizkuntza ereduen sistemak ez duela euskalduntzen. Horregatik, hezkuntza
arloko eta euskalduntze arloko eragileak, eta euskal jendartea oro har,
aspaldidanik ari dira eskatzen ereduen sistema gainditzea eta euskalduntzea
bermatuko duen metodologia edo sistema ezartzea gure eskoletan (ikasle
euskaldun eleanitzak bermatuko dituena).
Azken azterketa Euskal Autonomia Erkidegoan Hezkuntza Sailak egindakoa
dugu ikastetxe publiko eta kontzertatuetako 37.000 ikasleren artean, LHko
laugarren eta DBHko bigarren mailetan. Bertatik hainbat ondorio esanguratsu eta
larri atera daitezke gainbegiratu azkar batean. Maila kaxkarrenari begiratzen
badiogu, ikus dezakegu lehen hezkuntzan %27,1ak ez duela “hasierako maila”
gainditzen, eta bigarren hezkuntzan % 33,5ak; D ereduan bertan, DBHn %22,5ak
“hasierako maila” dauka, A ereduan berriz, hamarretik zortzi ikaslek ez du
euskararen nahikoa ezagutzarik. Hizkuntzaren “maila aurreratuari” begiratzen
badiogu, ikus dezakegu LHn % 29,2k ematen duela maila hori, eta DBHn soilik
%24,1.
Isabel Celaa anderearen ustez,
emaitza hauek 2009koekiko hobekuntza adierazten dute, baina agerraldian
adierazi zuenez, eskolak ezin du izan euskararen ezagutza bermatzeko tresna
bakarra, eta beste hainbat faktorek ere eragiten dute.
Hezkuntza Sailaren azterketa hau
Euskararen Eguna gertu dugunean ezagutu dugu, eta honek aukera ematen digu
azken hausnarketa hauek egiteko. Batetik, eskubideak ditugu (herri baten
eskubidea bere hezkuntza sistema antolatzeko bere kultura eta hizkuntzaren
transmisio eta garapena ziurtatuz; eta herritarren eskubideak, legeetan jasoak,
euskaren ezagutza bermatua izateko). Bestetik, betebeharrak (administrazioen
obligazioak bermatzeko euskalduntzen duen sistema, besteak beste). Eta azkenik,
egin beharrak (euskaldunok geure eskubideak bermatuak izateko,
administrazioekin bat eginda, edo ez egunero geure esparruan egin beharreko).
Euskararen eguna izan dadila, jendarteko beste esparruetan bezalaxe,
eskoletan ere euskal hiztunon eskubideak aldarrikatzeko eguna, administrazioen
jarrera salatzeko eta administrazioak behartzeko eguna, eta eskola komunitate
osoa (ikasle, langile irakasle
zein ez irakasle eta guraso) elkarrekin lanean jartzeko eguna. Hurrengo 364
egunak bezalaxe.