Gaia: politika

Urt
31
10:18

Orio - Aia: Aurrekontuen onarpena atzeratu egin zen udalbatzarrean

Orainek hala eskatuta, aldeko 7 botorekin eta 6 abstentziorekin onartu zen proposamena

Atzo, urtarrilaren 30a, iluntzeko 20:00etan, ez-ohiko udalbatzarra egin zen Orioko udaletxean. Alkateak azaldu bezala, batzordeen bilerak-eta izan zituztelako, ostegunetik astelehenera pasa zuten plenoa.

Gai zerrendaren ordena aldatu zuten lehenik eta behin, 8. puntuan EAJ talde politikoak lapurtutako haurren ustezko sarea dela-eta sustatutako Orioko Udalaren Adierazpen Instituzionala zegoen, baina bertaratutako batzuen eskariz, lehenengo puntua izatera pasa zen.

Horrez gain, Orain taldeak, 3. eta 4. puntuak mahai gainean uzteko eskaera egin zuen. Bozketa egin zuten eta Bildu eta Orainen baiezko botoekin eta EAJren abstentzioarekin, aldeko 7 boto jasota mahai gainean geratu ziren bi puntu horiek. Gauzak horrela, 2012rako aurrekontuak oraindik onartu gabe geratu ziren, baita 2012rako langileen zerrenda organikoa eta lanpostuen zerrenda ere.

Onartu ez zen puntu bakarra, Orioko Udalak Azkoitia, Zarautz, Urretxu, Errenteria eta Ormaiztegiko udalekin, Kutxaren gobernu organoak aukeratzeko taldea osatzearena izan zen. EAJk ezezko 6 boto eman zituen, Bilduk aldeko 5 eta Orain abstenitu egin zen.

Gainontzeko puntu guztiak onartu ziren. Arraun teknifikazio zentroaren puntuak eztabaida asko sortu zuen eta Bildu eta Orainek proiektuaren aldaketa onartu zuten eta EAJk ezezko botoa eman zuen. Bildu talde politikoak , Kutxabankeko Kontseilari Nagusiak izendatzeari buruz aurkeztutako mozioak ere eztabaida sortu zuen, baina Bildu eta Orainen aldeko botoekin onartua izan zen.

Azkenik, Jokin Izagirre, Orain taldeko zinegotziak, bere karguari uko egin zion. Zerrendan hurrengoa zen Mikel Aranzabalek ere, lan kontuak bitarteko, uko egin zion zegokion karguari eta, ondorioz, Joxe Angel Iparragirrek hartuko du Jokin Izagirrek utzitako kargua. Beñat Solaberrieta alkateak bere esker ona adierazi zion Jokin Izagirreri Udalean egindako lanagatik.

Eskari-galderen tartean eztabaida sakona izan zen EAJk kaleratutako idatzi baten ondorioz.

Hori eta gainontzekoa entzun ahal izateko, azpian duzue aukera –lehen minutu eta erdian ez dago hitzik, alkateak plenoari hasiera eman arte–.

Deskargatu

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | politika, udaleko kontuak


Abe
27
17:07

Orio - Aia: Bilduk 2012rako aurrekontu proposamena aurkeztu zuen

Herritarrek ere ekarpenak egiteko tartea izango dute

Aurreko asteazkenean, abenduaren 21ean, Kultur Etxean egin zuen 2012rako aurrekontuen proposamenaren aurkezpena Orioko Bilduk.

Kapituluz kapitulu gastuen zenbatekoa eta nolakotasuna aipatu zituzten lehenik, sarreren zenbatekoa ondoren eta, gero, herritarrei eman zieten hitza.

Gastuen atala da gehien eragiten diguna, ordenantza fiskaletan sarreren herritarron ekarpenaren zenbatekoa eman baitzuten.

Beñat Solaberrieta, Orioko alkatea, izan zen agerraldiko gidaria eta elkarte eta teknikariei galdetuta osatutako aurrekontuak direla azpimarratu zuen saioaren hasieran. Azken biurtekoan egindakoa ere kontuan izan dutela ere esan zuen, herriari jarraipena eman asmoz daudela gehituta. Maiatzean aurkeztutako programarekin ere lotura zuzena duela esan ondoren, lehen urtea denez, ez dira nahi bezain parte hartzaileak. Datorren urteetan beste erabateko lanketa egin nahi dugu egin herriarekin gaineratu zuen Solaberrietak.

Kapituluz-kapitulu

KPIaren igoera egingo da Udaleko langileen soldatetan Bilduren proposamenean, baina igoera ez da berdina izango guztientzat; gehien irabazten dutenei igoera txikiagoa egingo zaie eta gutxien irabazten dutenei handiagoa. Pilar Azurmendi arkitektoari lanaldi osoa emango zaio Bilduren proposamenak aurrera egiten badu, orain artean %80ko lanaldia bazuen ere. Horrez gain, brigadarako langile bat gehiago, eta kanpineko harrerarako ere pertsona bat gehiago kontratatuko dira. Turismo teknikaria horretara zentratzea nahi dugu, eta ez kanpineko harrerako langile ere izatea esan zuen Solaberrietak.

Bigarren kapituluan, Udalak sustatzen dituen ekintzetan -nahiz eta berak zuzenean egin ez-, besteak beste, hondartzako anbulantziaren ordutegia zabaldu nahi dute. Solaberrietak esan zuenez, Obra eta zerbitzuko kexei aurre egiteko %39 igo nahi dugu, %13ko argiteria handitzeari aurre egiteko ere igoera bat izango da gastu partikular horretan. Hondakinen kudeaketaren inguruan %30 igo behar da, gerora zorretan ibili ez gaitezen zabortegia ixterakoan. Herritarrei KPIa igoko zaien arren, Udalak bere gain gastu handiagoa hartuko du zaborren kontuan. Gobernu organoen gastuak %50 murriztea aurreikusten dute, nahiz eta zenbaterainoko gastuak sortuko dituen jakin ez zehatz;  Gabonetako argiteriaren gastua %18 murriztu –aurtengoaren inguruan galdeketa egin eta gero erabakiko dute datorren urteetan zer egin–, alkatetzatik sortzen diren lanetarako %44 gutxiagoko partida jarri dute, baina gobernu organoen gastuen antzerakoa gertatzen zaie hemen. Hilerriko lanak eta frontoiko lanak eraginda, bertan mantenu gastua txikiagotuko da, beraz, murrizketa izango da hemen.

Proiektu berriak ere badituzte buruan. Bata hezkuntza sistema nazionalaren barruan dago, independentista sareak bultzatua eta bertan Orioko curriculuma idatzi ahal izateko partida bat sortzeko asmoa du Bilduk -4.000 euro-. Balioen txokoa deituriko bigarren proiektu bat egiteko asmoa dute Salatxo azpian egin den gelan. Balioak lantzen dituzten herritarrentzat lokala izatea nahi dugu hura. Hala nola, kulturen arteko harremanak sustatzen dituztenena, ingurumena lantzen dutenena… azaldu zuen Solaberrietak. Euskara eta ingurumena zeharka garatu nahi dituzten arren, diru partidak, gutxi bada ere, handitu egin nahi ditu Bilduk.

Laugarren kapituluan, diru-laguntzen kapituluan Urkome, Eudel, Udalbide, Mankomunitatea... bezalako organo publikoei %4a jaitsi nahi dio Bilduk, herriko elkarteei gehiago eman ahal izateko. Etxebizitzari irtenbidea emateko proiektu piloto bat ere nahi dugu jarri martxan bizpahiru etxerekin esan zuen Solaberrietak. Etxe hutsak alokairuan jartzeko asmoa dutenei, konponketak egiteko diru-laguntzak emango dizkiegu, baina horren araudia idatziko dugu lehenbizi. Ongizateko diru-laguntzak mantendu egin nahi ditu Orioko Bilduk.

Hezkuntzan aurrekontua bikoiztuta erakutsi zuten Bildukoek. Horren azalpena oso sinplea da: lau hitzarmen sinatu ziren maiatzean eta bete egin behar dira esplikatu zuen Beñat Solaberrieta alkateak.

Inbertsioen kapitulua

Zenbatekoetan gehiegi sartu gabe azaldu zituen beren asmoetan dituzten inbertsioak. Hauek dira puntuz puntu:

- Hirigintza eta obretan: Ikastola ingurua, Andra Mari Arantzazukoa eta Ikastola artean dagoen eremua, txukuntzea batetik eta kanpineko beharrezko lanak (asfaltoa, saneamendua...) bestetik.
- Abaromendin autokarabanentzat lekua jartzea –hura erabili nahi dutenek dagokien tasa ordainduta, baina argi eta urez hornitutako lekuak izango dira– eta Arrantzale eta Eusko Gudari arteko tunelak txukuntzea.
- I-play, Munto eremuan dagoen jolasa: erdia erosiko da orain eta beste erdia aurrerago.
- Musika eskola: instrumentu berriak erosteko partida.
- Festetarako: txosna bat –urtero alokatzean dirua galtzen dela iruditzen zaiela azaldu zuen Beñat Solaberrietak; horrez gain– eta bi erraldoi erostea.
- Hondartzan: petrila konpontzea, ahateen sarea txukuntzea, 2 dutxa erostea, iturriak konpontzea...
- Merkataritza eta turismoa: txu-txu trena erostea pentsatu dute. Alokairua 24.000 euro kostatzen da urtean eta erostea 73.000. Diru-laguntza eskatu da eta 19.000 inguru euro balioko du erosteak. Hortik lanpostua sortu nahi da eta beste herriei alokatzeko aukera era ikusten dugu esan zuen Solaberrietak.
- Udal eraikinetan: futbol zelaian, musika eskolan, kiroldegian -esfortzu berezia egin nahi dute hau txukuntzen-, Haurreskolan, Iturriaga jauregian, Zaragueta eskolan… hainbat lanetarako gastuak aurreikusten dituzte. Ludotekaren proiektuaren idazketa, euskaltegiaren proiektuaren idazketa, Babes Ofizialeko etxeen egitasmoa -Munto eremuan dagoen erabili gabeko lurrerako…- enpresa haztegiak -enpresa berriak sortzeko asmotan diren gazteentzat, Kofradia berriko bi lonja egokitu nahi dituzte-.

Horiek izan ziren azaldutako lerro nagusiak. Ekarpenak egin nahi dituzten herritarrentzat, alkatearen e-mailera mezua bidaltzeko edota udaletxeko postontzian eskutitza lasai uzteko esan zuen Beñat Solaberrieta alkateak. Beste alderdiekin hizketan egon gara, baina negoziazioak oraindik luze jo dezakeela esan zuen Bilduko agintariak.



Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | politika


Abe
20
10:37

Orio - Aia: Aurrekontuen proposamenaren aurkezpena Kultur Etxean

Abenduaren 21ean izango da ekitaldia, iluntzeko 20:00etan, Kultur Etxean

Aurrekontuak adosteko garaia izaten da abendua, eta urtea bukatzerako adostuta izatea komeni da. Hori dela eta Udal Gobernuak aurreko ostiralean eman zien gainontzeko talde politikoei 2012ko udal aurrekontuen zirriborroa.

Behin hori egin dutela, herritarrei ere aurkeztu egingo diete aurrekontua, bihar, abenduaren 21a, asteazkena, iluntzeko 20:00etan, Kultur Etxean. Bertan, Beñat Solaberrieta alkateak herritarrei aurrekontuetako dirua zertan gastatuko den azalduko die eta, ondoren, beren ekarpenak jasoko dituzte horretarako prestatu duten moduan.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | politika


Abe
15
14:40

Orio - Aia: Argazki jendetsua egiteko deia egin du Orioko egin dezagun bidea taldeak

Ostiralean, abenduaren 16an, 20:15ean, Zakilaeneko aldaparen hasieran izango da aurkezpena eta argazkia

Orioko egin dezagun bidea taldekoek ekitaldiz jositako astea antolatu dute abenduaren 16tik 23ra. Abenduaren 16an, ostirala, 20:15ean, Zakilaeneko aldaparen hasieran –Pietate azpian– aurkezpena eta argazki masiboa egingo dituzte. Horretarako, herritarrei bertaratzea eskatzen diete ekimenekoek.

Datorren astelehenean, abenduak 19, dispertsioa iruditan izeneko erakusketa irekiko dute Kultur Etxean abenduaren 23a arte. KM.O proiektuko irudiak, informazio panelak eta bideoen proiekzioak izango dira ikusgai bertan. Irekiera ekitaldia iluntzeko 19:00etan egingo dute, eta atzetik, 19:30ean senideen bizipenekin mahai-ingurua egingo dute.

Egoera berri baten aurrean gaude eta oraindik badira eskubideak urratuta dituzten herritarrak. Horregatik, eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herriratzea eskatzen du Orioko egin dezagun bidea taldeak. Horretarako, gaur egun dispertsioaren eragina jasaten duten familiartekoei hitza ematea ezinbestekoa iruditzen zaigu, herritar guztiek jakin dezaten zein den hauen asteburueroko egoera.

Abenduaren 20an jarraituko dute ekintzek, Josu Martinezek eta Txaber Larreategik egindako Sagarraren denbora dokumentalaren emanaldiarekin. Hau ere 19:30ean izango da, Kultur Etxean. Abenduaren 22an, Kultur Etxean eta 19:30ean, izango da azken hitzaldia eta preso ohiek beren kontakizunak jarriko dituzte mahai gainean bertan.

Aurrerago beste ekintzak izango dira, baina garrantzitsuena urtarrilaren 7an Bilbon izango den herri mobilizazio orokorrera beste urteetan baino jende gehiago mugitzea da. Aurten epe laburreko helburua bizpahiru autobus betetzean jarri da, garai berri honetan presoen eskubideak behar bezala bete daitezen aldarrikatzera joateko.

Informazio gehiago nahi duten herritarrek eskura izango dute www.egindezagunbidea.info eta www.kolosalaizangoda.info atarietan. Orioko egin dezagun bideak ere badu Facebook orrialdea, eta herritarrei hari atxekimendua ematea eskatu nahi diegu, atsegin dut botoian klikatuta. 

Facebookeko orrialdera joateko, egin klik hemen.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | deialdia, ekitaldia, politika


Aza
23
17:02

Orio - Aia: Agerraldia egingo dute Bilduk eta Orainek

Arraunerako teknifikazio zentroaren inguruko azalpenak emango dituzte

Bihar, azaroaren 24a, osteguna, Bilduk eta Orainek, Orioko Udaleko gobernuan dauden bi taldeek agerraldia egingo dute, iluntzeko 20:00etan, Ikastolako eraikin berriko aretoan. Bilera irekia izango da herritar guztientzat.

Arraunerako eta piraguismorako teknifikazio zentroaren lanak aurrera doaz eta hasiera hasieratik ari gara gobernuan gauden Bildu eta Orain gaiaren inguruko jarraipena egiten. Lortutako diru-sarreren eta proiektuaren gastuen inguruko azalpena emateko antolatu dute agerraldia bi taldeek eta aurrera begira dituzten lehentasunak ere azalduko dituzte bileran bertan.

Herritarrei bertaratzeko eskatzen diete Bilduk eta Orainek bidali duten prentsa oharrean.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | batzarra, lanak, politika


Aza
21
8:24

Orio - Aia: Amaiurrek lortu ditu boto gehien Aian eta Orion

Botoen erdiak eskuratu ditu Aian eta %40a Orion

Bi ordu baino gutxiagoan jakin dira Aia eta Orion Madrilgo kongresurako hauteskundeetako emaitzak. Parte-hartzeak gora egin du bi herrietan eta Amaiur izan da boto gehien lortu dituen alderdia eta EAJ izan da bigarren indarra.

Aian 937 boto eman dira –677 izan ziren 2008an– eta 473 izan dira Amaiurrek lortutako botoak, %50,75a. EAJ izan da bigarren 386 botorekin. PP eta PSOEk 20na boto lortu dituzte, IUk 13, Equok 11, UPyDk 4 eta PACMAk 1.

Orion 2666 boto eman dira –2159 izan ziren 2008an– eta 1129 boto eskuratu ditu Amaiurrek, %42,55a. Hemen ere EAJ izan da bigarren alderdi bozkatuena 1008 botorekin, PSOEk 286 lortu ditu, PPk 134, IUk 40, Equok 13, UPyDk 7, PACMAk 6, PUM+Jk 5 eta UCEk 2.

Senatuko hauteskundeak

Senatuko hauteskundeetan emaitza antzekoak izan dira bi herrietan. Aian 933 izan dira emandako botoak eta kongresuko portzentaje beretan geratu dira Amaiur, EAJ, PSOE, PP, IU eta Equo hurrenez hurren. PACMAk aurre hartu dio UPyD partiduari senatuko kasuan. 

Orion 2659 boto izan dira emandakoak eta bigarren bozketa honetan ere lehenengoko ordena berean geratu dira alderdiak. Hau izan da boto kopuruaren arabera geratu den zerrenda: Amaiur, EAJ, PSOE, PP, IU, Equo, UPyD, PACMA, PUM+J eta UCE.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | politika


Aza
16
11:15

Orio - Aia: Amaiurren aldeko bozka eskatu dute Bilduko zinegotziek

Azaroaren 20an izango dira hauteskundeak

Orioko Bilduko bost zinegotziek, igande honetarako, azaroaren 20rako, Amaiurren aldeko botoa eskatu dute bidali duten prentsa oharrean.

Oharrean diotenez, Espainiako kongresuan presoen eskubideak betearaztea eskatzea izango da lehentasunetako bat. Horrez gain, Euskal Herriaren erabakitze eskubidea aldarrikatzeko egoera ezin hobean gaudela uste dute. Amaitzeko, euren ustez Amaiur zubia izango da gizarte gaietan ere.

Horretaz gain, Iñaki Antiguedad Amaiur koalizioko Bizkaiko zerrendaburuaren hitzak bere eginaz, bumeran efektua duen botoa da Amaiurrena. Madrila joango da baina indartsu etorriko da bueltan Orioko Bilduko zinegotzien ustez.

Bukatzeko, Bildu edo Amaiur koalizioaren inguruan beste alderdiek esaten dituztenak kontuan ez hartzeko eskatu dute Orioko Bildukoek: urte erdian Orioko Udalean hartutako konpromisoak eta egindako lana baloratu behar dira. Indar metaketaren baitan elkarrekin aldarte onean eta ilusioz ari gara lanean Orioko Udalean eta ziur gaude formulak beste instituzioetan ere funtzionatuko duela.

Abstentzio bakoitza galdutako aukera delako, igandean bozkatzera joateko deia egin dute Bilduk Orioko Udalean dituen bost zinegotziek.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | politika


Urr
27
8:36

Orio - Aia: Ohiko udalbatzarra izango da Orion

Bederatzi puntuz osatuta dago udalbatzako gai zerrenda

Gaur, urriaren 27a, iluntzeko 20:00etan, ohiko udalbatzarra egingo da udaletxeko pleno aretoan. Bederatzi puntuz osatutako gai zerrenda aztertuko dute puntuz puntu.

Honako gai hauek aztertuko dira:

1.Onartzea, egoki bada, Urola Kostako Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko ordezko kideak izendatzea, Orioko Udalaren ordezkari gisa.

2. Lehen onarpena ematea, egoki bada, Orioko udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen udal ordenantzaren 9. artikuluaren aldaketari.

3. Onartzea, egoki bada, oinarriak, Orioko AIU3 eremuan —Hondartza— Udalak sustatutako 4 etxebizitza tasatu adjudikatzeko eta Orioko Kale Nagusian sustapen pribatuko 25 udal etxebizitza tasatu adjudikatzeko.

4. Onartzea, egoki bada, ordenantza fiskalen eta beren eranskinen aldaketa, eragina 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera izango duena.

5. Lehen onarpena ematea, egoki bada, 10/2011 kreditua aldatzeko espedienteari, kreditua transferitzeko modalitatean.

6. Onartzea, egoki bada, auto-taxi zerbitzuaren tarifa urbanoak aldatzea 2012rako, Urola-Kosta eskualdean.

7. Onartzea, egoki bada, Orioko Udalaren Barne Araudia.

8. Lehen onarpena ematea, egoki bada, elektrizitatea sortzeko eguzki plakak ezartzeko arauak finkatzen dituen udal ordenantzari.

9. Eskariak eta galderak.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | politika, udaleko kontuak


Ira
19
15:32

Orio - Aia: Itxaso Legorburu Parisen epaituko dute irailaren 23an

Autobusa ostiral goizaldean irtengo da Zarauztik eta larunbatean itzuli

Itxaso Legorburu, Orion bizi zen gasteiztarra, 2009an atxilotu zuten Frantziako Mezieres-en-Brenn herrian eta ETA erakundeko kide izatea leporatuta eta Chateaurouxeko polizia etxean eduki ondoren Parisera eraman zuten.

Hori dela eta, epaiketa izango da ostiralean, irailaren 23an, eta bertara joan nahi dutenentzat autobusa antolatu dute. Autobusa Zarautzen irtengo da ostiral goizaldean, eta epaiketa bukatu ostean, berriz ere Zarautza itzuliko da.

Autobusean joateko izena eman nahi duenak 639 235 851 telefonora deitu beharko du.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | politika, zerbitzua


Eka
13
10:03

Orio - Aia: Beñat Solaberrieta Orion eta Igor Iturain Aian dira alkate

Orainek babestuta lortu zuen alkatetza Bilduk Orion

Orion ostiralean jakin zen Orain plataformak bere botoa Beñat Solaberrietari babesa emateko erabiliko zuela. Baina larunbatean, ekainaren 11n, 8:30ak jota hasi zen plenoa, aretoa jendez lepo zela. Adinekoen mahaia eratu ostean –gazteenak, Ekiñe Saizar Bilduko zinegotziak; zaharrenak, Bixente Lasa, Bilduko zinegotziak; eta idazkariak osatua–, zinegotziek beren kargua zin egin eta bozketa egin zen, boto sekretua erabilita.

Bozketaren kontaketan 7 boto eskuratu zituen Beñat Solaberrieta Bilduren alkategaiak eta 6 EAJko Jon Redondok. Ondorioz, aginte makila eskuz aldatu zen. Beñatek hitz batzuk eskaini zizkion herriari, Udaleko ateak h2011 aiako udalbatzaerritarrei irekita gelditzen direla esanaz.

Ekainaren 10ean, ostiralean, hartu zuen beste behin aginte makila Aian Igor Iturainek. Jakina zen berak hartu behar zuela alkate kargua, gehiengo absolutuz irabazi baitzituen EAJk hauteskundeak.

Beste herrietan

Zarautzen eta Getarian ere Orio eta Aiako bi izango dira alkate. Zarautzen Juan Luis Illarramendi Bilduko hautagai oriotarra aukeratu zuten datozen lau urteetarako alkate. Getarian, bestalde, Nika Lertxundi aiarra eta Aiako brigadako langilea izango da alkate Aralarrek Bilduri babesa eman eta gero.

Azkenik, Orion bizi den Beñat Herce ere alkate izango da datorren legealdian Eskoriatzan.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | politika, udaleko kontuak


Eka
10
9:07

Orio - Aia: Gaur jakingo dugu zein izango den alkate

Orainek 18:00etan emango du bere erabakiaren berri

Gaur, ekainaren 10ean, arratsaldeko 18:00etan prentsaurreko irekia egingo du Orain herri plataformak Kultur Etxeko areto nagusian. Bertan, bihar goizeko 8:30ean egingo den plenoan, noren alde emango duten bozka esango dute.

Datozen lau urteetan zein izango dugun alkate esateaz gain, erabaki hori hartzeko arrazoiak zeintzuk izan diren jakinaraziko dute bertan herritarren aurrean.

Atzetik, 19:00etan eta Kultur Etxeko areto berean, Bilduk batzarra antolatu du eta herritarrei bertan izatera gonbidatzen diete.

Azkenik, aurrez esan bezala, bihar goizean egingo da alkatea aukeratzeko pleno ofiziala. Aurrez, adinekoen mahaia eta zinegotzien mahaia, udalbatza, osatuko dira, eta ondoren egingo da bozketa.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | politika


Mai
23
7:47

Orio - Aia: EAJk eskuratu ditu boto gehien Orion eta Aian

Bildu bigarren indarra izan da

Maiatzaren 22a, Udal eta Foru Hauteskunde eguna. Hautestontziak itxi eta zenbaketa egin ondoren, kaleratu dituzte emaitzak. Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Espainiako Barne Ministerioko datuen arabera, Udal Hauteskundeetan, Orion, 3.992 herritarrek zuten botoa emateko aukera eta botoa ematera joandakoak 2.951 (%73,92) izan dira; abstentzioa 1.041ekoa (%26,08) izan da; balio gabeko 19 boto (%0,64) zenbatu dituzte eta zuriak 43 (%1,47). Boto gehien EAJk eskuratu ditu eta ondoren, hurrenez hurren, Bildu, Orain, PSE-EE, PP eta Aralar. Emaitzen arabera zinegotziak lehen hiru alderdiek baino ez lituzkete izango Udalean.

  • E.A.J   1.268 boto (%43,25) - 6 zinegotzi
  • Bildu   1.038 boto (% 35,40) - 5 zinegotzi
  • Orain:  395 boto (% 13,47)  - 2 zinegotzi
  • PSE-EE 113 boto (%  3,85)   
  • PP 38 boto (%1,30)           
  • Aralar 37 boto (% 1,26)   


Aia

Aian botoa emateko aukera zutenak 1.533 ziren eta 1.069k (% 69,73) eman dute botoa, horietatik 6 (% 0,56) baliogabeak izan dira, 19 zuriak (%1,79)  eta 464 abstenitu dira (%30,26). Aian ere EAJ izan da lehenengo eta atzetik, hurrenez hurren, Bildu, PSE-EE eta PP. Udalean lehen bi alderdiek baino ez dute ordezkaritza izango

  • EAJ  564 boto (%53,06) - 6 zinegotzi
  • Bilduk 463 boto (%43,56) - 5 zinegotzi
  • PSE-EEk  12 boto (%1,13)
  • PP 5 boto (%0,47)

 

 

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | politika


Mai
20
9:04

Orio - Aia: Bilduk kanpainako ekitaldi nagusia egin du

Orainek gaurkoarekin bukatuko ditu bereak, iluntzeko 19:00etan izango da udaletxeko teilatupeko gelan

Udal eta Foru Hauteskundeak gainean dira eta herriko taldeak kanpainako azken ekitaldiak egiten ari dira. Asteartean Orain plataformak bere programako punturik garrantzitsuenak aurkeztu zituen Kultur Etxean zerrendako hautagai Jaime Colado, Eneritz Odriozola, Mikel Arantzabal, Miriam Uranga eta Amaia Uranga mahaian zirela. 

Azpiegiturei dagokienez diote, besteak beste, parke estalia edo kultur ekipamenduak beharrezkoak direla, baina herritarrekin ikusi behar dela zer behar den eta zein diren lehentasunak. Bestalde, mantenuari ere garrantzia eman behar zaiola. Hau da, eraikin berriak egitea ez dutela gaizki ikusten, baina beti ere herriaren beharrak asez eta zaharrak ondo zainduz.

Herritarren arteko harremanak bultzatzea ere Orainen asmoen artean dago, besteak beste haur eta gazteenak. Plataformatik Udala herritarren zerbitzura jarri nahi dute eta horretarako behin eta berriz herritarren partaidetza azpimarratu dute. Beraz, oriotarren iritziak eta proposamenak jaso nahi dituzte.

Astearteko aurkezpen irekiaren ondoren, gaur, osteguna, 19:00etan beste bilera bat egingo dute herriko adinekoekin besteak beste zaharren egoitzaren gaiaz hitz egiteko. Udaletxean izango da batzarra.

Bilduren ekitaldi nagusia

Bestalde, Bilduk, asteazken iluntzean, maiatzaren 16an, egin zuen plazan kanpainako azken ekitaldia. Jon Agirresarobe Torrotxok gidatuta hitzak, kantua eta dantza uztartu zituzten. Ekitaldia hasteko Itziar Barrenetxeak, Ekiñe Saizarrek, Laida Iturraldek, Ainhoa Urkizuk eta Maialen Esoainek Bilduren irudi den hari matazaren bueltan dantza egin zuten Asier Sarasolaren tinbal soinuak lagun.

Ondoren, Iñaki Agirrezabalaga, Zumaiko Bilduko alkategaiak hartu zuen hitza. Ekitaldian hitz egin zuten baita ere Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak eta Nika Lertxundi Getariako Bilduko zerrendaburu aiarrak. Orion izatekoak baziren ere, azken momentuan etorri ezin izan zirenez, Martin Garitano Gipuzkoako Batzar Nagusietarako Bilduren zerrendaburuaren eta Karlos Garaikoetxea lehendakariaren hitzak bideoan jaso eta plazan bildutako 300 inguru lagunek pantaila handian ikusi ahal izan zituzten biak.

Ibai Esoainen ipuina eta Xabier Sukia eta Iñaki Gurrutxagaren bertsoak ere entzun ahal izan ziren plazan.
Ekitaldiaren amaieran parte hartzaile guztiak, Orioko zerrendakideak eta Bilduren aldeko hainbat herritar igo ziren oholtzara eta baita Orioko Bilduko zerrendaburu Beñat Solaberrieta ere. Azken horrek hartu zuen hitza eta, besteak beste, programako hainbat puntu azpimarratu eta koalizioarentzat botoa eskatu zien oriotarrei. Bukaeran guztiek batera Bildu Oriok hauteskunde kanpainarako propio prestatutako abestia kantatu zuten Iñaki Bastos, Joseba Gurrutxaga, –txalapartariak– Joseba Aparicio –tronboia–, Iñigo Perona –tronpeta–, Ibon Berasaluze, Maider Sukia –ahotsak– eta Asier Gozategiren –trikitixa– doinu eta kantuei segika.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | politika


Mai
20
9:00

Orio - Aia: Herriko ikastetxeekin hitzarmena sinatzea onartu da

Hainbat tira-biraren ostean, lau hezkuntza zentroekin hitzarmenak sinatzeko ahalmena eman zitzaion Jon Redondori

Maiatzaren 17an, asteartearekin, egin zen Orioko Udaleko legealdi onetako azken udalbatzarra. Gaien zerrendan puntu garrantzitsuena ikastetxeekin hitzarmena sinatu ala ez erabakitzea zen.  Aldeko 8 boto –EAJ, EA eta Ezker Abertzalea– eta 3 abstentziorekin –Aralar, EB eta PSE-EE– gehiengo absolutuz onartu zen hitzarmenak sinatzea. Hala ere, Joseba Goiburuk lehenago egin behar zela salatu zuen eta formetan akatsak izan zirela adierazi. Iñaki Iturainek ere bere abstentzioaren zergatia azaldu zuen, alde batetik, esan zuen prozesu hau gauzatzeko formak ez zirela egokiak izan bere aburuz eta, bestetik, gaineratu zuen zalantzak dituela modu honetara ikastetxe guztien berdintasuna bilatzerakoan.


Horrela bada, ikastetxeekin hitzarmena 5 urtetarako sinatuko da, eta 2010eko iraileko datarekin indarrean sartu eta 2015eko abuztuan bukatuko litzake, baldin eta ez luzatzea erabakiko balitzake.
Behin hitzarmena sinatuta, eskola bakoitzak diru kopuru hauek jasoko lituzke: Orioko Herri Ikastolak, 127.000 euro; Zaragueta Eskolak, 30.000 euro; Maria Maestra haurreskolak, 6.000 euro eta San Nicolas de Bari haurtzaindegiak, 5.000. Kopuru hauek urtetik urtera Euskal Autonomi Erkidegoko KPI indizearen arabera hobetuko dira.

Ikastolak argitara eman duen prentsa oharrean, berri pozgarria dela adierazi du eta eskerrak eman nahi izan dizkie Haren sentsibilizazio kanpainan parte hartu duten eragile eta herritarrei. Bide batez, Ikastolen Elkarteari ere eskerrak eman nahi izan dizkio Orioko Ikastolak, bidean beti lagun izateagatik.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | hezkuntza, politika, udaleko kontuak


Mai
17
13:01

Orio - Aia: Hauteskunde ekitaldiak izango dira Orion eta Aian datozen egunetan

Orain, EAJ eta Bilduk egingo dituzte aurkezpenak

Hauteskundeak gainean ditugun honetan Orion eta Aian kanpaina egiten ari dira alderdi politikoak.Datozen egunetarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

Orain

Maiatzaren 17an, asteartearekin, Orain plataformak programaren aurkezpena egingo du kultur etxean 19:00etan eta herritarren parte hartzea eskatu eta iritziak jaso nahi dituzte. Bestalde, Orainek, maiatzaren 19rako, ostegunerako, adineko oriotarrentzako ekitaldi berezia prestatu du, hau ere programa aurkezteko, baina, batik bat zaharrek zer nahi duten eta beharrezko zer ikusten duten jakiteko izango da eta besteak beste zaharren egoitza izango da hizpide. Ekitaldia 19:00etan izango da udaletxeko teilatu azpiko aretoan.

EAJ

Aiako EAJk ere bi egun horietarako egin ditu aurkezpen ekitaldietarako hitzorduak.

  • Maiatzaren 17an, 21:00etan, Andatza auzoko Uhartemuño Elkartean
  • Maiatzaren 19an, 21:00etan, Santio Erreka auzoan, Portu Jatetxean

 

Bildu

Bildu Oriok asteazkenerako, maiatzaren 18rako, kanpainako ekitaldia antolatu du. 20:00etan Orioko Plazan izango da eta Beñat Solaberrieta Orioko alkategaia, Zarauzko Bilduko zerrendaburua den Jose Luis Illarramendi oriotarra eta Iñaki Agirrezabala Zumaiako alkatea izango dira hizlari. Bertan izan behar zuten Carlos Garaikoetxea lehendakariak eta Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko hautagaiak, baina bideo baten bidez zabalduko diote Oriori beren mezua. Horretaz gain, bertsolariak, dantzariak, ipuin kontalaria eta zuzeneko musika izango dira, besteak beste.

Ostiralean, maiatzaren 20an, Aiako Bilduk bertso-triki poteoa egingo du 19:30ean Aiako plazan hasita. Ondoren afaria izango da eta joan nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, maiatzaren 18a baino lehen, Aiako Bilduren facebook orrialdean edo bilduaia@gmail.com helbidean.

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | politika


Mai
17
8:21

Orio - Aia: Bilduk ekitaldi ibiltaria egin zuen hautagai eta herritarrekin

Batukada lagun herriko hainbat txokotan barrena ibili ziren eta geldialdi bakoitzean ekitaldi bereziak egin

Bildu koalizioak hauteskunde kanpainaren baitan ekitaldi ibiltaria egin zuten joan zen ostiralean. Koalizioko kideek ez ezik hainbat herritarrek egin zuten bat ibilbidean barrena eta baita beren aportazio bereziak egin ere.

Ikastolan hasi zuten ibilbidea eta Ekiñe Saizarrek aurkezpena egin ondoren, Xabier Ibargurenek eta Ane Garmendiak hitzez azaldu zituzten Bilduren alde onak.

Batukadaren soinuak lagun egin zuten Bikamiotara arteko tartea eta han Ainhoa Mateos bildu zen ekitaldira hitzez. Besteak beste esan zuen: herriak ezkertiarra, abertzalea, gertukoa, parte hartzailea eta herriaren ordezkari duina izan beharko du, eta Bilduk herri bilketa dakar berekin. Eskoriatzako Bilduko zerrendaburu Beñat Hercek hartu zuen hitza gero eta besteak beste azaldu zuen Bildu ez dela Orioko proiektu bat bakarrik, proiektu globala baizik. Orion aldaketa behar duzuen bezala Gipuzkoan eta Euskal Herri guztian behar dugu aldaketa ezkerrerantz, adierazi zuen. Gero, Ibai Alkorta eta Aitor Delso sokaren gainean balantzan zirela Joseba Orellak orekaren gaineko hitzak hartu zituen ahotan. Azkenik Amaia Dorronsorok  hitz egin zuen eta Bilduk ongizate arloari arreta berezia eskaini nahi diola esan zuen: Gure asmoa izango da herri honek dituen beharrei erantzuteko zerbitzu egokia ematea, herriari informazio sare gertukoa eta gardena eskainiz.

Pilliku plazara arteko bidea egin zuten gero guztiek batera. Hirugarren geldialdian Xabier Uranga eta Eusebio Eskuderok hitz egin zuten eta, ondoren Ibai Esoainek bi ipuin kontatu zituen eta Bixente Lasa hautagaiaren berriketaldia ere entzun ahal izan zen. Orain arte Udalean lan egin duela esan zuen eta orain ere gertu dagoela gazteekin aritzeko.

Aldapan behera eliza azpira iritsi eta Joseba Andoni Arrizabalagak eta Arantxa Adurizek hitz egin zuten han. Martin Peronaren tuba doinuak ere entzun zituzten bertaratutakoek eta ondoren, Jon Agirresarobe Torrotxok Bilduren dekalogoa aurkeztu zien herritarrei.

Aritzagan geldialdia egin ondoren, Ibai Ondo plazan bukatu zuten ekitaldia. Koldo Olariagak eta Anuska Esnalek hitz egin eta gero dantzariak aritu ziren eta azkenik Beñat Solaberrieta Bilduko Orioko zerrendaburuak ekitaldian parte hartu zutenei eskerrak emateaz gain, Bilduk egin asmo dituen hainbat kontu aipatu zituen.

Hemen ekitaldiko bi bideo:

Bikamiota

 

 

Pilliku
 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | ekitaldia, politika


Mai
11
16:16

Orio - Aia: Mahai inguruko audioa entzungai Karkara.com atarian

Aurreko ostegunean izan zen mahai ingurua eta Karkarak webgunean jarri du paperean argitaratu aurretik

Ezin izan zutenek badute aukera aurreko osteguneko, maiatzaren 5eko, mahai ingurua entzuteko.

Entzun ahal izateko, azpian dagoen erreproduzitzailean martxan jartzeko botoia klikatu baino ez da egin behar. Audioa deskargatu nahi duenak, bestalde, klikatu dezala hemen.


Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | mahai ingurua, politika


Mai
11
8:58

Orio - Aia: EAJk bere bi proiektu garrantzitsu azaldu dizkio herriari

Ostiralean Zaharren Egoitzarena eta atzo, maiatzaren 9an, Arraun Klubarena jendaurrean azaldu zituzten Arraun Teknifikazio Zentroa eraikitzeko lanak ere aurrera doaz eta, aurreikuspenak betez gero, urtarrilerako bukatuta egongo direla aurreratu zuen Jon Redondo alkateak, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko egindako aurkezpenean. Alkateak aurkezpena egin bazuen ere, proiektuaren nondik norakoen berri Mikel Izquierdo kirol teknikariak eman zuen.
Izquierdoren esanetan 2003an Arraun Elkarteak egindako plan estrategikotik etorri zen Arraun Teknifikazio Zentroa egiteko ideia: Arraun Elkarteak zeuzkan helburuak betetzeko instalazio egokirik ez geneukala ohartu ginen, ordukoak hondatuta baitzeuden. Gabezia horri erantzuteko proposamena egin arren, kostu altuen eraginez Udalak hartu zuen horiei nola aurre egin aztertzeko ardura. Horren arabera, eraikinak berak eta baliabideek gutxi gorabehera 5.200.000 euroko kostua izango dute eta urteroko gastuek 100.000 euro. Egin behar zen zerbait emango zuena inbertitzeko dirua eta urtean zehar dirua sortuko zuena. Beraz, teknifikazio zentroa egitea bururatu zitzaigun, esan zuen Mikel Izquierdok.

Horretarako arraun, piraguismo eta kirol egokitu federazioetara jo zuten –Administraziotik jasotzen dute dirua eta hauek dira giltza beste administrazioek proiektuak aurrera eramateko dirua emateko–. Hauek ongi ikusi zuten teknifikazio zentroa Orion izatea, izan ere, asko borrokatu genuen horren alde. Gainontzeko dirua honako erakundeetatik jaso dute

  • Foru Aldundia: 1.000.000 euro
  • Eusko Jaurlaritza: 2.561.000 euro
  • Consejo Superior de Deportes: 1.875.000 euro
  • Kutxa: 525.000 euro

Diru kontuez ez ezik dirua jasotzearen truke erakundeek eskatuko dutenaz ere aritu ziren. Beste erakundeen beldurra Orioko Arraun Elkartearen egoitza bakarrik izatea. Tamaina oso handi batean (%70etik gora) hala izango da, baina, era berean, bermatu egin behar dira besteek dituzten behar txikiak. Esandakoaren arabera errendimendu altuan ari direnekin hartutako konpromisoa da beharrak dituztenean, puntualki, Orioko arraunlariekin partekatzea teknifikazio zentroa. Gehienez 12 etorriko lirateke eta urtean asko jota 30 egunez.

Hortaz, gutxi partekatu behar da eta instalazioek dituzten ezaugarrien arabera ikusiko da zer. Gimnasioak, esaterako, 1.000 metro koadro edukiko ditu. Beste behar batzuk ere asetuko ditu eraikinak. Piraguak edo skiff-ak gorde eta erabiltzeko gune bat izango da herritarrek alokairua bidez erabili ahal izango dutena. Aldagela propioak edukiko ditu erabiltzaileek traban daudena sentsaziorik izan ez dezaten.

Eraikinaren azalerak ere izango ditu aldaketak, noski. Lehengoak beheko solairuan 1.800 metro koadro zituen eta tarteko solairuan 643 metro koadro eta azalera horretan zeuden biltegia, gimnasioa, bulegoak, aldagelak eta fosoa. Oraingoak  beheko solairuan 2.450 metro koadro izango ditu, tarteko solairuan metroak irabaziko dira eta hirugarrenean ia 600 metro koadro; guztira, ia 6.000 metro koadro. Aurrez aipatutako gune guztiak handitu egingo dira eta herritarrentzat biltegia eta banatutako aldagelak egongo dira. Horretaz gain, beste gela edo gune hauek egongo dira Arraun Teknifikazio Zentroan:

  • Balorazio gela klimatizatua
  • Fisioterapia gela
  • Errekuperazio gela
  • Biomekanika gela
  • Elkarte gastronomikoa
  • Museoa
  • Denda
  • Ikasketa gela
  • Logelak
  • Hipoxia gela, altuera simulatzeko

Ekipamenduan ere izango da berrikuntzarik. Asmoa da entrenamenduak kontrolatzeko sistema berria bat ezartzea. Arraunlariek txip bat izango lukete eta informazio guztia gordeko luke han: egindako entrenamenduen, potentziaren… datuak eta dena datu base batean sartu. Bestalde, gimnasiorako ur hotz-bero kontraste errekuperazio gela eta aire egokituko balorazio gela ere egongo dira eta uretarako ontziak, katamaranak eta nasa.

Arraun Teknifikazio Zentroa bukatzeak du garrantzi gehien, baina beste asmo batzuen berri ere eman zuten aurkezpenean. Jon Redondok azaldu zuenez, arraun pista falta eta teknifikazio zentroa egitean piraguistek ere eskatu zuten, baita ur lasterren gunea ere. Bigarren zati hori egiteko Motondoko gunea ikusi dute egoki 500 metro koadroko eremuan egongo litzateke arraun pista eta ur lasterren gunea. Bide batez Motondoko fauna eta flora berreskuratzeko asmoa ere agertu zuten bi proiektuak bateragarri direla esanez. Oraindik, ordea, asmoa baino ez da Motondokoa. Lehenengo esku artean duguna bukatu behar da, gero modu egokian kudeatu eta etorkizunerako erronka da Motondon egin nahi duguna.

Zaharren Egoitza

Arozenean, Zeramika fabrikan, pentsatu du Orioko EAJk Zaharren Egoitza berria egitea. Hori dela eta, herritarren aurrean proiektua aurkeztu zuen ostiralean Jon Redondok. Zaharren Egoitza aurkezteaz gain, aurkezpen ekitaldian, bezperan mahai inguruan aipatutako beste hainbat puntu nabarmendu zituen EAJren alkategaiak. Bere diskurtsoan, besteak beste, bertaratu zirenei botoa eskatu zien oraindik Orioko alkatea den Redondok.

Proiektuak eraikinaren kanpoko itxura mantentzen du, halabeharrez, eta barruan pasealeku moduko batekin banatuta eraikin berria egingo litzateke. 4 pisutako eraikin berrian, egoitza, apartamentuak, eguneko zentroa eta hirugarren adinekoentzat behar diren bestelako ekipamenduak egiteko nahia azaldu zuen Redondok.

Eraikina ez litzateke Orioren eskutan geratuko eta enpresa pribatu batek kudeatuko luke egoitza. Horretarako, bide batez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlana ezinbestekoa dela adierazi zuen Redondok. Hainbat kezka agertu ziren bertan, eta besteak beste, Gaztetxearekin zer gertatuko zen galdetu zitzaion EAJko Orioko buruari.

Printzipioz bere horretan geratuko litzatekeela esan zuen Redondok, baina lanak egitean ikusiko litzatekeela zer gertatuko den, biak elkartuta baitaude.

Hiru ordu laurden inguru iraun zuen ekitaldiak eta kultur etxeko areto nagusiko aulki guztiak bete ziren.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | politika


Mai
10
11:59

Orio - Aia: LABeko Gipuzkoako Pentsionistak Orion bildu dira

Astelehenean, maiatzak 9, kultur etxeko areto nagusian elkartu ziren sindikatuko erretiratuak

Atzo, maialzak 9, goizeko 10:30ean hasi zuen LABek Gipuzkoako Pentsionisten inguruan antolatutako ekitaldia. Bertan, besteak beste, aurrekontu publikoen bidez ordaindutako gizarte-zerbitzu publikoen sarea sortzea, menpekotasun egoeran leudekeen pertsonen beharrez arduratzeko eskatu zuten. Baita pentsio publikoak hobetu eta bermatzea ere.

Handik plazara jo zuten, eta han, udaletxe aurrean kontzentrazioa egin zuten 12:30ean. Oriotarrei dagokionean, Kandido Esoain hizlari lanetan aritu zen kultur etxeko hitzaldian. Oriokoa ez da, hala ere, ekitaldi bakarra izango egunotan. Maiatzaren 5ean Iruñean izango dira, 10ean Donostian, 11n Gasteizen eta 13an Bilbon, guztietan ere Foru Aldundien aurrean bilduko direlarik, goizeko 11etan, Iruñean izan ezik, bertan eguerdiko 12etan bilduko baitira.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | ekitaldia, gizartea, politika


Mai
06
10:57

Orio - Aia: Kultur etxeko aretoa goraino beteta mahainguruan

Azkenean,, Igor Larrarte Aralarren zerrendaburua, ez zen etorri

19:00etarako jendez betetzen hasi zen kultur etxea. Gutxika-gutxika aretoko aulki libreak agortzen joan ziren. Igor Larrartek, Aralarren alkategaiak, hasiera batean baiezkoa eman bazuen ere, azken unean arazo bat sortu eta ezin izan zuen joan. Jesus Rodriguez PSE-EEren hautagaia ere ez zen joan, baina hark aurrez emana zuen abisua.

Bitartean, hitz-egiteko ordenaren zozketa egin zen harrerako mahaiaren aurrean. Jon Redondo hasiko zen hizketan alkate izateagatik, eta gainontzeko alkategaiak zozketa egin zuten. Papertxo bana hartu eta Miriam Uranga, Antxon Ibargoien eta Beñat Solaberrietak ordena horretan hitz egingo zutela erabaki zen.

Ana G. de Txabarrik, Karkarako zuzendariak, hartu zuen hitza ondoren. Aurkezpena egin, eta Xabier Sukia moderatzailea buru zutela, aurrez adostutako ordenan sartu ziren aretoan eta eseri besaulkietan. Sukiak galderako bi minutu izango zituztela, eta bi minutu igarotzean zein izango zen keinua esan zien hizlariei orduan.

Bizi-bizi joan zen mahainguruaren lehen zatia. Karkarak planteatutako 7 galderei erantzutean, aretoan bildutakoak adi-adi egon ziren momenturo. Tarteka barre algararen bat, keinu itsusiren bat, edota komentario ziztatzaileren bat entzun zitekeen jendartean. Moderatzaileak ere umore ukitua eman zion une batzuetan saioari.

Horren ostean, bigarren zatian, iritsi zen tentsio unerik gorena hizlarientzat. Jendearen galderei erantzun behar izan zieten alkategaiek eta, orokorrean, ongi moldatu ziren. Jendea galdetzeko irrikaz izan zen momentu guztian, eta galdera-erantzun dinamika arina bilatu nahi izan zuen moderatzaileak.

Hasera batean, 21:30ean bukatu beharra zuen solasaldiak, baina 21:45 arte luzatu zen herritarren nahiari erantzun ahal izateko. Hala ere, ezin izan ziren galdera guztiak egin. Bertaratu zirenak gustura ikusten ziren mahainguruaren amaieran, baina Auzitegi Konstituzionalak zer esango zuenaren zain jarraitzen zuten askok eta askok.

Mahainguruaren berri luze eta zabal maiatzaren 20ko Karkaran emango dugu, 299. zenbakian hain zuzen ere.

Bildu ere han izango da

Gauerdian hasi zen ofizialki udal hauteskundetarako kanpaina. Berez, Espainaiako Auzitegi Konstituzionalak erabakia hartua behar zuen ordurako eta, formalki ez bazen ere, Bildu hauteskundeetan izango zela erabaki zutela zabaldu zen hainbat komunikabideetan. Hamar bat minutu beranduago egin zen ofizial notizia. Aldeko 6 eta kontrako 5 botorekin, Bildu datozen hauteskundeetan parte hartuko duela erabaki zuen Auzitegi Konstituzionalak. Beraz, bai Orion eta bai Aian ere, alderdi politiko berria izango da bozetan.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | mahai ingurua, politika