Tiraneko arraunlariek Txurrukako aterpetxean hartzen dute ostatu
Kontxako estropadako sailkapen eguna da gaurkoa eta
arraunlariak ez ezik zaleak ere Kontxari begira daude goizean goizetik.
Donostiako uretan entrenatu dute aste honetan Tiraneko arraunlariek, baina
atseden hartzeko Orio-Aia aukeratu dute, Txurrukako aterpetxea, hain zuzen ere.
Arraunlariek Orioko egonaldiaz eta Kontxarako nahiez hitz egin dute.

Badira urteak Kontxako estropadaren harira Oriora etortzen
direna. 1996an izan ziren Tiranekoak lehen aldiz gurean eta hurrengo
urtean Errota landetxera joan ziren arren, Txurrukan izan dira gainontzeko
urteetan. Orioko estropadarako etortzen dira eta ostegunean
Kontxako sailkapen estropada jokatuta sailkatuz gero, igandera arte gelditzen
dira; ondoren, etxera itzuli eta hurrengo iganderako bueltatzeko. Daniel Rua
Tiraneko arraunlariak dio oso gustura egoten direla Txurrukan: Oso ongi
hartzen gaituzte, hotel bat baino hobea da guretzat. Daniel Perez
entrenatzaileak urtetan Txurrukako arduradunekin egindako lagun arteko
harremana azpimarratu du, primeran hartzen eta zaintzen gaituzte,
dio.
Aste osoa etxetik kanpora pasatzen duten arren, taldearen onerako dela dio Ruak: Etxea beti da etxe, denontzat, baina hemen talde
lana handiagoa da, dena elkarrekin egiten dugu: jatorduak, gainera denok
berdina jaten dugu; eguna denok batera antolatzen dugu, entrenamenduetara
elkarrekin joan, aisialdia elkarrekin partekatu…
Arraunlari izateaz gain beste lanbide batzuk dituzte eta
zaila da partekatzea, lan gogorrak direlako batzuk. Gainera hemengoa bezalako
egonaldietarako jai egunak pilatu behar izaten dituzte opor gisa hartzeko. Baina hona ere bestelako lanetara,
arraunera, datoz. Daniel Ruak, esaterako, atunontziak eta
merkantzia-ontziak konpontzen egiten du lan eta hodi pisutsuak bizkarreratu
behar izaten ditu eta. Lanean ondo nekatu ondoren, entrenatzera joaten da, baina arrauna
maite duelako ematen du ahal duen guztia: Guk arraunean ibiltzeagatik ez
dugu kobratzen; denboraldi bukaeran estropadetan jasotako dirua denon artean
banatzen dugu. Klubaren baliabideak ere urriak dira; ez daukagu
sendagilerik ere.
Etxekoak gertu

Taldekideekin bai, baina bada familia ere berarekin ekartzen
duenik ere. Aukera dutenak etortzen dira, emazteak, seme-alabek eta arraunlariek
eskertzen dute etxekoak gertu izatea. Haiek ere beren ibilbidea jarraituko
dutela diote eta Kontxan gogor animatuko dituztela. Estropadetan bai baina
arraunean ere beren bidea jarraituko ote dute? Umeak gurekin pozik
daude. Nire alaba ahal duenetan klubera etortzen da nirekin, baina taekwondoan
ere ibiltzen da eta aurrerantzean bide hori hartuz gero agian hobe. Arrauna droga
bat bezalakoa da, harrapatuz gero zaila da uzten, eta oso kirol gogorra
da, dio Ruak.
Donostian egiten dute entrenamendua. Goizean goiz jaiki,
gosaldu eta motxila prestatuta joaten dira hara. Bueltan, dutxatu eta bazkarira
bitartean atseden hartzen, ping-pong-ean jolasten... egoten dira eta
arratsaldean berriz entrenatzera. Prestaketa saioa bi zatitan banatzen dugu,
horrela, eta itsasoa egonez gero, ez zaizkigu giharrak hainbeste
kargatzen, dio Ruak. Itzuli, dutxatu eta kartetan jolastu, berriketan
egin edo atseden hartu ondoren afaltzen dute eta herrira ere joaten dira
kafetxo bat-edo hartzera. Kalera joan eta sumatzen dute jendeak ezagutzen
dituela, besteak beste tabernetan egon eta zerbait esaten dietenek. Daniel Ruak
eskertzen du herritarren harrera. Orioko jendeak asko maite gaitu.
Iluntzean zerbait hartzera ateratzen gara, hondartza aldera ere egin dugu
buelta… eta herritar batzuek badakite nor garen. Beharra izanez gero, hemengo
fisioterapeutek tartetxoa egiten digute kontsultan. Gustura gaude Orion eta
gainera toki lasaia da.

Toki lasaia beraientzat, baina herria ez da batere lasai
egoten estropada egunetan eta arraun elkartearekin bat datozela koloreak
kanpora aterata erakusten du askok. Ruak dio Orioko banderak nonahi ikusten
direla:Gurean ezta erdia ere; aurten hala ere etxean jokatutako estropadan
harritu egin gaitu jende dezente gerturatu baita ikustera. Castron eta
Urdaibain ere arraun zale asko dagoela nabaritzen da.
Amilibiaren konponketak

Asteazken arratsaldea
libre hartu zuten arraunlariek; entrenamendutik libre baina bestelako lanak
baziren egiteko. Izan ere, trainerua Amilibiaren lantegira eraman zuten
Kontxako sailkapen estropadaren aurretik azken ukituak egiteko. "Egokitu
egin dute eta pisua arindu. Soberan dauzka zatitxo batzuk eta pare bat-hiru
kilo kentzen saiatuko dira. Trainerua berria da baina gurea beste edozein
talderena baino gehiago hondatzen da astebururo errepidean eramaten dugulako
batetik bestera; denboraldian barrena 10-12 bidaia egiten ditu gutxienez. Amilibiarena da
trainerua eta konpontzera hona ekartzen dugu eta are gehiago hemen gertu
gaudenean. Trainerua txukun utziko diete eta arraunak ere
Amilibiarenak diren arren, gogor arraun egin beharko dute zerbait lortu nahi
izanez gero.
Sailkatzearekin gustura
Entrenamenduak eginda, trainerua prest eta gogoz joango dira
Kontxako sailkapen estropadara Tiraneko arraunlariak. Gauzak zail dauden arren
ahalegina egingo dutela diote. Ligan zazpigarren tokian gaude eta
sailkapen estropadan postu hori eginez gero barruan geundeke; hori guretzat
sekulakoa litzateke. Beste talde batzuk presioa dute postu hobea lortzeko,
baina guk hori lortzea denboraldiari bukaera borobila ematea litzateke. Ni TKE Liga hasi zenetik ari naiz eta iaz lortu genuen emaitzarik onena, 9. postua eta
aurten zazpigarrenean gaude, beraz, gutxienez mantentzea da gure nahia,
dio Ruak.
Kontxarako faborito zein diren galdetuta kiniela egitea zail
ikusi du Tiraneko arraunlariak: Faboritoak Urdaibai, Orio edo Castro izan
daitezke; San Juan ere ongi dabil eta San Pedro ere igotzen ari da;
Hondarribia, Pedreña eta Astillero ere kontuan hartu beharreko taldeak dira,
baina Ligan gu haien aurretik gaude eta uste dugu haiek ere kontuan hartuko
dutela gu hor gaudela eta zerbait egin dezakegula. Huts gehien egiten duena
geldituko da kanpoan.
Urdaibaiko arraunlaria da Ruaren anaia, baina hark inolako
pistarik ez omen dio eman. Talde bakoitzak bere lanerako moduak dituela eta
bakoitzak bere entrenatzaileari kasu egiten diola dio Tiranekoak eta bera
Daniel Perez entrenatzailearekin oso pozik dagoela. Aholkuak aholku, zazpi
lehenengoetan sartzea denentzat zail dagoela uste du Ruak, baina inori ez omen dizkiote gauzak erraz jarriko. Astean anaiari esan diot
beraiek Ferraria direla eta gu Renaulta, baina Alonsok Munduko Txapelketa
Renaultarekin irabazi zuela.
Dena ikuskizun dago. Traineruak ez du motorrik, baina
Tiraneko mutilek erakutsi beharko dute Txurrukan hartutako indarrek balio ote
dieten Kontxan ongi aritzeko.