Gaia: hondakinak

Urt
24
16:21

Aiaraldea: 175 orozkoarrek Laudioko Garbigunea erabili dute azken sei hilabeteetan

Orozkoko Udalak eta Aiarako Eskualdeak 2012ko uztailean sinatutako hitzarmenaren ondoren, udal gobernuak oso positiboki baloratu ditu datu horiek. Erabiltzaileen % 95 partikularrak izan dira, % 1,71 merkatari  txikiak eta, azkenik, % 2,86 erakundeak. 5.613 erabiltzaile izan ditu guztira Garbiguneak, horietatik % 3,12 Orozkoarrak izanik.

Irudiak: 

Irakurri gehiago

Aiaraldea komunikazio leihoa | 1. gunea, garbigunea, hondakinak, laudio, orozko | ( Komentarioak )


Mai
07
21:13

Zumaia: Carlos Ormazabal: “Gezurretan oinarritutako diskurtsoa da atez atekoaren aldekoa”

Aretoa bete egin da. Jende askok zutik jarraitu behar izan du Ormazabalen hitzaldia.

Gaikako edukinontzien eta errauskailuaren alde, eta atez ateko sistemaren aurka mintzatu da Carlos Ormazabal diputatu ohia Alondegian 200 bat lagunen aurrean –jende asko zutik– emandako hitzaldian. Bestalde, atez atekoaren aurkako plataforma baten sorrera iragarri du EAJ-PNVko zinegotzi Montse Aranak.

Garapen iraunkorrerako diputatu izan zen Carlos Ormazabal (EAJ) aurreko legealdian, Gipuzkoako Foru Aldundian. Bere ardura izan zen hondakinak kudeatzeko sistema bat ezartzea eta, beraz, gaiari buruzko ezagutza sakona du. Atez ateko sistemaren aurka egin du Alondegian emandako hitzaldian, “gezurretan oinarritzen delako”. “Hasteko, kontzeptuak nahasten dituzte; gauza bat da hondakinak gaika biltzea eta bestea hondakin horiek birziklatzea. Parez pare jartzen dituzte bilketa sistema bat –atez ate– eta zaborra tratatzeko sistema bat –-errauskailua-–. Eta hori manipulazio hutsa da”. Ormazabalek azaldu duenez, Europako leku batzutan hondakinak atez ateko sistemarekin biltzen dituzte eta birziklatu ezin dena errauskailura eramaten dute, “Flandrian, esate baterako, atez atekoa egiten dute eta hamar errauskailu dauzkate”. “Azken finean, hondakinak atez ate edo edukinontziekin bildu, beti geldituko da birziklatu ezin den zati bat, eta horrentzat bi irtenbide baino ez daude: erre edo zabortegietan bildu”.

Birziklatu ezin den zaborrarentzat errauskailuaren sistema defenditu du Carlos Ormazabalek, zabortegien aurrean. “Zabortegiak arazo asko sortzen dituzte. Gainera, Gipuzkoan dauzkagunak gainezka daude. Horren aurrean, errauskailu modernoekin energia lor daiteke birziklaezina den zaborrarekin, garbiak dira, eta ez dute osasunarengan inolako kalterik sortzen”. Hori defenditzeko, Europako hainbat hirietan dauden errauskailuen argazkiak erakutsi ditu: Paris, Monaco, Viena, Lille, Copenhagen… “Denak hirietan daude, etxebizitzez inguratuta. Errauskailuen eztabaida aspaldi gainditu zuten Europan”.

Atez ateko emaitzak, zalantzan

Gaur egun atez ateko bilketa sistema duten Gipuzkoako herrietako datuak ere zalantzan jarri ditu Ormazabalek. “Esanguratsuena da herri horietan zaborraren %40 ‘desagertu’ egin dela. Hau da, atez atekoaren aurreko datuak eta gaur egungoak alderatuta, herri horietan %40 zabor gutxiago sortzen dela ondoriozta daiteke. Hori ezinezkoa da. Kontua da zabor hori alboko herrietara eramaten duela jendeak. Horrela bai, horrela ulertzen da gaika bildutako hondakinen portzentaia %80ra igotzea. Baina kopuru totalak ikusita, kiloak konparatuta, ez dago alde handirik”.

Atez ateko bilketa sistema edukinontziena baino garestiagoa da, Ormazabalek emandako datuen arabera –Hernanin 600.000 euro garestiago omen–, “eta errauskailuak ez ditu mila milioi euro balio: 390 milioi euroko aurrekontua du, eta horietatik 195 milioi Europak jartzeko akordioa lortu zen”.

Ormabazalen iritziz, edukinontzietan oinarritutako sistema da hondakinak gaika biltzeko egokiena, “borondatezkoa delako, garbia, merkea eta estetikoa, eta ez duelako intimitatea urratzen”. Gainera, azken hamar urteotan Gipuzkoan aurrerapauso handia egin dela azpimarratu du, birziklatze tasa %17tik %41era igoz. “Inposaketaren aurrean, sentsibilizazioaren eta kontzientziazioaren” bideak proposatu ditu datu hobeak lortzeko. “Edukinontzien sisteman, gainera, badaude esperientzia berritzaileak, Lazkaokoa, esate baterako. Han edukinontziak erabiltzen dira baina txartel digital batekin. Horrela, norbaitek ez baditu hondakinak ondo sailkatzen erregistratuta gelditzen da”.

Plataforma bat sortzear

Hitzaldiaren amaieran, galderen txandan, atez atekoaren kontrako sinadurak biltzera animatu ditu herritarrak. “Zarautzen 7.000 sinadura bildu zituzten. Zumaian erronka litzateke Udal Gobernuak lortutako boto kopurua gainditzea”. Bide horretan, EAJko zinegotzi Montse Aranak jakinarazi du atez atekoaren kontrako plataforma bat sortzeaz dela: “Jadanik bilera batzuk egin dituzte hainbat herritarrek, EAJk ere parte hartu du, eta laster izango da plataforma horren berri”.

 

Baleike | atez ate, gizartea, hondakinak, hondakinen kudeaketa | ( Komentarioak )


Api
12
13:17

Zumaia: Alkateak emandako datuak eta argibideak

Herritarrekin egindako lehen bileran hondakinen arazoari eta atez ateko sistemari buruzko hainbat datu eta argibide eman zituen Iñaki Agirrezabalaga alkateak. Hemen laburbildu ditugu.

Udalak emandako zenbait datu

-Gipuzkoar bakoitzak urtean 400 kilo hondakin sortzen ditu.

-Zumaiarrok, 2010ean, 4,2 milioi kilo hondakin sortu genuen. Kopuru horretatik, milioi bat baino ez zen birziklatu. 3,2 milioi kilo zabortegira joan ziren.

-Hondakinak nahasita biltzen dituen edukinontzian (berde iluna), %41 organikoa da, %18 ontzi arinak, %13 papera, %3 beira… Birziklagarriak denak.

-Zabortegira eramaten den tona bakoitzeko 140 euro ordaintzen ditugu. Organikoa kospostatzera eramatea 70 euro balio du tonako.

-Hondakinen arazoari aurre egiteko bi bide daude: errauskailua edo gaikako bilketa (atez ate).

-Errauskailua eraikitzeko 500 milioi euro behar dira; kalteak eragiten ditu osasunean eta ingurumenean; zabortegi berezi bat behar da erraustu ondoren gelditzen diren hondakinentzat.

-Europako legediak dio ahal den gehiena birziklatu behar dela, berrerabiltzea bultzatu behar dela.

-Hondakinen %90 birziklagarriak dira. Atez ateko sistemarekin demostratu da %80 birziklatzera iritsi gaitezkeela; bosgarren edukinontziarekin %35era baino ez gara iritsi.

-Usurbilen, 2008an %23 birziklatzen zuten edukinontzien sistemarekin; 2009an %82 atez atekoarekin.

-Mundu osoan dago zabalduta atez ateko bilketa sistema: Ameriketako Estatu Batuetan (San Franzisko, Seatle…), Italian, Australian, Kanadan, Katalunian…

Ohiko galderak

Nola egingo da bilketa?

Egun bakoitzean gai bat jasoko da (papera, organikoa eta ontzi arinak). Konpresak, pardelak eta antzekoak egunero jasoko dira. Beira, olioa, pilak eta arropak biltzeko edukinontziak mantenduko dira. Kaleko zakarrontzi txikiak ere gaika antolatuko dira. Bilketa bost ordutan egingo da. Beraz, ordu gehienetan ez da zabor poltsarik izango kaleetan. Denda, taberna, jatetxe eta elkarte gastronomikoekin bilketa sistema berezia izango dute, haiekin adostuta.

Jarritako ordutegian ezin badut?

Egun jakin batzutan hondakin gehiago sortu badugu, kanpora joan beharra badaukagu, edota ordutegia gaizki badatorkigu, gune berezi batzuk jarriko dira hondakinak edozein ordutan bota ahal izateko.

Nora atera behar dira hondakinak?

Etxe ondora. Zintzilikarioak non eta nola jarri herritarrekin erabakiko da, auzoz auzo.

Tasak igoko al dira?

Atez ateko bilketa zerbitzua garestiago da gaur egungoa baino, baina diru sarreren igoerarekin konpensatzen da. Izan ere, birziklatzeko gai gehiago lortuko da eta kalitate hobeagokoa, eta horren salmentak orekatuko du zerbitzuaren kostua. Gainera, atez atekorik egingo ez bagenu, tasak hirukoiztu egin beharko lirateke erraustegia ordaindu ahal izateko.

Zergatik ez da herri galdeketarik egiten?

Gaizki egitea ez delako aukera bat. Gaur egun daukagun sistemaren aldean askoz eraginkorragoa da atez atekoa, askoz gehiago birzikla dezakegu. Beraz, ezin dugu galdetu ondo edo gaizki egin nahi dugun. Ez da aukera bat.

Kalean usain txarra eta zikinkeria pairatuko ditugu.

Bilketa bost ordutan egingo da. Horrek esan nahi du ia egun osoan ez dela zaborrik egongo kaleetan. Gaur egun, edukinontzien sistemarekin, 24 orduz dago zaborra kalean.

Etxean usain txarra sortuko zaigu, arraina ezingo dugu jan.

Gaur egun bosgarren edukinontzia erabiltzen dutenei galdetu beharko zaie usain txarra sortzen ote zaien. Organikoaren bilketa bi egunetik behin egingo da, eta ez da arazorik sortuko alde horretatik.

Intimitate falta.

Izenik ez du inon jarriko, soilik kode bat.

Herritarrok hitzik izango al dugu?

Parte-hartze prozesua zabalduko da udazkenean, sistemaren ordutegiak, zintzilikarioak non jarri eta bestelako detaileak erabakitzeko.

Baleike | atez ate, hondakinak, osagarria | ( Komentarioak )


Api
10
8:40

Zumaia: Gaur egingo da hondakinen inguruko lehen bilera

Udalak zenbait bilera antolatu ditu herritarrei atez ateko bilketa sistemaren nondik norakoak zuzenean azaltzeko. Lehenengo bilera gaur izango da, hilak 11, herrigunean bizi diren herritarrekin. Bilera Alondegian egingo da, 19:00etan, eta sistema berriak sor ditzakeen kezkak eta zalantzak plazaratzeko aukera ona izango da.

Udala eta herritarren arteko bilerak

Apirilak 11: bilera herrigunekoekin.

Apirilak 18: Bilera poligonoan bizi direnekin.

Apirilak 25: Bilera gazteleraz.

Maiatzak 2: Bilera Narrondon.

Maiatzak 3: Bilera Oikian (elkartean).

Maiatzak 9: Bilera landa eremuan bizi direnekin.

Maiatzak 16: Bilera ostalari eta merkatariekin.

Baleike | atez ate, hondakinak, nabarmenak | ( Komentarioak )


Api
02
10:13

Zumaia: Hondakinen inguruko hitzaldiak

Atez ateko bilketa sistema zer den esplikatzeko hitzaldia antolatu du Udalak asteazkenerako. San Marko udal elkarteko presidente ohi Imanol Azpiroz izango da hizlaria, 19:00etan, Alondegian. Horrez gain, apirilaren 11tik aurrera, Udalak zazpi bilera egingo ditu herritarrekin sistemari buruzko informazioa zabaldu eta zalantzak argitzeko. Bestalde, EAJk ere hitzaldia antolatu du maiatzaren 7rako (Alondegian, 19:00etan). Kasu honetan, edukinontzien sistema defendituko du Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatu ohi Carlos Ormazabalek. Hemen dituzue oraingoz aurreikusita dauden hitzaldiak:

Hitzaldia

Apirilak 4: Zer da atez ate?

San Marko udal elkarteko presidente ohi Imanol Azpirozek emango du hitzaldia, 19:00etan, Alondegian.

Udala eta herritarren arteko bilerak

Apirilak 11: bilera herrigunekoekin.

Apirilak 18: Bilera poligonoan bizi direnekin.

Apirilak 25: Bilera gazteleraz.

Maiatzak 2: Bilera Narrondon.

Maiatzak 3: Bilera Oikian (elkartean).

Maiatzak 9: Bilera landa eremuan bizi direnekin.

Maiatzak 16: Bilera ostalari eta merkatariekin.

EAJ-PNVk antolatutako hitzaldia

Maiatzak 7: Edukinontziak erabiliz, etorkizuna garbi

Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatu ohi Carlos Ormazabalek emango du hitzaldia.

Hitzaldia eta bilera guztiak 19:00etan hasiko dira, Alondegian (Oikia eta Narrondokoa izan ezik).

Baleike | atez ate, gizartea, hondakinak, hondakinen kudeaketa | ( Komentarioak )


Mar
25
12:18

Zumaia: Atez atekoaren aldeko mozioa onartu du Udalak

hondakinak, edukinontziak
Bost edukinontzien sistemaren ordez, atez atekoaren aldeko apustua egingo du Udalak.                                                                                

Zumaian sortzen ditugun hiri hondakinak biltzeko atez ateko sistema ezartzearen aldeko mozioa onartu zen joan den ostegunean egindako ez ohiko udal plenoan. Bildu eta Aralarren aldeko botoekin. Lehen urratsa eginda, datozen asteotan herritarrekin bilerak egingo ditu Udalak informazioa eman eta zalantzak argitzeko. EAJ eta PSE atez atekoaren aurka agertu ziren, bosgarren edukinontziarekin ere birziklatze maila altuagoak lor daitezkeelakoan.

BIDEOAK: Alkatearen iritzia / EAJren iritzia
MOZIOAK: Udal Gobernuaren mozioa / EAJ-PNV Udal Taldearen mozioa

Zumaiako Udalak atez ateko sistemaren alde egitea erabaki zuen joan den osteguneko udal plenoan. Zaborren arazoari aurre egiteko ahalik eta gehien birziklatzea ezinbestekoa izanik, ezagutzen den sistemarik eraginkorrena atez ateko bilketa dela defenditu zuen Udal Gobernuak. “Gaur egun ezagutzen diren bilketa sistema guztien artetik atez atekoa da emaitzarik onenak ematen dituena, ezbairik gabe. Edukinontzien sistemarekin Zumaian ez gara %35 birziklatzera iristen, eta atez atekoarekin %80 birzikla dezakegu”, azaldu zuen Iñaki Agirrezabalaga alkateak.

Argudio horren aurrean, EAJk uste du asko gehiago birzikla daitekeela gaur egungo sistemarekin ere, “jendea kontzientziatzeko lana egiten bada”. “Lan hori egin denean emaitza onak eman ditu, baina, ez dakigu zergatik, gaur egun ez da bosgarren edukinontziaren erabilera bultzatzen”, salatu zuen EAJko zinegotzi Ana Arranzek. Horrekin batera, EAJren iritziz atez ateko sistema askoz garestiagoa izango da, eta ez da itxura aldetik ez da sistemarik egokiena Zumaiako bezalako herri turistiko batentzat. Gainera, hainbat galdera luzatu zituzten, hala nola: sistema ezartzeko plana egina ote dagoen; merkataritzako bilketa nola izango ote den; zer itxura izango duten kaleek; ordutegiak; kontrola nola egingo den…

“Garrantzi txikiagoko” gaien aurrean parte-hartze prozesuak zabaldu direla gogorarazi zuen EAJk, eta ezer erabaki aurretik herriari galdetzeko eskatu. “Zuek ez duzue ezagutzen herriak zer iritzi duen gaiaz. Sistema inposatu ondoren galdetuko duzue”.

PSEk ere gogor kritikatu zuen Udal Gobernuaren erabakia. “Arazo bat daukagu zaborrekin, egia da, baina zuek gobernura iritsi zarenetenik; lehen plan bat adostuta zegoen, orain dena hankaz gora jarri nahi duzue”. Emiliano Cabañas zinegotziak “sistema autoritario eta polizialtzat” jo zuen atez atekoa, “dagoen sistemarik txarrena”.

Herritarren parte hartzea

EAJk egindako galdera asko aurrerantzean egingo den parte hartze prozesuan erantzungo direla jakinarazi zuen alkateak, “izan ere, sistemaren zehaztasunak, nolakoa izango den, ordutegiak… hori dena herritarrekin adostu nahi dugu”. Udal Gobernuak jakinarazi duenez, datozen asteotan bilerak egingo dira herritarrekin, lehenik eta behin informazioa zabaltzeko. Aurrerago, uda ondoren edo, bilketa sistemaren nolakotasuna erabakitzeko bilera gehiago egingo dira. Hemen daukazue oraingoz prestatu duten egutegia:

Hitzaldi informatiboa

Apirilak 4: Hondakinen kudeaketaren inguruko hitzaldia

Herritarrekin bilerak

Apirilak 11: bilera herrigunekoekin.

Aprilak 18: Bilera poligonoan bizi direnekin.

Apirilak 25: Bilera gazteleraz.

Maiatzak 2: Bilera Narrondo eta Oikakoekin (lekua zehaztuko da aurrerago).

Maiatzak 9: Bilera landa eremuan bizi direnekin.

Maiatzak 16: Bilera ostalari eta merkatariekin.

Hitzaldia eta bilera guztiak (Oikia eta Narrondokoa izan ezik) 19:00etan hasiko dira, Alondegian. Bilera guztiak euskaraz izango dira, apirilaren 25ekoa izan ezik (gaztelaniaz). Gainera, edozein zalantza edo proposamen jasotzeko udaletxeko ateak irekita daude. Udalera jotzeko, bertatik pasatu, 943 86 5025 telefonora deitu edo kexak-iradokizunak@zumaiakoudala.net helbidera idatzi daiteke.

 

 

 

Baleike | atez ate, gizartea, hondakinak, hondakinen kudeaketa, zaborra, zumaia | ( Komentarioak )