Zumaia: Astelehenean hasiko dira Ignacio Zuloaga plaza inguruko galtzada konpontzeko lanak
Aurrez Alde Zaharreko zenbait kaletan egin bezala, astelehenean Ignacio Zuloaga inguruko galtzada konpontzen hasiko da Udala. Lanak bi fasetan egingo dira.
Lehenik eta behin, Txomin Agirre kaia eta Bonifazio Etxegarai kalearen arteko zatia konponduko dute. Lanek irauten duten bitartean, aparkalekuak kendu egingo dira, taxien geltokia lekuz aldatuko da, eta autoen bidea estutu egingo da. Konponketa lanak bukatu ondoren, beste 20 egunetan ezingo da galtzada zapaldu, erabat egonkortu dadin. Dena den, zati horretan trafikoa ez da moztuko lanek irauten duten bitartean.
Bigarren fasean, Erribera kalearen amaieratik Udaltzaingora doan zatia konponduko dute. Zati hau halabeharrez itxita egongo da lanak egin eta galtzada egonkortu bitartean, eta Bonifazio Etxegaraitik jaisten den trafikoa zuzenean Txomin Agirre kaira bideratuko da.
Lanen aurrekontua 11.000 eurokoa da, eta Martin Irigoyen enpresak egingo ditu.
Alde Zaharrean gertatu bezala, behin lanak bukatuta gero, galtzada egonkortu eta lehortzeko denbora behar da (20 bat egun). Bitarte horretan zapaldu gabe egon behar du. Beraz, Udalak herritarrei eskatzen die jarriko diren hesiak errespetatzeko.







