Gaia: haize galarraga

Api
02
9:44

Zumaia: Josu Ansola eta Haize Galarraga, Euskadiko txapeldun

piragua, itxas gainItxas Gaineko piraguistek lan bikaina egin zuten atzo Orion jokatutako Euskadiko Maratoi Txapelketan. Nabarmentzekoa da Josu Ansolak eta Haize Galarragak K2an lortutako garaipena. Baina ez da piraguista zumaiarrek lortutako lorpen bakarra.

Euskadiko Maratoi Txapelketa begiz jota zuten Itxas Gaineko piraguistek. Erresistentzia handiko probetan moldatzen dira ondoen, eta atzokoa aukera ona zen klubaren palmaresa aberasteko.

Hemezortzi kilometroko distantzia osatu behar izan zuten, Orioko errioan prestatutako hiru kilometro inguruko zirkuitu batean, tartean bost garraiatze –porteo–. “Egia esan, zirkuitua nahikoa deserosoa egin zitzaigun, denok elkarren gainean ibili ginelako; zirkuitu motzegia prestatu zuten, arrauna ere bazegoelako, eta atzean gelditutakoak aurreratzen ibili behar izan genuen”, azaldu digu Josu Ansolak. Baina zailtasunak ez ziren aparteko oztopo izan Ansola eta Galarragarentzat. “Iruñeako bikote batekin eta Palentziatik etorritako beste birekin jo genuen aurrera. Lehen garraiatzean atzean utzi genituen palentziarrak eta handik helmugaraino Iruñeako bikotearekin egin genuen bidea”.

Ahalik eta indar gutxien xahutzea izan zen zumaiarren estrategia. “Nik aurreko astea gaixorik pasa nuen eta indarrak erabat berreskuratu gabe nengoen. Erabaki genuen nafarren atzetik joatea, indarrak azken esprinterako gordetzeko”. Eta estrategia ezin hobeto atera zitzaien. “Helmugarako 150 metro falta zirela jo genien erasoa eta nahikoa erraz gainditu genituen. Helmugan hamar bat segundo atera genizkien”.

Emaitza gehiago

Garaipen handia lortu zuten Ansolak eta Galarragak, baina ez zen Itxas Gainek lortutako bakarra izan. Beteranoen artean, Xabier Osari itzala egingo dionik ez dago, aspaldian alde handiarekin irabazten baititu estropada guztiak. Atzo ia bot minutuko aldea atera zion Palentziatik etorritako Oscar Luis Gonzalezi.

Junior mailan, Laura Peñak hirugarren postua lortu zuen; Ander Tolosa eta Jon Zendoia bigarren izan ziren K2an. Kadete mailan, Irati Osa hirugarren izan zen, eta Itziar Elso eta Jule Olaizola bigarren k2an; Imanol Barruetabeña eta Unai Gereka bigarren izan ziren K2an, eta Martin Egaña eta Unai Azkune laugarren. Kepa Txapartegi seigarren izan zen K1ean.

Kluben arteko sailkapen nagusian, Itxas Gain hirugarren sailkatu zen, Donostia Kayak eta Santiagotarraken atzetik.

 

Baleike | haize galarraga, itxas gain, josu ansola, kirola, piraguismoa | ( Komentarioak )