Gaia: istripua

Aza
10
8:51

Orio - Aia: Langile bat zauritu da Orioko saihesbideko lanetan

Ibilgailu batek harrapatu du trafikoa bideratzen zegoen langilea

Orioko saihesbideko lanak direla eta, trafikoa bideratzen ari zen langile bat zauritu da gaur eguerdian Lertxundi baserriaren aurrean. Antza denez, ibilgailu bat ez da gelditu eta semaforoan geldirik zegoen aurreko auto baten aurka talka egin du. Ondorioz, ilaran zegoen lehen ibilgailuak langilea harrapatu du. Zauritua pronostiko erreserbatuarekin eraman dute ospitalera eta tarte batean auto pilaketak izan dira.

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | istripua


Eka
02
14:49

Orio - Aia: Hobera egin du larunbatean istripua izan zuen haurrak

Aiako Igoera bukatutakoan, turismo batek jota kolpe gogorra jaso zuen

I.L. 10 urteko aiarrak kolpe gogorra jaso zuen larunbatean, maiatzaren 28an, iluntzeko 20:00 aldera bere etxe ondoan, Miranda baserriaren aldamenean alegia. Bizikletan zihoala, auto batek, abiadura moteltzeko koska pasa ondoren, jo egin zuen eta horren ondorioz kolpe gogorra jaso buruan.

Horren ondorioz, larunbat gauean, etxekoek mutila ospitalera eraman zuten badaezpada ere eta han kontzentrazioa eta oreka galtzen hasi zen. Hori ikusita, medikuek zaintza berezietako unitatera eraman zuten eta 3 orduko interbentzioa egin zioten, buruan odolbildu handiak zituelako.

Haiek kendu eta bi egun eman zituen zaintza berezietako gelan. Orain gela normalean dago eta gorputz guztia aztertzen jarraitzen dute, orain hasi baita umea oinaze guztiak sentitzen.

Familiakoek esan digutenez, eskapada ederra izan da. Ospitalera ez baginen joan, umeak lo hartu eta betirako joango zitzaigun.  Kolpea eman zion kotxeko gidaria ongi portatu zela esan dute familiakoek. Istripua izan ostean egin beharreko pausu guztiak modu onez bete zituen-eta.

Istripua gertatu zen errepidea ikusteko, klikatu hemen.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | istripua


Aza
29
14:02

Orio - Aia: Sutearen ondoren, betiko martxan ari da lanean Txarri Txiki

Azaroaren 25ean, 15:30ak aldera, piztu zen sua

Aurreko ostegunean, azaroaren 25ean, sutea piztu zen Ubegun industrialdeko haragizko produktuak egiten dituen Txarri Txiki enpresan. Enpresaren goiko aldean piztu zen sua arratsaldeko 15:30ak aldera, prentsaren arabera, garbiketako makina bateko zirkuitulaburraren ondorioz –Txarri Txikiko iturrien arabera, ez dakite oraindik sutea zerk eragin zuen–. Langileak berehala ohartu ziren eta guztiak salbu jarri ziren enpresatik kalera aterata. Suak alboko Atecsol enpresa ere hartu zuen bien bitartean.

Suhiltzaileak berehala agertu ziren Ubegun industrialdera. Sutea itzaltzeko ahaleginetan, Txarri Txikiren lehen solairura garabia erabiliz sartu nahi zuen suhiltzaile batek ezbeharra izan zuen, ordea, garabitik behera erori baitzen. Ospitalera eraman zuten, 16:30ak aldera, anbulantzian.

Sustoa pasata, Txarri Txikik betiko martxarekin jarraitzen du lanean.

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | istripua


Aza
29
10:19

Orio - Aia: Istripua izan da Orioko gainean

N-634 errepidea itxita dago

Prentsak eta irratiak jakinarazi dutenez, istripu latza izan da gaur goizeko 09:00ak aldera Orioko gainean. Dirudienez, 42 urteko gizonezko bat hil da bertan eta beste pertsona bat zauritu da, bi autok aurrez aurre jo dutenenean.

Istripuaren ondorioz, N-634 errepidea bi noranzkoetan itxita dago. Oribarzarrerako bidetik barrena dabiltza auto eta furgonetak hara eta hona eta arretaz gidatzeko deia egin dute udaltzainek, bide hori ez baitago trafiko handia hartzeko prestatuta. Kamioiek, aldiz, buelta eman beharko dute. Hala ere, bidea laster irekiko dutela adierazi du Ertzaintzak.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | istripua


Abu
31
7:39

Orio - Aia: Pinu batean kateatuta geratu zen atzo parapentean zebilen gizon bat

Itxaspe bidean gertatu zen ezbeharra, 19:00ak aldera

Susto ederra hartu zuen atzo arratsaldean Kukuarritik behera parapentean zetorren gizon alemaniar batek. 19:00ak aldera, Itxaspe bidean dagoen pinu batean kateatuta geratu zen Australian jaiotako 35 urteko gizona: Daniel. Lurretik metro gutxira geratu zen zintzilik, baina bere kabuz jaitsi ezinda, larrialdietako zerbitzuetara deitu zuen. Anbulantzia bat, ertzaintzaren auto bat eta suhiltzaileak bertaratu ziren Orioko hondartzara eta aldapan gora, gizona zain zegoen lekuraino heldu ziren, hura askatu eta jaisteko. Zorionez, Danielek ez zuen zauririk eta egoera onean zegoen; susto hutsean geratu zen.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | istripua


Api
19
8:49

Orio - Aia: Istripu ikaragarria izan da asteburuan A-8an, Oriotik gertu

Lau hildako eta zauritu bat utzi ditu ezbeharrak

Larunbatean, apirilaren 17an, lau hildako eta zauritu bat utzi dituen istripu larria izan zen Donostia eta Bilbo lotzen dituen A-8 autopistan, Usurbileko lurretan. Goizaldeko 03:05ak aldera, Mercedes Benz E55 autoa errepidetik irten zen eta autopista mugatzen duen pareta jo ondoren, Orioko eta Aiako irteera kilometro batera dagoela adierazten duen seinalea jo zuten, parez pare. Hartutako kolpearen ondorioz, autoan zihoazen lau lagunak –Xabier Uranga, Juan Jose Urretabizkaia, Mikel Eizagirre eta Josu Aizarnazabal Zipri– bertan hil ziren, Osasun Zerbitzuak eta Ertzaintza iritsi aurretik. Zarautzen bizi ziren Uranga, Urretabizkaia eta Eizagirre, eta Orion, Aizarnazabal. 36 eta 42 urte bitartean zituzten laurek eta komunikabide batzuetan agertu denez, afari batetik bueltan zetozen etxera. Orion ere ezagunak ziren, besteak beste, lagunartea ere bazutelako gurean.

Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera, errepidean zabalduta geratu ziren ibilgailuan zihoazenen gorpuak eta Mercedesaren zatiak –istripua izan zuten lekutik ia 100 metrora ere azaldu ziren autoaren zatiak–. Ondorioz, atzetik zetorren Renault Clio autoak ezin izan zituen arrastoak saihestu eta bazterra jo zuen hark ere. 21 urteko gidaria Donostiako ospitalera eraman zuten, zaurituta.

Ertzaintza istripua ikertzen ari da eta herritarren laguntza eskatu du han gertatutakoa argitze aldera. Eraginkorra izan daitekeen daturen bat duenari Gipuzkoako Trafikoko Unitateko 943 53 91 19 telefono zenbakira deitzeko eskatu dio poliziak.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | istripua


Mar
29
9:53

Orio - Aia: Gizon bat hil zen Orion parapentearekin uretara erorita

Mendibeltz futbol zelaian baieztatu zuten 53 urteko britainiarraren heriotza

Martxoaren 27an, larunbatarekin, 53 urteko britainiar bat hil zen Orion, parapentearekin uretara erorita. Antilla hondartza parean gertatu zen istripua, arratsaldean, eta arrokaz beteriko inguru batera erori zen gizona, Anarrira. Ertzaintzak helikoptero batez atera behar izan zuen gorpua, ez zegoen haren bizitza salbatzeko modurik eta Mendibeltz futbol zelaian baieztatu zuten heriotza.

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | istripua


Mar
02
10:55

Orio - Aia: Suak hartu ditu Eturako eraikinak

16:30 aldera hasi da sutea eta langile bat zaurituta dago

Gaur, martxoaren 1ean, astelehenarekin, 16:30 aldera, sutea izan da Eturako eraikinetako Thalassa eta S.Q. Futur Quimica enpresetan. Ke beltzak eta garrek berehala hartu dute inguru guztia. Suhiltzaileak ahal bezain azkar hasi dira lanean sua menperatzeko, baina bertako enpresetan erabiltzen duten erregaia dela medio, ezin izan dute ezer egin eta bi eraikinak kiskalita geratu dira. Sutea leherketa batetik etorri da eta bertako langileetako bat, Jesus Arruti, Barakaldoko Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute leherketak eragindako erredurengatik. Aurpegia, eskuak, gerria eta hankak erreta ditu eta, hau idazteko momentuan, ez dakigu zenbateraino den larria haren egoera.

sutea 2

sutea 3

sutea 4

sutea 5

sutea 6

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | istripua


Urt
24
11:59

Orio - Aia: Ez atzera eta ez aurrera geratu da trena

Aiarako bidea oztopatzen du, trenbide pasagunearen erdian geratu baita

Donostiatik zetorren trena trenbide pasagunearen erdian geratu da gaur goizean. Ertzaintzak ezin izan digu zehaztu zein ordutan gertatu den ezbeharra, baina itxura denez, oraindik zehazteko dauden arrazoiengatik, argi indarrik gabe geratu da trena eta orduak daramatza pasagunea oztopatzen. Aiara, Santio Errekatik barrena joan behar dutenek, beraz, beste bideren bat erabili beharko dute.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | istripua


Urt
19
10:50

Orio - Aia: Joxe M. Gonzalez zendu zen, istripuz, ostiralean

A-15 autobian, Lekunberri parean, izan zen ezbeharra

Urtarrilaren 16an, Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen dituen A-15 autobidean izandako istripu larrian Joxe M. Gonzalez Argibay oriotarra zendu zen. Donostiako norabidean zetorren 27 urteko gaztea furgonetan eta, oraindik zehazteko dauden arrazoiengatik, errepidea gurutzatu eta kontrako norabidean zihoan auto bat jo zuen aurrez aurre. Arratsaldeko 16:00ak aldera gertatu zen ezbeharra eta Gonzalezen heriotzaz gain, autoko gidaria ere—55 urteko emakume donostiarra— hil zen. Harekin zihoan ahizpa, berriz, larri zaurituta eraman zuten Nafarroako Ospitalera.

Hileta

Gaur arratsaldeko 19:00etan izango dira Joxe M. Gonzalez Argibayren aldeko hileta elizkizunak, Orioko elizan. Igandean eman zitzaion lurra gorpuari.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | istripua


Abe
16
11:12

Orio - Aia: Sua Arrantzale 2ko ganbara batean

Kea ikusita, auzokideek azkar ekin diote sua itzaltzeari

Gaur goizeko 9:30ak aldera sutea izan da Arrantzale kaleko 2. atariko ganbara batean. Antza denez, teilatua konpontzeko lanak egiten ari zirela, langileei txinparta erori eta ganbara barruan ziren paper batzuek su hartu dute. Kea ikusita, auzokideek azkar ekin diote sua itzaltzeari, eskura zituzten su-itzalgailuekin.

Segituan heldu dira suhiltzaileak eta, egoera kontrolpean ikusita, teilatu gainetik bi langile erreskatatu dituzte.

Ez da zauriturik izan.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | istripua


Ira
11
14:01

Orio - Aia: Istripua izan da anbulatorioaren aurrean

Maniobra egiten ari zela, gizon batek autoaren azpian harrapatu du emaztea

Goizeko 11:00k inguruan gertatu da ezbeharra, Orioko anbulatorioaren aldamenean. Eguneko zentroaren sarrera parean, zehatzago esateko. Autoarekin maniobra egiten ari zen gizon batek, atzera egitean, emaztea azpian harrapatu du nahi gabe. Suhiltzaileen kamioia eta hainbat ertzain bertaratu dira segituan, emakumea kotxe azpitik atera ezinik baitzegoen. Anbulatorioko medikuak eta udaltzainak ere bertan egon dira suhiltzaileak etorri bitartean, senar-emazteak lasaitzeko ahaleginetan. Zorionez, andrearen egoera ez da hasiera batean zabaldu den bezain larria eta ospitalera bidean da uneotan.

Istripua

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | istripua