Zumaia: Patxi Saizek bere azken diskoa aurkeztuko du gaur Aita Marin
Patxi Saizek euskal kantu tradizionalean eta kantautoreen tradizioan oinarritzen den hamaika kantuz osatutako Itxaropena izeneko disko berria eskainiko du gaur Aita Marin egingo duen aurkezpen emanaldian (22:00etan). Hemen entzun dezakezue kantetako bat.
Patxi Saizen ahotsa eta gitarra dira oinarri kantu guztietan, ahotsaren esentzia izanik ardatz nagusiena; hain zuzen ere, bi ahotsetan diren abestietan nabariagoa da esentzia hori bere gordintasunean. Kantautore izaera oinarri izanik, diskoa instrumentazio ezberdinez jantzita azaltzen zaigu: pianoa, akordeoia, biolina, oboea, armonika, baxua eta perkusio ezberdinak.
Kantuen hitz gehientsuenak Patxi Saizenak badira ere, beste autore batzuen hitzak ere erabili ditu, besteak beste, Ernest Arranbide, Luis M. Lauzirika Txili, Inazio Eizmendi Basarri eta Telesforo Monzonenak.
Bere kantuetan herrimina, espetxea, amodioa, barne hausnarketa… dira jorratzen diren gaiak eta, bereziki, itxaropena izanik, oro har, aterabide nagusia. Auto-ekoizpena den disko hau, Musikorta eta Noizbehinka estudioetan grabatua eta nahastua izan da 2010 urtean zehar.
PARTAIDEAK
Patxi Saiz: ahotsa gitarra eta baxua.
J.Luis Aranburu: akordeoia eta teklatua.
Xabier Azkarate: perkusioa
Josu Salegi: oboea
Amaia Aranaga: biolina







