Gaia: kirola

Ots
01
8:02

Orio - Aia: 3. Kros txikia izango da otsailaren 5ean

Zaragueta Herri Eskolak antolatu du lasterketa

Hirugarren urtez Kros Txikia antolatu du Zaragueta Herri Eskolak otsailaren 5erako. Proba lau adin tartetan banatu dute antolatzaileek, 2006-2007 urteetan jaiotakoak –A kategoria–, 2004-2005ean jaio zirenak –B kategoria–, 2002-2003koak –C kategoria– eta 2000-2001ean jaiotakoak –D kategoria–.

A kategoriakoek 150 metroko lasterketa egingo dute, Bkoek 300 metrokoa, C multzokoek 600 metro beteko dituzte lasterka eta, D kategoriakoek 1.000 metroko saioa egingo dute. Egun bertan goizeko 11:30ak arte dago izena emateko aukera, baina, aurrez Zaragueta Eskolan bertan –bertaratuta edo 943 894 052 telefonora deituta–, Kultur Etxean eta Karela kiroldegian ere eman daiteke izena.

Parte hartzaile guztiak, lasterketa egunean, goizeko 11:45ean, eskolako sarreran blduko dira eta leku berean jasoko dituzte gurasoek behin proba bukatuta. Sariak izango dira lasterka aritzen diren guztientzat.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola


Abe
26
10:50

Orio - Aia: Realeko nesken entrenamendu eguna aldatu egin da

Gaur ziren Orion entrenatzekoak, baina azken orduan aldatu egin dute saioaren eguna

Realeko neskak entrenamendua egitekotan ziren gaur, abenduaren 26a, arratsaldeko 16:00etan, Orioko Mendibeltz zelaian, baina azkenean ez da horrela izango.

Orioko Futbol Taldetik esan dutenez, entrenamendua datorren ostegunean, abenduaren 29an, ordu berean izango da Mendibeltzen.

Sortutako eragozpenengatik barkamena eskatu nahi dute antolatzaileek.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola


Abe
19
11:41

Orio - Aia: Oriotarrak Ilunben izan ziren saskibaloian jokatzen

Herritar asko joan zen Lagun Aro Gipuzkoa Basketen partidua ikustera

Orioko 3x3an sari bezala banatutako Lagun Aro GBC-Fuenlabrada partidako sarrerak segituan bukatu ziren. Oriotar asko izan zen partida ikusten harmailetan eta, horrez gain, bi atsedenalditan herriko jokalariak izan ziren kantxan jokatzen. Zarauztarren kontra aritu ziren herriko 15 neska-mutil.

Benjaminak

2011-LH4ko neska mutilak Ilunben

Infantilak

2011-DBH 1 eta 2ko neska mutilak Ilunben 

Esperientzia polita izan zuten oriotarrek eta hemen duzue partidatxo horietako bideo txiki bat. 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola


Abe
02
19:32

Orio - Aia: Bazkide kanpaina berezia egingo du sanikolasetan Orio Arraunketa Elkarteak

"Hemen Gatoztik!" lelopean plazan izango dira egunero bazkide berriak hartzeko

Orio Arraunketa Elkarteak zuzendaritza berria aurkezteaz gain, bazkide kanpaina berri baten berri eman du udaletxean egindako prentsaurrekoan. Ibon Huegun presidenteak hartu du hitza lehenengo eta zuzendaritza berriaren filosofia eta lan ildoak jendaurrean azaltzeko. 19 laguneko lantalde moderno, gazte, anitz eta dinamikoa gara. Kudeaketa serio eta profesionala egitera gatoz bakoitzak dituen indarguneak baliatuz, esan du Huegunek eta Orio Arraunketa Elkartea lehen mailara bueltatzen saiatuko direla. Horretarako ilusioz datozela esan du eta ilusio hori herritarrei helarazi nahi diotela; lanari beldurrik ez diotela; kudeaketarako herriko hainbat esparrutako jende anitzak osatutako zuzendaritza dutela; harrobia izango dela Orio lehen mailara igo dezakeen lehengaia eta dirua traineru bakarrera bideratu ordez, Orio Arraunketa Elkartea osatzen duten arraunlari guztietara zabaldu behar dela; anbizioz arituko direla, baina umiltasunez eta harrokeriarik gabe.

Kirol erronkak

Ondoren, Ibon Makazaga entrenatzaile berria kirol erronkei buruz aritu da. Esan du senior mailan traineruak markatuko duela helburu nagusia: Gure helburua izan behar da goi mailan ibiltzea ARC ligan eta  igoerako Play offerako bi txarteletako bat lortzea eta horretarako 4-5 trainerurekin egin beharko dugu borroka. Baina traineruaz gain aulki mugikorrean edo tostako beste ontzien arloan aritu beharra ere aipatu du. Badakigu estropada guztietara %100ean ezin dela joan, baina estropada non Orio han izango da. Arraunlariei buruz aipatu du 50 lagun hasi direla entrenatzen eta iaztik bi baja baino ez dituztela eta arraunlari berriak ere badituztela: jubeniletatik seniorretara pasa direnak; senior mailan beren burua probatzera azaldu direnak; eta arraun giroan ezagunak, beste klubetatik etorriak eta aurretik Orion ibilitakoak gehienak: Migel Angel Millares, Mikel Portularrume, Igor Makazaga bera, Asier Carballeda, Arkaitz Goñi, Txato Bereziartua eta Unai Amenabar. Plantillan arraunlari bakarra estreinatuko da Orioko klubean eta iazko jendearen jarraipenak emango dio oinarria eta zentzua lanari ez baikatoz ezer aldatzera baizik eta dagoenari eutsi eta ahal den neurrian aurrerapausoak ematera.

Bazkide kanpaina

Azkenik, Jose Luis Loidi presidenteordeak, Arraunketa Elkartetik egingo duten bazkide kanpainaren berri eman du. 1.400 bazkide dauzkagu eta gauden egoera ekonomikoan zaila dela jakin arren, 2.000 lortzera heldu nahi dugu. Oriokoak, Oriotik kanpokoak, jakin baitakigu Oriotik kanpo jende hori asko dagoela, animatzen gaituztenak… Beraz, horiei esan nahi diegu bazkide izatea dela guri laguntzeko modua.

Bazkide kanpainarako etxeetara banatu duten orriaz gain, San Nikolas festetan, goiz eta arratsaldez plazan izango dira elkarteko kideak bazkide izan nahi duten horiek hartzeko eta hauen datuak jasotzeko. 

Ibon Huegun presidenteak kanpainari jarri dioten leloaren berri ere eman du: Hemen gatoztik! da leloa. Hori zen Orion aspaldian zegoen traineru baten izena, herrian ilusioa pizten zuen trainerua eta oriotarrez osatua, anbizio handikoa, Beraz, balore horiek berreskuratu nahi ditugu eta horretarako oriotarrak eta Oriotik kanpoko Orio zaleak nahi ditugu bidelagun.

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola


Abe
01
15:38

Orio - Aia: Gizakia idiaren kontra arituko da abenduaren 8an Orion

Heldu! herri kirol taldekoak Iñaki Olidenen Castaño idiaren aurka

Aurrez ere antzeko proba bat eginak dira Urtetako sansebastian jaietan. Oraingoan Orion egingo dute proba Heldu!ko mutilek eta Castaño idiak. 

Plazan izango da proba, 17:30etik aurrera eta botika paretik bordatxo parera. Harriak 900 kilo pisatuko ditu eta Izetarena da.

Gainontzeko xehetasun guztiak, bideo honetan ikusi ditzakezue:

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | festak, kirola


Aza
21
8:41

Orio - Aia: Orioko arraun elkarteko Imanol Garmendia Euskadiko txapeldun

Euskadiko 1. arraun-ergometro txapelketa irabazi du OAEko arraunlariak

Imanol Garmendia Maiz arraunlari donostiarrak irabazi du Euskadiko 1. arraun-ergometro txapelketa. Orioko arraun elkartean dabil Garmendia eta 19 urte baino ez dituen arren, 6 minutu eta 23 segundoan geratu zuen kronometroa 2.000 metroko proban.

Bigarren izan zen Melkiades Verdurasi segundo bat atera zion eta hirugarren izan zen Bruno Fernandezi hamar. Oriok izan zuen ordezkari bakarra zen Garmendia eta sasoian jarraitzen duela erakutsi du, udan aulki mugikorreko munduko txapelketak jokatzen izan ostean.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola


Aza
14
11:24

Orio - Aia: Lopategik irabazi ditu Kintopeko 10. idi-probak

Ixidro erretegiko idi parea izan da bigarren

Asteburuan bukatu dira Aiako Kintopeko 10. idi-probak. Aurreko asteburuan Irarreta anaiak jarri baziren buruan, azkenean hirugarren izatearekin konformatu behar izan dute.

Asteburu honetan Kintopeko irabazlea izan den Iñaki Lopategiren idi parea izan da jaun eta jabe. Lopategiren idiek 58 plaza egin dituzte, bigarren izan den Ixidro erretegiko idi pareak baino ia 5 gehiago. Ixidro erretegi azkoitiarreko idi-pareak 53 plaza, 3 zinta eta 1,87 metro egin ditu. Aurreko astean Irarreta anaien idiek 52 plaza, 7 zinta eta 1,35 metro egin zituzten. 

Argazkian azaltzen direnak: Igor Iturain –Aiako alkatea–, Luis Lopene, Paulo Aldalur –Aiako idi-dema antolatzailea, Rafa Alegria –Inaki Lopategiren partez saria jaso zuena– eta Jexus Aranberri  –Aiako idi-dema antolatzailea–.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola


Aza
09
10:12

Orio - Aia: Sanikolasetako 3x3 txapelketako izen-ematea martxan da

Abenduaren 5a arte egin ahal izango da Aurten ere Orioko 3x3 sanikolasetako txapelketa antolatu du Orioko Herri Ikastolak ZASTen laguntzaz eta Orioko Udalaren babesaz.

Txapelketa, abenduaren 8an, goizeko 10:00etan hasita jokatuko da. Goizean, preminibasket, minibasket eta infantilek jokatuko dute eta arratsaldeko 16:30ean hasiko dira kadeteak eta seniorrak.

Hortaz, hauek dira txapelketako mailak:

- Preminibasket: LH3 eta LH 4
- Minibasket: LH5 eta LH6
- Infantilak: DBH1 eta DBH2
- Kadeteak: DBH 3 eta DBH4
- Seniorrak: +16 urte (1995a edo lehenago jaiotakoak)

Izen-ematea www.zast.es orrialdean edota Karela kiroldegian egin daiteke abenduaren 5a baino lehen. 20 euro kostatuko da izen-ematea, baina kamiseta jasoko dute opari jokalari guztiek. Horretaz gain, bestelako sariak eta zozketak ere izango dira. Talde mistoen artean –bi neska edo gehiago dutenen artean– ere sari bereziak izango dira.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | festak, kirola


Urr
27
8:45

Orio - Aia: Indo eta Beldarrain Gipuzkoako gomazko palako txapeldun

Hasiera gogor baten ostean, erraz irabazi zuten finala

Arrate Indo eta Naroa Beldarrain oriotarrak Gipuzkoako 2. mailako gomazko palako txapeldunak dira, urriaren 23an, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, Altzatarra elkarteko bikoteari irabazi ostean.

Finalera partidarik galdu gabe iritsi ziren oriotarrak baina, partidaren erdia jokatu arte, gogorra izan zen lehia. Bikote donostiarra 14-15 jarri zen partidaren lehen zatia jokatu zenean eta, momentu hartatik bukaera arte, oriotarrak beren jokoa egiten hasi ziren.

Gauzak horrela, partidaren hondarrera freskoago iritsi ziren Indo eta Beldarrain eta bukaeran 30 eta 20 irabazi zuten, Gipuzkoako txapela irabaziaz.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola


Urr
20
10:54

Orio - Aia: Bolo-bolo zebilen bigarren hautagai zerrendakoek atzera egin dute

Biharko beste zerrendarik aurkeztu ezean, Ibon Huegun izango da presidente berria

Arraun elkarteko hauteskundeetara bolo-bolo zebilen bigarren zerrenda bat ere aurkeztekoa zela. Epea bukatu bezperan, jakinarazi dute zein ziren zerrenda horretako izenak eta zein zen beren proiektua, baina azkenean atzera egin dute.

Gauzak horrela, Agustin Zalduak aurkezteko asmoa zuen zerrenda biharko aurkezten ez badu, eta beste inor aurkezten ez bada, Ibon Huegun buru duen zerrenda izango da zuzendaritza batzorde berria osatuko duena, eta ondorioz, Huegun bera izango da presidente.

Hona hemen atzera bota den hautagai zerrendak helarazi duten testua:

Hautagaitza hau arraun elkartearen emaitza txarrek herrian sortu zuten egonezinaren ondorioz sortu zen. Orio, bere historiagatik dagokion lekura itzultzea izan da beti gure asmo bakarra.

Aurreko zuzendaritza batzordeak konfiantza-mozioa aurkeztu zuenean, han ateratzen zen emaitzaren zain egon eta ezezkoa bazen elkartean aldaketa bultzatzeko gure hautagaitza aurkeztea erabaki genuen. Baina beti ere ezezko emaitza ateratzen zen kasuan bakarrik eta horregatik aurrez ez genuen ezer egin edota inorekin hitz egin nahi izan.

Gure hautagaitza pertsona hauek osatzen zuten: Miguel Angel Sarasua, Txomin Etxeberria, Amaia Aizpurua, Jose Ramon Elizondo, Imanol Bengoetxea, Pello Etxeberria, Koldo Miralles, Pedro Leunda, Andoni Sarasua, Elena del Hoyo, Jon Basurko, Maribi Genova, Jon Redondo eta Idoia San Sebastian.

Hautagaitzaren asmoa harrobiarekin egindako lana indartu eta Oriok historian zehar izan duen mailara igotzea zen. Hiru helburu nagusi finkatu ziren: harrobiarekin egiten den lanean, aulki mugikorrean eta traineruarekin erreferente izatea.

Ordena konkretu hau nahita erabili zen. Jakitun gara, diru inbertsio indartsu batekin traineruarekin emaitza onak lortzea posible dela, baina horrela gure harrobia ez genuke sendotuko. Harrobiarekin egiten den lana berregokitu, aulki mugikorrari duen garrantzia eman arraunlariaren garapen fisiko eta tekniko egokia lortzeko eta bi helburu hauek beteta traineruak ere bere mailarik onena emango luke.

Gure egitasmoaren beste ardatz garrantzitsua, elkartea oriotar guztientzat irekia eta gardena izatea zen. Lan egiteko asmoa duen pertsona oro ongietorria izatea, inongo betorik jarri gabe. Fitxaketak egiteko ez litzateke dirurik erabiliko, arraunlarien artean berezitasunik ez sortzeko.

Egitasmoaren ardatz nagusiak http://www.wix.com/aupaorio/aupaorio. helbidean ikus daitezke.

Organigrama teknikoa osatzeko etxeko jendearen aldeko apustua egin genuen: gure apustua Gorka Etxeberria eta Agustin Mujikak elkarlanean kiroletako arloa eramatea zen.

Talde honek bilerak egin ditu momentuz ofizialki aurkeztu den hautagaitza bakarrarekin. Baina, bileretan ezin izan genuen bakoitzaren egitasmoez hitz egin, horretan hasi ahal izateko, Sarasuaren taldeko bost pertsonen aurka –bera barne– betoa jarri eta taldetik kanpo gelditzea eskatzen zutelako.

Sarasuaren taldeak, zuzendaritza batzordean jarduteko ez du inolako interesik, ez politiko, ekonomiko edo bestelakorik. Interes bakarra Orioko arraun elkartea dagokion lekura itzultzea da. Ikusi da, aurreko zuzendaritza batzordeko kideek, deitutako konfiantza-mozioa gainditu ez eta dimititu egin zutela esan arren, hor jarraitzeko gogoa dutela eta hori lortzeko hautagaitza aurkeztu dutela. Guk gauza bera egingo bagenu, hauteskundeak izango genituzke, elkartean eta herrian orain dagoen zatiketa areagotuz. Eta guk ez dugu holakorik nahi. Beraz, arraun elkartearen onura lehenetsi eta ez aurkeztea erabaki dugu. Agurtzeko, zuzendaritza batzorde berriari zorte ona opa diogu. Aupa Orio.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola


Urr
19
8:49

Orio - Aia: Lehen hautagai zerrenda aurkeztu da Orioko arraun elkartean

Aurreko zuzendaritza batzordeko kideak daude zerrendan

Orioko arraun elkarteko hauteskundeetara zerrenda bat aurkeztu da dagoenerako. Hainbeste zurrumurruren ostean, lehen zerrenda ofiziala zein den jakinarazi du arraun elkarteak.

Aurreko zuzendaritza batzordeko kide asko daude tartean, baina baita berriak ere, guztira 17ko zerrenda bat osatu arte.

Zerrenda honela geratu da osatuta:

Presidente: Ibon Huegun Bengoetxea.
Presidentorde-1: Joxe Luis Loidi Aranbarri.
Presidentorde-2: Joxe Ramon Garate Aldaz.
Idazkari: Ramon Alkain Ezeiza.
Bokalak: Joxe Manuel Agirresarobe, Jexux Mari Aierza, Iñigo Arruti, Joxe Carrera, Lino Mari Carrera, Aitor Errasti,
Iñigo Garmendia, Zigor Gazpio, Patxi Iribar, Angel Martinez De La Hidalga, Oihane Mateos, Joxe Inazio Mujika, Angel Rekalde.

Horrenbestez, beste zerrendarik aurkezten ez bada ostirala baino lehen, hauek osatuko lukete datozen lau urteetarako zuzendaritza batzorde berria.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola


Urr
14
9:11

Orio - Aia: Kukuarriko 2. raid lasterketa izango da larunbatean

Goizeko 9:00etan hasiko da lasterketa hondartzatik

 

Iaz izandako arrakasta ikusita, Euskal Herriko txapelketaren barruan, Kukuarriko 2. raid lasterketa jokatuko da Orion. Proba goizeko 9:00etan hasiko da Hondartzan, eta 40 km egin beharko dituzte. Bidearen erdia egin eta gero, deskantsurako tartea hartuz, animalien egoera aztertuko dute, baldintza egokietan ez dagoena lasterketatik kanpo utziz. Izan ere, horrelako proba neketsuetan zaldiaren osasuna gertutik jarraitzen dute antolatzaileek.

Ibilbide gorabeheratsua eta teknikoa izango da egin beharrekoa. Hondartzan hasi, handik Itxaspera joan eta Igeldoko txakurtegira egingo dute ibilbidearen lehen zatian. Handik Egiluzera jo, eta goiko bidetik Bentara joango dira; Muniota pasa, Longara jaitsi eta handik Anduraino jarraituko dute zaldiek beheranzko bidean. Azkenik, Andutik Talaira igoko dira, handik berriz ere Itxaspera jaitsi eta itzulia hondartzan bukatzeko.

Pello Saizarren ustez, ibilbidea bukatzen lehenak 14:00ak alderako bukatuko du proba. Herritarrei proba gertutik ikustera animatu nahi die Saizarrek, gutxitan izaten baitira halakoak hemen inguruan.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola


Urr
10
11:22

Orio - Aia: Garaipen erosoa kadete mutilek Anaitasunaren aurka

9-3 irabazi zuten lehen zatian galtzen joan arren

Orioko futbol taldeko kadete mutilek garaipen erosoa erdietsi zuten atzo, urriak 9, Azkoitiko Anaitasuna taldearen aurka.

Lehen zatian atzetik joan ziren markagailuan mailaz igo berri diren kadeteak, baina bigarren zatian partidari buelta eman eta 9-3 irabazi zuten partida.

Gauzak horrela, denboraldiko lehen garaipena lortu dute oriotarrek eta Anaitasuna utzi dute sailkapeneko azken tokian. Hiru puntu ditu Orioko taldeak, Zarautzek eta Lagun Onak talde azpeitiarrak bezala eta sailkapeneko azken postuetan daude oraindik.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola


Urr
04
11:46

Orio - Aia: Orioko Herri Lasterketaren 3. edizioa antolatu du Ikastolak

Urriaren 23an izango den arren, izen-ematea martxan da dagoeneko

Orioko Herri Ikastolak, Orioko Herri Lasterketaren 3. edizioa antolatu du. Kross hau bi aldiz jarraian antolatu ostean geldirik egon da, eta Ikastolaren ekimenez, berriz lehiatuko dira korrikalariak Orion. Urriaren 23an izango da lasterketa, goizeko 11:00etan hasita.

Igande eguerdian izango den lasterketak, ibilbide laburra eta luzea izango ditu. Laburrak 7 kilometroko luzera izango du eta luzeak 14 kilometrokoa. Proban parte hartzeko, gutxienez, 16 urte beteta izan beharko dituzte lasterkariek eta izen-ematea dagoeneko martxan dago.

Herri krossa elkartearen webgunean eta Orioko Herri Ikastolaren webgunean eman daiteke izena. Behobia-Donostia probarako prestaketa egiteko modu oan korrikalarientzat.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola


Ira
26
10:53

Orio - Aia: Orioko arraunlariek gutuna idatzi diete herritarrei

Herritarren esker ona azpimarratu dute

Orioko arraun elkarteko lehen taldeko arraunlariek Karkarari bidalitako mezuan herritarrei gutun hau zabaltzeko eskatu dute:

Eskerrik asko guztioi

Denboraldi  luze bezain gogor hau amaitu denez, idatzi hau egin nahi izan dugu Orioko arraunlariok, denboraldi osoan zehar eta batik bat gehien behar genuenean, denboraldi amaieran, oriotar guztiek eta oriotar ez diren oriotar zale guztiek eman dizkiguten animo eta laguntza guztiak eskertzeko

Historia osoan zehar Orioko trainerua maila gorenean egon da ia beti, eta asko ziren oriotar zaleak gaizki ohituta edo irabazten bakarrik zekitela pentsatzen zutenak. Aurten ordea, historiako denboraldirik kaxkarrena egin dugu, Kontxako estropadetan ez sailkatzeaz gain, TKE ligan azken postua ere lortu baitugu. Ez zuen inork espero, ezta guk ere, baina halaxe suertatu da, eta momentu zail hauetan, egunero-egunero jaso ditugu animoak eta laguntzak, egoera zaila bazen ere. Izugarria izan da sufritzen ari ginena kontutan hartuta, piztu zaigun poza, zalegoa eta oriotar guztiak gurekin zeudela jakitean, honek eman digu indarra azken estropada hauei aurre behar bezala egiteko.

Guzti honegatik eta beste hainbat momentugatik, eskerrak besterik ez ditugu eman nahi kolore horia maite duen orori, eta hemendik aurrera ere, momentu zail hauek igarota, kolore horia maitatzen jarraituko dutenei, mailaz jaisten bagara ere, ahal dugun guztia egingo dugulako Orioko trainerua berriz gorenera iristeko eta gure zalegoari lehenbailehen poza beren barnean pizteko. Besterik gabe, mila esker guztioi eta orain inoiz baino ozenago: AUPA ORIO!!

ORIOKO ARRAUNLARIAK


Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola


Ira
21
11:43

Orio - Aia: Orio Arraunketa Elkarteko ezohiko batzarra Ikastolan izango da

18 urtetik gorako bazkideak baino ezingo dira sartu eta bilera itxia izango da

Ostiralean, irailaren 23an Orio Arraunketa Elkarteko ezohiko batzarra izango da 19:00etan, Ikastolako aretoan eta horren harira elkarteko presidente Joxe Kruz Expositok hainbat ohar jakinarazi nahi ditu:

  • Batzarra tokiz aldatu dute leku gehiago izateko, beraz, kultur etxean izan beharrean Ikastolako eraikin berriko areto nagusian izango da.
  • Batzarra, ateak itxita egingo da. Horretarako, bigarrengo deialdian, 19:00etan, atea itxiko dute.
  • 18 urtetik gorako bazkideak eta urteko bazkide-kuota eguneratua dutenek bakarrik izango dute sartzeko ahalmena, bozkatzeko eskubidea duten bakarrak, alegia.

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra, deialdia, kirola


Ira
19
11:27

Orio - Aia: Orio bigarren izan da TKE ligako play-offean

Emaitza ofiziala ez den arren, baliozkoa izan liteke etorkizunean

Asteburuan Bizkaiko uretan jokatu dira TKE ligako play-offeko bi estropadak, Bermeon eta Portugaleten. Lehen estropada itsaso zabalean jokatu zen eta bigarrena Ibaizabalgo itsasadarrean.

Larunbatean estropada irabazi zuen Oriok, 5 segundora izan zuen Portugalete eta atzerago geratu ziren Zierbena, Camargo, Cabo da Cruz eta Chapela. Igandean, bigarren izan zen, Portugaleterengandik 6 segundora. Estropada estuagoa izan bazen ere, azken luzean nagusitu ziren oriotarrak.

Hori dela eta, denbora eta puntuazio ofizialei begiratuta, Portugalete eta Zierbenak irabazi dituzte 2012. denboraldian TKE ligan izateko aukera ematen duten txartelak.

Dena den, Estropu operazioaren epaia emandakoan gauzak bestelakoak izan daitezke. Urdaibai TKE ligatik kaleratzea erabakiz gero, Oriok beste behin TKE ligan jarraituko luke. Portugalete ere bertan izango zen play-offeko irabazle izateagatik, baina denbora estraofizialetan hirugarren izan den Zierbena KAE-1 ligan izango litzateke datorren urtean. Haren ordez Camargok ere TKE ligan izateko eskubidea luke, Urdaibairen kanporatzeak 2011. urteko ligako 10. postua emango liokeelako. 

Gauzak horrela, epaitegietan erabakitzen denaren zain geratzen dira Orio, Zierbena, Camargo eta Urdaibai.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola


Ira
05
9:58

Orio - Aia: Seigarren tokian atera eta seigarren bukatu zuten neskek Kontxako sailkapen estropada

Bandera jokatzeko aukera galdu zuten ostiralean

Gogotsu atera ziren Orioko neskak ostiraleko sailkapen estropadan Donostiako portutik eta gogoz egin zuten arraun Kontxako badian, baina ez zuten lortu bandera jokatzeko txartelik, izan ere, seigarren tokian bukatu zuten erlojuaren kontrako sailkapen estropada.

Getaria-Tolosa sailkatu zen lehen tokian 10:29,64ko denborarekin eta honen ondoren, hurrenez hurren, Galicia-Rianxeira, Zumaia-Kirol Jokoa, Bizkaia taldea, Batelerak-Iberdrola, Orio-Babyauto eta Hondarribia-Orsa (11:18,06). Oriori 20 segundoko aldea atera zion lehen sailkatuak lehen ziabogan eta bukaeran, berriz, 36 segundo eta 2 ehunenekoa. Hona hemen sailkapena:

                                        Denbora               Aldea          

1.- Getaria-Tolosa            10:29,64              --------

2.- Galicia-Rianxeira         10:35,88             0:06,24

3.- Zumaia-Kirol-Jokoa      10:41,70            0:12,06

4.- Bizkaia taldea               10:56,44            0:26,80

5.- Batelerak-Iberdrola       10:58,92            0:29,28

6.- Orio-Babyauto               11:05,66           0:36,02

7.- Hondarribia-Orsa           10:18,06           0:48,42

Igandeko estropadan nesken lau traineru izan ziren arraunean eta aurreikuspenak hautsiz Zumaia sailkatu zen lehen tokian eta honen ondoren Galicia, Getaria-Tolosa eta Bizkaia taldea. Lehenengo eta bigarrenaren artean 4 segundo eta 32 ehuneneko aldea dago eta hauek hirugarrenari 70 ehuneneko baino ez zizkioten atera. Beraz, dena hurrengo igandeko estropadan erabakiko dute.

Gizonezkoetan Urdaibai

Orio sailkapen estropadan kalean geldituta, igandekoa, mutilentzat ere, Kontxako banderako lehen jardunaldia izan zen. Denborei erreparatuta argi ikus daiteke aldea, izan ere, haizea gogortu izanak itsasoaren baldintzak aldatu zituen eta ia erabakita utzi zuen datorren igandean Kontxako bandera zeinena izango den. Mikel Portularrume Paorra aiarraren eta Migel Angel Millares oriotarraren Urdaibaik, Jose Luis Kortaren Kaikurekiko 33 segundoko aldearekin esku-eskura dauka bandera. Datorren igandeko ohorezko txandan ariko dira irailaren 4an lehen txandan aritu ziren traineruak: Urdaibai, Kaiku, Pedreña eta Donostiarra. Gizonezkoen sailkapena:

                                  Denbora               Aldea          

1.- Urdaibai                21.19                    --------

2.- Kaiku                    22.03,42               0.33,56

3.- Pedreña               22.24,56               0.54,70

4.- Donostiarra          23:00,46               1.30,60

5.- Astillero                23.51,48               2.21,62

6.- Hondarribia          24.33,60                3.03,74

7.- San Juan             24.34,02                 3.04,16

8.- Tiran                    24.50,38                 3.20,52 

Lekeition hirugarren

Irailaren 3an Lekeitioko XXXIII. Ikurrina izan zen jokoan eta han zen Orioko trainerua ere. Joxean eta Aitor Olaskoaga eta Jon Iriondoren Portugaleteko trainerua izan zen irabazle 20 minutu, 23 segundo eta 3 ehuneneko denborarekin; etxeko trainerua, Lekittarra izan zen bigarren 15 segundo eta 89 ehunenekora; eta Orio hirugarren 25 segundo eta 66 ehunenekora. Ondoren, hurrenez hurren sailkatu ziren: Amegrove, Cabo da Cruz, Zumaia, Zarautz, Elantxobe, San Pedro, Hondarribia B eta Chapela.

De Anta Paralinpiar Jokoetara

Bestalde, Orio Arraunketa Elkartean ari den Edorta de Anta tolosarrak 2012an Londresen izango diren Paralinpiar Jokoetarako txartela lortu du Eslovenian jokatutako Munduko Txapelketan. Arraunketa egokituan, bakarkako ontzian aritu zen De Anta eta final erdietarako aukera ozta-ozta lortu ondoren, finalerako txartela ere ehunenekoetan erabaki zen. Finalean, berriz, seigarren tokian sailkatu zen eta finalerakoarekin batera bere helburu nagusia lortu zuen Paralinpiar Jokoetarako txartela. Munduko Txapelketan zehar, Juan Angel Garmendia Xarpas izan du laguntzaile lanetan.

 

 

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola


Ira
02
11:37

Orio - Aia: Muga-mugan ibili arren, Orio ez da Kontxan izango

7.a izan zen Pedreñarengandik 4 segundora geratu zen txalupa horia

Beste urteetan baino mugimendu gutxiago nabari zen arratsalde partean Donostiako moilan. Kamiseta hori gutxiago bai, behintzat. Baina 18:00ak gerturatu ahala moila bazterrak eta Aquariumaren gaineko txokoak horituz joan ziren.

Itxaropena bazen herritarren artean. 14. izan zen Orio irteten eta aurretik Urdaibai izango zuen denborak markatzen.

Aurreko multzoko Amegrove eta Portugaleteren denborak ere kontuan hartzekoak ziruditen hasera batean. Ziaboga eman zuten Amegrovekoek eta 9:32ko denborarekin jendearen lehen marmarra sortu, izugarrizko denbora baitzen. Atzetik joan ziren denek denbora dezente kaskarragoa egin zuten, Urdaibaik 9:29 egin zuen arte. Oriok 9:30 egin zuen, eta atzetik zetozenak ez ziren urruti ibili. Lehen 10ak, onenak, 8 segundoren bueltan ibili ziren ziabogan, Kaiku buru zela.

Barrurakoan lan handiagoa izan zuten arraunlariek, haizea eta korrontea kontra baitzituzten. Amegroveren 19:32 erreferentzia ona izan zen, harik eta Urdaibaik 19:23an kronometroa geratu zuen arte. Oriok 19:34 egin zuen eta oraindik itxaropena izateko motiboak baziren. Baina azkar uxatu ziren, beste txalupak sartzen joan ziren neurrian.

Astillerok irabazi zuen estropada, baina segundo berean Kaiku eta Tiran sartu ziren hurrenez hurren. 19:19 hirurek eginiko denbora, ehunenekoak tarteko. Hondarribia, Urdaibai, San Juan eta Pedreña dira sailkatu ziren beste lauak. 11 segundo lehenengotik zazpigarrenera eta Orio hortxe, 4 segundora, traineru bakarreko aldera.

Play-offean aurkari izango dituen guztiak atzean utzi zituen Joxe Luis Agirreren koadrilak. Camargo 7 segundora, Zierbena 14ra, Portugalete 17ra, Chapela 29ra eta Cabo da Cruz 34ra. Moralez gainezka egoteko arrazoirik ez zaie falta, beraz, oriotarrei hilaren 17 eta 18an jokatuko diren estropadetarako.

Gaur neskak

Gaur, ostirala, irailaren 2a, arratsaldeko 18:00etan jokatuko da nesken Kontxako Banderako sailkapen estropada. 7 ontzik hartuko dute parte, eta tartean Orio izango da. Helburu oso zaila dute eskuartean, baina gogotsu daude estropadarako, nahiz eta 4 baino ez direla sailkatuko jakin.

Igandean izango dira lehen jardunaldiko estropadak. Lehenbizi neskek jokatuko dute 11:30ean eta, atzetik, 12:00etan gizonezkoen txanda izango da. Lehen txandan Urdaibai, Kaiku, Pedreña eta Donostiarrak jokatuko dute. Bigarrena Astillero, Tiran, Hondarribia eta San Juanek.

2 metro inguruko olatuak espero dira eta eguraldiak ez omen du gehiegi lagunduko. Mutiletan ez dira Orioko Arraun Elkartekoak izango, baina oriotarrak eta aiarrak izango dira tostetan, beste traineruetan, banderaren lehian.

Kaikun, entrenatzaile ari da Joxe Luis Korta; Astilleron, Jon Salsamendi; Urdaibain, Mikel Portularrume Paorra eta Miguel Angel Millares arraunean ari dira; Hondarribian, Mikel Orbañanos, Axier era Gorka Puertas anaiak; eta azkenik, San Juanen, azken urteotan Orion bizi den Igor Makazaga.

Neskak ez badira sartze, traineru horirik ez da izango Kontxa estropadetan lehenengo aldiz azken 20 urtetan, baina herritar ugari bai animatzeko, beraz, igandean Kontxan.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola


Ira
01
12:32

Orio - Aia: Kontxako sailkapen estropadan 14. tokian aterako da Orio

Estropada arratsaldeko seietan hasiko da

Donostiako udaletxean egin dute zozketa eguerdian aurtengo Kontxako Banderako sailkapen estropadako (Irailak 1) irteera ordena aukeratzeko. Estropada bi tandatan jokatuko dute eta bakoitzean 12 traineruk hartuko dute parte.

Lehen tanda Hibaikak hasiko du eta honen ondoren, hurrenez hurren, arituko dira: Cabo da Cruz, Zierbena, Amegrove, Deusto, Santoña, Portugalete, Chapela, Santurtzi, Trintxerpe, Isuntza eta Zarautz.

Bigarren tandan, berriz, faboritoak izango dira. Urdaibaik irekiko du tanda eta honen ondoren arraun egingo dute Orio, Hondarribia, Pedreña, Zumaia, Kaiku, Koxtape, Tiran, Camargo, Astillero, Castro eta San Pedroko arraunlariek. Guztira, beraz, 14. tokian aterako da Orioko trainerua.

Lehia 18:00etan hasiko da Donostiako Kontxako Badian.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kirola