Gaia: kultura

Ots
03
15:22

Orio - Aia: Santa eskean irtengo dira bihar ikastolako ikasleak

Larunbata izan arren, ohiturari eutsiko diote

Aspaldiko ohiturari jarraituz, Orioko Herri Ikastolako ikasleak –LHkoak eta DBHkoak soilik– eta irakasleak santa eskean ibiliko dira kalez-kale koplak kantatzera, bihar, Santa Ageda bezperan, otsailaren 4a, larunbatarekin. 

Ikastolatik herritarrei bertaratzea eskatu diete, nahiz eta larunbata dela eta eguraldi hotza egingo duela jakin. Aspaldiko ohiturari eutsi nahi diote antolatzaileek eta horregatik, LHko ikasleak arratsaldeko 18:00etan eta DBHko ikasleak arratsaldeko 19:00etan irtengo dira pergolatik.

Herritarrei kantura animatu nahi diete Ikastolakoek.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | deialdia, kultura


Ots
02
10:14

Orio - Aia: Inauterietarako koreografia asmatu du Txurrumuskik

Herritar denek ikasteko ahaleginean, bideoa zintzilikatu dute sarean

Otsailaren 18ko inauterietako desfilea ahalik eta partaidetza handienarekin egin asmotan dabiltza Udala eta herriko kultur eragileak.

Hori dela eta, festa handia izan dadin, Txurrumuskik haur, gazte zein helduentzat ikasteko konplikazio gutxi duen dantza bat asmatu du.

Horretarako, sarean zintzilikatu dute bideoa eta guk gurera ekarri dizuegu. Oraindik badago tarterik koreografia ikasteko.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | festak, kultura


Urt
05
8:33

Orio - Aia: "Prest gaude!" antzezlana larunbatean Ikastolan

Sarrerak salgai daude Karela kiroldegian eta Lore eta Uranga burdindegietan

Orioko Herri Ikastolak antolatuta Lakrikun antzerki taldeko Alaitz Olaizola, Gurutze Eizmendi eta Idoia Uranga aktoreek Prest gaude! antzezlana eskainiko dute larunbatean, urtarrilaren 7an, Ikastolako areto nagusian 22:00etan. Antzerkirako sarrerak aurrez eros daitezke 5 euroren truke Karela kiroldegian eta Lore eta Uranga burdindegietan.

Greban gaude lanaren ondoren, A.J.E. trilogiaren bigarren zatia da Prest gaude! lana. Greban egon eta beraien helburuak bete ez zituztenez, bigarren ahalegin bat egiteko prest daudela diote. Borrokarako grinarik ez zaie falta, arrazoiak badituztelako, beraien arabera, adinean aurrera goaz, ez gara ginenak, tristeziak eta alaitasunak partekatzen ditugu, barne eta kanpo aldaketak jasan ditugu, Baina, emakumeak izanik, prest gaude zurrunbilo honetatik irteteko. Hori da beraien antzerkia aurkezteko diotena.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kultura


Abe
26
15:02

Orio - Aia: Jendetsuak izan ziren abenduaren 24ko ekintzak

Ikusmin handia piztu zuen Olentzero eta Mari Domingiren ongietorriak

Jende asko ibili zen goizean goiztik abenduaren 24an. DBHko ikasleak izan ziren goiztiarrenak, 10:00etan kalez kale hasi ziren kantari eta ordu horretarako martxan jarrita zuten elkartasun tonbola.

Kantu-eske jendetsuena 11:00etan hasi zen, HH eta LHko haur eta gurasoekin. Kalejira jendetsua egin zuten txikienek. Haiek plazara iritsi eta goizeko kantaldiari bukaera eman zitzaion.

Arratsaldeko 17:30ean hasi zen Olentzero eta Mari Domingiren ongietorri festa. Galtxagorriak izan ziren plazara iristen lehenak eta atzetik joan ziren iristen ttuntturroak, Basajaun, Mari, eta Olentzero eta Mari Domingi. Otxoteak abestuz hartu zituen guztiak plazan.

Pixka batean han egonda, herritik kalejira egin zuten. Hemen duzue plazara iritsi zireneko bideoa:

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kultura


Abe
22
14:57

Orio - Aia: Herribilen 7. ekitaldia ostiralean

Karela kiroldegian izango da ikuskizuna

Azken 7 urteetan egin den bezala, Herribil ikuskizuna izango da bihar, abenduaren 23a, ostirala, gaueko 22:00etan Karela kiroldegian.

Harribil dantza taldeak herriko beste hainbat talderekin batera antolatzen duen ikuskizuna izaten da Herribil. Aurten Talai Mendi, Errikotxia, Gaztetxea, Danbolin musika eskola eta Kukulu batukada izango dira.

Pare bat orduz iraungo du ekitaldiak eta, beti bezala, sarrera doan izango da.

Anje Duhalde 30ean

Abenduaren 30ean, ostirala, gaueko 22:30ean, Anje Duhalderen kontzertua izango da Karela kiroldegian. Sarrerak salgai daude dagoenerako Karela kiroldegian bertan, Gabon tabernan eta Lore eta Uranga burdindegietan. Internetez ere eros daitezke www.barrabarra.eu helbidean.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kultura


Abe
22
13:46

Orio - Aia: Gabon giroan dabiltza bi ikastetxeetan

Zaraguetan atzo izan zen Olentzero eta bihar Mari Domingi joango da ikastolara

Atzo goizean, abenduaren 21a, ezusteko bisita jaso zuten Zaragueta eskolako haurrek. Olentzero azaldu zitzaien eskolan eta astorik gabe etorri zela esan zien haurrei, aberea gaixorik zeukalako. Horrez gain, Mari Domingi etxean gelditu zela, eta lan handia izango dutela gutun guztiak irakurtzen ere esan zien eta, garrantzitsuena, larunbat gauean, bera sartu ahal izateko leihoa zirrikitu txiki batekin uzteko esanaz amaitu zuen.

Bihar goizean, abenduaren 23an, Mari Domingi izango dute bisitan ikastolako txikienek. HHtik hasi eta LH 2. mailako haurrak arte, Mari Domingiri eskutitzak emateko aukera izango dute umeek. Goiza jolasean emango dute LHko ikasleek eta DBHkoek miniolinpiadak egingo dituzte urtero bezala.

Abenduaren 24an, goizean, kalez kale ibiliko dira bi ikastetxeetako ikasleak kantari. DBHko ikasleak 10etan hasiko dira eta zaharren egoitzara bisita egingo dute. LH eta HHkoak 11tan abiatuko dira gurasoekin eta irakasleekin batera.

Egun berean, goizetik eguerdira arte, elkartasun tonbola izango da plazan DBH 4. mailako ikasleek antolatuta. Han biltzen duten diruaren erdia Ruandako ikastetxe batetara bideratuko dute eta beste erdia udaberrian egingo duten ikasketa bidaia ordaintzeko erabiliko dute.

Olentzero eta Mari Domingiri ongietorria

Abenduaren 24ean bertan, arratsaldez, bi ikastetxeekin batera, Arkupek, Txurrumuskik eta Udalak, Olentzero eta Mari Domingiren ongietorria antolatu dute. Arratsaldeko 17:00etan ttuntturroak aterako dira Ikastolatik eta herrian buelta emango dute Olentzero datorrela esateko. Musika eskolatik, 17:30ean, Mari eta sorginak abiatuko dira eta, Goiko Kaletik ibili ostean, Bikamiotara, Arrantzale kalera eta handik plazara joango dira. Galtzagorriak Kosta tailerretik irtengo dira eta horiek ere plazaraino joango dira. Artzainak eta Basajaun gaztetxetik irtengo dira Anibarko Portura eta handik, errio ondotik, plazaraino joango dira horiek ere.

17:30etik 18:30era, galtzagorriak Olentzero eta Mari Domingirentzat diren eskutitzak jasoko dituzte eta txokolate beroa banatuko da. 18:00etan iritsiko dira plazara Mari Domingi eta Olentzero. Otxoteak abestuko du ongietorria emateko eta, gero, kalejira egingo dute. Bidean lau geldialdi egingo ditu desfileak, Kultur Etxean, Sarasua parean, Itziar kirolak dendaren atzeko aldean eta Arkaitz tabernaren parean. Antillara iristean, datorren urtera arte agur esango digute Olentzerok eta Mari Domingik.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | hezkuntza, kultura


Abe
22
8:17

Orio - Aia: Jose Angel Aldai eta Juanjo Garciak irabazi dute Aiako argazki lehiaketa

Argazkiekin 2012ko egutegia kaleratu dute

Abenduaren 19an banatu zituzten aurtengo argazki lehiaketako sariak. Aurten 39 argazki onartu dituzte lehiarako eta partaideak 17 izan dira guztira, 8 herrikoak eta 9 kanpokoak. Argazkietan besteak beste Agorregi, Iturri kalea, herriko plaza Juanenetik aterata, iturrirako bidean dagoen egurrezko seinalea edo ur bedeinkatuaren ontzia ikus daitezke. Argazki irabazleekin eta jendeak erakusketan aukeratutakoekin 2012ko egutegia egin dute eta Aiako etxeetan banatu.

Hona hemen irabazleen izenak:

  • Herrikoak
  1. Jose Anjel Aldai
  2. Eba Arratibel
  3. Aran Aldai
  • Kanpokoak
  1. Juanjo Garcia
  2. Oliver Perez
  3. Ivano Peruchen

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kultura


Urr
04
14:43

Orio - Aia: Nerea Arriaga oriotarrak irabazi du Maria Arizmendi irrintzi txapelketa

Epaimahaiko eta entzuleen esanetan ez zuen pareko irrintzirik inork bota

San Migel egunean, Urnietako Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarraren Iñistor jaiaren barruan, III. Maria Arizmendi Irrintzi Txapelketa egin zuten. Urnietara hurbildutako irrintzilarien lana entzuteko gogoz ziren Jakutegi plazara gerturatutakoak eta antolatzaileen esanetan hauen nahia ase zuten lehiakideek. Guztira zazpi lagun aurkeztu ziren eta hauen lanak epaitzen Rosa Mª Elosegi, Juan Karlos Erasun, Iñigo Oruna eta Jon Unanue aritu ziren.

Lau ezaugarri hartu zituzten kontuan: irrintziaren iraupena, doinua, indarra eta amaiera. Irrintzi bana bota ondoren Nerea Arriaga Azkue oriotarrarenak parekorik izan ez zuela iritzita, honek irabazi zuen txapelketa. Antolatzaileen esanetan, oilo-ipurdi azala jartzeko moduko irrintzi dotorea izan zen, luzea, indartsua, doinu apartaz eta amaiera bikain batekin egin zuena. Beste horrenbestekoa izan zen behin saria irabazita urnietarrei berriro eskaini ziena.

Juan Mari Arizmendi, Maria Arizmendi zenaren ilobaren eskutik jaso zuen irabazleak garaikurra eta 100 euroko diru saria.

 

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kultura


Ira
20
8:56

Orio - Aia: Ostegunean kaleratuko du diskoa Giranice taldeak

Edizio digitala dagoeneko sarean dago eskuragarri

Giranice talde oriotarrak izen bereko diskoa kaleratuko du ostegun honetan, irailaren 22an. Udaberrian estudioan grabatzen egon eta gero, nahasketak egin eta editatzeko pausua eman dute udazkenean sartzera goazen honetan.

Gainera, Bilbo Hiria musika lehiaketa ezagunerako sailkatu ziren, eta ostegunean bertan, iluntzeko 20:00etan, Bilborock aretoan arituko dira lehiatzen.

Diskoa berek editatu dute eta ekoizpenaren kostuak ere bere gain hartu dituzte. Sarean zintzilikatu dute dagoeneko edizio digitala eta jaisteko aukera dago hemen klik eginda. Beren Facebookeko orrialdean ere entzun daiteke disko osoa.

Azkenik, ostiralean, hilaren 23an, Lasarteko Jalgi kafe antzokian joko dute gaueko 23:00etan eta sarrera doan izango da.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kultura, musika


Ira
15
15:33

Orio - Aia: Olatz Zugastik abesti berria zintzilikatu du sarean

Julen Alonso, Intza Unanue eta Iker Urdangarin izan ditu alboan kanta egiterakoan

Sorginkerian galdu kantua egin eta grabatzearen ideia Olatz Zugastirena izan bada ere, ahotsa Olaxka taldeko partaide izandako Intza Unanuerena izan da. Olatzek esan digunez, azken ikasturtean Olaxka taldearentzat egin nuen kantua da hau, eta orain artean beti grabatu izan dugu egindako lana, oraingoan ez zen egin, taldea bertan behera geratu delako, eta orduan udan Intza Unanueri eskatu nion graba zezan eta berak sartu ditu entzuten diren ahots guztiak, bakarlariarena eta koroenak.

Kantuaren doinua herrikoia da izatez, baina Olatzek berak konponketa batzuk egin dizkio hitzak gehitzeaz gain. Neska gazte bat San Juan gauaz, urteko gaurik laburrenaz, gozatzeko ari da prestatzen istorioan, ametsak bere buruan… aipatu du Olatzek hitzein inguruan. Ez dut inongo diskotan sartu, etxean musika grabatu, irudi batzuk jarri, Goiuri Unanueren laguntzaz eta zintzilikatzea pentsatu dugu.

Julen Alonsok eta Iker Urdangarinek jo dituzte abestiko instrumentu bakarrak. Jarraitzeko asmorik ez badu ere, mesedez eskatu nion eskusoinua sar zezan Juleni, beti bezala plazer izan da hauekin lan egitea eta azkenik Iker Urdangarek ijito-kaxa sartu du. Horretaz gain programazioekin osatuta dago kantua, teklatuak eta oinarri erritimiko bat erabilita.

Irudiak bideoko protagonistaren, Intza Unanueren, etxean daude grabatuta orokorrean. Goiuri eta Marisaren lana eskertzekoa izan da, orain artean egin ditugun diskoetan bezala gaineratu du Olatz Zugastik.

Bideoak 260 inguru bisita izan ditu zintzilikaturik daramatzan bi egunetan. Honatx ikusteko aukera:

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kultura, musika


Ira
01
8:35

Orio - Aia: Astelehenean izango da Salatxo abesbatzaren lehen entsegua

Korura gerturatzeko deia egin diete kantua gustuko dutenei

Udako oporren ondoren, Salatxo abesbatza lanera itzuliko da aurki. Irailaren 5ean, astelehenean, egingo dute lehen entsegua, 21:00etan Kosta Tailerreko lokalean.

Abesbatzatik dei egin diete kantua eta abestea gustuko duten herritarrei taldean parte hartzera. Adierazi  dute ez dela gaitasun berezirik behar eta gazte nahiz heldu, gurekin elkartzera eta musikarekin lan egin eta gozatzera gonbidatu nahi dituztela.

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kultura


Eka
17
14:04

Orio - Aia: Musika eskolaren kontzertu berezia bihar

25 urte bete dituztela ospatzeko, emanaldi berezia egingo dute herriko taldeekin batera Bihar, ekainaren 18a, larunbata, gaueko 22:00etan, Danbolin Musika Eskolak kontzertu berezia emango du Karela kiroldegian. Bertan, instrumentu ezberdinez osatutako taldeek– txistu taldea, trikitixa eta pandero taldea, pianoa, soka taldea, esku-soinu taldea eta banda.– jotako kantak abestuko dituzte herriko beste hainbat taldek.

Ikasleez gain, ikasle ohiek ere parte hartuko dute.

Parte hartuko dutenak honakoak dira kantuko ikasleekin batera: Salatxo, Errikotxia, Heldu, Arkupe, Ostargi, Egunsentia, Arraun taldea, Surf taldea, Gaztetxea, Auzoko, Saskibaloi taldea, Futbol taldea, Sofbol taldea, Harribil, Txurrumuski, Gaztelekua, Talai-mendi, Herrio natur taldea eta Karkara.

Lan asko egin dute aurrez biharkoa ondo irteteko asmoz. Bihar izango da herriari lana erakusteko hitzordua.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kultura, musika


Eka
17
11:30

Orio - Aia: Igandean bukatuko da Aristerrazuko erromeria denboraldia

J.L. Laja eta Unai Narbaiza trikitilariek egingo dute azken saioa

Igandean, ekainaren 19an, egingo da Aristerrazun denboraldiko azken erromeria. 18:30ean hasi eta 21:30ak arte J.L. Laja eta Unai Narbaizaren trikiti doinuekin dantza egiteko aukera izango da Andatza auzoan. A

Antolatzaileen esanetan arrakastatsua izan da aurtengo erromeria denboraldia, besteak beste, ordutegiaren aldaketarengatik. Betiko jendea eta jende berria, gazteak, hainbat tokitatik gerturatu dira Andatza Auzora, erromeria trikitia eta festarekin gozatzeko asmoz eta gure ohiturak indartzeko gogoz. Aurtengo saioetan momentuko trikitilaririk aipagarrienetakoek hartu dute parte hartu dutela ere gaineratu dut.

Arrakasta hori lortzen lagundu dutelako antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete parte hartzaileei, trikitilariei, erromerien berri eman duten komunikabideei, Aiako Udalari eta Aristerrazu jatetxeari, guztien laguntzarik gabe ez bailitzateke posible izango Aristerrazuko erromeriak lortu duen arrakasta lortzea. 

Bestalde, gogorarazi nahi dute denboraldi berria urriaren erdi aldera hasiko dela.  

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | erromeria, kultura


Mai
27
9:16

Orio - Aia: Kultur aniztasunaren jaia larunbatean

Hirugarren urtez jarraian ospatuko da festa herritarrekin eta kanpotik etorritakoekin

Bihar, maiatzak 28, larunbata, goizeko 11:00etan hasita 3. Kultur aniztasunaren jaia ospatuko da Orioko plazan. Aurten bederatzi postu izango dira: Senegal, Mexiko, Ekuador, Portugal-Nikaragua, Sahara (haima), Euskal-Bahía (Brasil), Kuba, Honduras eta Maroko.

Musikak eta dantzak izango dute ekitaldien pisu handiena, eta goizeko 11:00etan hasi eta gaueko 23:00 inguru arte iraungo du jaiak. Manifestua iluntzeko 20:00etan irakurriko da.

Herrialde bakoitzak bere gastronomiako produktuak jarriko ditu beste behin jendeak proba ditzan, eta razio bakoitza euro baten truke erosi ahal izango da.

Trafikoan ere aldaketak izango direla adierazi du Udaltzaingoak goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00etara:

  • Herriko Plaza oinezkoentzat ipiniko da.
  • Herrira sarrera Moilatik ipiniko da.
  • Oriotik irten nahi dutenek txanka hondartza bidea erabili beharko dute.

Besterik gabe, herrian ditugun kulturak ezagutzeko aukera ona dugu oriotarrok bihar.

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | jaiak, kultura


Mai
13
10:16

Deustualdea (Bilbo): Fertxu Izquierdo irakurlearen txokoan

Aurtengo bigarren Irakurle txokoaren solasaldia ukan dugu gaurkoan eta oraingo honetan Fertxu Izquierdo, Txantreako idazlearen Mendeko borroka izenburua duen liburuarekin egokitu zaigu.

P5110333
Bere bigarren argitalpen haundia, (liburu formatoan esan nahi da) dugu hau eta "berunezko garaian" kokatuta dago, joan den mendeko 70 hamarraldian. Gori gorian zegoen giroa Erroma zerutiar eternale hartan; alde batetik Avanguardia Nazionaleko fazistak eta estatu kolpe ideia senpiternoak eta beste aldetik Lotta Operaia partisano berrien erresistenteak eta askatasunaren egarridunak. Aldi berean pelikula berezi baten errodajea. Aktoreak Nora Miao eta Bruce Lee eta Chuck Norris aurrez aurre. Erdian ikusle moduan edo "il popolo di Roma".

Liburuak denetarik du osagai bezala: italiar gastronomiari eta kantagintzari keinu zabala, gertaera serioak eta larriak; batzuentzat eleberri beltza, akzio eleberria, historikoa eta azkenik fantastikoa ere bai. Zer gehiago kontakizun fresko eta maisutasunez egindako izateaz aparte.

P5110331
Benetan zorionak idazle honentzat eta gonbitea luzatu egin zitzaionari. Asmatu egin du berriro ere. Hurrengoan elkar ikusiko dugulakoan. Ez adiorik.

Berbaizu Euskara Elkartearen bloga | berbaizu, deustu, fertxu_fernandez, irakurle_txokoa, kultura, mendeko_borroka | ( Komentarioak )


Api
17
8:44

Orio - Aia: Euskalakari goiztiarrak bildu dira Korrikan

Gutxienez beste bi urtez itxaron beharko dugu Korrika Orioko kaleetan ikusteko

Goizeko bostetarako bildu da oriotar talde bat Zudugaraiko gainean, Korrika 17. zain, Oriori dagokion lehen kilometroa egiteko. Minutu batzuk berandu iritsi da euskararen aldeko oihua Zarauztik. Talde ederra abiatu da aldapan behera, musika doinuei segika. Herrira hurbildu ahala gehitu zaizkio korrikazaleakI AEKren furgoneta atzean zihoazen euskalzaleei; jende dezente goizeko ordu txikiak izateko. 

Testigua eskuz esku

Orioko Herri Ikastolak, EAJk, Orioko Arraun Elkarteak, Orioko Herri Ikastolako langileek, Zaragueta Herri Eskolak, Ezker Abertzaleak eta Orioko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Udalak, Karkarak eta Kofradiak, Herriok eta Goiko Kaleko Festa Batzordeak, Txurrumuskik eta Harribilek eta Orioko surflariek eraman dute aurtengoan testigua. Bestalde, korrikalagun egin da Arkupe ostalari eta merkatarien elkartea, ekimena diruz laguntzeko.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kultura


Api
05
10:15

Orio - Aia: Dinamizatzailea egunero izango da KZgunean

Apirilean hainbat ikastaro eskainiko dituzte

Orain arte bi astean behin etortzen bazen ere, Orioko Udalak Eusko Jaurlaritzarekin egindako akordio bati esker, Orioko Kzguneak hemendik aurrera dinamizatzaile bat izango du lau orduz egunero herritarren eskaerei aurre egiteko.

Edozein kontsulta egiteko pertsona bat izango da kultur etxeko KZgunean, apirilean 16:00etatik 20:00etara.

Zalantzak argitzeaz gain, ikastaroak ere izango dira KZgunean. Abian da Internet+e-administrazioa ikastaroa eta bi orduko honako ikastaroak egiteko eskaintza izango da aurrerantzean:

  • Jaycut: Bideoak sortzeko ikastaroa. Apirilaren 18an, 16:00etatik 18:00etara.

  • Youtube: Bideoak bilatzen eta sareratzen ikasteko ikastaroa. Apirilaren 19an, 16:00etatik 18:00etara.

  • Skype: Deiak eta bideodeiak dohainik egiteko programa. Apirilaren 26an, 16:00etatik 18:00etara.

  • Zuhaitz genealogikoa: Zuhaitz genealogikoak sortzeko programa. Apirilaren 27an, 16:00etatik 18:00etara.

  • Softonik: Programak dohainik jaisteko ikastaroa. Apirilaren 28an, 16:00etatik 18:00etara.

  • Picknik: Argazkiak editatzeko, efektu bereziak jartzeko… programa. Apirilaren 29an, 16:00etatik 18:00etara.

Metaposta

Interneteko postontzia eta kutxa gotorra da metaposta. Han Internet bidezko postontzi elektronikoaren zerbitzu baten bidez jasotako interes pertsonaleko dokumentuak biltzen dira. Ohiko posta bateratzailea da eta mundu elektronikoan posta tradizionalaren zeregin berbera du. Horri, Internet bidezko postontzia eta kutxa gotorra funtzioak gehitzen zaizkio, legezko balio frogagarriaz hornituta. Sistema horretara atxikitako igorlearen (bankua, administrazio publikoa, telekomunikazio-operadorea…) eta erabiltzailearen (herritarra, enpresa) artean konfiantzazko bitartekari gisa jarduten du. Apiriletik hasita Metaposta kontu bat eskatzeko aukera izango da KZgunean. Tramitazio ordutegia 18:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kultura


Mar
31
12:36

Orio - Aia: Beste 80 gonbita jarriko dira eskuragarri 'Baginaren bakarrizketak' ikusteko

Kultur etxea txiki geratuta, Orioko Herri Ikastolako aretoan eskainiko da antzezlana

Begoña Bilbaok zuzendutako eta Aitziber Garmendiak eta Ainhoa Garaik antzeztutako Baginaren bakarrizketak lana ikusi eta entzuteko herritarren eskura jarritako 140 gonbita egun batetik bestera, azkar batean, eraman ditu jendeak Orioko Herri Ikastolako idazkaritzatik eta Orioko Kultur Etxetik. Eskaera ikusita, antzezlana kultur etxetik Ikastolako aretora eramatea erabaki du Udalak azken momentuan. Ondorioz, beste 80 gonbita jarriko dituzte eskuragarri gaur arratsaldean bertan: 40 kultur etxean eta beste horrenbeste Ikastolako idazkaritzan.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kultura


Mar
31
8:14

Orio - Aia: Ardo dastaketa ikastaroa antolatu du Toki Alai elkarteak

Apirilaren 1ean, ostiralean, izango da saioa Mikel Garaizabal enologoarekin

Ikastaroak antolatu eta antolatu dabil azkenaldian Toki Alai elkartea. Ardo dastaketari buruzkoa izango da oraingoz azkena, apirilaren 1erako jarritakoa. Mikel Garaizabal enologoak emango du ikastaroa, 15 euroren truke. Eta ardoaz gozatzeko oinarrizko aholkuez gain, Garaizabalek berak ardoei buruz egindako liburu bana oparituko zaio parte hartzaile bakoitzari.

Interesa duenak 943 89 07 89 telefono zenbakian eman beharko du izena.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kultura