Gaia: gune

Mai
09
9:29

Zumaia: ‘Artea eta espiritualtasuna’ jardunaldiak antolatu ditu Gunek Donostian

Artea eta espiritualtasunaren inguruko jardunaldiak egingo dira bihar eta etzi Donostiako Miramar jauregian, Gune elkarteak antolatuta. Sona handiko hainbat artista eta pentsalarik hartuko dute parte hitzaldiak eta mahai-inguruetan. Sarrera librea izango da.

Zumaian azken urteotan antolatzen dituzten solasaldi eta otoitz saioen osagarri  ikusten dute ekimen hau Guneko kideek. «Zumaian egiten ari garen saio publikoak erantzun ona jasotzen ari dira, hamabostero izanik, batez ere 20 pertsonatik gora etortzen direlako. Orduan, iaz pentsatu genuen gai hauen inguruko gogoetak nolabaiteko interesa pizten dutela gizartean. Gai zailak dira, eta konplexuak, baina garbi geratzen ari zaigu gizartearen erantzuna ona izaten ari dela, eta beraz, baduela zentzua horrela gogoeta espazioak sortzea», dio Guneko kide Joseba Ossak.

Iaz, Zientzia eta mistika izeneko jardunaldiak antolatu zituzten Miramar jauregian, eta erantzun oso ona izan zuen deialdiak. «Ehun lagunetik gora etorri ziren bi egunez. Orduan bi zientzialari ezagun gonbidatu genituen, zientziaren ikuspegi sendo eta punta-puntakoa eskaintzeko: Pedro Miguel Etxenike eta David Jou kataluniarra, biak ere oso maila altuko fisikariak». Bigarren egunean mahai-inguru bat antolatu zuten hainbat tradizio espiritualetako ordezkariekin.

Iazko arrakasta handiak bultzatuta», aurten ere Donostian jardunaldiak antolatzera animatu dira. Artea eta espiritualtasuna izango  da gaia. Hizlariak aukeratzeko orduan bi bidetik jo dute: «batetik, kalitate handiko pentsalari edo sortzaileak nahi genituen (aurten Clara Janes eta Andres Ortiz Oses), eta bestetik, ikuspegi aniztasuna ziurtatuko duten gonbidatuak: pentsamendu aldetik desberdin ‘arnasten’ duten artista plastikoak (Koldobika Jauregi eta Xabier Egaña), ateo bat (Pako Aristi), sinestun konprometitu bat (Patricia Noya, moja). Horiekin nahikoa aniztasun badagoela iruditzen zaigu».

Arte esperientziari ere lekua eman nahi izan diote, eta hasteko, dokumental bat emango dute: Roca Bon, en busca de lo sublime. Jardunaldiak amaitzeko, berriz, poeta bat (Juan Kruz Igerabide) eta artista plastiko batek (Concetta Probanza) emanaldi poetiko-artistikoa eskainiko dute, «zentzumenen gozamenerako».

Egitaraua

Maiatzak 10, osteguna

17:00 – 17:45 Jardunaldien irekiera eta dokumental baten proiekzioa (Karlos Alastruey-ren Roca Bon, en busca de lo sublime)
17:45 – 18:45 Gonbidatuen aurkezpenak (Koldobika Jauregi, Pako Aristi, Xabier Egaña eta Patricia Noya)
18:45 Etena
19:00 – 20:30 Mahai-ingurua: Aurreko lau hizlariak. Moderatzaile: Nerea Altzola.

Maiatzak 11, ostirala

17:00 – 18:00 Aurkezpena eta lehen hitzaldia: Andres Ortiz Oses
18:00 – 18:50 Hitzaldi nagusia: Clara Janes
18:50 Etena
19:00 – 19:50 Mahai-ingurua, bien artean. Moderatzaile: Joxe Arregi
20:00 – 20:30 Amaiera ekitaldia (Juan Kruz Igerabide eta Concetta Probanza) eta itxierako hitzak.

 

Baleike | gune, kultura, orokorra | ( Komentarioak )