Gaia: zesta punta

Mai
03
10:13

Zumaia: Zesta punta jaialdia jokatuko da, bihar, Getarian

Bihar, goizeko 10:30ean hasita eta Getariako Antxua Egunaren baitan, zesta puntako kinielen jaialdia jokatuko da Getariako Sahatsaga frontoian, Zumaiako Zesta Punta Eskolak antolatuta Bertan parte hartuko dute Hondarribia, Donostia, Andoain, Tolosa, Mutriku eta Zumaiako pilotariek.

Lau kiniela jokatuko dira bi mailatan banatuta eta jaialdian zehar Gipuzkoako afizionatu mailako xisterako pilotari onenak ikusteko aukera izatez gain, herrialdeko produktuekin osatutako lote eder bat zozketatuko da.

Baleike | nabarmenak, zesta punta | ( Komentarioak )


Mai
02
14:39

Zumaia: Gotzon Enbilek atzelari onenaren saria jaso du Danian

Amaitu da neguko denboraldia Daniako frontoian (Florida, Estatu Batuak) eta Gotzon Enbil zumaiarrak bikotekako atzelari onenaren saria jaso du.

Sei hilabete iraun du neguko denboraldiak eta denbora honetan taldea osatzen duten 36 pilotariek ia egunero jokatu behar izan dituzte zesta puntako kinielak.

Denboraldiko sariak banatu ziren Daniako frontoian eta Gotzon Enbili bikotekako atzelari onenarena egokitu zitzaion. Bosgarren aldia da sari hau jasotzen duela. Aurtengoan estutasun gehiago izan ditu, Israel Asiain nafarrari kiniela bateko aldea besterik ez baitio atera. 31 kinielekin nahikoa izan du Gotzonek txapela eusteko.

Bosgarren aldia da Gotzonek sari hau jasotzen duela.

Baleike | zesta punta | ( Komentarioak )


Mar
11
14:05

Zumaia: Euskadiko Zesta Punta Txapelketa irabazi dute Cosme Agirre eta Alex Gainza kadeteek

Mutrikuko Jon Goenaga eta Aitor Andonegi bikoteari 30-25 irabazi diote Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatutako finala.Bestalde, berehala hasiko da Federazio arteko GRAVN torneo ospetsua. Gipuzkoa ordezkatzeko Zumaiako hiru pelotari aukeratu dituzte: Cosme Agirre eta Ekaitz Osa jubenil mailan, eta Unai Uranga Sub-22 mailan.

Baleike | zesta punta | ( Komentarioak )


Urt
23
9:43

Zumaia: Imanol Lopez nagusi Citrus txapelketan

Asteburuan jokatu da Orlandoko 24. Citrus Txapelketa, Jai Alaiaren Superbowl-a deiturikoa. AEBetako pilotalekuetako ordezkaririk onenak eta Euskal Herritik bertara joandako bikote bat lehiatu dira. Imanol Lopez izan da jaun eta jabe, bai atzelarien arteko buruz buruzkoan, bai binaka Erkiagarekin bikotea osatuta. Hemen ikus ditzakezue Orlandoko Citrus txapelketako bideoak:

BIDEOAK: Atzelariak buruz buru / Aurrelariak buruz buru / Binaka

Aurrelarien banakakoa

Ostiral gaueko funtzioan, Aurrelarien Banakako Titulua jokatu zen. Bertan, Aritz Erkiaga bizkaitarra izan zen nagusi. Goikoetxea ere titulua lortzeko gertu ibili zen baina azkenean bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, Miamiko bere lagunaren atzetik.

1.- ARITZ Erkiaga………………..7 puntu (Miami Jai Alai)

2.- Iñaki Osa GOIKOETXEA………….4 puntu (Miami Jai Alai)

3.- Chritophe OLHA……………….4 puntu (Master Pro Tour)

4.- ANGEL Egea…………………..3 puntu (Mexico)

5.- DIEGO Beaskoetxea…………….2 puntu (Dania Jai Alai)

“.- Alain Urbistondo “ARTA”……….2 puntu (Orlando Jai Alai)

7.- Ricardo SOLOZABAL…………….1 puntu (Dania Jai Alai)

“.- Juan Carlos Sierra, “SIERRA I”…1 puntu (Orlando Jai Alai)

Atzelarien banakakoa

Larunbat goizeko funtzioan atzelarien banakako titulua jokatu zen eta Imanol Lopezek irabazi zuen. Bera zen faborito nagusia eta hirugarrenez lortu du Orlandoko Atzelarien Titulua, arazo handiegirik gabe. Zortzigarren postuan atera zen kantxara Lopez, eta lehenengo tantua Gotzon Enbil herrikidearen kontra irabazi zuen. Hala ere, hurrengo tantuan Ortzi Goiri “Txasio” zarauztarrak irabazi zion eta “kaiolara” joan behar izan zuen. Tantu bikainak ikusi ziren Lopez berriro kantxara sartu bitartean. Batez ere Enbil zumaiarra eta Sierra II eta Cisneros mexikarrak izan ziren joko ikusgarriena erakutsi zutenak. Hala ere, festak soilik Lopez kantxara sartu arte iraun zuen. Izan ere, beharrezko zituen sei tantuak erreskan lortu zituen Miami Jai Alaiko atzelariak eta banan banan irabazi zien, hurrenez hurren, Cisneros, Txasio, Etcheto, Sierra II, Spinner eta Irastorzari. Errebotean barrura, txula, errebotean bi-paretak… errekurtso bikainak ditu Lopezek atzelaria izateko eta egia esan, ez du aurkarik izan Orlandoko 24. Citruseko Atzelarien titulua irabazteko.

1.- Imanol LOPEZ………………………….7 puntu (Miami Jai Alai)

2.- Joey CISNEROS…………………………4 puntu (Mexico)

3.- Juan Manuel Sierra, “SIERRA II”…………3 puntu (Orlando Jai Alai)

4.- Gotzon ENBIL………………………….2 puntu (Dania Jai Alai)

“.- Daniel SPINNER………………………..2 puntu (Orlando Jai Alai)

6.- Ortzi Goiri “TXASIO”…………………..1 puntu (Dania Jai Alai)

“.- Nicolas ETCHETO……………………….1 puntu(Master Pro Tour)

8.- Eric IRASTORZA………………………..0 puntu (Miami Jai Alai)

Binakakoa

Larunbat gauean berriz, frontoia leporarte beteta zegoelarik, Binakako Titulua jokatu zuten zortzi bikotek. Imanol Lopezek Aritz Erkiagarekin osatu zuen bikotea Miami ordezkatuz. Goikoetxeak Irastorzarekin jokatu zuen, Gotzon Enbilek Beaskoetxearekin eta Txasiok Solozabalekin. Erkiaga-Lopez eta Beaskoetxea-Enbil izan ziren Binakako Txapelketako onenak, eta jendearen txalo zaparrada gogorrenak eurentzat izan ziren.

Beaskoetxea eta Enbil zazpigarren postuan atera ziren kantxara eta jokatu zuten lehenengo tantua, Olha eta Etchetoren aurkakoa, benetan goi mailakoa izan zen. Ia lau minutu luze iraun zituen eta 60 pilotakada inguru. Atzelari biak zein baino zein gehiago ibili ziren, errebes dotoreak erakutsiz. Aurrean ere jokaldi politak egin zituzten eta baita saskiratze zailak ere. Azkenean, Beaskoetxea eta Enbilentzat izan zen puntua, eta Orlandoko ikusleak, zutik, lau pilotarien izugarrizko lana eskertu zuten. Gutxik uste zuten hala ere, hurrengo tantua ere hain goi mailakoa izango zenik. Erkiaga eta Lopez kantxara sartu eta beste tantu luze eta gogor bat jokatu zituzten Beaskoetxea eta Enbilek, hau ere ia lau minutukoa. Beaskoetxeak bi pilota oso zail eraman zituen postura akrobatikoan hormaren kontra. Erkiagak bere saihetseko errebote bikaina atera zuen eta atzean Lopez eta Enbil zumaiarrak zein baino zein ibili ziren errebesez nahiz eskubiz, tantua dominatu nahian. Azkenean, Erkiaga eta Lopezentzat izan zen saria, eta horren ondoren beste sei tantu egin zituzten erreskadan, berriro Beaskoetxea eta Enbilen kontra jokatu arte. Bigarrenean, Daniako pilotarientzat izan zen puntua eta haiek ere tanto mordoa egin zituzten jarraian. Zazpina puntu zeuzkaten bai batzuk eta bai besteek markagailuan. Hala ere, Erkiaga eta Lopez bigarren aldiz kantxan sartu zirenean, falta zituzten hiru tantuak kolpera lortu eta Binakako Titulua eskuratu zuten Orlandoko Citrusean. Sari bikoitzat bi pilotarientzat, banaka ere onenak izan baitira, bata aurrean eta bestea atzean.

1.- ERKIAGA-LOPEZ………………..10 puntu (Miami Jai Alai)

2.- BEASKOETXEA-ENBIL……………..7 puntu (Dania Jai Alai)

3.- OLHA-ETCHETO………………….3 puntu (Master Pro Tour)

4.- SOLOZABAL-TXASIO………………2 puntu (Dania Jai Alai)

5.- ANGEL-HOEY……………………1 puntu (Mexico)

6.- GOIKOETXEA-IRASTORZA…………..0 puntu (Miami Jai Alai)

“.- SIERRA I-SIERRA II…………….0 puntu (Orlando Jai Alai)

“.- ARTA-SPINNER………………….0 puntu (Orlando Jai Alai)

 

Baleike | zesta punta | ( Komentarioak )


Abe
27
11:21

Zumaia: Agirre eta Osa Gipuzkoako txapeldun zesta puntan

Joan den larunbat goizean jokatu ziren Gipuzkoako Zesta Punta Txapelketako finalak Donostiako Carmelo Balda frontoian. Jubeniletan, Cosme Agirre eta Ekaitz Osa zumaiarrek irabazi zuten, Mutrikuko Alain Garcia eta Arkaitz Arrizabalagaren aurka (35-30). Kadete mailan, Iñaki Lopetegik eta Alex Gainzak ezin izan zuten txapela irabazi; 16-30 galdu zuten Mutrikuko Jon Goenagak eta Aitor Andonegik osatutako bikotearen aurka.

 

Baleike | orokorra, zesta punta | ( Komentarioak )


Abe
19
10:58

Zumaia: Zumaiako bi bikote Gipuzkoako Zesta Punta Txapelketako finaletan

Datorren larunbatean hilak 22 jokatuko dira finalak Donostiako Balda pilotalekuan, goizeko hamarretan hasita, kadete, jubenil eta nagusien mailan. Zumaiako bi bikotek hartuko dute parte: Iñaki Lopetegik eta Alex Gainzak kadete mailan eta Cosme Agirrek eta Ekaitz Osak jubeniletan. Mutrikuren aurka jokatuko dute bi bikoteek.

 

 

Baleike | nabarmenak, zesta punta | ( Komentarioak )


Ira
01
10:25

Zumaia: Hamargarren txapela irabazi du Goikoetxeak

Final bikaina jokatu zuten atzo Hondarribian Iñaki Osa Goikoetxeak eta Imanol Lopezek. Argazkiak: Jai Alive

Imanol Lopezek ederki estutu zuen Iñaki Osa Goikoetxea partida osoan, 26-27 aurreratu ere bai, baina txapeldun handiak bere abilezia erakutsi zuen azken tantoetan eta buruz buruko hamargarren txapela irabazi. “Partida oso gogorra izan da. Imanolek oso ondo jokatu du. Nik nahiago izan dut markagailuari ez begiratu eta nire jokoa egin”, adierazi zuen Goikok txapela irabazi berri. Lopez ere pozik zegoen erakutsitako mailarekin: “Lanak eman dizkiot. Duela bi urte 26 tanto egin nizkion, aurten 28… Ea hurrengoan!”. Gaur bertan maletak hartu eta Miami aldera doaz bi txapeldunak, udako denboraldia amaituta.

Giro bikaina izan zen atzo Jostaldiko (Hondarribia) harmailetan. Sarreraren prezioan antolatzaileek emandako paella, txakolina eta txanpainarekin giroa bero-bero zegoen, Goikoetxea eta Lopezen artean final handi bat ikusteko irrika. Eta aurreikuspenak erabat bete ziren. Ez zen finalik distiratsuena izan, baina bai azken unera arte borrokatua.

Lopezik egokitu zitzaion sakea, baina ez zion etekinik atera eta Goikoetxeak lortu zituen lehen aldeak markagailuak. Hala ere, ez zen bere jokoa egiteko gai, eta Lopez indartsu agertu zen partidaren lehen tantoetan. 7-10 aurreratu zen Lopez, partida osoan izan zuen alderik handiena. Partida bide okerretik zihoala ohartu zen Goiko, eta 16-13 eman zion buelta, dejada pare bat tartean. Baina ez zen partida hausteko gai izan. Lopezek bikain eutsi zion, eta 18na eta 22na berdindu zuten.

Zumaiatik joandako jarraitzaileak gustura, bi txapeldunak lehia estuan ikusirik. Lopez partidan erabat sartuta zegoen, eta txapelduna ezustekoan harrapatzeko zorian izan zen: 26-27 aurreratu zen markagailuan. Baina orduan atera zuen Goikok txapeldun sena, estualditik atera eta partida 30-28 amaitzeko. Bikaina biek egindako partida. Jarraitzaileen txalo zaparrada jaso zuen biek.

Goikoetxea: “Oso parekatua izan da”

“Gogorra izan da, baina espero nuen. Imanol partidan erabat sartuta zegoen eta nik nireari eutsi diot. Oso parekatua izan da eta nahiago izan dut markagailuari ez begiratu, eta nire jokoarekin aurrera jarraitu. Hamargarren txapela lortu izana pozgarria da, ibilbide ona osatzen ari naizen seinale. Oso pozik nago”.

Lopez: “Lanak eman dizkiot”

“Hasieratik saiatu naiz Goikori eusten, markagailuan alderik lortu ez zezan. Lortu dut. Partida oso gogorra izan da, agian jokoa ez da erakargarriegia izan, baina emozioa egon da azkeneraino. Nik partida ona egin dut. Ez dakit nire onena eman dudan, baina oso ondo jokatu dut. Iñakik lan asko egin behar izan du irabazteko. Duela bi urte 26 tanto egin nizkion, gaur 28. Ea hurrengoan!”.

Baleike | zesta punta | ( Komentarioak )


Abu
31
15:22

Zumaia: Goikoetxea eta Lopez aurrez aurre, buruz-buruko finalean

Imanol Lopez

Imanol Lopez, pilota bueltatu nahian. Argazkia: Jai Alive

Gaur iluntzean jokatuko da zesta puntako buruz-buruko txapelketako final handia (Hondarribia, 20:00), bi pilotari zumaiarrekin: Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez.

Zesta puntako egungo bi pilotari onenak dira eta gaur indarrak neurtuko dituzte, beste behin, txapel bat jokoan. Buruz-burukoa izanik, Goikotxea da faboritoa –gaurkoarekin hamargarren txapela lortuko luke–, baina Lopez lanak emateko prest agertu da. Ligaxkako lehen partidan Goikok 30-20 irabazi zion Lopezi, baina gaurko finala oso bestelakoa izango dela uste dute bi pilotariek. “Imanolek ez du ia akatsik egiten, eta atzelaria izateko oso ondo moldatzen da buruz-buru. Miamin ere bikain moldatzen da urte osoan eta hemen ere bere maila erakutsi du”, adierazi du Goikoetxeak.

Lopezek ere ez dio ahuldaderik ikusten aurkariari. “Bera da txapela irabazteko faboritoa. Dena egiten du ondo: sakea, errebotea… eta gainera atzelari baten indarrarekin jotzen dio pilotari. Nik dena ondo egin beharko dut partida irabazteko”. Bietako batek txapelarekin egingo du bihar Miamirako bidaia.

Jaialdia 20:00etan hasiko da, Hondarribiako Jostaldi pilotalekuan. Lehen partidan, Gotzon Enbilek Olharanekin bikotea osatuz jokatuko du, Egiguren II.a eta Dukeren aurka.

Baleike | pilota, zesta punta | ( Komentarioak )


Eka
21
7:50

Zumaia: Herriarteko zesta puntako finalak jokatuko dira igandean, Getarian

Igande honetan, hilak 24, Getariako Sahatsaga frontoian,  XV.Herriarteko Zesta Puntako finalak jokatuko dira goizeko 9:30ean hasita.

Herri bakoitza ordezkatzen dituzten pelotariak hiru mailakoak dira (kadete, jubenil eta nagusiak) eta aurten ere, iaz bezal,a Mutriku eta Zumaia sailkatu dira finalerako, Donostia eta Tolosa gainditu ondoren aurrez jokatutako ligaxkan.

Orain arte zazpi txapel irabaziak ditu Zumaiak, eta hamairugarren finala izango da jokatzen duena.

Zumaiako Kirol Elkarteak adierazten duen bezala, “azpimarratzekoa da Zumaiako Kirol Elkarteko pilotari guztiek eta beren gurasoek egiten duten ahalegin eta sakrifizioa, izan ere, pilota kirolean Zumaiako izen ona goi mailan mantendu ahal izateko, azken bost urte hauetan, herrian frontoirik ez daukagulako, Zestoa, Aizarnazabal, Getaria, Orio eta Donostira joan behar izaten dute entrenamenduak eta etxeko partiduak jokatzera”.

Gaur egun 120 bat pilotari aritzen dira guztira Eskuz, Pala eta Zestan, 7 urtetik hasita 30 urte inguru artekoak, “baina agian beste horrenbeste izan zitezkeen, Zumaian frontoi egokia izan ezkero”.

“Zaletuek ere badute zer esana”, gainereratzen dute; “milaka gara Zumaian azken 5 urte hauetan, bai afizionatu edo profesional mailako partidurik ikusteko aukerarik ez dugunak. Noizko Zumaian frontoi berria?”

Baleike | zesta punta | ( Komentarioak )


Mai
15
9:30

Zumaia: Imanol Lopezek ‘Dania vs Miami Challenge’-a irabazi du binaka

Imanol Lopez, eskuinetik laugarrena.

Imanol Lopez zestalari Dania vs Miami Challenge entzutetsua irabazi du, Fernando Lejardi bolibartarrarekin bikotea osatuz. Zortzi bikotek hartu dute parte Challengean, lau Daniakoak eta beste lau Miamikoak. Duela astebete jokatu zan joaneko jardunaldia Danian, bai banaka eta baita binakako kinielak ere jokatuz. Orduan Erik mutrikuarra eta Gotzon Enbil gailendu ziren eta Lejardi eta Lopez bigarren geratu ziren. Hala ere, bueltako jardunaldian erabaki da titulua, hain zuzen ere, Miamiko frontoi historikoan.

Urte guztian kantxa horretan jokatzen ohituta daudenez, oso eroso ibili dira Lejardi eta Lopez. Binaka jokatutako lau kinielatik bi irabazi dituzte eta bigarren eta hirugarren lekuan geratu dira gainontzeko beste kinielatan. Joaneko eta bueltako puntuazioak batu eta Lejardi eta Lopez izan dira XII. Dania vs Miami Challenge-ko irabazleak. Garaipen handia izan da hau 28 urteko atzelariarentzat eta bere ibilbide profesionalaren unerik gozoenean dagoela baieztatzen du. Aurtengo neguko denboraldian, Orlandoko Citrusa, RB Challengea eta Dania vs Miami Challengea irabazi ditu, besteak beste.

Frontoi onenaren titulua ere jokatu dute Daniak eta Miamik eta justu-justu bada ere, Miamirentzat izan da titulua, 122-121 irabaziz. Jokatutako tantu guztien kontaketa egiten da kasu honetan. Challengeko azken kinielan erabaki da frontoi onenaren titulua. Daniak esku eskura izan du garaipena. Beaskoetxea gernikarra eta Erik mutrikuarra buruz buru ibili dira tantoa jokatzen eta nahikoa zen gernikarrak irabaztea, titulua Daniara eramateko. Hala ere, Erik-entzat izan da tantua eta gero honek Goikoetxearen kontra galdu du. Horri esker, frontoi onenaren titulua Miamin geratu da. Lopezekin batera, beraz, Goikoetxea ere irabazleen artean da, Frontoi Onenaren titulua Miamiko zortzi pilotarien garaipena baita.

Challengean parte hartu duten 16 pilotarien artean izan dira Imanol Lopez-ez gain, Gotzon Enbil eta Iñaki Osa Goikoetxea, hauek ere zumaiarrak, eta Ortzi Goiri “Txasio” zarauztarra.

Euskal Telebistan ikusgai

Dania vs Miami Challenge-aren garrantziaz ohartu eta txapelketa entzutetsu hau Euskal Herrirako telebistaz ematea erabaki du ETB-k. BERDE PRODUKZIOAK Gernika-Lumoko enpresak egin ditu grabeketa lanak Floridan eta Challengea Euskal Herrian ikusgai dago eurei esker. Lehengo eguenean bota zuten lehengo kapitulua, ETB SAT-eko Jai Alai programan, gaueko 22.30tan hasita. Beste hiru kapitulu emango dituzte oraindik, maiatzeko gainontzeko eguen guztietan botako dituzte lehen aipatutako telebista kate eta ordutegian.

 

Baleike | kirola, zesta punta | ( Komentarioak )


Api
11
12:09

Zumaia: Bidarteko zesta punta txapelketa irabazi du Zumaiako bikoteak

Unax Yeregi eta Luken Aizpurua, Bidarten txapeldun.

Zumaiako zesta punta eskolaren lanak fruituak ematen jarraitzen du. Joan den asteburuan Bidarten (Lapurdi) jokatutako zesta punta txapelketa irabazi dute Unax Yeregi eta Luken Aizpurua gaztetxoek, benjamin mailan. Guztira 21 bikotek hartu zuten parte, sei Hegoaldekoak eta hamabost Iparraldekoak. Zumaiako bikoteak partida guztiak irabazi zituen lehen fasean; ondoren, finalaurrekoan 20-11 irabazi zioten Bidarteko bikoteari, eta finalean 20-14 Mutrikukoari.

Bestalde, martxoaren 31n Gipuzkoako Zesta Punta Txapelketako finalak jokatu ziren Getariako Sahatsaga pilotalekuan, alebin eta infantil mailan. Alebinetan, Zumaia 1 (Eduardo Agirre, Aitor Segurola eta Igor Armendariz) eta Zumaia 2 (Kimetz Etxabe, Cristian Saez eta Iñigo Ostolaza) taldeek jokatu zuten finala. Zumaia 1 taldeak irabazi zuen, 25-15.

Eduardo Agirre, Aitor Segurola eta Igor Armendariz, Gipuzkoako txapeldun.

Infantil mailan, Zumaiak (Iñaki Mujika, Unai Vazquez eta Aitor Larrañaga) ezin izan zion Mutrikuri irabazi (24-30).

 

Baleike | kirola, zesta punta | ( Komentarioak )