Gaia: musika

Urt
09
11:56

Orio - Aia: Musika hezkuntza goiztiarreko ikastaroa Zaraguetan

Otsailetik ekainera izango dira saioak, larunbat goizetan

Datorren otsailean Musika hezkuntza goiztiarra ikastaroa martxan jarri nahi du Zaragueta eskolak, 2010ean jaiotako haurrentzat eta haien gurasoentzat.

Ikastaro honetan, musikaren alderdi ludiko, terapeutiko eta emozionalez baliatuko dira haurrentzat onurak lortu asmoz. Hala, baliabideak emango dizkiete bere sentimenduez ohartzeko. Sormena landuko dute eta norberaren nortasun bakarra potentziatzen saiatuko dira, beste lagun guztiak errespetatuz, beti ere. Haurrak eta gurasoak, eguneroko zereginetatik at, espazio ederra izango dute elkar gozatu ahal izateko, ingurune apropos batean esan dute eskolako antolatzaileek.

Ikastaroa, Nerea Goikoetxeak emango du, musiko tarapeuta da, Azkoitiko Bizkargi Udal Musika Eskolan piano eta musika hezkuntza goiztiarreko (0-2 urte) irakaslea izateaz gain. Ikastaroko saioak ordu betekoak izango dira, otsailetik ekainera, larunbat goizetan, 10:00etan hasita. Talde bakoitzean 10 haur hartuko dira, gehienez.

Izena eskolan eman daiteke, urtarrilaren 9tik 20ra. Telefonoz egin nahi izanez gero, zenbaki honetara deitu beharko da: 943 894052. Hilean 20€ko kuota ordaindu beharko da.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | hezkuntza, ikastaroa, musika


Abe
26
9:12

Orio - Aia: Anje Duhalderen kontzertua izango da abenduaren 30ean

Sarrerak salgai jarri dituzte dagoenerako

Anje Duhalde abeslari lapurtarraren kontzertua izango da ostiral honetan, abenduaren 30ean, gaueko 22:30ean, Karela kiroldegian.

Kontzertua Orioko Udalak antolatu du eta, gastuei aurre egiteko, 5 euroko sarrera ordaindu beharko da. Sarrerak, salgai daude Gabon tabernan, Lore eta Uranga burdindegietan eta Karela kiroldegian bertan. Baita www.barrabarra.eu atarian ere.

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | musika


Abe
01
9:16

Orio - Aia: Txapelik gabe itzuli dira herriko musikariak

Ander Beldarrainek, Giranicek, Eli Huegunek eta Olatz Lizaso eta Intza Unanuek finalak jokatu zituzten azaroaren 26 eta 27an

Asteburuan hiru txapelketetako finaletan izan ziren Orioko hainbat musikari. Giranice taldea izan zen goiztiarrena, larunbatean, azaroaren 26an, jokatu zuten Bilbo Hiria lehiaketako finala. Ander Beldarrain Zaldibarren izan zen 21. Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketan, Eider Iraola panderoarekin lagun zuela, azaroaren 27an, igandean. Olatz Lizaso eta Intza Unanue ere igandean lehiatu ziren Gipuzkoako kantu txapelketako finalean, Donostiako Antzoki Zaharrean, Julen Alonsok pianoarekin beren kantuari doinua jartzen alboan zutelarik. Eli Huegunek txapelketa berean hartu zuen parte baina bakarlari bezala.

Giranice hirugarren izan zen finalean eta finala ikusten izan ziren herritarrak ez ziren gustura geratu epaiarekin. The free fall band Bartzelonako taldeak irabazi zuen lehiaketa, baina oriotarrak gustura daude egindakoarekin, halako lehiaketa batean ez baita erraza finalera iristea.

Ander Beldarrain txapeldunorde izan zen Zaldibarren eta oso gustura zen lortutako emaitzarekin. Urtetik urtera gora egiten ari da trikitilaria eta panderoa jotzen lagun izan zuen Eider Iraolak hirugarren urtez jarraian pandero-jole onenaren saria irabazi zuen.

Eli Huegun bakarlari bezala aritu zen Gipuzkoako kantu txapelketan eta ez zuen aipamen berezirik jaso. Halakorik jaso zuten Olatz Lizaso eta Intza Unanuek ordea. Bigarren izan ziren bikoteka, Julen Alonsok pianoan lagunduta. Txapelketako finala jokatu aurretik faboritoa zen bikotea izan zuten aurretik, nahiz eta diferentzia nabarmenik ez izan kantatzerako garaian.

Giranicen kontzertuaren bideoa eta Olatz Lizaso eta Intza Unanuek kantatu zuten unekoa aurkitu ditugu sarean eta hemen jartzen ditugu zuek ikusi ahal izateko:

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | musika


Aza
23
14:06

Orio - Aia: Ander Beldarrain trikitilaria animatzera joateko autobusa jarri du Udalak

Igandean Zaldibarren izango den Euskal Herriko trikitilari txapelketan arituko da

Igandean Zaldibarrera joateko autobusa antolatu du Udalak. Izan ere, Euskal Herriko Trikitilari Txapelketako finala jokatuko du han Ander Beldarrainek. , Arraunlariak edota Eneko Galarraga pilotaria animatzera joateko autobusak jarri izan ditu aurrez eta izan duten harrera ikusita, oraingoan ere gauza bera egitea pentsatu dute.

Autobusa igandean, azaroaren 27an, 15:30ean irtengo da autobus geltokitik eta Ander Beldarrain trikitilaria animatzera joan nahi dutenek Loretxu tabernan eman beharko dute izena. 55 eserlekuko autobusa da eta izena ematen duten lehen 55 lagunek izango dute lehentasuna.

Finalistak 18:00etatik aurrera arituko dira Zaldibarren lehian, eta herritarrek aukera izango dute Beldarrain animatzeko. Udalak modu honetan eskertu nahi izan dio Beldarraini herriko festa eta jaialdietan giroa alaitzen emandako laguntza.

Kantu txapelketa

Bestalde, egun eta ordu berean, Donostiako Antzoki Zaharrean, Gipuzkoako XV. kantu txapelketako finala jokatuko da. Han izango dira lehian Intza Unanue eta Olatz Lizaso oriotarrak  Zuk gora naramazu abestiarekin. Kantu berria da R. Lovland eta Olatz Zugastirena. Finalean izango da, baita ere,  Eli Huegun aiarra Katamaloren Betazalak erauztean abestiarekin.

Euskal Kantuzaleen Elkarteak urtero antolatzen du Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketa eta parte-hartzaileek kanta ezagunak eta sorkuntza-lanak aurkeztu ohi dituzte. Azken horiei merezi duten garrantzia emateko, egitasmo berria jarri zuen martxan elkarteak 2008an: txapelketan aurkeztutako sorkuntza-lan guztiekin eta saridunekin diskoa grabatzea. Aurtengo diskoa kalean da eta tartean Orioko Olaxka taldearen doinuak entzun ahal izango dira.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | musika


Aza
18
9:53

Orio - Aia: Giranice taldea Bilbo Hiria txapelketako finalera

Azaroaren 26an izango da finala

Diskoa atera berritan da taldea. Momentu gozoak ari dira bizitzen hainbeste denboran egindako lanak bere fruitua ematen ari dela ikusita. Ez da nolanahiko txapelketa Bilbo Hiria delako, atzerritik talde asko etortzen baita.

Post-rock estiloan kokatzen da talde oriotarra eta pop-rock mailan lehiatuko dira datorren azaroaren 26an, Bilboko Bilborock aretoan izango den finalean. Taldekideak oso gustura daude lortutako emaitzarekin eta hemendik aurrerakoa saritzat dute. The Free Fall Band –Bartzelona)– eta Dr. Maha's Miracle Tonic –Bizkaia– izango dituzte lehiakide finalean.

Musika instrumentala da, abestiren batean zatitxoren bat kantatzen duten arren. Gaztea irratiko B-aldea saiora ere gonbidatu zituzten oriotarrak. Musika berezia egiten dute, gurean ohituta gaudenetik ezberdina, gutxitan egiten den bezala.

B-aldea saioko audioa:

Hona hemen finalisten aurkezpen bideoa:


Hemen Giranice taldeak Bilbo Hiriako finalerdian eman zuen kontzertua:

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | musika


Aza
15
9:04

Orio - Aia: Santa Zezilia eguna ospatuko dute musika eskolakoek ostegunean

Kalejira eta kontzertua izango dira

Azaroaren 22an musikarien zaindari den Santa Zezilia Eguna izanik, Danbolin musika eskolako ikasleek, azaroaren 17an, ostegunean, ospakizuna egingo dute. 17:00etan Orioko kaleetan zehar kalejira izango da eta ondoren, 18:30ean, kultur etxean, kontzertua.

Kalejiran, musika eskolako txistulariek eta trikitilariek herria girotuko dute eta jendea batetik bestera eraman musika doinuz. Izan ere, herriko hainbat txokotan beste musikari batzuk entzuteko aukera izango da. Kultur etxe atzeko plazan hasiko dira emanaldiak eta han  piano-joleak arituko dira; segidan, Baxoaldeko parkeraino joan eta  han esku-soinujoleak egongo dira; Ikastolako pergola, biolin eta gitarra soinuek hartuko dute; eta azkenik, herriko plazan, bandaren musika piezekin amaituko da kalejira.

18:30eko kontzertuan berriz, txistua, esku-soinua, biolina, pianoa, klarinetea, flauta eta saxoa entzun ahal izango dira eta musika mintzairako ikasleek abestuz hartuko dute parte. Kontzertua amaitu ondoren, 2010-11 ikasturtean 1., 2. eta 3. maila bukatu zuten ikasleei diplomak banatuko dizkiete.

 

 

 

 

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | musika


Aza
11
8:31

Orio - Aia: Garikoitz Mendizabal eta Xabier Zabalaren emanaldia izango da ostiralean

Hainbat txistu mota erabiliko ditu Mendizabalek Zabalaren teklatu, eskusoinu eta programazioak lagun

Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Xabier Zabala musika ekoizleak kontzertua eskainiko dute, ostiralean, azaroaren 11n, 18:00etan, kultur etxean. Mendizabalek txistua, silboteak eta txirulak joko ditu, eta Zabalak teklatua eta eskusoinuaz gain programatutako doinuak ere erabiliko ditu.

Bihurrikeritan diskoko txistu bakarlarientzako doinuak eta eta Xabier Zabalaren hainbat doinu berri uztartuko dituzte Txistu birtuosoa eta sentimenduak bat eginik. Betiko eta betirako izendatu duten ikuskizunean. Aspalditik datozkigun doinu birtuoso eta bihurriak tankera lasaiagoa duten beste batzuekin entzuteko aukera izango da.

Tradizioa eta etorkizunak bat egingo dute emanaldi horretan. Txistuaren bilakaera mugatu duen tradizio horretatik abiatuta, gaurkotasun kutsua eman nahi izan diogu. Beraz, betiko txistua eta bide berriak proposatzen dizkizuegu, diote musikariek ikuskizuna aurkezterakoan. Ordubete pasako emanaldian, bide batez, lortu nahi duten helburuetako bat da txistuarekin nostalgia, itxaropena, tristura eta alaitasuna bezalako sentimenduak kanporatzea.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | musika


Aza
09
9:50

Orio - Aia: Benito Lertxundiren kontzertua izango da azaroaren 25ean

Ikastolaren 40. urteurrena ospatzeko egingo diren ekitaldietan lehena izango da

Orain dela 2 urte egin zuen bezala, Orioko Herri Ikastolak Benito Lertxundiren kontzertua antolatu du. Kontzertua azaroaren 25ean, ostirala, gaueko 22:30ean izango da Karela kiroldegian.

Sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko Karela Kiroldegian, Lore eta Uranga burdindegietan, turismo bulegoan, Ikastolan bertan eta www.barrabarra.eu orrialdean eta kontzertuaren egunera arte egongo dira salgai 18 eurotan.

Kontzertua ikastolaren 40. urteurrena ospatzeko egingo diren ekintzen barruan aurrenekoa izango da.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | musika


Aza
03
14:29

Orio - Aia: Gaztearen lipdub lehiaketan Danbolin musika eskola

Urriaren 29an grabatu zuten bideoa oriotarrek

Ander Errastik zuzenduta, Gaztea irratiko lipdub lehiaketan hartu du parte Orioko Danbolin musika eskolak. Larunbatean, urriaren 29an, grabatu zuten bideoa eta azaroaren 1erako sarean zen zintzilik.

Musika eskolako ikasleek hartu dute parte grabaketan, musika eskolaren 25. urteurrena ardatz duen lipdubean. Go!azen EiTBren pelikula musikaleko Amets bat Alaitz eta Maiderren kantuaren bertsioa aukeratu dute bideoa egiteko.

Azaroaren 25ean jakingo da lehiaketako irabazlea, eta beraz nork irabaziko dituen jokoan dauden 3000 euroak. Bideoen artean botaketa bat egingo da www.eitb.com/eu/gaztea atarian. Botaketa horrek 3 fase izango ditu:

Azaroaren 4tik 13ra: Lehenengo botaketa egingo da. Epaimahaiak hautatutako 20 bideoen artean eman ahal izango da botoa.

Azaroaren 14tik 20ra: Boto gehien dituzten 10 LipDubak hurrengo fasera igaroko dira.

Azaroaren 21etik 24ra: Boto gehien dituzten 5 LipDubak finalera pasako dira.

Fase bakoitzaren hasieran botoak 0n jarriko dira, berriz ere botatzen hasi ahal izateko.

Gainera, gustuko bideoaren alde botoa emateko beste modu bat izango da: www.eitb.com/eu/gaztea atarian bideoa osorik ikustea. Izango dituen 10 ikustaldiko boto bat gehiago izango du bideo bakoitzak. Ikustaldiak Nielsen etxeak emandako datuen arabera egiaztatuko eta kontabilizatuko dira.

Hemen bideoa ikusgai:

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | musika


Ira
20
8:56

Orio - Aia: Ostegunean kaleratuko du diskoa Giranice taldeak

Edizio digitala dagoeneko sarean dago eskuragarri

Giranice talde oriotarrak izen bereko diskoa kaleratuko du ostegun honetan, irailaren 22an. Udaberrian estudioan grabatzen egon eta gero, nahasketak egin eta editatzeko pausua eman dute udazkenean sartzera goazen honetan.

Gainera, Bilbo Hiria musika lehiaketa ezagunerako sailkatu ziren, eta ostegunean bertan, iluntzeko 20:00etan, Bilborock aretoan arituko dira lehiatzen.

Diskoa berek editatu dute eta ekoizpenaren kostuak ere bere gain hartu dituzte. Sarean zintzilikatu dute dagoeneko edizio digitala eta jaisteko aukera dago hemen klik eginda. Beren Facebookeko orrialdean ere entzun daiteke disko osoa.

Azkenik, ostiralean, hilaren 23an, Lasarteko Jalgi kafe antzokian joko dute gaueko 23:00etan eta sarrera doan izango da.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kultura, musika


Ira
15
15:33

Orio - Aia: Olatz Zugastik abesti berria zintzilikatu du sarean

Julen Alonso, Intza Unanue eta Iker Urdangarin izan ditu alboan kanta egiterakoan

Sorginkerian galdu kantua egin eta grabatzearen ideia Olatz Zugastirena izan bada ere, ahotsa Olaxka taldeko partaide izandako Intza Unanuerena izan da. Olatzek esan digunez, azken ikasturtean Olaxka taldearentzat egin nuen kantua da hau, eta orain artean beti grabatu izan dugu egindako lana, oraingoan ez zen egin, taldea bertan behera geratu delako, eta orduan udan Intza Unanueri eskatu nion graba zezan eta berak sartu ditu entzuten diren ahots guztiak, bakarlariarena eta koroenak.

Kantuaren doinua herrikoia da izatez, baina Olatzek berak konponketa batzuk egin dizkio hitzak gehitzeaz gain. Neska gazte bat San Juan gauaz, urteko gaurik laburrenaz, gozatzeko ari da prestatzen istorioan, ametsak bere buruan… aipatu du Olatzek hitzein inguruan. Ez dut inongo diskotan sartu, etxean musika grabatu, irudi batzuk jarri, Goiuri Unanueren laguntzaz eta zintzilikatzea pentsatu dugu.

Julen Alonsok eta Iker Urdangarinek jo dituzte abestiko instrumentu bakarrak. Jarraitzeko asmorik ez badu ere, mesedez eskatu nion eskusoinua sar zezan Juleni, beti bezala plazer izan da hauekin lan egitea eta azkenik Iker Urdangarek ijito-kaxa sartu du. Horretaz gain programazioekin osatuta dago kantua, teklatuak eta oinarri erritimiko bat erabilita.

Irudiak bideoko protagonistaren, Intza Unanueren, etxean daude grabatuta orokorrean. Goiuri eta Marisaren lana eskertzekoa izan da, orain artean egin ditugun diskoetan bezala gaineratu du Olatz Zugastik.

Bideoak 260 inguru bisita izan ditu zintzilikaturik daramatzan bi egunetan. Honatx ikusteko aukera:

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kultura, musika


Eka
17
14:04

Orio - Aia: Musika eskolaren kontzertu berezia bihar

25 urte bete dituztela ospatzeko, emanaldi berezia egingo dute herriko taldeekin batera Bihar, ekainaren 18a, larunbata, gaueko 22:00etan, Danbolin Musika Eskolak kontzertu berezia emango du Karela kiroldegian. Bertan, instrumentu ezberdinez osatutako taldeek– txistu taldea, trikitixa eta pandero taldea, pianoa, soka taldea, esku-soinu taldea eta banda.– jotako kantak abestuko dituzte herriko beste hainbat taldek.

Ikasleez gain, ikasle ohiek ere parte hartuko dute.

Parte hartuko dutenak honakoak dira kantuko ikasleekin batera: Salatxo, Errikotxia, Heldu, Arkupe, Ostargi, Egunsentia, Arraun taldea, Surf taldea, Gaztetxea, Auzoko, Saskibaloi taldea, Futbol taldea, Sofbol taldea, Harribil, Txurrumuski, Gaztelekua, Talai-mendi, Herrio natur taldea eta Karkara.

Lan asko egin dute aurrez biharkoa ondo irteteko asmoz. Bihar izango da herriari lana erakusteko hitzordua.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | kultura, musika


Eka
01
8:34

Orio - Aia: Mandalara astea hasiko da gaur

Ekainaren 1ean hasi eta ekainaren 5a arte iraungo du

Gaur, ekainaren 1a, asteazkena, Mandalara asteari hasiera emango zaio Orioko Mandalara elkarteak antolatuta beste behin. Lehen hitzaldia, gaur bertan izango da, Alex Arellanoren eskutik, Energía y sanación más allá de la mirada izenekoa. Lehen hiru emanaldiak, 19:00etan eta Kultur Etxean izango dira.

Bihar, ekainaren 2a, osteguna, izango da bigarren hitzaldia. Agustina Herrero astrologia irakasleak La luna a través del horóscopo izeneko solasaldia gidatuko du. Hurrengo egunean, ostiralean, ekainaren 3an, Ahava taldearen eskutik Erdi Aroko musika mistikoa joaz kontzertua emango dute. Hiru ekitaldiak doan izango dira.

Azken hitzaldia ekainaren 5ean, igandea, arratsaldeko 18:00etan hasita izango da. Mikel Lizarralde mediumak Vida después de la vida izeneko solasaldia emango du ikastolako areto berrian. Saio hau ikusteko ez da sarrerarik geratzen, eta Mandalara taldekoek beren atsekabea helarazi nahi die bertan izan nahi baina ezingo duten guztiei.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | hitzaldia, musika


Urt
14
8:37

Orio - Aia: Nevermind Trio Kalakarin

Kontzertu akustikoa eskainiko du taldeak gaur, urtarrilaren 14an

Nevermind Trio taldea aukeratu du Orioko Kalakari tabernak 2011ko kultur urtea hasteko. Talde hau bera gonbidatu zuten abenduan, baina musikari baten osasun arazoak medio, azken orduan ezin izan zen kontzertua egin. Bigarren aukera  eman diete Kalakarik hil honetarako eta taldekideek gustura onartuta, gaur, urtarrilaren 14an, ostiralarekin, eskainiko dute kontzertua.Gaueko 22:30ean hasiko da emanaldia eta ohi bezala, doan izango da sarrera.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | musika


Ira
01
7:42

Orio - Aia: Kontzertu akustikoa eskainiko du Sorkunek Kalakari tabernan

Ostiralean izango da emanaldia, 20:30ean hasita

Irailaren 3an, ostiralarekin, udako programazioaren baitako azken emanaldia eskainiko du Orioko Kalakari tabernak. Sorkun artista sonatuaren txanda izango da oraingo honetan. Iluntzeko 20:30ean hasita, kontzertu akustikoa eskainiko du bakarlari errenteriarrak.

Aurtengo udan Kalakarin ematen den hirugarren emanaldia izango da ostiralekoa. Azkaiter Pelox eta Road Bandek diskoa grabatzeko aprobetxatu zuen lehen saioa. Zarauzko Epelde anaien eskutik izan zen bigarren emanaldi berezia: poesia errezitaldiarekin komun bihurtu zuten Kalakari.

Antolatzaileen arabera, udazkenean indarberrituta itzultzeko ilusioz, ez dute urrira arte bestelako ikuskizunik antolatuko.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | musika


Mai
24
11:48

Orio - Aia: Gozategiren aurrerapen abestia karkara.com-en

Diskoa ekainaren erdirako kalean izatea espero dute

Une honetatik aurrera, Gozategi taldearen disko berriaren aurrerapen abestia entzungai dago karkara.com atarian –entzuteko klikatu hemen–. Diskoa, berriz, ekaina erdirako salgai izatea espero da.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | musika


Mai
13
11:23

Orio - Aia: Ostiralean, Petti eta Joseba Irazoki Txalupan

Kontzertua 22:30ean hasiko da eta 5 euro balioko du sarrerak

Bihar ostiralean, maiatzaren 14an, Petti eta Joseba Irazoki beratarren emanaldiak izango ditugu Txalupa musika antzokian.

Existentzialismotik zirrara sortarazten duten kantuen sortzailea da Petti. Eraginez hitz egitekotan Billy Bragg, Tim Buckley edo Nick Drake aipatu behar dira, Nick Cave edo Tom Waitsen ondoan. Ezin zaio aurkitu Euskal Herriko kantautoreekiko antzekotasunik, gure eszenan bakarra baita bai kantatzeko modu ilun eta trinkoan zein gitarra zarrastatzeko moduan –http://www.myspace.com/pettibasque–.

Joseba Irazoki, berriz, Athom Rumba, Rafa Rueda, On Benito, Mikel Erentxun eta beste talde askotan kolaborazioak eginda ere, musika propioa egiteko astia eta gogoa geratzen zaion sortzaile bikaina da. Felix Buff bateria-jotzaileak lagunduko dio ostiraleko kontzertuan, lan berria aurkezteko –http://www.myspace.com/josebairazoki–.

Kontzertua 22:30ean hasiko da eta 5 euro balioko du sarrerak.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | musika


Mai
13
7:24

Orio - Aia: Gozategik disko berria kaleratuko du ekainean

Salatxo abesbatzaren laguntza izan du taldeak abesti batean

Egun hauetan, hurrengo diskoaren grabaketa ari da bukatzen Gozategi taldea eta singlea maiatzeko azken egunetan egongo da entzungai. Diskoa, berriz, ekainaren erdialderako kalean izatea espero da.

Lau urte daramatza Gozategik diskorik argitaratu gabe, zuzeneko emanaldietan aritu dira orain arte jo eta ke, eta disko berri honekin udako jai giroa alaitzeko asmoz datoz, taldeak ezaugarri duen abesti festazaleekin. Gainera, Salatxo abesbatzaren laguntza izan dute grabaturiko abesti batean.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | musika


Mai
07
11:33

Orio - Aia: 2. Bertsio Gaua gaur Txalupan

OKK gazte asanbladak antolatu du ekitaldia eta etekina 3. Gazte Festetarako bideratuko da

Gaur, maiatzaren 7an, ostiralarekin, 2. Bertsio Gaua izango da Txalupa musika antzokian. 22:30ean hasiko da OKK gazte asanbladak antolatutako ekitaldia eta herriko musikariez osatutako 4 talde arituko dira, azken unean gehiago animatzen ez badira. Iz 10 talde aritu ziren eta aurten ere horrenbeste espero genituen, baina Kosta Tailerra berritzen egotean Orioko taldeak geldirik egon direnez, ez da inor animatu. Eskerrak herriko musikari ausart batzuk bildu diren gau honetarako taldeak osatzeko, adierazi digute asanbladakoek. Kontzertuen ondoren, Orioko Dj Illarras arituko da.

Txalupa musika antzokian antolatzen diren kontzertuetan 5 euro ordaindu behar izaten dira normalean, baina oraingoan borondatea eskatuko dute asanbladako gazteek eta etekina Orioko 3. Gazte Festetarako izango dela azaldu dute.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | musika


Mai
06
12:33

Orio - Aia: Banden topaketan izango da Danbolin musika eskola

Donostiako Konstituzio plazan izango da emanaldia, maiatzaren 8an

Gipuzkoako banden 1. topaketan izango dira Danbolin musika eskolako 17 ikasle, etzi, maiatzaren 8an. Donostiako Konstituzio plazan eskainiko dute emanaldia, 19:30ean hasita eta Olaia Askasibar zuzendariaren esanetara arituko dira oriotarrak. Ordubete inguruko iraupena izango du saioak eta entsegu orokorra ere egingo dute 17:30ean.

Gipuzkoako 9 musika eskoletako 435 ikaslek hartuko dute parte, bi bandetan banatuta; 16 urterainoko ikasleekin bata eta 16 urtetik gorakoekin bigarrena. Gazteek osatutako bandan, Copacabana, American Pie eta Santa a Portrait bandak arituko dira; Clockwise, Cool Dude, Dover patrol march, Tijuana trumpets eta Whirlwind taldeekin batera arituko dira Danbolin Musika Eskolako kideak bigarren bandan.

Musika eskolako Elena Errasti zuzendariaren arabera, ikasleentzat esperientzia polita izateaz gain, pedagogikoki aberatsa da, musika eskola guztietan ez dagoelako instrumentu denak batera jotzeko banda batean adina aukera.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | musika