Gaia: udaleko kontuak

Eka
10
15:00

Orio - Aia: Karela kiroldegiaren kudeaketarako 40.000 euro gehiago jarriko ditu Orioko Udalak

110.000 eurotik 150.000 eurora pasako da horrela Udalak kiroldegiaren gestioan jartzen duen diru kopurua

Atzo, ekainaren 6a, ezohiko bilkura egin zuen Orioko Udalak. Zinegotzi guztiak bertan zirela egin zen plenoa eta mahai gainean jarritako gai guztiak onartu zituzten.

1.- Irakurri eta onartzea, egoki bada, udalbatzarrak 2013ko apirilaren 30ean egindako ezohiko bilkurako aktaren zirriborroa. Ahobatez onartu zen, 13 aldeko botorekin.

2.- Dagozkion erabakiak hartzea, egoki bada, Orioko Nueva Cerámica Arocena enpresaren ondoan dagoen Etxeluze izeneko eraikinaren erosketari buruz. Bildu eta Orainen aldeko 7 botorekin eta EAJkoen 6 abstentziorekin onartu zen gaia. Etxeluzeren erosketarako 156.975€ erabiliko ditu Orioko Udalak. EAJk bere abstentzioa justifikatzeko ordainketa berek proposatu zuten moduan ez dela egingo eta tasazioa ez dela berritu esan zuen. Bilduko zinegotziek EAJkoei erantzunaz, gauza horiek batzordeetan eztabaidatu behar izaten direla eta azken batzordean ez zirela izan esan zuten.

3.- Adjudikatzea, egoki bada, Orioko udal kanpineko taberna eta supermerkatu zerbitzuak kontzesio administratiboko erregimenean emateko kontratazioa. Ahobatez onartu zen, 13 aldeko botorekin. Kontsezioa Amaia Gozategi Kortari egitea erabaki du Orioko Udalak.

4.- Dagozkion erabakiak hartzea, egoki bada, Orioko Karela udal kiroldegiaren gestio integralaren kontratuari buruz. Bildu eta Orainen aldeko 7 botorekin eta EAJkoen 6 abstentziorekin onartu zen gaia. Erabaki horrekin, Karela kiroldegiaren kudeaketako oreka ekonomikoa ziurtatu nahi izan du Orioko Udalak. Hala, urtean 40.000 euro gehiago jarriko ditu Udalak kiroldegiko gestiorako, 110.000 eurotik 150.000ra igoaz bertan erabiltzen den diru-kopurua. EAJren ustez honek ez du arazoa errotik konponduko eta partxe bat dela irizten dute. Gaiak soluzio egokiago bat behar duela, integrala, gaineratu zuen Jon Redondok EAJren izenean.

5.- Onartzea, egoki bada, Frankismoaren Krimenen aurkako Kerellaren Euskal Plataformak aurkeztutako mozioa. Ahobatez onartu zen, 13 aldeko botorekin.

6.- Eskariak eta galderak. Herritar bat kexu agertu zen gai-ordeneko 3. puntuan hartutako erabakiarekin eta bertan erabilitako prozedurarekin. Izandako kexa eta ondorengo iritzi-trukaketa entzuteko, azpian duzue audioa.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | politika, udaleko kontuak


Eka
06
9:42

Orio - Aia: Ezohiko plenoa egingo du gaur udalbatzarrak

Iluntzeko 20:00etan hasiko da osoko bilkura

Gaur, ekainaren 6a, osteguna, Orioko Udaleko udalbatzak ezohiko bilkura egingo du, iluntzeko 20:00etan, Udaletxeko pleno aretoan.

Hauek izango dira tratatuko dituzten gaiak:

1.- Irakurri eta onartzea, egoki bada, udalbatzarrak 2013ko apirilaren 30ean egindako ezohiko bilkurako aktaren zirriborroa.

2.- Dagozkion erabakiak hartzea, egoki bada, Orioko Nueva Cerámica Arocena enpresaren ondoan dagoen Etxeluze izeneko eraikinaren erosketari buruz.

3.- Adjudikatzea, egoki bada, Orioko udal kanpineko taberna eta supermerkatu zerbitzuak kontzesio administratiboko erregimenean emateko kontratazioa.

4.- Dagozkion erabakiak hartzea, egoki bada, Orioko Karela udal kiroldegiaren gestio integralaren kontratuari buruz.

5.- Onartzea, egoki bada, Frankismoaren Krimenen aurkako Kerellaren Euskal Plataformak aurkeztutako mozioa.

6.- Eskariak eta galderak.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | politika, udaleko kontuak


Eka
04
8:12

Orio - Aia: Herbiziden tratamendua emango du Orioko Udalak herriko hainbat gunetan

Belar txarrak kentzea da tratamenduaren helburua

Gaur, ekainaren 4an, asteartearekin, hasita, belar txarrak kentzeko herbiziden tratamendua emango du Udalak herriko hainbat tokitan; batez ere espaloi eta zokoetan hazten diren belarren kontra.

Abaromendi eta hondartza inguruan hasiko dira tratamenduarekin eta, ondoren, herrian emango dute, behar den tokietan. Dike ingurua eta Anibarko Portua izango dira tratamendua aplikatuko duten azken tokiak.

Udaletik jakinarazi dutenez, erabiliko den herbizida ez da kaltegarria txakurrentzat; baina, nolanahi ere,  kartelak jarriko dituzte tratatu dituzten eremuetan, jendea jakinaren gainean jartzeko.

Tratamendua 7-10 egunen buruan egingo dute.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | udaleko kontuak


Mai
27
10:08

Orio - Aia: Euskaraz bizi nahi dutenentzat tailerra antolatu du Orioko Udalak

Kontseiluaren eta UEMAren laguntza izan du saioa aurrera eraman ahal izateko

Euskaraz bizi nahi duten elkarte eta norbanakoentzat prestakuntza-saio bat antolatu du Orioko Udalak Euskaraz bizi-bizi egitasmoaren barruan. Saioa maiatzaren 29an izango da, asteazkenarekin, Kultur Etxean, 18:30ean hasita, eta irekia da gaiarekin interesa duten guztientzat.

Saioa Kontseiluko Maite Indak zuzendua izango da eta Jon Agirresarobe euskara batzordeburuaren eta Jabier Zabaleta udal euskara teknikariaren laguntza edukiko du.

Saioa aurrera atera ahal izateko, Udalak, Kontseiluaren laguntzaz gain, UEMArena ere izan du. Kontseiluak eta UEMAk aurreneko aldiz antolatu dute horrelako saio bat; baina etorkizunean ere herri euskaldunenetan, arnasguneetan, horrelako beste batzuk antolatzeko asmoa dute.

Prestakuntza-saioaren helburua honako hau da Orioko Udalak bere prentsa oharrean esandakoaren arabera: arnasguneetako biztanleei –oriotarrei, kasu honetan– ikusaraztea nolako garrantzia duen bakoitzak euskara erabiltzearen alde egunero erakusten duen jarrerak, eta ulertaraztea herritar bakoitzak egunero egiten dituen aukera kontzienteen araberakoa izango dela euskararen etorkizuna. Hiztun kontzienteak sortzea da euskalgintzak gaur egun duen erronka nagusia eta horretarako tresnak ematea da prestakuntza-saioaren bidez Udalak lortu nahi duena.

Udalak prestakuntza-saiora azaltzeko deia egiten die herriko taldeetako ordezkariei, euskalgintzan eta herrigintzan dabiltzan eragileei eta gaiarekin kezka duten norbanakoei. Hizkuntza eraikuntza kolektibo bat den neurrian, Udalaren ustez garrantzitsua da ahalik eta parte-hartzerik handiena lortzea, saioa arrakastaz burutzeko. Hala, talde-lanean, elkarren kezkak konpartitzeko aukera izango dute.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | deialdia, euskara, udaleko kontuak


Mai
20
15:16

Orio - Aia: Kaleratu du udako lanpostuetan aukeratutakoen zerrenda Orioko Udalak

Apirilaren 20an egin zituzten hautaketa frogak

Apirilaren 20an egin zituzten Orioko Udalak uda honetarako eskainitako lanpostuetarako hautaketa frogak. Ia hilabete beranduago, emaitzak kaleratu dituzte, eta, ondorioz, puntuazio onena lortu dutenei kontratatuak izateko deituko diete Orioko Udaletik.

Jarraian daudenak dira puntuazio altuena lortu dutenak:

ZAINDARIAK KANPINERAKO

1. Miren Salsamendi Goñi
2. Aritz Jauregi Otegi
3. Jose Angel Urbieta Zubiria
4. Lander Sarasola Oliden

Ordezkoak: Iker Zumeta Mendizabal, Andoni Encinas Aizpurua, Jose Felix Sagarna Balerdi, eta Oier Azkue Solaberrieta.

KANPINEKO KOMUNEN GARBITZAILEAK

1. Mikel Jon Iribar Golderos
2. Josune Zabaleta Iraola
3. Ainara Agirresarobe Manterola
4. Imanol Peña Arratibel
5. Oihane Agirre Arruti

Ordezkoak: M. Jesus Beresaluze Erkizia, Ane Aranceta Uranga, Olatz Larburu Frago eta Iban Egiguren Eizagirre.

KABINEN GARBITZAILEAK

1. Xabier Elizondo Etxaniz
2. M. Ester Regidor Frias

Ordezkoak: M. Jesus Beresaluze Erkizia, Ane Aranceta Uranga, Olatz Larburu Frago eta Iban Egiguren Eizagirre.

UDALTZAIN LAGUNTZAILEAK

1. Itziar Irastorza Zipitria
2. Mikel Narciso Lertxundi

Ordezkoak: Unai Eizagirre Aduriz, Nagore Aparicio Irastorza, Andoni Larraza Irastorza eta Iker Zumeta Mendizabal.

TXU-TXU TRENAREN GIDARIAK

1. Aitor Jaio Azula
2. HUTSIK. Lanpostu hau jarraian hornituko du udalak, LANBIDE zerbitzuak proposatutako zerrenda erabiliz.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | udaleko kontuak


Mai
13
14:43

Orio - Aia: Orioko Udalak bere webgunea berritu du

Orrialdea txukundu duten arren, helbide bere mantentzen du: www.oriora.com

Elkarmedia enpresa azpeitiarrak berritu du Orioko Udalaren webgunea. Hala, herritarrek bertara jotzeko ohitura hartzea nahi du Orioko alkateak. Webgunean jarri duen testu baten arabera, Estreinatu berri dugun webgune berritu honi esker, herritarren ahotsa Udalera gerturatzeko ahalegina egingo dugu. Legealdia hasi zenetik, hainbat foro eta talde antolatu ditugu, arloka, gaiak landu eta proposamenak jasotzeko. Webgune hau are eta herritar gehiagorengana iristeko asmoz eraiki dugu. Herri anitz batek aberastasuna dakarrelako.

Udalaren webgune berrituak, besteak beste, atal berezitu bat du, herritarren iradokizunak, kexak eta oharrak jasotzeko. Ordainketak eta tramiteak sarean egiteko bidea ere erraztu dute webgunearen bidez. Bestela aurreko edukiak bertan mantentzen ditu Udalaren webguneak.

Gainontzean, itxura modernoagoa izateaz gain funtzionaltasunean ere irabazi du oriora.com-ek. Izan ere, urte dezente zeraman berritu gabe.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | hedabideak, udaleko kontuak


Api
29
12:37

Orio - Aia: Ezohiko bilkura egingo du Udalbatzarrak asteartean

Apirilak 30ean 20:00etan izango da
Udalbatzarrak ezohiko bilkura egingo du apirilaren 3ean, asteartearekin, udalbatzarraren aretoan 20:00etan hasita. Honako gaiak aztertuko dituzte bilkuran: 

1.- Irakurri eta onartzea, egoki bada, udalbatzarraren 2013ko otsailaren 5eko eta martxoaren 7ko ezohiko bilkuretako akten zirriborroak.

2.- Onartzea, egoki bada, Orioko Udalaren Euskararen II. Plan Estrategikoaren indarraldia luzatzea.

3.- Adjudikatzea, egoki bada, Orioko arraunketako eta piraguismoko teknifikazio zentroaren kirol medikuntza, fisioterapia eta hipoxia zerbitzuaren gestioaren kontzesioa adjudikatzeko lehiaketa.

4.- Adjudikatzea, egoki bada, Orioko arraunketako eta piraguismoko teknifikazio zentroaren aisialdi zerbitzuaren gestioaren kontzesioa adjudikatzeko lehiaketa.

5.- Dagozkion erabakiak hartzea, egoki bada, Orioko Nueva Cerámica Arocena enpresaren ondoan dagoen Etxeluze izeneko eraikinaren erosketari buruz.

6.- Dagozkion erabakiak hartzea, egoki bada, honako gaiari buruz: Orioko Antxiola kaleko 5, 7 eta 9 zenbakidun eraikinen jabeen komunitatearenak diren lurrak Orioko Udalari lagatzeari buruz.

7.- Dagozkion erabakiak hartzea Arantxa Iñurrategi Enbilenak diren hainbat lur Orioko Udalari lagatzeari buruz.

8.- Onartzea, egoki bada, Orioko Udalaren ardurapeko izaera pertsonaleko datuen fitxategiak sortzea.

9.- Onartzea, egoki bada, Orioko gizasemeen eta emakumeen berdintasunerako I. plana.

10.- Onartzea, egoki bada, EAJ udal talde politikoak aurkeztutako mozioa, Gipuzkoako mendekotasunaren arreta hobetzeko planari buruzkoa.

11.- Onartzea, egoki bada, alkatetzak aurkeztutako mozioa, Orioko arraunketako eta piraguismoko teknifikazio zentroa eraikitzeko lanen finantzazioari buruzkoa.

12.- Eskariak eta galderak.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | udaleko kontuak


Api
17
11:38

Orio - Aia: Zirkulazio zerga borondatez ordaintzeko epea apirilaren 30ean bukatuko da

Ordainketa egin ondoren, udaletxera eraman behar da agiria

Martxoan ireki zuten ibilgailuen aurtengo zirkulazio zerga ordaintzeko epea  eta apirilaren 30era artekoa izango da zerga hori ordaintzeko borondatezko epea.

Zergaren ordainketa helbideratuta ez daukatenek ordaintzeko abisua jasoko dute etxean. Ordainketa banketxean edota aurrezki kutxan egin behar dute eta, ondoren, agiria udaletxera eraman, ibilgailurako pegatina jasotzeko. Ordainketa helbideratuta daukatenek, berriz, etxean jasoko dute pegatina.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | udaleko kontuak


Api
15
9:16

Orio - Aia: Apirilaren 20an izango dira udako lanpostuetako hautaketa-probak

Goizeko 09:00etan hasiko dira aurrenekoak, kabinetako komunen garbitzaile izan nahi dutenen probak

Apirilaren 20an, larunbatarekin, egingo dira aurtengo udako lanpostuak betetzeko hautaketa-probak. Orioko Herri Ikastolako eraikin berriko areto nagusian izango dira guztiak: idatzizko probak eta euskarazko probak.

Horrez gain, proben ordutegiarekin batera, lanpostu horiek betetzeko onartuen eta baztertuen zerrendak argitaratu berri ditu Udalak oriora.com atarian.


Idatzizko proben ordutegia

  • Kabinetako komunen garbitzaileak: 9:00etan
  • Kanpineko komunen garbitzaileak: 9:00etan.
  • Kanpineko zaindariak: 9:45ean.
  • Txu-txu trenaren gidariak: 10:30ean.
  • Udaltzain laguntzaileak: 10:30ean.


Euskara-proba

Apirilaren 20 izango da baita ere, euskara-proba. EGA tituluaren kopia aurkeztu ez dutenek egin beharko dute euskara-proba: 5 minutuko elkarrizketa laburra (bakoitzak zer ordutan egin behar duen ikusteko klikatu hemen). Ikastolako areto berean izango da.


Onartuen eta baztertuen zerrendak

Udalak oriora.com web orrian argitaratu du lanpostuetara aurkeztu diren pertsonen artean zein izan diren onartuak eta zein baztertuak jasotzen dituen zerrenda. Zerrendak PDF formatuan daude:

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | udaleko kontuak


Api
08
10:01

Orio - Aia: Kanpineko taberna eta supermerkatu zerbitzuak kontratatzeko deialdia egin du Udalak

Maiatzaren 2ra arteko aukera izango da proposamenak udaletxean aurkezteko

Udal kanpineko taberna eta supermerkatu zerbitzuak kontzesio administratiboko erregimenean ematea kontratatzeko deia egin du Orioko Udalak. Kontratuaren iraupena adjudikazio datatik 2013ko abenduaren 13ra artekoa izango da eta elkarren arteko adostasuna badago, luzatzeko aukera egongo da, beti ere, luzapen eta guzti, iraupena ez da 15 urtetik gorakoa izango.

Urteko gutxieneko kanona 15.000 eurokoa izango da –BEZ kanpo– , baina lizitatzaileek kopurua hobetzeko aukera edukiko dute.

Baldintza-orria Udal webgunean edo idazkaritzan eskuratu ahal izango dira eta han zehaztuko dute aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Proposamenak aurkezteko azken eguna maiatzaren 2an izango da udaletxeko idazkaritza-kontu hartzailetzan –astelehenetik ostiralera 08:30etik 14:30era– eta ireki, berriz, maiatzaren 3an egingo dituzte 12:00etanLehiaketa

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | udaleko kontuak


Mar
15
10:25

Orio - Aia: Kultura, Gazteria, Ingurumen eta Aisialdirako diru-laguntzen deialdia irekita dago

Martxoaren 18tik apirilaren 12ra arteko epea izango da eskariak aurkezteko

Kultura, Gazteria, Ingurumen eta Aisialdi jardueirei diru-laguntzak emateko deialdia ireki du Orioko Udalak 2013rako. Diru-laguntza horien 2013ko oinarriak eta bete beharreko eranskinak deskargatu daitezke Orioko Udaleko webgunean, Kultura atalean: Kultur taldeei diru-laguntzak emateko arauak azpi-atalean.

Herriko elkarte eta eragileek martxoaren 18tik apirilaren 12ra arteko epea izango dute beren eskariak udaletxean edo Kultur Etxean aurkezteko. Nahi izanez gero posta elektronikoz ere bidal daitezke eskariak kultura@oriokoudala.com helbidera.

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | udaleko kontuak


Mar
15
8:27

Orio - Aia: Kanpineko harreran denbora batez lan egiteko pertsona bila dabil Orioko Udala

Lau hilabeteko da eskaintzen dena

Turismo bulegoan eta kanpineko harreran lanean jarduteko pertsona bat hartuko du Orioko Udalak aurtengo denboraldi ofizialean –ekainaren 1etik irailaren 29ra–. Langabezian dauden pertsonek hartu dezakete parte deialdian, eta, horretarako, eskaerak apirilaren 5a baino lehen aurkeztu beharko dituzte udaletxean.

Eskaintze den kontratua lan-zuzenbideko erregimenean egingo du Orioko Udalak, denboraldi baterako eta asteko 25 ordurako.

Curriculumak udal bulegoetan aurkeztu behar dira, titulazioak behar bezala kreditatuz, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 14:30era.

Hauek dira lanpostua lortzeko bete beharreko baldintzak:

1.- Gutxieneko adina: 18 urte.
2.- Gutxieneko titulazioa: Batxilerra, LH2 edo parekoa den titulazio maila izatea.
3.-
Euskararen ezagutza: Gutxienez EGA edo baliokide den titulua eskatzen da.
4.-
Ingelesaren ezagutza: Gutxienez, First Certificate maila, edo baliokidea, eskatuko da. CAE titulua, edo baliokidea, 2 punturekin baloratuko da, eta Proficiency titulua edo baliokidea duenak 3 puntu jasoko ditu.
5.-
Atzerriko beste hizkuntzen ezagutza frogatzen duenak hizkuntza bakoitzeko 2 puntu jasoko du gehienez.
6.-
Jarduera Turistikoetarako Tekniko titulua duenak 5 puntu jasoko ditu eta, aldiz, Turismoko Goi Mailako Zikloa duenak 2 puntu jasoko ditu.
7.-
Elkarrizketa: Proba honen bidez izangaiek lanpostua betetzeko duten egokitasuna neurtuko da –5 puntu gehienez–.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | deialdia, udaleko kontuak


Ots
08
10:14

Orio - Aia: Muntoko plan partziala behin betiko onartu du Orioko Udalak

Horrez gainera, kontratazio publikoetako espedienteetan aplikatuko diren hizkuntza irizpideei lehen onarpena eman diete

Otsailaren 5ean, asteartearekin, udalbatzarraren ezohiko bilkura egin zen. Gai zerrendan bederatzi gai jarri zituzten mahai gainean eta guztiak onartu zituzten.

Eztabaida ugari izan zen plenoan eta ordubetetik gora iraun zuen. Hala, aho batez onartu zituzten Munto inguruko kale bati Saregile izena ematea, kanpineko taberna eta supermerkatuaren zerbitzuak emateko kontratazioko baldintzak eta kontratazio publikoetako espedienteetan aplikatuko diren hizkuntza irizpideei lehen onarpena ematea.

Hizkuntza irizpideen gainean alkateak hitz batzuk egin zituen. Hemen duzue gai hori nola tratatu zuten ikusteko aukera:

Eztabaida garaia Muntoko plan partziala onartu zenean iritsi zen. EAJk eta Bilduk alde bozkatu zuten eta elkarren arteko eztabaida izan zuten bideoan ikusi daitekeen bezala:

Bukatzeko, EAJk etxegabetze kasuetan Orioko Udalak nola jokatu behar duen arautzen duen protokoloa onartu zen EAJren eta Orainen botoekin. Hemen ikusi dezakezue protokolo orria.

Gainontzean, Teknifikazio Zentroko medikuntza, fisioterapia eta hipoxia zerbitzuen gestioaren kontzesioa adjudikatzeko lehiaketa eta aisialdiko zerbitzuaren gestioaren kontzesioa adjudikatzeko lehiaketa arautuko dituzten baldintzak EAJren aurkako botoekin eta Bildu eta Orainen aldekoekin onartu zituzten. Plenoan Bilduko Jon Agirresarobe falta zenez, kalitatezko botoa erabili zuen bi lehiaketen baldintzak onartzeko alkateak eta EAJk hori salatu zuen.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | udaleko kontuak


Ots
08
10:11

Orio - Aia: Elurteetarako gatza behar duenak udaletxean eskatu dezake

Elur iragarpenak entzunez gero udaletxera deitu behar da zakuak jasotzeko.

Aiako Udalak, elurteen arriskua dela-eta, herritarrei erraztasuna eman nahi die eta gatza jarri du beraien eskura. Herritarrek, batik bat baserri auzoetan bizi direnek, eguraldi iragarpenetan entzunez gero hurrengo egunetan elurra egingo duela, udaletxera deitu –943 13 11 44– eta gatza eskatzeko gomendioa egin diete udaletxetik bertatik aiarrei. Ondoren, gatz zakuak prest izango dituzte eskatu dituztenei emateko. Bakoitzak zein gatz kopuru behar duen baserri inguruan duten bidearen araberakoa izango da eta hori norberak jakingo du zenbatekoa den gutxi gorabehera.

Gatza garaiz eskatzearen eta aurrez esku artean izatearen arrazoi nagusienetariko bat da, elur egunetan Udal brigadako langileak bide nagusietan eta elurrak eragindako bestelako arazoei aurre egiten egon behar izaten direla eta apenas dutela denborarik gatza herritarrei emateko edo beraien bideetan gatza botatzera joateko.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | udaleko kontuak, zerbitzua


Ots
08
10:11

Orio - Aia: Idoia San Sebastian eta Beñat Solaberrieta Fitur azokan izan dira

Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko ordezkari berriekin elkartzeko baliatu dute bisita

Turismo arloko garrantzitsuenetakoa da Madrilen egiten den Fitur azoka. Munduko hainbat herrialdetako turismo eskaintza erakusten da, eta garrantzitsua da bai  eskualdeko turismoaren eskaintza egiteko, baita beste herrialdeen eskaintza ezagutzeko ere.

Aurten urtarrilaren 30etik otsailaren 3ra izan da, eta urtarrilaren 31n, Orioko ordezkaritza izan zen bertan: Beñat Solaberrieta alkatea eta Idoia San Sebastian Turismo teknikaria Getaria –Nikanor Lertxundi alkate aiarra–, Zarautz eta Zumaiako udaletako ordezkariekin batera. Azoka bisitatzeaz gain, Euskadiren standean izan ziren. Han Orioko eta eskualdeko informazioa eskaini zuten, baina, horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko ordezkari berriekin lehen harremanak izateko eta aurrerantzean elkarlanean jarraitu ahal izateko baliatu zuten azokarako bisita.

 

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | turismoa, udaleko kontuak


Ots
08
9:32

Orio - Aia: Asegurua kontratatzeko lehiaketa publikorako deia egin du Udalak

Otsailaren 20a baino lehen aurkeztu behar dira agiriak

Orioko Udalak lehiaketa publiko bidez ondare erantzukizuna eta ondasunetako kalteak eta ekipo elektronikoen eta informatikoen asegurua kontratatzeko aukeraketa egingo du. Kontratua 2013ko martxoaren 3tik 2014ko martxoaren 2ra artekoa izango da eta urteko luzapenak gehienez ere 4 urtekoa. Lizitazioaren kopurua: 30.000 eurokoa da, zergak barne. Lizitatzaileek hobe dezakete kopuru hori. Garantiak, berriz, behin-betikoa, adjudikazio kopuruaren %5ekoa dira.

Agiriak jasotzeko, espedienteko dokumentazioa, Orioko udaletxeko Idazkaritzan aztertu daiteke eta Orioko Udalaren Kontratistaren Profilean: www.oriora.com. Aurkeztu beharreko agiriak baldintza orrietan zehaztuta daude. Agiri horiek Orioko udaletxeko Idazkaritza-Kontuhartzailetzara eraman behar dira astelehenetik ostiralera bitartean, 08:30etatik 14:30etara.

 


Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | udaleko kontuak


Ots
01
9:45

Orio - Aia: Etxebizitza bat dago saltzeko Armendi-gainen

Otsailaren 8a baino lehen aurkeztu beharko da eskaera orria Aiako udaletxean

Armendi-gain eremuan etxebizitza bat dago saltzeko, eta haren zozketan sartu nahi dutenek eskaera aurkeztu beharko dute Aiako udaletxean datorren ostirala, otsailaren 8a, baino lehen.

Etxeak honako ezaugarriak ditu:

– Azalera: 78,34 m2 + terrazak
– Garajea: 31,32 m2
– Trastelekua: 9,71 m2
– Prezioa: 164.229,61 Euro –zergak kanpo–

Dena dela, etxea erosi ahal izateko, hainbat baldintza bete behar dituzte eskatzaileek:

1.- Aiako udalerrian erroldatuta izatea 2010eko urtarrilaren 22a baino lehen.
2.- Gutxienezko irabaziak 9.000 eurotakoak eta gehienezkoak 50.700 eurotakoak izatea. BOE araudiaren arabera kalkulatuko dira.
3.- Etxebizitzarik jabetzan edota BOE-ko araudiak ezartzen dituen beste kontzeptutan ez edukitzea 2011ko urtarrilaren 22az geroztik, babes ofizialeko etxebizitzetako araudian ezarritako salbuespenak ezik.
4.- Aia Lantzen S.A.-k etxebizitza honengan 20 urtetako atzera eskubidea du.

Eskaera orrialde batez gainera –hemen klikatuta lortu daiteke–, honako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte zozketan parte hartu nahi dutenek:

– Eskatzaile(ar)en Nortasun Agiriaren fotokopia.
– Familiako Bizikidetza Unitateen kasuan, Familia-liburuaren fotokopia.
– 2011. urteko Errenta Aitorpenaren edo urte horretan izandako sarrerak justifikatzeko beste edozein dokumenturen fotokopia.

Zozketa, berriz, otsailaren 12an, 12:00etan, Aiako Kultur Etxean egingo da.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | udaleko kontuak


Urt
23
9:53

Orio - Aia: Familia ugariek hobariak eskatzeko garaia da

Otsailaren 22a arteko epea izango dute horretarako

Krisiak eragindako urte hauetan, laguntza guztiak izaten dira ongietorriak. Hala, Orioko Udalak familia ugarientzako hainbat hobari onartu ditu, izaera urbanoko Ondasun Higiezinen Zergari dagozkionak. Interesatuek gogoan izan behar dute, nolanahi ere, urtero aurkeztu behar dela hobariaren eskaera.

Familia ugaria direnek, izaera urbanoko higiezin bakarrarentzat eskatu dezakete Orioko Udalak emandako hobaria, beti ere, eskatutakoaren gaineko balio katastrala gehienez 180.000 eurokoa bada. Hobariak hiru multzo hauetan banatuko dira:

- 3 seme-alaba dituzten familiak: %52,50
- 4 seme-alaba dituzten familiak: %63
- 5 seme-alaba edo gehiago dituzten familiak: %73,50

Hobari horiek eskatu nahi dituztenek udaletxera jo behar dute urtarrilaren 14tik otsailaren 22a bitartean, biak barne, honako ordutegian: 8:30etik 14:30era, astelehenetik ostiralera.

Han, instantzia bat emango diete eta hori betetzeaz gainera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

  • Familia ugariaren txartela.
  • Izaera urbanoko ondasun higiezinaren azken ordainagiria ordaindu izana kreditatzen duen agiria.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | udaleko kontuak


Urt
15
14:34

Orio - Aia: Animaliak babestea eta edukitzea arautzen duen ordenantza indarrean jarri du Orioko Udalak

Tramite guztiak eginda, aplikagarriak dira bere atal guztiak

Aurreko urtean onartu zuen animaliak babestea eta edukitzea arautzen duen ordenantza Orioko Udalak.

Tramite guztiak gauzatu dituzte dagoeneko, eta, ondorioz, aplikagarriak dira bere atal guztiak. Ordenantza guztia irakurri nahi duenak, hemen klikatuta irakur dezake, baina Udalak bere web orrialdean jarri duen laburpenak horrela dio:

1.- Jabeak higiene eta osasun baldintza onetan eduki behar du animalia, aterperako instalazio egokiak, janaria eta edaria, albaitaritza-laguntza eta ariketa fisikorako aukera eman behar dizkio, eta animaliari beraren beharrizan fisiologiko eta etologikoen araberako arreta eskaini behar dio, animaliaren espeziea eta arraza kontuan hartuta.

2.- Txakurren jabe edo edukitzaileak behartuta daude animaliok identifikatuta eta ohiko bizileku duten udalerriko udaletxean erroldatuta edukitzera; horretarako, hilabeteko epea izango dute, animalia jaio den edota eskuratu duten egunetik hasita. Betebeharra udalerrian modu iraunkorrean bizi diren edo hiru hilabete baino gehiago daramatzaten animalien jabeek izango dute. Betebehar hau, konpainiako beste animalia batzuentzat ere kontuan izan beharko da.

3.- Kode Zibilaren 1905. artikuluan ezarritakoaren arabera, animaliaren edukitzailea izango da animaliak sortu ditzan kalte, galera eta arazoen erantzulea.

4.- Animaliek gizakioi eta ondasunei eragin liezazkiguketen eragozpenak edota arriskuak ekiditeko, hiritarrek udal osasun zerbitzuei jakinaraziko diete kaleko animalien edo abandonatutako animalien presentzia.

5.- Debekatuta dago bide publikoan eta orubeetan hegazti, txakur, katu eta kaleko beste edozein animaliari janaria ematea «hartarako berariazko baimen gabe».

6.- Debekatua dago fabrikazio, salmenta, biltegiratze, garraio eta elikagaien manipulaziorako erabiltzen diren lokal edo ibilgailuetan animaliak sartzea eta bertan edukitzea, osasun agintaritzak hartarako baimena eman ezik.

7.- Debekatuta dago ikuskizun publikoak dauden lokal, esparru eta espazioetan animaliak sartzea eta bertan edukitzea, baita igerileku publiko, lokal sanitario eta antzekoetan ere. Ezin izango dira sartu edo eduki hondartzetan eta jendetzak dauden heziketa, kultur edo aisialdirako establezimenduetan ere, baldin eta euron arau espezifikoek debekatzen badute.

8.- Herritarrentzat irekita dauden bestelako establezimenduetako jabeek ere animaliak euren establezimenduetan sartzea eta bertan egotea debeka dezakete; debeku hori argi eta garbi adierazi beharko da sarreran.

9.- Komunitate batenak diren leku pribatuetan –kultur elkarteak, jolaserakoak, auzo-komunitate baten gune komunak,...– animaliak sartu eta bertan eduki ahal izango dira, baldin eta leku horretako arauek horretarako eskubidea aitortzen badute, betiere ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuko 4. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoaren kaltetan izan gabe.

10.- Animaliak ezin izango dira balkoi, garaje, pabiloi, soto, azotea, lorategi edo beste edozein hiri-lokal edo hiri-lursailetan ohituraz eduki edo estabulatu, animaliok eragozpen objektiboak eragiten badizkie auzotarrei edo oinezkoei.

11.- Animalia etxekotuak ezin izango dira ohituraz eduki estabulazio edo erdi-estabulazio erregimenean parke eta lorategi publikoetan ez hiritar gisa kalifikatutako lursailetan.

12.- Konpainiako animaliak igogailuetan jaitsi edo igotzeko, bertan ezin izango da beste inor egon, barruan daudenek hala eskatuko balute.

13.- Herritar ugari dabilen aire zabaleko espazioetan edo jendearentzat irekitako lokaletan ezin izango da edozein espezietako animaliarik aske utzi. Are gutxiago arriskutsuak izan daitezkeen animaliak, basa-animaliak edota animalia kaltegarri edo hezigaiztzat jotakoak, hartarako apropos zehaztutako baldintzetatik edo bereziki prestatutako esparru, gune edo parke zoologikoetatik kanpo.

14.- Hiri barruko bide, esparru eta gune publikoetan, bai eta higiezin kolektiboetako toki komunetan ere txakurrak kontrolatuta eramango dira euren ezaugarrietara egokitutako kate edo uhal bati lotuta –gehienez 2 metrokoa–.

15.- Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren kasuan derrigorrezko izango da euren tamainara egokitutako muturrekoarekin ematea; bai eta udal aginteak hala agintzen duenean ere, zirkunstantziek hala gomendatzen badute eta horiek dirauten bitartean.

16.- Debekatua dago txakurren gorozkia bide publikoetan, hondartzan, haur parkeetan, lorategietan eta oro har, apaindurako eta/edo pertsonen pasadizorako den edozein lekutan uztea.

17.- Ez dira lorategitzat hartuko lorerik edo landarerik gabeko berdeguneak, baldin eta bertan haurrek ez badute jolasten, edo oinezkoentzako pasealeku ez badira, hala nola zelaiak, galtzada bereizleak, mazelak edo belardiak. Edonola ere, utzitako kaka hondarrak animalia daraman pertsonak jaso beharko ditu; berau izango da, eta haren ordez jabea, araua ez betetzearen erantzulea.

18.- Salbuezpenez, urriaren 1etik Aste Santuaren hasiera arte baimenduta dago hondartzan eta inguruko zonetan txakurrak edukitzea. Gainerako urtaroetan, hau da Aste Santutik urriaren 1ta bitarte, baimenduta dago 21:00etatik 06:00etara txakurrak egotea baldin eta kate edo uhal bati lotuta badoaz eta beren zaintzaileek edo jabeek txakurrak utzitako gorozkiak jasotzen badituzte.

19.- Ordenantzak ezartzen duen xedapenen bat ez betetzea arau hausteari dagokion isuna edo zehapena izango du.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | gizartea, ingurumena, udaleko kontuak


Abe
27
9:29

Orio - Aia: Etxeluze eraikinaren erosketa onartu zuen atzo Orioko Udalak

Prozeduraren xehetasun batzuk aldatuta, aho batez onartu zen eraikina erostea. Eraikin horretan dago Orioko gaztetxea

Atzo, abenduaren 26a, urtea bukatu aurreko ezohiko udalbatzarra egin zuen Orioko Udalak. Gai guztiak onartu zituzten, tartean kanpineko bungalowen hornidura eta instalazioa zein enpresak egingo duen eta Etxeluze eraikinaren erosketa; biak aho batez. Aretoa jendez beteta zela egin zen plenoa.

Urriko udalbatzarreko akta aho batez onartuta hasi zuten saioa bertaratu ziren 12 zinegotziek –Elena Etxeberria ez zen izan atzoko plenoan–. Segidan, EAJk bere kexa azaldu zuen kreditu aldaketei zegozkien puntuekiko eta abstenitzea erabaki zuten.

Haien arabera, batzordetik plenora bitartean aldaketak egitea ez da egokia eta, denbora gehiago beharko balitz, onena itxarotea litzateke. Bilduren izenean Beñat Solaberrietak urteko balantzea ixtearen alde egindako aldaketak direla adierazi zien EAJko ordezkariei. Hala, bi kreditu aldaketak 7 aldeko botorekin eta 5 abstentziorekin onartuta geratu ziren.

Kale Nagusiko garapen urbanistikoari dagokion hitzarmen urbanistikoaren aldaketari ere behin betiko onarpena eman zitzaion. Bilduren eta Orainen aldeko 7 boto jaso zituen aldaketak eta EAJ aurka agertu zen aurretik emandako arrazoi berak erabilita. Jon Redondok esan zuenaren arabera, Udala tartean dagoen etxebizitza batzuk tasatu izatetik salmenta libreko izatera ezin dute pasa eta hori da aurka bozkatzeko arrazoia. Beñat Solaberrietak eman zion erantzuna eta neurri hori etxebizitzak egiteko nahitaez hartu behar izan zela esan zuen.

Orioko udal kanpineko bungalowen hornidura eta instalazioaren kontratazioa adjudikatu zuten segidan, aho batez, eta Garnica Plywood Fuenmayor S.L.U. enpresak lortu du adjudikazioa. Enpresa errioxarrak lortu zuen lehiaketa publikoan puntuaziorik altuena eta kontratua esleitu zaio 854.139 eurotako –BEZ eta guzti– diru kopuruarekin.

Atzetik Etxeluze eraikinaren erosketaren gainean eztabaidatu zuten. Hainbat xehetasun eta eztabaidaren ostean, aho batez onartu zen eraikina erostea. Eztabaida beroa izan zen, eta hemen duzue hori ikusteko aukera:

Bukatzeko, EAJren eta Herrira taldearen mozioak onartu ziren. Lehena, EAJren 5 aldeko botorekin eta 7 abstentziorekin onartu zen. Bigarrena, Orain taldeak hala eskatuta, puntuz puntu bozkatu zen, baina puntu guztiak onartu ziren.

Karkara Orioko eta Aiako orainkaria - Albisteak | politika, udaleko kontuak