Berton. Gaia: berton dugu

http://www.asapala.org/

Helbidea: Iturriaga 55, 1. ezk. 48004 BIlbo

Telefonoa: 94 473 54 48

Faxa:

Zabalkundea

Zabalkunde eremua: Begoña, Santutxu, Txurdinaga, Otxarkoaga, Bolueta, Uribarri, Matiko, Loruri, Zurbaran-Zurbaranbarri eta Atxuri auzoak. Begoñako elizate zaharrak harrapatzen dituen auzoak batik bat. Bilbo, Bilbo Handia eta Bizkaia ere bai.

Zabalkunde mota:

  • Banaketa puntu jakinetan
  • Doako harpidetza

Botaldia: 2.100

Maiztasuna: Hilero

Aldizkariaren ezaugarriak

1998ko otsailean ikusi zuen argia lehenengo Bertonek. Harrezkero Mahatserriko aldizkaria hilero-hilero heltzen da doan aspaldiko kontuak zein berri fresko-freskoak ezagutu nahi dituztenen etxeetara. Beti ere Begoñako errepublika zaharreko lur eremuak kontutan hartuz eta euskara hutsez! Asapala euskara elkartearen eta auzotar boluntario taldearen parte-hartzea ezinbesteko izan dira Bertonek egin duen bidean eta baita etorkizunean ere!

Informazio gehiago
Abe
31
19:16

Mahatserria (Bilbo): Burulana, eskulana eta gerralana

Apaizentzat mundu mailan egon den kartzela bakarra izan zen Zamorakoa, Estatu espainolaren eta Vatikanoaren arteko konkordatuaren ondorioz sortua. 1968 eta 1976 bitartean 40tik gora apaiz euskaldun pasa ziren bertatik. Tartean, Josu Naberan eta Martin Orbe mahatsorriak. Durangoko Azokan, ‘Zamorako apaiz-kartzela’ (Txalaparta) izenburupean Angel Zelaietak eta Edorta Jimenezek koordinatutako liburu “polifonikoa” eman zen ezagutzera. Orduko eliza frankistaren errepresioa eta, batik bat, orduko apaiz euskaldun askoren justizia eta askatasun konpromisoa azaleratzen ditu liburuak.

Aniztasun handia zegoen Zamorako apaiz-kartzelako presoen artean. Hilabeteko zigorra zutenak, 20 hilekoak eta kondena luzekoak, denak elkarrekin zituzten. Galiziarrak, kataluniarrak, asturiarrak… eta euskaldunak ere baziren tartean. Martin Orbe 1969an eraman zuten bertara Mikel Etxebarria etakideari ihes egiten laguntzeagatik. Hori baino lehen, Basauriko kartzelan 15 egun eman zituen, horietatik 9 inkomunikatuta. Torturatu egin zuten. Zamorako kartzelako egonaldia baino “gogorragoa izan zen tortura bera”, diosku. Eta batik bat Zirarda Bilboko gotzainaren jokaera, “ez zuen nire testigantza sinetsi”. Martinek tortura aztarnak oraindik ikusgai zituela erakutsi nahi izan zizkion gotzainari, eta honek “cómo no le voy a creer a un sacerdote mío”, erantzun zion. Aurrerago Zirardak berak idatzitako memorietan aitortu zuen: “Sabíamos que había tortura, pero no había pruebas”. Horixe da oraindik orain Martinen minik handiena.
“Berehala” heldu ziren Zamorara beste bost euskal apaiz preso, ‘Los bostak’ esaten zieten. Martinentzat “arnasbidea” izan zen Josu Naberan, Nikola Telleria, Xabier Amuriza, Alberto Gabikagogeaskoa eta Julen Kaltzada ondoan izatea. “Pentsaeran hurbilago nengoen beraiekin nirekin atxilotu zituztenekin baino, apaiz lagunak ziren arren, ez genuen hainbeste konfiantzarik”.
1968ko azaroan beste apaiz batzuekin batera Derioko seminarioan itxialdia egitetik zetozen ‘Los bostak’. Baina estatuaren errepresioa asko gogortu zuen salbuespen egoerak eta “zer edo zer konbentzigarriagoa” egitea erabaki zuten. 1969ko maiatzaren 30ean ekin zioten “borondatezko” gose grebari bost apaizek Bilboko gotzaitegiaren lokaletan. Josu Naberanek gogoan du orduan argitaratu zuten dokumentu “gogorra”: “Estatuari terrorista zela esaten genion”. Paris eta BBC irratietan oihartzuna lortu zuen beraien ekintzak. Bizpahiru egunera Bilboko gotzainak epailearen esku lokaleko giltzak uztean atera zituzten. “Rebelión militar akusaziopean” ateak itxita epaitu zituzten. Zigor luzeak ezarri zizkieten. Josuri, esaterako, 12 urte eta egun bateko kartzela-zigorra “por mala conducta social”.

Kohesio handia
Angel Zelaietak, liburuaren koordinatzaileak, eskatu zion Martin Orberi Zamorako kartzelako deskribapena egiteko. Kronika hutsa baino “liburu polifonikoa” egitea zenez helburua, Martinek bere esperientzia kontatu ordez, “taldearen bizipenak, borroka eta elkartasuna” islatu nahi izan ditu. “Izan genituen arazoak ere bai”. Eta ahalegin horretan erraz atzematen da kondena luzea zuten apaiz euskaldunen arteko “kohesio handia”. Kohesioaren adierazle ziren egunero eman eta jasotzen zituzten euskara klaseak, urte betera prestatu zuten ihesa, bi urtera burutu zuten motina eta ostean hasi zuten gose greba.
Astotxoaren abestia erabiltzen zuten sintoniatzat euskara klaseei hasiera emateko. Xabier Amurizak egiten zuen gehienetan irakasle lana. Eta egin zuten, bai, lan ugari: atzizkiei buruzko lana, aurrizkien proposamena, itzulpenak… Denen artean, bada Martinek ondo gogoratzen duen bat, Guillermo Tell tiene los ojos tristes liburuaren itzulpena. “Kapitulu bana hartu genuen eta, itzulpena aberasteko, euskararen baliabide propioak erabili genituen”.

Eskulana eta gerralana
“Presoen obligazioa ihes egitea da”, dio barre artean Josu Naberanek. Bera zen “eskulanetan ingeniari nagusi”, nahiz denek parte hartu ihesaldi ahaleginean. 1971n hasi ziren tunela eraikitzen ahal izan zuten moduan: lanabes eskasekin, eskuekin zein haginekin. “Ez genuen uste posible zenik, baina astiro-astiro metrotan aurrera egin genuen”. Batzuk lan fisikoa egiten zuten bitartean, beste batzuk lan psikologikoa egiten zuten “funtzionarioak distraitzen”. Zergatia ziur ez dakiten arren, distraitze zereginetan huts egiten zutela pentsatzen du Martinek 40 urteren ondoren: “Funtzionarioek zerbait susmatu zuten”.
Zamorako apaiz euskaldunek beren apaiz pribilegioa ukatuz, gainerako preso politikoekin egon nahi zuten. Espainiar Elizak euren eskariei entzungor egiten ziela ikusirik, burulanak eta eskulanak albo batera uztea eta gerralanari ekitea erabaki zuten. Motina burutu zuten 1973ko azaroan. Jon Etxabe hasi zen eskura topatzen zuen oro apurtzen eta birrintzen. “Wakie talkie bidez komunikatuz”, atzetik jarraitu zioten besteek. Koltxoiei su eman zieten, komunak apurtu zituzten eta kristalak txikitu. Josu Naberanek, aurretiaz, objektu sinboliko guztiak apartatu zituen kaperatik. Motinak kanpoan oihartzuna izan zezan kazetariekin kontaktuan jarrita zeuden eta kartzela kanpoaldetik grabatutako irudiekin “lortu genuen solidaritatea zabaltzea”. 

“Kapitulutxo bat”
Neguan hotza eta udan beroa zen Zamorako kartzela probintzialeko pabiloi hura. “Ez zegoen baldintzarik kondena luzeak pasatzeko”. Ziega konpartitu beharra zegoen bakardaderako unerik gabe. Martinek bere ziega-kideak “kategoriako gizon” bezala oroitzen ditu barre egiten duen bitartean. Baina berehala iluntzen zaio aurpegia: “Astean behin dutxatzen ginen, komunetan ez zegoen aterik, ez genuen liburutegirik ez kirola egiteko espaziorik, baina hori bai, patio erdian kartzela nagusiko tximinia genuen ke beltza botatzen”.
Zamorako kartzelan pasatakoa, gure historiaren “kapitulutxo bat” dela aitortzen du Martinek. “Une egokian irten da liburua urte haietako errelatoa egin behar dela baitio jendeak hitzetik hortzera”. Eliza ofizialaz gain, beste eliza bat bazegoela erakusten du, “zapaldu eta oprimituekin zegoena eta zoritxarrez, orain, indartsu ez dena”. Meritu horixe aitortzen dio Josuk ere, “Eliza barruko kontraesanak islatzekoa”, alegia.
Protagonisten kontakizunekin batera, apaizen ekintzek izandako oihartzuna aztertzen duten iritzi eta erreflexioekin osatzen da liburua. Horrela lortzen du “polifonikoa” izatea. Angel Zelaieta arduratu da “egunez egun askoren artean” egindako lana koordinatzeaz. Zamorako kartzelaren berri ez duten gazteentzat jotzen du interesgarri liburua eta baita “edadetxoa dutenentzat ere”. “Orduko kleroak eragina zuen jendartean eta pertsona horiek izan dezakete irakurtzeko gogotxoa”.
Baina, “traba” eta “hutsune” bana ere aitortzen dizkio liburuari Angelek. Batetik, gehiengoa euskaraz idatzita egonik “arazoa izan daiteke euskara gutxi dakitenentzat”. Bestetik, liburua idatzi dutenen artean, gutxiengoa dira gaur egun apaiz, eta horrek zera esan nahi du: “Liburuak ez diola erantzuten ordutik gaurdaino ‘zer gertatu da Elizarekin?’ edota ‘zer gertatu da sinesmenarekin?’ galderei”. Horiei, agian, beste liburu batean erantzungo diete.

Berton aldizkaria | berton dugu


Abe
31
19:08

Mahatserria (Bilbo): Gaztedi, 60. urteurrena ospatzeko urtea

Gaztediren agendan gorriz markatutako egun asko ditu 2011. urteak. Ekimenez beteriko urtea izan da hau, eta ez da gutxiagorako, izan ere, 60 urte bete ditu dantza talde mahatsorriak. Urtarrilean hasi ziren ospakizunekin, eta azaroaren 13an eman zioten bukaera Arriagan aurkeztutako ikusgarriarekin. Eusko ederti. Belaunaldiz belaunaldi izenburupean, Gaztedi dantzari taldetik pasatako belaunaldi guztiek ordu eta erdiko emanaldia eskaini zuten.

Arriaga antzokia betetzeko adina jarraitzaile ditu Gaztedik. Azaroan nabarmen geratu zen dantza talde mahatsorriak jendea erakartzen duela, are gehiago, Arriaga bezalako antzoki batean dantzatzen badu. Belaunaldiz belaunaldi jaialdia ez da berria, dantza taldearen historian lehenagotik ere egin izan da. Tradizioan oinarrituriko taldea izaki, 60. urteurreneko ospakizunetan ere ez dituzte ohiturak bazterrean utzi nahi izan, eta ikuskizun horri heldu diote. Gaztediko kide diren eta izan diren musikariak eta dantzariak bildu ziren Arriagan. Ekitaldi hunkigarria prestatu zuten bilbotar dantzazaleentzat.
Ikuskizunaren aurkezpenean horrela mintzatu ziren Gaztedikoak: “Arriaga antzokia goraino bete nahi dugu gure mezua zabaltzeko, gure historia eta istorioak modu berezian kontatzeko”. Nahia errealitate bihurtu zen, eta hamaika lagunen begiradapean kontatu zuten dantzari taldearen historia. Belaunaldi bakoitzak bere zatitxoak prestatu zituen. Batzuek kantatzea nahiago izan zuten, eta koplak eskaini zizkioten Gaztedi dantzari taldeari. Beste batzuek, berriz, koreografia berriak taularatu zituzten. Antzerkia egiten ausartu zen talderik ere izan zen. Dena den, betiko dantzak izan ziren protagonistak azaroaren 13ko arratsaldean.

Historia oparoa
Arriagako ekitaldian Gaztedi dantzari taldearen historia laburbildu nahi izan zuten. Horretarako, belaunaldietan banatu zuten ikusgarria. Joseba Arrieta Txertudik eman zion hasiera ekitaldiari, aurkezpen hitzekin. “Nahiz eta momentu txarretan sortua, gaur, oraindik, hemen irmo gaude; hirurogei urte igarota urak bere bidean”, esan zuen. Eskerrak eman zizkien belaunaldiz belaunaldi taldea osatu duten guztiei, eta dantzaren garrantzia ere azpimarratu zuen: “Horrelako ekintzekaz Herria egiten da”.
Hasierako garaiak gogoan izan zituzten, baita borrokan murgildutako 70. hamarkada ere. Jazarpeneko egoeratik, nolabaiteko askatasunera igaro, eta 1978. urteko lehenbiziko Euskal Herriko Dantzari Eguna gogoan izan zuten. Larraindantza dantza nazional gisa aitortu zuten hurrengo eguneko egunkariek. 90. hamarkadan inauterietako dantzak izan ziren taldeko mugarriak, eta, horregatik, Luzaideko eta Zuberoako inauteriak plazaratu zituzten, 90ean eta 94an Santutxun egin zuten moduan.
Txalo zaparradak aditu zitezkeen Arriagan, baina sorpresa Badator Marijaia kantua aditzearekin etorri zen. Ikusleen artetik 2001eko pregoia irakurri zuen Aitziber Irurtiak, Bilboko Aste Nagusiari hasiera eman ziotenekoa gogoratuz. Horren ostean, Badator Marijaia kantuarekin polka dantzatu zuten eszenatokian, eta konpartsa guztien elastikoak eskegi zituzten. Bertaratutakoek txaloekin jarraitu zuten 1997an sortutako kantu famatuaren erritmoa.
Bukaeran, lokal aldaketa eszenifikatu zuten, Arriaga guztiz biluztu eta eszenatoki berria sortuz. Eskuz esku pasatako materialek ere lokal aldaketa bizi izan zuten. 2004. urtean utzi zuen Gaztedik ordura arte erabilitako lokala, baita Sorgintxulok ere. Lokal berri batekin, orain arteko ibilbideari jarraitu zion talde mahatsorriak. Lehenbizi agurra dantzatu zuten, lokal zaharrari omenaldia egin asmoz, eta ondoren Etorkizuna eraikitzen eta Karmelotik-Santutxura koreografiak dantzatu zituzten.
Bestelako omenaldirik ere izan zen Arriagan. Ikusgarriaren amaieran belaunaldi zaharreneko kideei oroigarri bana eman zieten. Txema Gaztediko txistulariari ere omenalditxoa egin zioten, aurten zendu baitzen, eta berarekin batera gogoan izan zituzten hil diren kide guztiak.

Urte osoko egitaraua
Urtarrilean hasi ziren urteurreneko ekitaldiak. Musikariek eman zioten hasiera ospakizunari, eta Santutxuko kaleetan kalejira egin zuten, haien doinuak lau haizetara zabalduz. Otsailean ‘master classak’ heldu ziren. Musika eta dantzari lotutako sei ikastaro labur eskaini zituen Gaztedik. Ibon Koteron, Kepa Junkera, Jose Mari Aguirre eta Sabin Bikandi musikariek parte hartu zuten apirilera bitarte luzatu ziren ikastaroetan. Dantzaren alorrean, berriz, Natxo Montero, Jon Maya, Patxi Laborda eta Kepa Artetxek zuzendu zituzten ‘master classak’. Begoñako udaltegian izan ziren guztiak.
Dantza taldeetan ezinbesteko osagai izan ohi dira haurrak, izan ere, etorkizuna ziurtatzeko aukera ematen dute. Gaztedik ere hainbat gaztetxo prestatzen ditu nagusi direnean dantzari trebe izan daitezen. Taldeko kide diren heinean, 60. urteurrenean ere protagonista izan ziren apirilaren 9an eskaini zuten ikusgarrian. Mirentriska eta kutxa magikoa ekitaldia Berrio-Otxoa ikastetxeko frontoian gorpuztu zuten. Apirilean ere, Korrikaren lekukoa eraman zuten dantzariek Santutxun.
Maiatzean, herri ikastaroak antolatu zituen Gaztedik, plazako dantzak erakusteko. Karmelo plazan egindako erromerian trebatu ziren ikastaroko parte hartzaileak. Eguraldi onarekin, Bilboko Kalealdia heldu zen. Ekimen horri hasiera eman zion Gaztedik Alde Zaharreko kaleetan egin zuen erakustaldi folklorikoarekin. Santutxuko jaiak ere iritsi ziren, eta pregoia irakurtzeko ardura dantza taldearen esku egon zen.
Udazkenean kalejira egin zuten Gaztediko musikariek Santutxuko kaleetan. Txistu kontzertua ere antolatu zuten urriaren 7an San Francisquito elizan. Gaztediko txistulariekin batera izan ziren Santutxuko txistulariak, Bizkaiko txistulariak eta Bilboko udal txistu banda ere. Biharamunean mendi irteera egin zuten, eta ospakizuna borobiltzeko, bazkaria prestatu zuten Arriagako ekitaldiaren ostean, belaunaldi guziak mahai inguruan biltzeko asmoz.

Berton aldizkaria | berton dugu


Abe
13
20:55

Mahatserria (Bilbo): Agur eta ohore Kepa!

Azaroaren 14an hil zen Kepa Mallea era lazgarrian. Ez dute, ez, santutxutarrek egun hori erraz ahaztuko gizon zoro batek labanaz sei pertsona zauritu eta Kepa hil baitzituen. Agur egin nahi izan diote bere lankide, ikasle, lagun eta berbalagun izan zirenek BERTON aldizkariaren bidez. 

Sormena bilatu eban, baita topau be
Kepa zelan gogoratzen dodan? Beroan: bertsoaren mundu zoragarrirako ateak zabaldu eustazan irakaslearentzako eskerrak baino ez daukadaz; badakit badakiela.
Hotzean: nire Kepa zera da, Transmisinoa eta Autoridadea. Eta goxotasuna. OHOko 8. mailan geunkan euskera irakasle. Erabilereari emoten eutsan garrantzi handia, eta oso ‘astuna’ zan kontu horregaz. Egunero gogorarazoten euskun patioan, pasiloetan… Momentuko bonbardeoaren eragina denboreagaz igarri da gutako askorengan. Eta zer esan bertsolaritzaz. Keparen zaletasunak bat egiten eban ikasleok jaso beharreko euskal kulturearen gitxieneko ezagutzeagaz. Eta teoria bai, baina horretan be erabili gengian arduratu zan. Sormena bilatu eban, baita topau be. Astero-astero gaia imini eta bakotxak gure bertsoa idazten genduan, taldean kantau eta gehien gustetan jakuna aukeratu. Hil zorian gagozala, hagineko minari, Ikastolari, udabarriari, Maradonaren garaiko Athletic-Barca partidari, maiteari (Unai Basterraren bertso gogoangarria zenbat aldiz kantauko gendun Zazpi Kaleetako asteburuetan!)… Zaletu ere egin ginan batzuk. Ordurako Santutxuko Bertso Eskola martxan ebilen ikastolan bertan, eta harako animau ginduzan Kepak. JR Etxebarriak segidu eban hak hasitako lana.
Irakasle gogorra zan. Exijidu egiten eban, baina baekien barre egiten geugaz, eta gutaz arduratzen zan. Besoak erremangetan gogoratzen dot… eta hartu neban zaplaztekoa be bai (amarena lez, harena jakin barri eta arrazoia jakin orduko). Ez dot gitxiago maite horregaitik. Merezi neban, eta punto. Gaur irakasle naz neu be, eta Kepa lako irakasleak gogoan, saiatzen naz autoridadea irabazten, goxo izaten eta maite dodana konpartiduten. 

Iñaki Aurrekoetxea, ikasle ohia

 

Zenbat ikasi dudan zugandik!
Asko eman zenion Ikastolari, Kepa. Asko dizugu zor. Bertan, lehenengo, Ikastolatik kanpo gero, poza eta aurrera egiteko gogoa transmititu didazu beti. Pertsonekin zein egoerekin, onenarekin gelditzeko gaitasuna eta gaitasun hori kutsatzeko ahalmena zeneukan. Zenbat ikasi dudan zugandik! Eguraldi zoragarria genuela esaten zenuen, ona egiten zuenean, eta hain ona egiten ez zuenean, aldiz, ederra.
Joan zarenetik eguraldia tristeago dago, baina giro tristean ere jakingo dut ederra bilatzen. Besarkada bat, Kepa; nik zurea faltan hartzen dut.

Amaia Urresti, irakaslea eta lankide izandakoa

 

Kasu ez egiteagatik, eskerrik asko
Kepa orain dela urtebete ezagutu nuen alabaren bitartez. Berbalagunerako laguntzaile bat behar nuen goizez aritzeko eta Lurrek, alabak, aita agian prest egongo zela esan zidan, erretiratu berritan zegoen eta. Berarekin kontaktuan jarri eta esfortzu barik konbentzitu nuen.  Bueno, esfortzu barik… Egia esateko, kostatu zitzaidan ulertaraztea zein behar zuen izan bere paperak horrelako taldeetan. Ez irakaslearena, mintzalaguna, elkarrizketa laguna, eredu bat gehienez jota bere taldeko beste partaideentzat.
Baina Kepa irakaslea zen senez eta ekintzez. Gerora enteratu naizenez, irakasle lanak bete zituen niri kasu handiegirik egin gabe. Eta hori dela-eta, agian, nirekin urtetan egondako berbalagun horiek (neurekin aritzen baitziren berarekin baino lehen) urte betean, zegozkien Hizkuntz Eskakizunak lortu, barnetegietan izena eman, haien bizitza idatziz kontatu eta, garrantzitsuena, bere burua euskaldun sentiaraztea lortu zuen Kepa Malleak. Horregatik guztiagatik, eta bereziki niri kasu ez egiteagatik, eskerrik asko Mallea jauna.

Aitor Argote, Mahatserriko Berbalaguneko koordinatzailea

 

Flash batzuk
Gizon arduratsua eta konpromiso handikoa zen, berdin gai txikietan zein garrantzitsuetan baina ez zuen ezinbesteko lider antzera jokatzen. Nire ustez, Bertol Brechtek testu batean aipatzen zituen pertsonen tankerakoa zen: “Badagoz bizitza osoan zehar ekinean jarraitzen dutenak, horiek dira nahitaezkoak”. Horietakoa zen. Egin behar dena, egin eta ekin, lanean eta lanetik kanpora. Zeukan jakituria eta informazio handia, apal, neurriz eta kontu handiz erailtzen zuen, ukapena edo haserrea eta batez ere inork mina hartzea ekiditeko...
Euskal sen eta arima sutsukoa: Montorzuriko seme honek euskararen tekla guztiak jotzen zituen, batez ere bizkaieraz (hi-zu-berorika) Keparen parekorik ez da egon. ‘Lehenengo berbia euskaraz’ praktikatzen zuen han eta hemen, eta kontuan izan edozeinekin eta edonon hasten zela elkarrizketan, lagun guztiok dakizuenez, horretarako lotsarik batere ez zuelako, elkarrizketan hasteko lotsarik zer zen ere ez zekielako. Zer esango dut, nekatzen ez zen berritsu eta kontalari trebea zen. Hainbat adiskide ezagun eta kontaktu horrela lortzen zituen. Nola ez, euskal kulturan murgildurik zebilen eta hainbat zereginetan haren oinatzak ageri dira. Horrez gain, lagun mordoa erakartzen zuen mundu horretara: liburu azoka, bertsolari, kantaldi, konferentzietara...
Aitzineko tankera eta estilora tratatzen zuen bere inguruko jendea, beti enpatiaz, baina ez telefonoz bakarrik, etxeetara bisitak eginaz ohitura zaharrak agintzen duenez; era askotako aitzakiak topatzen zituen: “Horretan zabiltza eta liburu hau interesgarria dok”, barrura. “Nonbaiterako gonbidapena daukat... bai, bai, elkar ikusteko”, listo. “Hainbeste denboran ez zaitut ikusi”, abisua eman eta barrura. “Hemendik pasa gara”, hala, barrura. “Perretxiko hauek eskolako hamaiketakorako”, abian eskolara bisitan. Inoiz: “Gaur, desastre, hamabi senderuela baino ez ditugu hartu baina trankil, Mireni prestatuko dizkiot polito-polito...”, etxera.
Saminez, tristuraz beterik dago gure auzoa, koadrila eta familia. Kanpora atera dezagun gure pena, bai: Keparen heriotzak mila zatitan hautsi digu bihotza. Baina badiotsuet, bere presentzia, bere portaera zuhurra eta zuzena gure aldamenean dago.

Xabier Bilbao, laguna

 

In memoriam
Santutxun, azaroaren 14an Keparen hilketa konfirmatu ondoren, Xabier lagunak helarazi zidan mezu sentikor hau: “OINAZEZ... bai, ikusi dut Miren, I.Anat.Forensearen aurrean... derrepente berba eztitsuak esateko ahalmena galdu dut. Nere basoan aretx bat falta da!”. Eta zinez, niri ere Kepa laguna galdu izanak, egundoko ezintasuna, amorrua eta samina eragin zidan. Oso une latzak izan dira batik bat bere familiarentzat eta baita Kepa ezagutu eta maite izan dugunontzat bera baitzen gutako askorentzat eredu eta hurbileko laguna.
Guztiok jakinean gaude gure bizitza bere joanean hauskorra dela, baina nola onartu gizon bakezale eta lagunkide zena, honelako modu tamalgarrian gure artetik erauzi izana! Oraindik ere ezin sinistu nago. Keparekin izan dudan lotura aitzinatik dator. Hamar urteko mutikoak ginela, Oñatiko laterandarren ikastetxean ezagutu ginenetik. Eta orduan gure artean sortutako adiskidetasunak gaur arte, etenik gabe, sendotzen iraun du. Tartean zenbat amets, zenbat bizipoz eta zenbat momentu alai eta neke igaro ditugun elkarrekin! Aitortu behar dut ere, Keparen eragina ez bakarrik nigan, baita gure betiko koadrilan ere nabarmena izan dela. Batez ere, bere izaera jator, sendo eta lagunkoiagatik. Eta dohain hauei esker ‘ondo jausten’ zen tipoa baitzen. Bihotz onekoa, eskuzabala eta beti laguntzeko prest zegoena. Horregatik zen hain onartua eta askotan maitatua. Eta lagunak nonahi zituena!
Nola ez aipatu Keparen zaletasunak: naturazale, euskaltzale, bertsozale eta guzti hauen gainetik bakezale ere bai. Eta zaletasun hauek ondo baino hobeto bideratu zituen hezkuntzan. Lehendabizi, gaztaroko urteetan Karmelo Ikastolan, eta azkeneko urteetan berriz, Zamakolako Juan del Mas eskolan. Eskola honetan, Kepak beste irakaskideekin kulturaniztasuna eta bakea uztartzen zuen proiektu esanguratsua martxan jarri zuen. Eta hara, Kepak zein hitz gutxirekin asmatu zuen proiektuaren filosofia adierazten: “Elkar adosten dakigunean, atsegina da bizitza. Gure gatazkak bideratzeko, arma onena da: HITZA”.
Eta Kepa oso koherentea zenez, Euskal Herriko garai berri hauen aurrean ere ezinbestekotzat jotzen zuen, gure euskaldun arteko gatazka konpondu nahi bagenuen, elkarrekin hitz egitea eta adostasuna lortzeko bideak urratzea. Aurrerantzean, beraren falta, berarengandik jasotakoa praktikan jartzea baino ez zaigu falta. Hala izan bedi!

Josu Arregi, laguna

Berton aldizkaria | berton dugu


Urr
28
23:49

Mahatserria (Bilbo): Hezkuntzari begira, erretirotik

Irakasle lanetan eman dute beraien lan-bizitza osoa Josunek, Maitek eta Lolik. Orain, erretreta hartuta, pozik bizi dira norbere zaletasunei eta lagun eta familiartekoei denbora gehiago eskainiz. Mahatserriko hiru irakasle ohiek ez zuten Irakaslearen Nazioarteko Egunaren berri (urriak 5). Guk aitzakiatzat hartu dugu eguna, azken urteotako hezkuntza munduko aldaketei buruz hitz egiteko.

Asko aldatu da hezkuntza azken hamarkadetan. Izugarri. Pentsa, Josune Elizondo irakasle lanetan hasi zenean 40tik gora ume zituen gelan eta, gainera, adin ezberdinekoak. Ikastola “klandestinoa” zen orduan eta umeen ikasketak ofizialtzeko zuten modu bakarra tranpa egitea zen. “Eskola nazionaleko irakasle batekin akordio batera iritsi ginen; bere zerrendetan gure umeak sartzen zituen”, gogoan du Josunek. Horrek euskaraz lan egiten jarraitzeko aukera ematen zien urtean zehar eta, azken hilean, “zer edo zer gaztelaniaz idazten irakasten genien”. Beti ere, ikasleak liburuxka bat eta azterketa batzuk betetzeko gai zirela erakutsi behar zuten.
Eta halako batean ofizialdu zen euskara EAEn (1978) eta abiarazi ziren euskarazko ikasketak legearen babespean (70-80ko hamarkadan). Bide horretan, “ahalegin handia” egin behar izan zuten irakasle euskaldun zaharrek zein berriek. Batzuk alfabetatzeko eta besteek hizkuntza ikasteko. Azken horien artean zegoen Maite del Vigo. Lan hura “gustura” egin zutela oroitzen du. Ikasleei erraztasun gehiago aitortzen dien arren hizkuntzak ikasteko: “Malguagoak dira eta denetik xurgatzen dute”.
Erabat konforme dago Loli Goti hizkuntzak ikasteko umeek duten gaitasunarekin. Baita eredu hiru eleanitzarekin ere: “Zelan egongo gara horren aurka?”, galdetzen du erretorikoki. “Baina Isabel Celaaren planteaketak hizkuntza bakoitzari eskaintzen zaion denborari bakarrik erreparatzen dio. Euskarari orduak murriztuko zaizkio eta euskararen kaltetan izango da”. Batik bat euskara erabat normalizatu gabe dagoen Bilbo bezalako hiri batean. “Hainbat ikaslek euskararekin duten kontaktu bakarra eskolan izaten dute eta, askotan, kosta egiten zaigu euskara elkarbizitzarako hizkuntza gisa erabiltzea ikastola barruan ere”. Eredu hiru eleanitza beste era batera ezar daitekeela uste du Lolik. “Umeek euskara finkatu arte itxaron daiteke, hiruzpalau urte izan arte aditu batzuen arabera, beste batzuen arabera zortzi urtetik aurrera sar daiteke hirugarren hizkuntza. Eskola orduetatik kanpo ere landu daitezke hizkuntzak, baina ez ahal dutenek bakarrik... nire zalantzak ditut planteaketarekin”, diosku Lolik.

Xabiertxotik arbela digitalera
Arbelean idatzi eta arbeletik kopiatu. Hori izan da batez ere Josunek erabili izan duen metodologia ikasgelan, “ez zegoelako besterik”. Xabiertxo testuliburuarekin eta irudiak nonahi eskuratuta egiten zituzten fitxekin ere ordu ugari eman zituen. Lolik oso gogoan du cola de pescado zelan prestatzen zuten eta Maitek, aldiz, multikopistako “lan zikina”. Hurrengo aldaketa handia fotokopiagailuak eragin zuen. Ikastetxeetara heldu zenean, paper kontsumoan igarri zuten batik bat: “Orriak alperrik galtzen hasi ginen; ene, zenbat arbola bota dugun”.
Teknologia digitalak “beldurtu” egin zuen Josune hasieran, eta azkenerako, “ohitu” egin zen. Oso erraz eta arin lan egiteko ematen duen aukeragatik gustuko du Maitek: “Arbela digitala ondo erabiliz gero, maravilla bat da”. Euskarri berrien aldekoa da baita Loli, baina arbela digitalaren ondoan betiko arbela mantentzearen alde dago, “ezin dugulako makinen esku egon”. Eta hainbeste makinaren artean, wifi sareek osasunean sor ditzaketen ondorioak agertu dira mahai gainean. Maitek arduratuta aipatzen du hainbeste uhin gazteen artean egotea “ez dela ona. Wifiaren inguruko informazio dena ez digutela eman uste dut”.
Josuneren kezka bestelako da, irakaskuntzan hitza indarra galtzen ari dela deritzo teknologia berriek eskaintzen dituzten irudien mesedetan. “Lehen, ondo idazteari garrantzia handia ematen zitzaion. Orain, berriz, hitzak eta diskurtsoak sobera daudela dirudi”. Irudien “perfekzioagatik” izan daitekeelakoan dago Maite, eta lehengo diskurtsoa eta irudi berriak “uztartzearen alde”, egiten du.

48tik 20 ikaslera
Ikasle kopuruan ere gorabehera handia izan da. Baby boom garaian 48 ume izan zituen gelan Josunek bere ardurapean eta 40, 42 ume ere “askotan” izan ditu. Egun, aldiz, krisi demografikoaren aztarnapean, 20 ikasle inguru izatea da ohikoa. “Lehen zoramena zen ikasle bakar bati denbora apur bat eskaintzea, horretarako besteei bestelako lanen bat eman beharra zegoen. Orain, lana hobeto egiten da eta ikasleak hobeto ezagutzen dira”. Maite konforme dago horretan, eta aniztasuna hobeto lantzeko dagoen aukera azpimarratzen du. Esaterako, ikasle etorkinekin. “Ikasle etorkin asko ditugu eta, irakasteaz gain, lagundu ere egin behar diegu”, dio. Baina ikasgelan ume gutxi egoteak desabantailak ere izan ditzake, taldea “huts” gera daiteke Loliren esanetan. Besteak beste, umeak bere antzeko jarrerak bilatzen dituenean ikaskideen artean eta topatzen ez dituenean.

Irakasle-guraso harremanak hobetzeke
Irakasleen kontrako erasorik ez du ezagutu hiruretako inork. “Ez dira kasu asko”, argitu du Lolik. Irakaskuntzan eraso oso gutxi gertatzen den arren, konturatu dira geroz eta nabarmenagoa dela guraso eta irakasleen arteko zatiketa, umeak txikiak direnean batez ere. “Seme-alaben alde egiten dute gurasoek eta, arazoren bat dagoenean, umeak oraindik txikiak direla argudiatzen dute”. Baina Josuneren arabera, ez da orokorki gertatzen den zerbait.
Irakasle-guraso artean komunikazio gehiago behar da, “zailtasunak daudenean, umeari laguntzeko”. “Batzutan etsaiak garela ematen du” eta horregatik Lolik gertaerak kontrastatzea eta elkarri gehiago entzutea proposatzen du. Horretarako, irakasleok “errespetu, autoritate gehiago beharko genuke eta hori finkatzen jakin”. Hori lanarekin irabazten ei da, eta baita formakuntzarekin eta lantaldearekin. “Hor dago erronka. Ez dugu zertan berdin pentsatu behar, baina ados jarri behar dugu umeen hobe beharrez”.

Eskakizun gehiegi
Hirurek onartzen dute aho batez eskolari gehiegi eskatzen zaiola egun: “Dena; eta hori ez da posible”. “Gizarteko arazo guztien erantzunak eskolan landu behar ditugu, txikitatik. Baina ez dugu ez denborarik ez baliabiderik horretarako. Ikasleengan eskolak duen eragina txikia da, %20koa. Eragin handia dute, aldiz, komunikabideek eta familiak. Hori kontutan izan behar genuke, eskolak ezin baitu denera heldu”.
Eta horrela iritsi gara, egungo irakasleak derrigorrezko dituen hiru baldintzak zehaztera: pazientzia, indar fisikoa eta lantaldea. Pazientzia mugagabea “umeekin eta ume ez direnekin lan egiteko”, indar fisikoa “ezarriak baino lanordu gehiago egiteko” eta lantaldea “aholkuak eskatu, gogoetak egin eta, behar denean, desahogatzeko”. Aberasgarria eta beharrezkoa dute irakasleek lantaldea ondoan. Horregatik ikastetxea uztea egokitu zaienean, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren edota Eusko Jaurlaritzaren omenaldiekin alderatuz, askoz “hurbilagokoa” sentitu dute lankideengandik jaso duten agurra. Ekitaldi xumeak izanagatik, “bihotz-bihotzez” egindakoak izan dira. Lankideak utzi ordez “lagunak” utzi dituzte eskolan eta baita beraien “bizitzaren zati handi bat” ere.

Josune Elizondo
Batxilerra bukatu eta Medikuntza ikastea pasa zitzaion burutik Josuneri, baina “nik neuk baztertu nuen kalamidade bat naizelako”. Ama, ahizpa eta lagun-mina irakasle izanik, “ni ere iraskale”, erabaki zuen: “Eta ez naiz inoiz damutu, kontrakoa baizik”. Algortako ikastolan hasi zen lanean 18 urterekin, bost urte eman zituen bertan, Azkorrin bi urte eta Begoñazpi ikastolan 35 urte. Lehen urteetan “itzelezko ilusioa genuen, une gatxak ere egon dira, baina denbora pasa ahala lanean gero eta gusturago egon naizela sentitzen dut”. Pazientzia asko landu duela dio Josunek, “oso beharrezkoa” den zerbait irakaskuntzan, “umeekin eta, bereziki,  ume ez direnekin”. Pozik jubilatu zen eta harrezkero bere hobbyak latzen aritzen da: irakurtzen, ibiltzen eta Qi gang praktikatzen.

Maite del Vigo
“Baldintzek bultzatuta” aukeratu zuen Maitek Magisteritza. Familia arrunta zuen eta gogoan du ikasteko egin behar izan zuen “ahalegina”. Behin irakaskuntzara bideratuta, “ikasteko zaletasuna” ume eta gazteei kutsatzea erabaki zuen. 22 urterekin ekin zion lanari Erandion. Gero ezagutu zituen Gurutzeta, San Antonio-Etxebarri eta azkenik, 15 urtez, Gabriel Arestiko ikasgelak. “Une txarrak pasatzen dira, baina orokorrean oso lan aberatsa da; pertsonalki asko hazten zara”. Erretirorako ordua heldu zitzaionean, “ez nuen jubilatzerik nahi, oso gustura nengoen. Baina, orain, oso pozik nago jubilatuta”. Irakasle izatetik ikasle izatera pasa da unibertsitatean, eta igeriketa eta gimnasia ere egiten ditu. Familia eta lagunekin ez dagoenean, Berbalagunekin elkartzen da.

Loli Goti
Batxilerra egitera gurasoek “bidali” zuten Loli. Bukatzean, Magisteritza hautatu zuen “Bilbon ikasi ahal zelako; ez zegoen bestelako aukerarik”, dio. 18 urterekin hasi zen irakasle lanean Arakaldon lehengoz eta aurrerago Loiun eta Banderas-Arangoitin. Gero eszedentzia eskatu zuen eta Zornotzako ikastolan eta Karmelo ikastolan lan egin du, 2010-11 ikasturtean jubilatu zen arte. Jubilatu berria da. “Jarraituko nuen lanean apur bat gehiago, agian. 60 urterekin erretiratzeko aukera hortxe nuen eta onartu egin nuen. Faltan ditut ikastolako gauza batzuk, baina jubilazioak abantailak ere baditu”. Frantsesa ikasten hasi da eta baita argazkigintza eta euskal dantzak ere. Astean behin mendira eta zinemara joaten da eta, batik bat, 91 urte dituen ama zaintzen ematen du denbora.

Berton aldizkaria | berton dugu


Urr
28
23:44

Mahatserria (Bilbo): EMAÚS: enplegu sozialaren eta ingurumenaren alde

Pertsona askok laneratze prozesuan izan dezaketen oztopoak gainditzea, lan merkatuan integrazioa ahalbidetzea eta hau guztia ingurumen zerbitzuekin lotutako ekintzak garatuz egitea da Emaús erakundearen xedea. Orain, Prim kaleko egoitza, Boluetako Bilbao-Galdakao errepideko 10. zenbakira eraman dute, Peñascal Fundazioko eraikin handi eta berrira. Erakunde honen hazkundea hainbat pertsonaren esfortzu eta lanaren ondorioa da eta beraiekin egon gara.

Emaús  mugimendua 1989an sortu zen, Frantzian, eta gaur egun 140 herrialdetan dago zabaldurik. Indar askorekin eta arin hazi den mugimendua dugu. Vicky Elorriaga gizartegintzako arduradunak dioskunez, “Emaús ingurugiroaren aldeko ekimenak eta enplegu sozialaren sorrera sustatzen dituen erakundea da”. Emaús Bilbao SCIS 1997an jaio zen eta gaur egun Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan egiten dute lan. Ingurumenarekin harremana duten gaiak lantzea eta gizarteratze zailtasunak dituzten pertsonekin lan egitea dute helburu. Boluetan dagoen egoitzan 30 bat pertsonek lan egiten dute, lantaldea gaztea da eta gehienak emakumezkoak. Gurean oso hedatua dago Emaús, Boluetan eta Santutxun dituzten lokalez gain, Bilbon beste hiru denda dituzte eta Getxon beste denda bat.
“Gure jarduera batez ere bilketa eta dendak dira. Baita bizikleten mailegu zerbitzua ere Getxon, Zornotzan eta Leioan eta Elkar izeneko garbiketa lanak egiten dituen enpresa” dio Vickyk. Emaúsekoek jarduera hauek aurrera eramateko jendea kotratatzen dute,  eta beraien helburu nagusia ez da saltzea baizik eta baliabide gutxi duten pertsonekin lan egitea. Laneratze enpresa den aldetik, diru-laguntzak jasotzen ditu entitate publikoetatik, adibidez, Eusko Jaurlaritzatik zein Europako Gizarte Funtsaren eskutik, eta erakunde pribatuen lankidetza ere badu.

Langilearen profila
Talde honek kontratatzen dituen pertsonak orokorrean zerbitzu sozialetatik zein lan zerbitzuetatik datozenak dira. Gehienetan, laguntza sozialak jasotzen dituzten pertsonak dira edota beharrizan handia dutenak. Emaúsek ezaugarri bat kontuan hartzen badu, hori pertsonaren beharrizana da. Beraz, aukeraketa egiterakoan, faktore hori oso kontuan izaten dute. Hala, pertsona horiek laneko peoi bezala zein garbiketan edota bilketan has daitezke lanean. Vickyren ustez, “hainbat faktore daude pertsona bat lan merkatuan sartzea eragozten dutenak eta guk pertsona horiekin egiten dugu lan, azken batean beraien lan merkaturatzea bideratzen dugu zituen trabak gaindituz”.
Formakuntza falta eta sozializatzeko zailtasunak zein beste pertsona batzuk (senitartekoak) zaindu beharra, esaterako, izugarrizko trabak bihur daitezke lan merkatuan. Hasteko, pertsona horri lagun diezaiokeen lana bilatu beharra dago, bere egoerari egokitzen zaiona, beti ere, azken helburua pertsona hori lan merkatuan sartu ahal izatea izanik. Emaúsetik “pertsona hau gurekin hasiko da lanean bere erritmoan eta  pertsona bat ondoan duela” gehitu dute. Norberaren oztopoak ezagutu eta bakoitzaren nahien araberako aukerak zeintzuk diren aztertu egiten dituzte ondoren –ahal den heinean, noski– errealitate bihurtuz. “Oso lan pertsonalizatua da, gurekin lanean egon daitezke urte betez eta, askoz jota bi urtez, gerora lan merkatura salto eginez. Gurekin lanean dihardutenean kontratua eta soldata daukate beste edozein lanetan moduan”, argitu digu gizartegintzako arduradunak.
Bilboko Emaúsek lan hitzarmenak ditu hainbat udalekin: Getxo, Bilbo, Santurtzi, Basauri… Getxon, esaterako, Emaus Getxo denda sortu dute, eraikin bat mugikortasun lanak egiteko… beraz, nahiko pertsona dituzte enplegatuta zonalde horretan.

Lanean hasi aurretiko lantegiak
Gizarteratze enpresaz gain, tailerrak ere badituzte Emaúsekoek. 2006an zegoen eskaerari aurre egiteko, lanean hasi aurretiko lantegiak martxan jartzea erabaki zuten Europako Gizarte Funtsaren lankidetzarekin. Tailer edota lantegi hauetan dauden pertsonak benetako gizarte-bazterketa pairatu dutenak dira eta mota hauetako tailer hauei esker lanerako gaitasuna eskuratzeko beharrezko denbora hartu eta beraien egoera pertsonala hobetzen dute. Tailer okupazionalak dira, lehen Mahatserriko Prim kalean zituzten eta orain, berriz, Boluetako eraikinera pasa dituzte. Lantegien proiektu honek hazkunde handia du eta laster beste hainbat lekutara zabaltzeko asmoa agertu dute Emaúsekoek. Gizartegintzako arduradunak dioenez, “gaur egun batez ere altzairuen eta metalezko objektuen zaharberritzea egiten dugu, hala, bilketetan lortzen ditugun objektu asko lantzen ditugu gerora saldu ahal izateko”. Helburu produktiborik ez dagoela gogorarazten digute Emaúsetik, beraz, pertsona hauek behar duten denbora izango dute lan zehatz bat egiteko.
Emausekin kontaktuan jarri nahi izanez gero, www.emausnet.org web orrian egin dezakezu edota etxean erabiltzen ez dituzuen arropa zein objektuen bilketarako dendetara ere hurbil zaitezkete.

Berton aldizkaria | berton dugu


Ira
29
22:27

Mahatserria (Bilbo): Gero arte Solokoetxe!

 

 

Sumendi elkarteak 25. urteurrenarekin batera emango dio behin behineko agurra Solokoetxe auzoari. Ibilbide luze honen inguruan egindako balorazio positiboak eta oroitzapen politek etorkizunean berriro itzultzeko aukerak areagotzen dituzte.

Solokoetxeko txoko batean, kolore bizitan ageri den kartel batek Sumendi elkartearen sarrera seinalatzen du. Kalean dabiltzan umeen garrasiak non nahi entzuten diren arren, atea gurutzatu orduko isiltasun lasaigarri batek ematen du ongietorria. Liburu eta aldizkari artean Antonio Palomar dugu zain, elkarteko kideetako bat. Medikuntza alternatiboaren aldeko Euskal Herriko elkarte zaharrenak 25 urte bete zituen ekainean. Ibilbide luze honek bere fruituak eman ditu denboran zehar, baina denborak eraman du aldi berean gaur egun bizi duen momentu ahulera.
1986an, hau da, duela 25 urte sortu zen talde berezi honek medikuntza alternatiboaren alde egin du urteetan. Taldearen filosofiak elkar laguntzaren, kooperazioaren eta elkarlanaren baloreak zabaldu nahi izan ditu, izan ere, hezkuntza eta osasunean defendatzen duten autogestioa bizilagunen laguntzarik gabe ez litzatekeela posible izango uste baitu.
Sumendiren web orrialdean sartzearekin batera Ivan Illich pentsalariaren esaldi batekin definitzen du taldeak elkartearen funtsa: “Hitza hartzen eta partekatzen den mundu bat amesteko gaitasuna galtzear gaude, non inork ez duen bizikidearen sormena mugatzen, non norbera bere bizia aldatzeko gai den”; esaldi honen bitartez, autore anarkista honek eskola eta medikurik gabeko gizarte batean kokatzen gaitu, non umeek euren kabuz ikasiko duten bizitzaz.
Talde txiki eta ezezagun baten moduan hasi bazen ere, urteetan antolaturiko ekintza ugariek jendearen arreta piztu du eta elkarteak ateak zabaldu dizkio interesa erakutsi duen orori. Lokalera fideltasunez hartaratzen direnak bost pertsona inguru badira ere, Euskal Herriko izkina ezberdinetatik kontaktuan jartzen dira interesatuak sare sozialen bidez. Duela hogei urte, EAEko hiriburu bakoitzean kokatzen ziren gisa honetako elkarteak urteetan desagertzen joan ziren eta Bilboko Sumendi elkarteak hartu zuen Euskal Herriko ordezkariaren papera. Gertutik ez ezik, estatu mailatik ere dei eta mezu ugari jasotzen dituzte konferentziak eta hitzaldiak eskatzen. “Jende ugarik ezagutzen gaitu, Bilboko elkartea izan baita gehien iraun duena Euskal Herrian”, Antonio Palomar, Sumendi elkarteko kidearen esanetan.
Ekainaren 25 eta 26 bitartean elkarteak ekintza parte-hartzailez beteriko festa antolatu zuen hiritik kanpo. 30 pertsona inguru bertaratu ziren bi egunez naturan atsedena hartu eta jai giroaz gozatzeko. Festa honen gaineko balorazio positiboa egin du Palomarrek, hala eta guztiz ere, jende gehiago espero zutela adierazi du.
Urtean zehar antolatzen dituzten ekintzen antzera, bi egun hauetan ere, hitzaldi eta konferentzia ugari izan ziren elkarteko kideen eskutik. Ekintza eta kurtso horien artean barreterapia, emozioen alfabetizatzeari buruzko hitzaldia, kontsumo kontzientearen inguruko konferentzia eta meditazioa, besteak beste, egin ahal izan zuten parte-hartzaileek.
25 urte hauetan begirada atzera botatzean asko ikasi duela esaten digu Antonio Palomarrek. Elkartetik pasatu den jendeak ikuspegi ezberdin eta anitzak plazaratu ditu eta pluraltasun horrek kideen ikuspegia asko aberastu duela argitzen digu: “25 urte hauen balorazioa oso positiboa da, gauza asko ikasi ditugu elkarrekin”.

Sumendiren behin-behineko erabakia
Alaitasunetik tristurara pauso bat besterik ez dagoela esaten da sarritan, eta horixe bera adierazten du Palomarren ahotsak elkartearen iraganetik etorkizunera egiten duenen salto. 25 urte emankorren ostean, hausnarketarako garaia dela uste dute kideek eta horretaz arituko dira azaroaren 5erako antolatu duten batzarrean.
Ahultasun une honetan, hainbat faktore pilatu dira behin-behineko erabakia hartzera bultzatu dutenak. Batetik, elkarteak bizi duen egoera ekonomikoa ez da guztiz ona eta udalak laguntzaren bat zein beste eman badio ere, ez da nahikoa. Solokoetxeko auzoko ahotsak Sumendi elkartearen alde azaldu dira, bizitasuna ematen dio auzoari eta udalak elkartearen alokairua ordaindu dezan eskatu dute; erantzuna oraindik ere airean dago.
Bestalde, erregulartasunez elkartera bertaratzen diren kideek ere atsedenaldi merezi bat behar dutela aitortu dute: “Pisu handiegia da bost pertsonen artean eramateko”. Haietako bik liburu bat idazteko proiektua martxan jartzea nahiko lukete eta elkartea aurrera eramateak denbora gehiegi kentzen die.
Dagoeneko 2011-2012 denboraldirako antolaturik zeuden hainbat eta hainbat ekintza bertan behera utzi dituzte, lehenik eta behin taldea egongo den ziurtatu behar dutelako. Sumendik duen txoko horretan liburutegi bat ere badago, eta hura ixtea edo irakurleei bertan dauden liburuak hartzeko eta irakurtzeko aukera kentzea ekiditeko, elkartea bertan behera uztekotan beste enpresa batekin negoziatzea pentsatu dute liburutegiaren biziraupenerako.
Elkartearekin jarraitu edo momentuz bertan behera uzteko erabakia hartzeko garai honetan, Sumendiko kideek deialdi bat egiten dute kide berri posibleak elkartera hurbiltzeko. Bide batez, noizean behin liburutegitik eta antolatzen dituzten ekintzetatik pasatzen den orori, erantzukizuna hartzeko eskaera egiten diete. Momentuz, “iluntzen doan bide hau argiztatzeko azken errekurtsoa” da.
Sumendi elkartea Palomar eta bere kideekin jaio zen, 25 urte bete baditu ere gazteegia da agur esateko, beraz gero arte batekin agurtuko du Solokoetxeko auzoa.

Berton aldizkaria | berton dugu


Ira
29
22:23

Mahatserria (Bilbo): Azken jaiak

Uda osteko jaiak izaten dira Solokoetxekoak eta Uribarrikoak. Aurten, Arabellakoak batu zaizkie, 24 urteren ondoren berreskuratuak. Udazken eta negu ilunaren aurrean topera bizi izan ditugu Mahatserriko azken jaiak.

Iturribide kaleko goialdetik eman zion Solokotxon maskotak hasiera jaiei irailaren 9an. Jaitsieran laguntzaile finak izan zituen, Solokoetxeko umeak saltoka eta brinkoka 7Katuko trikitilarien doinu alaien erritmoan. Iluntzean, Las Fellini taldeak berriz ere bere erakarpen indarra erakutsi zuen Zumarraga plaza lepo betez. Jai batzordekoen esanetan, aurten umeei begira “gehiago egokitu dute beren diskortsoa” Felliniek. “Bitxia” izan zen jarraian auzoko musika talde batek eskainitako kontzertua. Pomeray y los aparcabicis del espacio taldeak beren rock melodikoa aireratu zuen giro ederrean.
Bigarren egunean, larunbatean, aukera ugari izan zen, besteak beste, Dance Stylo akademiako ikasleen dantza erakustaldia edota tren maketen erakusketa. Gauean, Andromeda taldearen berbenak, nahiz berandu hasi, jaizaleak asetu zituen.
Azken egunean denetik izan zen: udal musika bandaren kontzertua, herri kirolak –aizkolariak auzotarrekin taldea osatuz–, bertso triki poteoa –Arkaitz Estiballes eta Igor Elorza “ondo baino hobeto” ibili ziren–, herri bazkaria –150 pertsona elkarrekin mahai inguruan– eta ur zezena –umeen gozamenerako–. 
Oso balantze baikorra egin du Solokoetxeko jai batzordeak aurtengo jaien inguruan. Eguraldia lagun, “parte-hartze handia” izan delako ekintzetan eta kaleko giroa “ezin hobea”. Dena den, bada zer hobetu. “Antolakuntzan jende gutxi gara eta gauza asko egin behar izaten dugu aldi berean. Udalaren diru-laguntzak karparen alokairua ordaintzeko ere ez du ematen. Solokoetxeko jaiak auzotarrek, tabernariek eta merkatariek ematen duten laguntzari esker egiten dira”. solokotxon@gmail.com


Uribarri- Matiko, parte-hartzailea
Geroz eta “koadrila gehiago” eta “kolore gehiago” ikus daitezke Uribarri eta Matikoko jaietan. Hori esan digute jai batzordeko kideek lehen asteburuko balantzea egitean. Pozik daude geroz eta jai “parte-hartzailegoa” delako beraiena: “Lagun talde berriak hurbildu dira aurten jaitsierara mozorrotuta, txanda egitera edota lehiaketa gastronomikoetara”.
Bizitegiko kideek bota zuten pregoia irailaren 23an. Auzoan oso inplikatuta dagoen elkartea izanagatik izan dira hautatuak jaiei hasiera emateko. Ozenki auzotarrei zuzendu eta gero, desfilea martxan hasi zen, joaldunen hotsa Katuburuko batukadarekin uztartzen zela. Eta tartean, Uribarri eta Matikoko 500 pertsona inguru, asko eta asko mozorrotuta. Metroko lanak direla eta ohiko ibilbidea aldatzea ez zen arazoa izan.
Lehen asteburuan zehar hamaikatxo ekintza izan da Uribarriko landan. Euskararen Egunean, esaterako, arrakasta handia izan zuen Uribarri Operación Triunfo saioak. Kantutegiko kantu bat hautatu eta, play back egin gabe, ahotsa urratzen jardun zuten zuzenean 12 taldek nor baino nor. Pasta txapelketak ere harrera ezin hobea izan zuen. “Jendetza bildu zen plazan bazkaritan, pasta jateko”, diosku jai batzordeko Aitziberrek harriturik oraindik. Tabernariak, bien bitartean, pintxorik onena prestatzeko lehian aritu ziren jo eta ke. Norgehiagoka gogorra izan zen, 21 taberna aurkeztu baitziren. Eta handik urrunago, Lezamako trenbide zaharraren goikaldean, Abasolo txakolindegian, bestelako txapelketa gastronomikoa zen nagusi: bakailaoa pil pil eran prestatzeko urteroko hitzordua.
Astean zehar Uribarri eta Matikoko jaiek ez dute jai hartu. Fruta erakusketa eta dastaketa saioa izan da –aurtengo berrikuntzetako bat– eta baita auzoko elkarteen erakusketa ere. Maiatzean Auzokideen Egunean egin zuten bezala, Uribarrin eta Matikon urte osoan lanean diharduten elkarteek beren jardueren berri eman zuten informazio mahai eta panelen bidez.
Bigarren asteburuan egitarau bikaina dute Uribarriko landan: tortilla eta paella lehiaketa, Gazte Eguneko jinkana, Def Con Dos taldearen kontzertua… www.aldapangora.org webgunean informazio osatua topa daiteke.


Arabellan jai, 24 urteren ostean
Egun bakarreko jai eguna antolatu dute aurten Arabellan bertako eta inguruko auzoetako bizilagun batzuen ekimenez. Duela 24 urte ospatu ziren azken jaiak auzoan –ekainean ospatzen ziren lehen– eta, agian, hutsune handi horregatik erabat arrakastatsua izan zen irailaren 24ko zapatua.
Egitaraua osorik bete zuten. Goizetik bi karpatxo ipini zituzten plazan kamisetak eta zapiak saltzeko. Edaria ere ematen zuten, salneurri herrikoia ezarri zela. 10etan abiatu zen kalejiratxoa. Ume talde bat izara bati helduta eta txistuaren laguntzaz kalejiran abiatu zen plazatik eta, aspaldian egiten zen moduan, auzokideen ekarpen ekonomikoa eskatu zuten balkoietatik txanponak airean hartuz. Hamaiketarako 28 paella egilek izena eman zuten eta trikitixa, alboka, panderoa eta kajoiaren erritmoek goiz osoan bete zuten Arabellako plaza. Aldameneko kalean txikientzako puzgarriak zeuden, eta arratsaldean, Olivier magoa. Eguna amaitzeko, gauerdira arte DJ ibiltaria izan zen giroa animatzen.

Berton aldizkaria | berton dugu


Mai
19
23:43

Mahatserria (Bilbo): Lakomik hiru urte bete ditu

Aintzinako komisaldegia izandakoa okupatu zuten 2008an auzoko gazte batzuk, egungo  Lakomi gaztetxea. Bertan sartu zirenetik hirugarren urtea bete du lokal autogestionatuak apirilarekin bat. Kirola, jolasak, poteoa, hitzaldiak, ikasketak, bazkariak… hainbat ekimenerako parada ematen du lokalak.

Santutxuko Lakomi gaztetxeak hiru urte bete ditu apirilaren 20an, eta auzoko gazteek maiatzaren lehen astean ospatu dute lokalaren urtebetetzea. Ospakizunak maiatzaren 5, 6 eta 7an izan dira. Hala, ostegunean Euskal Herriko hainbat tokitako okupazio mugimenduen bideo emanaldia antolatu zuten. Ostiralean, okupazioaren inguruko mahai-ingurua izan zuten arratsaldean, Bilboko Okupazio Bulegoko kide batek eta bertan bildutakoek gaztetxeetan izandako esperientziak konpartitu zituzten. Bilboko Okupazio Mugimenduaren nondik norakoak ere aztertu zituzten, eta horri lotuta gaur egungo gazteek zein eredu dituzten hausnartu zuten. Gaueko bederatziak aldera Santutxutik poteoa egin zuten jolas eta musikarekin. Zapatuan, 70 pertsona inguruk hartu zuten parte bazkarian, ondoren ekitaldia izan zuten eta bideo erakusketa batekin eman zioten amaiera ospakizunei.
Urteurren honetan gazteek diotenez, “gaztetxearen inguruan biltzen den jende guztia batu nahi izan dugu eta, azkenaldian nahiko jende hurbiltzen ari denez, mugimenduaren inguruan hausnartu nahi izan dugu. Hasiera batean jende gutxiago hurbiltzen zen, baina orain, ordea, nahiko pozik gaude jendea hurbildu izanagatik”. Gaztetxekoentzat auzoko jaiak eta inauteriak oso data garrantzitsuak dira eta horietara hainbat denbora dedikatzen dute. Izan ere, aurtengo inauterietan jaitsieran parte hartu dute hainbatek eta baita bazkarian ere. Hemendik aurrera eta urteurrena igarota ere, Santutxuko jaiei begira arituko dira auzoko gazteak.
Hiru urteko historia
Gaztetxea antzinako komisaldegi zaharra zen eta gazteek okupatu zutenean oso suntsituta zegoen barrualdetik. Gazteek aitortu dutenez, “lan handia izan dugu lokalak atontzeko eta oraindik ere lanean gaude”. Lehen urtean ludoteka prest izatea lortu zuten eta bertan egoteko leku bat, orain, ordea, gelak dituzte. Espazio handi bat dute eta bertan liburutegia eta informatika gela ere badute. Liburu bilketa auzoan jarritako kartelei esker egin dute eta ordenagailu gela ere jendeak emandako materialez osatuta dago.
Gaztetxean hainbat ekimen egiten dituzte gazteek. Era honetan, asteazkenero boxeoa praktikatzen dute, asteartetan zinemaren txanda da eta honez gain frantseseko klaseak ere eman dituzte, gitarra ikastaroa, ostiraletan barra zabaltzen dute… gainera badirudi gazte talde batek rokodromo bat egiteko asmoa duela. Lakomin bildutako gazteak Bilboko Udalak iazko irailean onartu zuen Espazio Publikoaren Erabilerarako Ordenantzaren aurka agertu dira eta desordenantza bultzatzen dute, kalea guztiona dela aldarrikatuz. Ordenantzaren inguruan prestatu dute aurtengo inauterietako mozorroa ere, izan ere, Bilboko alkatea heriotza balitz bezala irudikatu dute eta haiek zonbiak bezala.   
Lokalen egoera legala
Gazteek diotenez lokalak okupatu zituztenean, lokal horiek bi pertsonarenak ziren baina guztiz enbargatuta zituzten. Hala, enpresa baten eskuetara iritsi ziren eta enpresa horrek salatu egin ditu eta bi errekurtso ere jarri ditu, baina epaileak artxibatu egin ditu errekurtsoak. Duela bi hilabete azken errekurtsoa artxibatu du, beraz, “ez dakigu berriro salatuko gaituzten ala ez”, gaineratu dute. Lakomikoek diotenez ez dute Bilboko Udalarekin harremanik. Gazteen esanetan erreferentzia bihurtu da auzoan gazteentzat Lakomi, auzoko eragile askok parte hartzen dute eta jendea animatu nahi dute bertaratzeko: “Aukera polita baita proiektuak aurrera ateratzeko, beraz, hurbil gaitezen denok Lakomira!”.

Berton aldizkaria | berton dugu


Api
28
8:00

Mahatserria (Bilbo): Maitatu, ikasi, ari... euskalakari

Oso harrera beroa jaso zuen Korrika 17k Mahatserrian apirilaren 15eko ilunabarrean. Castañostik sartu zenetik eta Boluetatik irten zen arte ehunka herritarrek parte hartu zuten euskararen aldeko martxan.

Pausoz pauso gelditu barik aritu ziren Mahatserriko haur, gazte eta adinekoak. Inoiz baino jende gehiago zegoela zirudien eta kilometro guztietan pertsona multzo handia zegoen 17. Korrika noiz iritsiko zain. Hori da egun batzutara, balorazioak egiterako orduan, gehien aipatzen dena. Pena bakarra auzo guztietatik ezin pasatzea izan zen. Horrela izan zen  Otxarkoagan, urteetan bisitari izan duten Korrikak oraingo honetan ez zuen goialdeko auzoa zapaltzerik izan eta bertako auzotarrak triste samar utzi zituen.    
Eguraldia lagun eta Aste Santuko opor giroa airean, baldintzak ezin hobeak ziren. Furgoneta eta lekukoa iristean, urduritasunak, ilusioak eta poztasunak eztanda egin zuten. Ehunka lagunek ezabatu ezineko irribarrea ahoan zutela egin zuten korrika kalez kale eta irudi koloretsu eta hunkigarriak utzi zizkiguten.
Mahatserrian kilometroa erosi eta lekukoa eraman zutenak: Uribarriko merkatariak, Aletu, Uribarriko Gau Eskola, Ezker Batua, Solokoetxe institutua, Gaztedi Dantza Taldea, Karmelo Ikastola, Aita Patxi eta Gau Eskolen sortzaileak, Euskaria abesbatza, Santutxuko Familia Elkartea, Auzotarrok, Gabriel Aresti institutua, Pa-Ya konpartsa, Txurdinagako auzoa, Bagabiltza, Kale Dor Kayiko, Txurdinagako Eskola, Telefonicako langileak, Deia eta LKS Ingenieritza. Euskalakari bihurtuta, denek euskarari txinpartak ateratzeko borondatea argi islatu zuten.

Berton aldizkaria | berton dugu


Mar
31
8:00

Mahatserria (Bilbo): Jai giroko aldarria

 

 

“Itzelak” izan dira 2011ko Santutxuko inauteriak, “inoizko parte-hartzerik handiena” izan da Familia Elkartearen arabera. Udalaren laguntza faltari “indartsu” erantzun diote auzotarrek.

Luzea izan zen martxoaren 13ko desfilea. Oso luzea, inoiz izan den luzeena. 25 talde ibili ziren Santutxuko kaleetan zehar beren mozorroak erakutsiz. Amaieran, Karmelo kalean, bolanderaren hotsa entzutean, musika taldeak eta megafonia isildu egin ziren. Parte-hartzaile asko eta asko errepidean bost minutuz jesarri ziren eta ‘Udalak inauteri herrikoiak ito nahi ditu’ zioten kartelak altxa zituzten. Inauterien antolatzaile den Familia Elkarteak eskatuta jokatu zuten horrela. “Udalak hile bat lehenago sostengu guztia kendu digu arrazoirik eman gabe. Ahalegindu gara zergatia galdetzen eta isiltasuna jaso dugu. Auzoak udalaren jarrera ezagutu behar zuela uste genuen eta sekula baino gehiago inplikatuz erantzun du”.
Jai giroko protesta bihurtu zen igandea goizetik arratsaldera, “koloretsua eta saiatua”. Eguraldiak ere asko lagundu zuen, ateri eta nahiko epel. Arratsaldean, esaterako, ohiko erromeria ordezkatu zuen auzoko musika talde berri batek Karmelo plazan santutxuar ugari biltzea lortu zuen. Begoñako Banda Errepublikanuak, kontzertu laburra eman ostean, auzotarren esku utzi zituen musika tresna originalak eta elizako eskaileretako eszenatokia. “Hainbeste lagun igo zen zekiena egitera”. Horrela, giro apartean, luzatu zen kontzertua iluntzera arte.
2012an zer gertatuko da Santutxuko inauteriekin? Galdera horixe luzatu diogu Familia Elkarteari. Nahiko baikor erantzun digute elkartekideek: “Udalak hausnartu egin beharko du auzoetako inauteriekin azaldu duen jarrera. Hitzartu beharko ditu Gran Viako inauteriak eta baita auzoetakoak ere. Sekula ez da arazorik izan Santutxun, beti izan dira oso jai parte-hartzaileak. Zer edo zer esan beharko du udalak. Ez du balio krisiari errua botatzeak, arazoa ez dago hor”.

Berton aldizkaria | berton dugu


Mar
31
8:00

Mahatserria (Bilbo): Arabiar herrien askatasun aldarria

Biztanleak kalera irten dira protestan eremu arabiarreko zenbait herritan. Ahal izan duten eran edota utzi dieten moduan, gobernu aldaketa eragin nahian aritu dira azken hileotan. Isiltasuna, errepresioa, zentsura…. Tunezen hasi eta inguruko herrialdetara “kutsatu” diren iraultzek beren bideari ekin diote. Mahatserrian bizi baina jatorriz arabiarrak diren pertsona birekin egin dugu berba, baita Komite Internazionalistak taldeko kide batekin ere gertatzen ari dena hobeto ulertzeko.

Gaztetan Tripolitik atera eta, bere herriko beste gazte asko bezala, ikasketak Europan egiteko asmoz etorri zen SCRI Bilbo aldera. Hain zuzen, bere herrian bizi zuten egoera estu eta itogarritik alde egin eta bizimodu hobearen bila. Portugaleten marinel izateko ikasketak burutu, eta egun Mahatserrian bizi da. Libian gertatzen denari buruz arduratuta dago, kezkatuta, bere familia hantxe dagoelako. Gure artera bizitzera etorri zenean ez zitzaion burutik pasa ere egin publikoan edota komunikabideetan bere herriari buruz hitz egitea, errepresalien beldur. Bere aurkako eta bere familiaren aurkako errepresalia posibleengatik. Baina egungo egoeran, ez du arazorik.
Zerk piztu du jendea herri arabiarretan horrela mugiarazteko?
Tunezen dagoen dirua turismotik dator, ez dago besterik, eta bertan zegoen ustelkeria gehiegizkoa zen. Jendeak ezin zuen gehiago. Ben Ali presidentea dirutan, eta jendeak jatekorik ez zuen. Hori ezin da horrela izan! Jendea kokoteraino zegoen. Ez da kanpoko batek bultzatutako ezer ere izan. Hala izan balitz, errebuelta hauek ez ziren egingo. Jendeak egin du.
Eta Egiptokoa?
Tunezen gutxiago izanik (15-16 milioi biztanle) presidentea zelan bota zuten arretaz ikusi zuten egiptoarrek. Gehiago izanik indar gehiago zutela ohartu ziren, eta horrela egin zuten. Libian beste aukerarik ez zegoen, 41 urteren ondoren. Baina, noski, Gadafi prestatuta zegoen eta, gertatu denean, jendea hiltzeko prest egon da bere erregimena kosta ala kosta gordetzeko.
Eta beste herrialde arabiarren egoera, Yemen, Arabia Saudi…?
Hor zailagoa da, tribuak… Argelian eta Marokon, helduko dela uste dut. Hori bai, Gadafik irabazten ez badu.
Ejertzitoen papera zein izan da?
Egipton ezberdina izan da, urteetan gatazka asko bizi izan dute. Ejertzitoak indarra dauka. Izan duten egoeran aukeratu behar izan du boterearen alde egin eta herria akatu edo hartu duten erabakia hartu, herriaren aldekoa eta boterea aldatzekoa, bestelako demokrazia baten bidean. Astiro-astiro, bidea egiten doaz, konstituzioa aldatzeko erreferenduma, 5-6 hile barru hauteskunde presidentzialak… akatsak izango dituztela? Jakina, kostata baina badoaz. Erreferendumaren atalik garrantzitsuenetakoa da presidenteari gehienez bi legegintzalditan agintzeko ezartzen zaion muga (lau urtero aldatuta). Ez orain bezala, hamarkadetan agintzekoa. Libiarrok gauza berbera egin nahi dugu, baina Gadafik ez du onartzen, izateko beste era bat du. Bera da indar armatuen buru nagusia eta altxatzen direnen aurka egiteko agindu du. Jendeak armak hartu eta bere burua defendatu du. Armak bertan daude. Hiri nagusien inguruan Gadafik kanpamenduak ipini zituen, bi, hiru… eta jendeak handik hartu ditu armak. Arma txikiak. Ejertzitoak, ordea, tankeak, hegazkinak… ditu. Gadafik gerra egoera sortarazi du!
Nazioarteko koalizioaren esku-hartzeari zer deritzozu?
Esku-hartzea sei ordu beranduago egin izan balitz Gadafik Bengasin egindako sarraskiaz arituko ginen hizketan. Armak zituzten guztiak akabatuko zituen, eta esan zuen bezala, etxez-etxe, karrikaz-karrika joango zen denak hiltzen. Bera horrelakoa da. Pentsatzen du ‘hil nahi banaute, lehenago nik hilko ditut’. Eta kito. Horixe izan da Gadafiren pentsaera. Herritarrek beti gogoratuko dute frantsesen esku-hartzea, baina ez frantsesak gustuko dituztelako, frantsesek bizitza salbatu dietelako baizik. Itxaropen apur bat eman dietelako. Hemengo jendeak ez du hori ulertu nahi. Herritarrek dituzten armak, arma arinak dira. Gadafik, aldiz, denetarik du.  Herrien interesak? Gadafik diru asko dauka Europako herrialde ezberdinetan…
Urte hauetan aurrerapenik izan da Libian?
Ezertxo ere ez, ezer ere ez. Herrialde aberatsa dela suposatzen da. Hala ere, ez da igartzen ezertan ere. Ez du inbertitzen. Osasuna… ufa! Ospitaleak ezta animalientzat ere! Zerbitzua dohainekoa da, baina zeharo atzeratua dago, ospitaleak zahar-zaharrak, sagu eta labezomorroz beteta… Libiarrak Tunezera joaten dira sendatzera, Tripoli aldekoak. Hezkuntza ere, maila baxukoa da… Amorrua ematen didate esku-hartzearen aurka agertzen diren askok eta askok ez dutelako bertako egoera ezagutzen. Ni ez naiz yankien aldekoa, ezta gutxiago ere, baina Gadafi jendea hiltzen ari da, eta jendeak ez dauka zelan defendatu! Gainera, ezin dut ulertu, hilabete oso bat daramagu honela, jendea hiltzen eta ez da inor manifestatu herri libiarren alde eta Gadafiren aurka! Gu bakarrik, bertan bizi garen libiarrok! Eta gero, mundu guztia ateratzen da esku-hartzearen aurka, baina lehenago ez. Dena dela, esku-hartzearen ostean ez dakit fede honez jokatuko, hau da, Gadafi bota eta kito ala herrialdea bitan zatituta utziko dute? Ekialdeko lurrak, aberatsenak, altxatu direnentzat; eta mendebaldekoa, horrenbeste petroliorik ez duena, Gadafirentzat, isilik egon dadin. Hori da nire beldurra.
Zelan bizi duzu Libian gertatzen dena hemendik?
Txarto, oso txarto, batez ere jakinda beste herrialdetan bezalakoa ez zela izango. Bagenekien Gadafik bere jabetzako granja bat balitz bezala defendatuko zuela herrialdea. Argi dauka. Berak eta bere semeek amaierara arte borrokatuko dute. Herritarrekin amaituko du edo herritarrek berarekin amaituko dute. Baina jendea nazka-nazka eginda dago. Herri arabiarretan jendeak ez dio utziko orain arteko agintari diktatorialei jarraitzen. Demokrazia nahi dute, lau urterik behin agintaria aldatzeko aukera nahi dute, ziur nago.

Bigarren iritzi emaileak nahiago izan du IZENIK EMAN GABE HITZ EGITEA. Mahatserrian lan egiten duen turkiarra dugu.
Zein izan da arabiar herrietako protesten jatorria?
Agintariek boterean eman duten denbora luzeagatik eta jendearen pobreziagatik herritarrek ‘nahikoa’ esan dutela sinistarazi nahi digute, baina sakonki pentsatzen baduzu, sistema ekonomiko bat prestatzen ari dira. Kapitalismoa Europan sortu zen, gero Iparramerikara zabaldu zen, eta orain, Asia aldera doa. Txinara. 20 urte barru Txina besteen mailan izango denez, hurrengo 80 urtetan Afrikako kontinentea ustiatzeko prestatzen ari dira, petrolioa eta baliabide naturalak eskuratzeko prestatzen. Orduan, Txina hasiko da bertan ‘inbertitzen’. Baina horretarako agintari batzuk erditik kendu beharra zuten, eta hori gatazkaren bidez egiten dute, nire ustez. Zergatik? Argi eta garbi zegoen zer egiten ari ziren agintari horiek herritarrekin. Zer desberdintasun dago 20 urtetan edota 30 urtetan agintzearen artean? 20 urte, 15 urte… asko da! Momentua zen, besterik ez.
Zer deritzozu esku-hartzearen inguruan?
Afrikan badira beste herrialde asko egoera berdintsuan edota okerragoan eta ez dira ia aipatu ere egiten. Zergatik Liga Arabiarrarekin bai? Zergatik pobreagoak diren herrietan ez dira sartu? Zein da baldintza pertsonak batzuk salbatzeko eta beste batzuk ez? Petrolioa izatea edo ez? Hori da muina, galdera.
Turkiatik zelan ikusten dira mugimendu hauek?
Turkia Sarkozyrekin haserretu da ez diolako bileretarako deitu. Une honetan, Turkiak eta Israelek ‘guda’ txiki bat dute. Liga Arabiarrean ospe ona du Turkiak, Israelek ez bezala. Horregatik ez du arriskatu nahi bere mugimenduetan. Ikusle izango da momentuz, Liga Arabiarrak egiten duenaren arabera mugituko da.

GONTZAL MARTINEZ DE LA HIDALGA Bilboko kaleetan manifestatu da nazioarteko koalizioak Libian eginiko esku-hartzearen aurka. Komite Internazionalistak taldeko kidearen iritziz badira beste bide batzuk libiar herritarrei laguntzeko.
Hainbat iraultza izan dira arabiar herrietan. Zein ezaugarri komun dituzte?
Alde ekononomikoan, denek ezarri dituzte Nazioarteko Moneta Funtsaren (NMF) lanak. Egitura doitzeko planak, zehazki. Horrek pobrezia eta sufrimendua ekarri die herritarrei. Denak diktadura ekonomikoak dira. Gu bezala, NMFren eta Munduko Bankuaren menpe daude. Alde psikologikoan eta kulturalean, arabiar herriak azken hamarkadan jasandako irainak azpimarratuko nituzke. Hollywoodeko filmak ikustea baino ez dago. Kultura islamiarra terrorearen aurkako gerraren jomuga izan da.
Hainbat herritan pentsaezineko mobilizazioak izan dira.
Gauzak nolabait alda daitezkeela konturatu dira. Lagun palestinarrek esan didate arabiarren autoestimua handitu egin dela azken hileetan, Egipton batez ere. Herri nagusiena izategatik sinbolismo berezia du. Denak atera ziren mobilizatzera Egipton: emakumeak, artistak… komunikabideek erakutsi baino jende gehiago.
Iraultzaren ostean benetako aldaketak izango dira?
Diktadurak desagertu ostean, Mendebaldeak nahiko du aldaketa horiek bideratzea. Alde formala aldatuko dute baina sakonekoa ez. Tunezen, esaterako, interes ezberdinek talka egin dute matxinada ostean. Boterearen ondoko taldeak, langileak… klase gatazka batean murgilduta daude.
Zer gertatuko da Libian?
AEBek eta Europak erabakiko dute Libia bere horretan mantendu edota hiru zatitan bereiztea, Jugoslavian egin zuten moduan. Petrolioan duen interesa defendatzeko sartu da Mendebaldea Libian herria babesteko mozorroarekin. Ez Gadafi ezta Mendebaldearen inperialismoa ere, Komite Internazionalistak uste du badirela beste aukera batzuk.

Berton aldizkaria | berton dugu


Mar
10
18:06

Mahatserria (Bilbo): Tabakoaren Legea, gurean

Osteratxo bat egin dugu Mahatserriko txoko, taberna, ikastetxe eta jolas-parkeetatik Tabakoaren Lege berrituak izan duen eragina ezagutzeko. Asko, berba asko egin da indarrean daraman hiru hilabete hauetan, eta askorako emango du oraindik ere. Berba asko, bai, baina bere inguruan dagoen informazioa azalekoa da eta zalantza ugari dago airean. Kerik gabeko airean.

Aldekoak, kontrakoak, berdin dienak, denetiko iritziak jaso ditugu. Dena dela, oro har jendeak hasieratik errespetatu du legea, alde edo kontra agertu arren. Tabakoaren Legearen aurka agertu direnen artean, Euskadiko Ostalaritza Elkartea dago. Otsailaren 27rako batzarra eta mobilizazioa deituta zuen Euskalduna jauregian legearen eraginak zeintzuk izan diren azaltzeko eta horren aurrean epaitegietara joateko aukerak aztertu eta erabakitzeko. Horretarako, kanpainatxoa abiatu zuen legea indarrean sartu aurretik, tabernetan txartel batzuk ipintzen, baita sinadurak biltzen ere, legea bertan behera uzteko eta hartu beharko neurriak denen artean adosteko eskatuz. Dena den, ostalaritzan ez dago ideia bakar bat gai honen inguruan, eta denek ez dute bat egin elkartearen dinamikekin.
Anak Uribarrin dauka taberna, txikia da eta ez du inor soldatapean. Bere negozioan nabarmena izan da eragina, txarrerako. Jendea etorri, pote bakarra hartu eta ez da lehen bezala solasean gelditzen. Legea ezarri den moduarekin eta legearekin berarekin ez dator bat. Bera erretzearekin bat dator, ez zaio axola, langilerik ez daukalako batez ere. Bere ustetan, “bakoitzak erabakitzeko aukera izan beharko luke bere negozioan erre daitekeen edo ez”. Bestalde, bere bezeroek zintzo errespetatzen dute legea, hau da, ez dute taberna barruan erretzen. Anak argi du ez duela jendearen atzetik ibiltzeko inolako asmorik. Krisiak ere eragin duela uste du: “Oso garai txarra aukeratu dute legea ezartzeko”. Egun dauden beste arazo batzuk estaltzeko erabiltzen ari diren susmoa ere agertzen du, esaterako, argindarraren prezioaren igoera estaltzeko.
Kale berean, beste muturrean, taberna handiago bat dago. Javi da jabea, eta egun osoa zabalik izaten du negozioa. Bere bezeroek orain arte nahiko ondo erantzun dute, baina “letxe txarrez”, ezin erretzeak berotu egiten dituelako. Lehen futbol partidua ikustera hurbiltzen zitzaizkion bezeroek pote pare bat edo hiru hartzen zituzten. “Orain, bakarra hartu ohi dute, eta gero, beste taberna batera joaten dira”. Bitxia egiten zaio egoera: taberna hutsik eta kalea beteta. Eta horrela izan behar denez, berak udalari tabernaren kanpoaldean mahaiak edo behar dena ipintzeko horrenbeste oztopo beharrean, “erraztasunak emateko” eskatuko lioke. Legearen aurka egitea hain zaila izanik, “bideak erraz ditzala, behingoz”. Javik bat egiten du Anaren iritziarekin, tabakoa ez dela arazoa uste du, “krisia baizik”, eta honekin batera, hipotekak…. Bere esanetan, Tabakoaren Lege berritua egungo krisia garaian ezarri ordez beste une batean ezarri izan balitz, ez zen arazoa izango, hau da, ez zen alderik igarriko.
Taberna bakoitzak, nor bere ezaugarriekin, bere erara nabaritu du aldaketa… edo ez. Mallona inguruan dauka taberna Antonek, eta berak ez du sumatu aldaketa handirik kontsumoan. Jendeak “zintzo-zintzo” betetzen du araua, eta bezero berdinekin jarraitzen du tabernak, “batzuk barruan eta, besteak kanpoan”.
Beste auzo batera joan gara, Zurbaranbarrira. Luisik, kontrakoa eman dezakeen arren, orain arte, behintzat, atzeman duen diferentzia bakarra “ke kopurua” da. Egunero kartetan jokatzen doazenen artean hiruk bakarrik erretzen dute. “Orain, ez dira mahaitik altxatzen partida amaitu arte”. Kafea hartzen joaten diren aita-ama taldeetan, ordea, bada desberdintasunik: “Sartu-irten batean ibiltzen dira”.
Bezero batzuk taberna kanpoaldean harrapatu ditugu. Batek diosku tabernari bakoitzak “nahi duena egiteko aukera” eduki behar duela. Bigarren batek txantxetan dio, “estatuak debekatzen badu, tabakotik kobratzen dituen zergak ez ditzala kobratu eta, are gehiago, erretzaile bakoitzari dagokiona itzul diezaiola”. Tabernek 2005. urtean egin behar izan zituzten erreformak ere aipatu dituzte. “Dirutza gastatu ondoren, eta orain gutxi izanik gainera, kalte-ordaina ez die inork ere itzuliko”. Batez ere araudia ez dela argia uste dute. Futbol zelaietan erre daiteke? Txokoetan? Zeintzuk dira gorde behar diren distantziak? Koadrila honek, esaterako, kanpoan egon arren ez du gutxiago kontsumitzen tabernetan. Hori bai, taberna barruan denbora laburragoa ematen du. Auzoko taberna izatea edo gaueko puba izatea zeharo ezberdina dela diote, gauez pubetik atera, txamarra jantzi, erre, erreskadan egon, berriro sartu, txamarra utzi… “deserosoa” egiten da, eta hor bai suma daiteke kontsumoaren jaitsiera.
Jolas-parketik urruntzen ikusi ditugu guraso batzuk… arreta deitzera gindoazela uste zutelako! Ez bada, galdera pare bat, soilik! Bitartean, zigarrotxoa erre dute, lasai-lasai.
Erretzaile izana den bikote baten iritzia ere jaso dugu. Batek dio kontra dagoela, baina batez ere “kokoteraino” dagoela estatuaren jarrerarekin. Batik bat, “estatuak erabakitzen duelako jendeak zer egin ahal duen eta zer ezin duen egin”. Heziketa kontua da bere ustez, eta umeak badaude inguruan, “norbera konturatu beharko da”. Laguna ere aurka agertzen da, erregulazioa norbere esku egon behar dela uste du. “Osasunerako txarra delako murriztu bada, eta hain txarra bada, orduan estatuak tabakoaren salmenta eta ekoizpena eragotzi beharko luke”.
Egoera bereziak ere gertatu dira: lehen umeak tabernetatik kanpo izaten ziren eta, orain, alderantziz gertatzen  da, helduak kanpoan eta umeak tabernetan sartuta ibiltzen dira. Batzuk hausnarketa berezia egin dute gai honen inguruan, baina hori beste erreportaje baterako utziko dugu.

Berton aldizkaria | berton dugu


Mar
10
18:01

Mahatserria (Bilbo): 13 urte eta aurrera

Bai, 13 urte bete ditu BERTON aldizkariak (gezurra dirudi!), eta zenbakiak ez digu inolako beldurrik ematen. Bai, ordea, poztasuna eta kemena.

Eskerrik beroenak eman beharrean gaude bidelagun izan zaituztegunoi. Zuri, irakurle, harpidedun, kolaboratzaile, iragarle eta babesle zaitugun horri eskerrik asko bene-benetan. Ez da erraza izan orain arteko bidea, baina jakin badakigu zuen denon laguntzarekin ez dagoela ezinezkorik.
Aurrerantzean aldizkari hobea eta sendoagoa egiten ahaleginduko gara. Gure hitza duzue. Zuen aupadari esker, BERTON tokiko hedabide bat baino gehiago da. Hilero-hilero Mahatserriko mugak gainditu eta kilometro ugari egiten duen aldizkaria da gurea,
ehunka zein milaka kilometro egitera iritsiz.
Ilusioz irakurtzen du mahatsorriak etxeko postontzian jasotzen duen BERTON aldizkaria. Atseginez irakurtzen du Begoñako Errepublika Zaharreko auzotar askok tabernan, eskolan edota udaltegian. Arretaz begiratzen diote Bilboaldean eta ikusminez Bizkaian. Eta berebiziko posez gure probintziatik haratago. Nahiz eta egungo teknologia berriek distantziak murriztu, herrimina ez da erraz arintzen den sentimendua.
BERTON bere sorreratik ari da urruti dauden lagunei auzoko berriak hurbiltzen. Gure egunerokotasuna eta apartekotasuna kontatzen. Lotura lana egiten eta barne-barneko sentimenduak eta oroitzapenak astintzen. 150 harpidedun hunkitzen ditugu hilero-hilero Mahatserritik haratago. Hauek dira gure diasporako irakurle horietako batzuk. 

 

Julen Adrian / Artá (Mallorca)
Beti interesatu zait Santutxuko eta Bilboko berriak irakurtzea. Batzutan pertsona ezagunen berriak dira edota ezagunen baten familiarenak, beste batzutan, hiriaren edota auzoaren pultsuaz enteratzen naiz... beti da pozgarria eta interesgarria. Gustuko dut gehienetan, beste batzutan ez. Adibidez, Hermanitas de los Pobres inguruan, zerbitzu publikoen ordez, egin diren etxebizitzak ikustean. Penagarria iruditzen zait, horien alde urte asko borrokatu ginen.  
Itsaso Mallea / La Línea de la Concepción (Cadiz)
Kristoren ilusioa egiten dit hemen BERTON jasotzeak. Nire auzoko berriak irakurtzeko eta  jende ezaguna eta auzotarrak ikusteko aukera eman dit; oso hunkigarria da. Kanpoan egon eta auzoak aurrera egiten duela ohartzea oso interesgarria da. Hurbiltasuna eta betikotasuna ematen dit aldizkariak. Hortxe nagoela ematen du nahiz eta Cadizen bizi. Formatu berria oso erosoa eta erabilgarria da, baina koloretako orri gehiago jarriko nizkioke.
Aitor Renteria / Baiona (Lapurdi)
Zer ote da da BERTON? Pentsetan hasi ezkero, teorian, lehen golpean han ez dagona. Oinetara so, eta... arrerik ez. Forñula horrek mundu zabalerako balio du. Euskal Herrirako ez. Edo bai. Ez du balio asmatzeko Juan de la Cosan euririk ote dagoen. Edo kaleak izen hori gordetzen duen. Baina berton? noski baietz. Aingeruri besarkada bat emon eta Joseri Pablitoren aire goxoan belarriak goxatzeko parada emoteko. Edo Bigarreni hirugarren eskuko muxua bialtzeko, edo Olatzi, edo Rubeni, edo Patxiri edo… ez, ez, ez. Han ez da bertan eta bertan ez da berton. Bakoitzak haizeak zabaldu duen tokian eta Euskal Herriak ogi orearena egiten, Arkaitzen, Urtziren edo Iñakiren bukaerararik gabeko bertso luze baten puntada balitz bezala, herria hara, harago, gero eta haratago bultzatzen duen haize ufada balitz bezala. Hori da Euskal Herriko, edo auzo, edo herri edo errepublika honen magia. Han egonik berton nago. Zergatik maite? Urruti egonik hemen dagoelako.
Amagoia Bilbao / Hernani (Gipuzkoa)
Santutxuarra naizen arren, Hernanin bizi naiz. Nire gizona ere santutxuarra da. Poza sentitzen dut aldizkaria postontzian jasotzean, auzoko gauzetaz enteratzen naizelako eta auzoko ezagunak ikusten ditudalako. Gustuko dut auzoarekiko hurbiltasuna. Gainera, hedabide handietan agertzen ez diren berriak ezagutzeko balio du.
Jose Miguel Arrugaeta / La Habana (Kuba)
Nire jendearekin eta geografiarekin bat egiten dut aldizkaria irakurtzean. Nire auzoko bizitzak aurrera egiten duela gogorarazten dit, eta bertako auzokideak ditu protagonista nagusi. Nahiz eta erretzaileok desagertzear gauden, zera esango dut: puru kubatar on baten ke usaintsuaren parekoa da niretzat BERTON. Ikusmena hondatuta dugunok, filatelikoen luparekin ibili behar dugu formatu berria, mini-BERTON berria irakurtzeko.
Iban Ortega / Bartzelona (Katalunia)
Nahiz eta gaur egun gero eta aldizkari eta egunkari gehiago digital formatuan eskura eduki, paperak inoiz ezin izango du aldatu aldizkari bat eskuetan edukitzeak ematen duen sentsazioa. Nire kasuan, ostegunetan, Bartzelonako Euskal Etxera hurbiltzen naiz euskal dantzak entseatzera, eta hasi bitartean, beti harrapatzen dut aldizkariren bat irakurtzeko eta euskal kulturan murgiltzeko. Oso berezia da norbere hiriko aldizkaria irakurri ahal izatea Euskal Herritik kanpo, eta guretzat oso atsegina da Euskal Etxeko tabernan BERTON irakurtzea.
Iratxe Olazaran / Zumaia (Gipuzkoa)
Auzoa ekartzen dit gogora BERTONek, zenbat denbora daramadan auzotik kanpo eta zenbat jenderekin galdu dudan harremana. Zumaiara bizitzera etorri nintzenean harpidedun izaten jarraitzea erabaki nuen lotura txiki bat behintzat mantentzeko. Jasotzea gogoko dut. Normalean egiten dudan lehenengo gauza gainbegirada azkar bat ematea da, ea ezagunen baten argazkia ikusten dudan (askotan ez dut ezagunik topatzen!). Inauterietako, Santutxuko jaietako edota egin den ekitaldiren bateko argazkiak ikustea gustuko dut, baita pertsona ezagun bati egindako elkarrizketa eta garai bateko argazki zaharrak ere. Informazioa internet bidez jasotzeak izan behar du BERTONen hurrengo erronka.
Otxando Irurtia / Mendigorria (Nafarroa)
Auzotik gutun bat jasotzea bezalakoa da BERTON Nafarroako herri txiki honetan jasotzea. Atsegin zait auzoko aldizkaria irakurtzea. Gainera Mendigorria zona no vascófona  edota zonalde ez-euskaldun eremuan dagoenez, euskaraz irakurtzeko eta euskaraz bizitzeko aukera askorik ez dago. Horregatik irakurtzen dut are gusturago. Auzoarekiko herrimina eta gertutasuna ematen dit aldi berean. Entretenimendua emateaz gain, auzoan auzokideek egiten dituzten hainbat aktibitate, ekimen, ikuspegi, ospakizun, berriak… jasotzeko eta horietara guztietara gerturatzeko balio dit. Aldizkaria erreformatu berri da, eta gogoko dut formatu berria.
Arkaitz Agirregabiria / Fresnes Cedex (Frantzia)
Lagun batek egin ninduen harpidedun eta eskerrak eman beharrean nago. Ilusioa eta poztasuna sentitzen dut BERTON nire esku artera heltzen denean. Auzoko berriak dira, eta Santutxuko jendea, lagunak eta ezagunak, ikusteko dudan modu bakarra da. Hurbilekoa beti da onena. Amak, behin, Bilboko Udalak argitaratzen duen Bilbao aldizkaria ekarri zidan, baina ez zitzaidan ezer ere gustatu

Berton aldizkaria | berton dugu


Ots
03
17:17

Mahatserria (Bilbo): Garaizarko Matsorriak, 25 urte eta diskoa kalean

 

1987an hasi zuen ibilbidea koruak, hau da, mende laurdena betetzear dago eta, hasiera-hasieratik, Begoñako errepublika zaharrarekin, Mahatserriarekin, daukan lotura argi eta garbi erakutsi nahi izan du. Hortik datorkio izena, Garaizar Txurdinaga auzoko ingurua baita (Garaizar baserria egon zelako han) eta korukideek euren burua hain begoñar ikusita, Garaizarko Matsorriak izena hautatu zuten. Euren errepertorioko 16 abestirekin, diskoa kaleratu dute, 25. urtemuga ospatzeko modurik politena izango delakoan.

36 ahots grabek osatzen dute korua, denak gizonezkoak. Gaur egun ere, izenari ez ezik izanari ere eusten diote eta gehienek Mahatserriarekin lotura estua daukate, “bazkide gehienok Begoña edo Santutxu ingurukoak gara”, zehaztu diote BERTON aldizkariari abesbatzako kideek, Bilboko beste auzoetatik ere jendea etortzen den arren. “Musikazalaleak eta gautxoriak, gehienbat jubilatuak baina baita gazteak ere”, horrela ikusten dute euren burua 36 kantariek. Euskal konpositoreen kantak abesten dituzte gehienbat, estilo anitzetan. “Kalean eta tabernetan sortzen den kantu giroak erakartzen gaitu”, diote kideek.
1987an sortu eta berehala abesbatzaren izena ahoz aho hedatu zen gure auzoetan: “Garaizarko auzokideak izanik, batzuk berehala hurbildu zitzaizkigun eta lagunen eta ezagunen bidez taldea handitzen joan gara”, gogoratu dute taldekideek. Euretako batzuk hasiera-hasieratik daude koruan, mende laurdena daramate mahatsorrion izena kantuz zabaltzen.
Astean birritan batzen dira Garaizarko Matsorriak entseguak egiteko, Birjinetxe ikastetxe publikoko areto “handi eta eroso batean”, euren esanetan. Bestetik, Santa Monika komentua da errezitaldiak eskaintzeko lekurik gogokoena, “etxean bezala kantatzen dugu han”, zehaztu diote BERTONi. Kalea ere esparru naturaltzat dute eta horregatik, kalerik kale abesteko ez dute aukerarik galtzen, San Tomas azokako giroan, Agate Deunaren bezperan, Begoñako San Isidro egunean zein Begoñako Amaren omenezko ospakizunetan egoten dira beti. Bestelako ekitaldietan ere, Garaizarko Matsorriak kantuan ibiltzen dira, euren pasioa hori da eta: “Begoñako Abesbatzen Astean, Txorierriko gabon kanten jaialdian, Bilboko Udalaren gabonetako ekitaldietan eta Bizkaiko Abesbatzen Elkarteak antolatzen dituen hitzorduetan (udaberriko zikloak, Bizkaiko abesbatzen eguna eta abar) ibiltzen gara”. Bizkaiko ia eliza guztietan abestu dutela ere ziurtatu dute.
Miren Zubieta da gaur egun Garaizarko Matsorriak abesbatzako zuzendaria. “Hiru urte daramatza gurekin Mirenek eta berarekin ederto konpontzen gara, lehendik ere bikaina zen giroak harekin hobera egin duela esan liteke”, azaldu digute abesbatzako kideek. Beraz, 36 gizonezko emakume baten aginduetara daude une honetan Garaizarko Matsorriak koruan, eta gustura gainera.
Diskoa kalean
25. urteurreneko diskoa grabatzeko, Iker Herreroren laguntza teknikoa ere izan dute. Santa Monika komentuan eta Lezamako elizan egin dituzte grabaketa saioak eta abesti batzuetan Leioako kontserbatorioko txistulariek lagundu diete.
Ia mende laurdeneko ibilbidean, lehenengo lana argitaratu dute Garaizarko Matsorriek, orain arte zuzenean gozatzekoa zena, CDan batzea erabaki dute: “Une honetara arte ez dugu diskoa grabatzeko beharrik sentitu baina 25. urteurrena hain hurbil egonda, zerbait berezia eduki nahi izan dugu, aurkezpen gisa ere baliagarria izango zaigu”. Garaizarko Matsorriak koruaren ibilbideko abesti kuttunak aukeratu eta 16 kantaz osatutako bilduma osatu dute lehenengo CD horretan, gehienak a capella interpretatuta.
Iragan oparoa dauka Garaizarko Matsorriak abesbatzak, mende laurdena betetzera iristea ez baita erraza. Etorkizunari buruz ere, baikor daude taldekideak. Badakite euretako asko adinean gora doazela eta, gaur egun, ez dela hain erraza gazteen artean abesteko afizioa sustatzea. Hala ere, “gure herria beti izan da kantuzalea, erreleboa bermatuta dagoela uste dugu”, horixe adierazi dute. Hori bai, abesbatzan gazte gehiago ikustea gustatuko litzaiekela ere gaineratu dute.

 

Berton aldizkaria | berton dugu


Urt
04
1:15

Mahatserria (Bilbo): Metroak 15 urte beteta, 3. linea abian

 

1995ko azaroan Zazpikaletatik abiatu zen metroa lehenengoz. Urte bi beranduago, Boluetako geltokitik, eta horrekin batera, Donostia, Durango eta Bermeorako trenekin lotura egin zuen. Mutur bat Uribe Kostan du hasieratik eta duela zortzi urtetik, 2. linea martxan denetik, Ezkerraldean du beste muturra. Bilbotik alde batera eta bestera lineak abiatu dira, baina hirian bertan linea bakarra da orain arte. 3. lineako obrek hilabete batzuk daramate martxan, eta pixkanaka Mahatserrira zabalduz joan dira. 4. eta 5. lineak guztiz zehazteke daude. Denboraz, botxoko auzo eta txoko ezberdinak metroak lotuko ditu.

Mahatserriko biztanleen iritzia jaso nahi izan dugu metroak beraien bizimoduan izan duen eta aurrerantzean izango duen eragina ezagutzeko, baita egungo obrek sortzen dituzten eragozpenak ezagutzeko ere. Horretarako auzo elkarteetara jo dugu.

Hamabost urte hauetako balantze txiki bat egin du Santutxuko Familia Elkarteak. Hasiera baten euren jarrera nahiko “eszeptikoa” bazen ere, balorazioa egiteko garaian, onartzen dute gaur egun jende askok erabiltzen duela metroa. Esaterako, ia pentsaezina zen jendeak metroa erabiltzea auzotik Zazpikaletara jaisteko, bost edo hamar minututan egin daitekeelako bide hori eta jendeak oinez egiteko ohitura zuelako. Esan bezala, hasieran kritiko ziren metroaren proiektuarekin, obra “megalomano” bezala ikusten zuten. Bilbok garraioaren arazoari eman behar zion erantzuna ez zela hori uste zuten. Metro batek, era zentzudun batean eraikitzeko, 30 kilometroko ibilbidea bete behar zuelakoan zeuden, eta hasieratik Santutxualdea planean sartzen bazen ere, hasierako ibilbidea txikia iruditzen zitzaien Familia Elkartekoei. Gainera, ez zen hiri erdia inguratzen duen auzoetara iritsi ere egingo.
Proiektua eskuan izanda, elkarteak ikusi zuen Santutxuko geltokiak, esaterako, inolako irizpiderik gabe ipinita zeudela, ez zeukatela inolako azterketarik eginda: non bizi zen jende gehien edo gutxien, etab. Proiektua bisitatzera eraman zituzten, “hauxe da etorkizuna” azalduz, eta zegoen moduan egin zuten. Erabilerak berak aurreikuspen guztiak gainditu ditu, eta elkarteak eskatutako Karmelo kaleko igogailua eta Zabalbide-Karmelo kaleak lotzen dituen eskailera mekanikoak ipintzea lortu zen. Gauza bitxi bezala, Santutxuko geltokiak, Santutxu izena badu ere, ez dauka kale horretan irteerarik. Beste gauza “berezi” edo “kritikagarri” bat bada: Basarratekoa da metro osoan irteera bakarra duen geltokia. Hasieratik, aurreikuspen guztiak gainditu ditu honek ere.
Lanek iraun zuten bitartean eragozpen handiak izan zirela eta, “kaltetuen batzordea” eratu zen, eraikitzaileek agindutakoa betetzen zela ziurtatzeko helburuaz, hau da, etxeetan izan zitezkeen apurketak eta bestelakoak konpontzen zirela bermatzeko. Esaterako, Etxebarria etxaldean, eraikinetan zirrikituak zabaldu ziren lur mugimenduak izan zirelako…eta, gutxi gorabehera, esandakoa bete egin zuten.
Hasieratik eta egun ere, garraiobide garestia dela deritzote Familia Elkartekoek, luxu bat. Izan ere, gauza asko aldatu dira metroa Santutxura heldu zenetik. Esaterako, etxeen balioa igo egin zen, “metrotik 50 metrora zeudelako”. Bestalde, garraio publikoari buruzko eztabaida posibleak alde batera geratu ziren, bai beste auzoekin zeuden lotura hutsuneak, bai Santutxun bertan zeuden arazoak –medikuengana joateko zailtasunak eta abar–. Balorazioa ezin da txarra izan, baina prozedurak alderantzizkoa izan beharko lukeela uste dute, hau da, “lehengoz inguruko auzoak elkar lotu eta aurrerago erdialderako lineak atera”.
Otxarkoagan, Txurdinagan, Zurbaranen, Zurbaranbarrin eta Uribarrin zuloak egiten
Otxarkoagan, Txurdinagan eta udaletxeko bihurgunetan hasi ziren 3. lineako lanak. Bertan, zerbitzu bideak zulatzen ari dira. Hauek dira, momentuz, lanik ikusgarrienak. Lehenengoa, Iruminetan kokatua dago. Otxarkoagako Familien Elkarteak bertan diren zaratak salatu ditu. Beste tunela Begoñazpi ikastolaren ondoan dago, bertan desmonte handia eta porlanezko horma erraldoia egin dute. Baina zaratak baino gehiago, Familien Elkartearen kezkak bi dira: alde batetik, Otxarkoagako plaza dena lanez okupatzean, autobus geltokia lekuz aldatu dute. Kokapen berria ez zaie oso egokia iruditzen, aldapan kokatuta dagoelako, eta jende nagusiarentzat zein mugikortasun arazoak dituztenentzat traba handia da hori. Errail bakarreko kalea izanik, trafiko arazoak sortarazten ditu, gainera. Berriro lekuz aldatzea proposatuko du elkarteak. Beste aldetik, kezkatuta daude tunelak zulatzean hainbat eraikinetan sor daitezkeen kalteengatik, besteak beste, badelako etxe bat eraiki zenean bi aldiz jausi zena. Metroak otxakoagatarrei emango dien zerbitzuari buruz, nahiko konforme daude, sarrerei dagokionean batik bat, auzoa ia bere osotasunean hartzen duelako.
Txurdinagan dagoen lan eremua hipermerkatuaren ondokoa da. Hesitua dago, eta aparkalekuak eta plazaren eremu handia galdu dira ondorioz. Auzo honetan metroko sarrerak bi izango dira, eta igogailu bat ere izango du.
Arabellara hurbiltzen goazen neurrian, zulatzen ari diren tuneleko zaratak nabariak dira dagoeneko. Zurbaranbarriko Goiuri Auzokideen Elkartearen iritziz, metroak zerbitzu ona emango dio zonaldeari, sarrerak nahiko ondo kokatuta daudelako eta txartel bakarra izango delako. Hori bai, badituzte buruhauste batzuk. Izan ere, hodiak sartzeko kaleetan zulo luzeak zabaldu behar izan dituzte, eta zabaldu ostean egun batzuk pasatzen dira bertan lanik egin gabe. Aparkalekuekin arazoa konplikatzen ari da geroz eta gehiago, aldi berean ari baita udala auzoko goikaldea konpontzen.
Uribarrin kexa gehiago izan da. Eragozpenei aurre egiteko Gure Etxe Auzo Elkarteak proposamen batzuk luzatu ditu. Lehenengoa –obretako ziurtasunaren inguruan–, ez da errespetatu etxeen eta hesien artean egon behar duen gutxieneko distantzia. Badirudi, azken astean hesia mugituz, distantzia horiek legearen barruan direla berriro ere. Bigarren kexa aparkalekuena da, 200 plaza kendu direlako. Proposamena sinplea da, zonalde osoan TAO kentzea lanek dirauten bitartean. Azkenik, geltoki bakarrerako sarrera gehiegi ez ote diren planteatzen du Gure Etxea Auzo Elkarteak. Hau da, lan bolumen handiegia da, kosteak handituko dituena, eta ez bakarrik lanek dirauten bitartean, baita gerora ere, mantenimendu beharragatik. Horrek txartelaren prezioan eragina izan dezakeela pentsatzen dute elkartekideek. Geltokira hurbiltzeko kale gainetik egin daitekeela uste dute, azken finean, desplazamendua berdina delako.
Elkarte denak gai berdinaren inguruan bat datoz: txartela bakarra izan behar dela metroko linea guztietarako, berdin dela nork kudeatzen duen bata edo bestea. Eta berdina izan beharko lukeela garraiobide ezberdinetarako ere.

 

Berton aldizkaria | berton dugu


Abe
30
8:00

Mahatserria (Bilbo): Altxatu eta patinatu!

 

Jausiz eta berriro ere altxatuz ikasten da long board egiten. Pazientzia behar den arren patin luzearen gainean street teknikak egiteko, zalea erraz harrapatzen duen kirola da. Etxebarria parkean igandero elkartzen da 50 laguneko taldea, gazteak eta helduak elkarri irakatsiz.

Aitorri Nerbioi-Ibaizabalera erori zitzaion patina Guggemhein inguruan. Bitan pentsatu gabe uretara salto egin zuen. “Buzeatu eta berreskuratu nuen. Errodamientoak ez zitzaizkion herdoildu ere egin”. Egun, patin horixe erabiltzen du igande arratsaldero Erandiotik Etxebarria parkera hurbiltzen denean. Objektu oso baliotsua da berarentzat. Are baliotsuagoa Damianentzat, garraiobide gisa erabiltzen baitu patina, beste longer askok bezalatsu –horrela esaten diote elkarri–. “Lanera joateko zein buelta bat emateko, beti patinean ibiltzen naiz”. Horrelaxe ezagutu zuen Arkaitz, patin gainean. Hizketan hasi ziren eta elkarrekin irristatzeko hitzordua egin zuten, Etxebarria parkean, tximinia ondoko aldapan.
Oso aproposa da aldapa hori longerrentzat. Zabala da eta jende gutxi ibiltzen da inguruan. Eta garrantzitsuagoa dena, Etxebarria parkean baimenduta dago patinean ibiltzea. Bilbon duten txoko bakarrenetakoa da patinatzaileek. “Dagoenik eta leku onena” da Aitorrentzat. Arrasatetik etortzen den Jairorentzat “derrapatzeko toki egokiena”. Derrapatzean oinezkoei traba ez egiteko, itxaron egiten dute paretik pasa arte. Horrelako barne arauekin ahalegintzen ari dira patinatzaileek duten “ganberro” eta “mehatxu” fama usatzen.
Ez da erraza derrapatzeko teknika menperatzea. Aitorri “kostatzen” ari zaio. Ezinean dabilenean, animatzaile eta aholku emaile ditu gainontzeko longerrak. Finean, eskola bezala funtzionatzen dute: “Gazteak animatzen ditugu. Jausiz asko ikasten da. ‘Altxa eta patinatu’ esaten diegu. Konfiantza eta iraunkortasun kontua besterik ez da”, dio Damian beteranoak. Eskola izaerak desberdintzen ditu, besteak beste,  skaterrengandik, skaterrek ez baitute elkarri laguntzeko ohiturarik. Aurrera egin ahala, truku berriak ikasi, asmatu edota ikasiak korapilatzen dituzte. “Skatean ez bezala, long boardean ez dago dena idatzita; egunero irteten dira truku berriak”.
Adrenalina askatzailea
Aldapan behera ziztu bizian edota derrapeetan adrenalina asko askatzen dute longerrek. Hori dute gustuko. Horrelakoetan burua ondo erabiltzea funtsezkoa dute, “distantziak neurtzea eta gorputzaren mugimendua kontrolatzea”, bestela errepide bazterrean bukatzeko aukera dute. Down hill edo jaitsiera antolatuetan errepide bazterretan lasto-fardoak edota babes-listoiak izaten dituzte kolpeak leuntzeko, baina freeride edo “jaitsiera ilegaletan” ez. Horregatik erabiltzen dute gorputz osoa estaltzeko armadura eta kasko bikoitza. Etxebarriakoa bezalako aldapa txikiagoetan ere ez dute segurtasuna gutxiesten eta belaunak, ukabilak, eskuak eta burua babestuta eramaten dute. “Ez dugu sekula istripu larririk eduki, izan dugun larriena belauneko bihurritua izan da”.
Sasoiko egon behar da long boarda egiteko. Belaunak, batik bat, egoera bikainean izan behar dira, kirol honetan horietxek sufritzen baitute gehien: “Jaustean beti egiten da indarra belaunekin”, azaldu digu Arkaitzek. Beraz, norbaitek kolperen bat hartzen duenean %100ean egon arte itxaron egin behar du eta gogoari eutsi. “Patinera igotzen bada guztiz errekuperatu barik, kalanbreak eman eta berehala jausiko da berriro ere”.  
Kaliforniatik mundura
50. hamarkadan Kalifornian sortu zenetik asko zabaldu da long boarda munduan zehar. Bere bost modalitateak –derrapeak, down hilla, slaloma, hippy jumpa eta freestylea– Bilbo, Derio, Muskiz eta Sopelan praktikatzen dira. Baina longerrak kexu dira, haziz doan kirola izanik, erakustaldi eta lehiaketa gutxi antolatzen delako gure inguruan. Horregatik erabaki zuten aurre hartzea eta urrian elkarretaratzea antolatu zuten Etxebarria parkean. Beraien lagun eta ezagun guztiak gonbidatu zituzten parte hatzera. “Bartzelonako longerrak ere gonbidatu genituen, han lau long board elkarte daude”. Ondo pasa zuten, haize gogorrak zig-zagean ibiltzeko konoak altxarazi zituen arren. “Konoek hegaz egin zuten eta baita guk ere aldapan behera”, gogoan du Arkaitzek.
Beraien poltsikotik jarri zuten dirua elkarretaratzeko gastuak ordaindu ahal izateko. Beti bezala Switch Skate Shop dendako Eduardo Basaberen laguntza izan zuten. “Longerrentzat erreferentzia da eta erabat gomendagarria Askao kalean duen denda ikustea; 40 taula baino gehiago ditu, asko oso zaharrak”.
Txurdinagako Skateparka
2011ko amaierako eraikita egon behar luke Txurdinagako kiroldegian 3.500 metro koadroko Skateparkak. Eremu handiena aire librean izango du eta estalia zati txiki bat. Albiste pozgarria dirudiena ez da horrela longerrentzat skate, roller eta BMX bizikletentzat soilik diseinatu baitute. “Alboratuak sentitzen gara, ez dute gugan pentsatu. Tontor borobil batzuk jartzea zeukaten longerrentzat, baina hori ere ez. Horregatik topatu behar dugu gure lekua kalean, ez dugu besterik”. Damian haserre dago udalarekin eta Daniel Yabar skater eta arkitektoarekin. “Zergatik ez dute gainontzeko arrisku kiroletan pentsatu AEB-etan egiten duten bezala?”.  
Jaramonik egiten ez dietela eta, elkarte bat sortzeko helburua dute Etxebarrian batzen diren longerrek. Hasita daude paper kontuekin. Hurrengo pausoa lokal bat eskuratzea litzateke eta badakite jada bertan zer egingo luketen, besteak beste, patinen taulak egiten eta zaintzeko tailerra antolatu.

 

Berton aldizkaria | berton dugu


Aza
26
8:00

Mahatserria (Bilbo): Naturaren mama goxua

 

 

Abenduarekin batera bukatzen da perretxikoak biltzeko garaia. Jan ez diren aleak izoztu, lehortu eta enbotatzeko unea da. Urte irregularra eta eskasa izan da oro har aurtengoa, baina dakienak tripa betetzeko beste izan du. Horietakoak topatu ditugu Santutxuko Mikologia Elkartean, zale berriei eta gazteei perretxikoen mundua irakasteko prest daudenak. Den-dena, ez ordea. Ez daude prest perretxikoak non aurkitu esateko, baina bai aholkuak eman eta ordainpeko bilketari buruz eta intoxikazio kasuei buruz iritzia emateko.


Elkarteko presidente Iñaki Rubiok boletus edulisa ia hutsik jatea gustuko du, “berakatza eta ezer gehiago gabe”. Tricholoma portentosuma kroketan nahiago du, “lagun bati errezeta eman nion eta eskerrak ematera etorri zitzaidan”. Cantharellusa, berriz, edozelan, “berakatz-zopari edo indaba zuriei botata, erabilera gehien duen perretxikoa da”. Elkarteko kide den Jose Eribek bat egiten du Iñakiren erabat, baina bada aipatuez gain, oso gustuko duen beste bat; gibelurdina. “Labean eginda, ogi birrindu eta perrexil apur batekin, ikusgarria da”. Bitxia da, baina bietako inork ez du aipatu hain preziatua den amanita caesarea. Gidaliburuen arabera, gorengo mailako perretxikoa, bost sardexkakoa. Josek “bi edo hiru sardexka” emango lizkioke amanita caesareari: “Bost ematen dizkiote aurkitzen zaila delako, baina ez bere zaporeagatik”. Bistan denez, perretxikozaleen artean sartu dugu muturra eta Santutxuko Mikologia Elkarteko kideen laguntzarekin urteari errepasoa emango diogu.
“Ibilaldi batean dena lotu daiteke aurretiaz, eguraldia eta perretxikoak salbu”. Horixe dio eskarmentu handia duen Iñaki Rubiok. Horrelaxe gertatu zitzaien elkartekideei maiatzean Asturiasko Riospasora egin zuten ibilaldi mikokulturalean ere. “Bilketa onik ez genuen egin, baina izugarri ondo pasa genuen”. Izan ere, udaberrian perretxiko kopuru txikia izaten da, perretxikoen %95 ekainetik abendura bitartean jasotzen baita. Uztailean eta abuztuan hasi ohi da perretxiko sasoia, baina eguraldiak atzeratu egin dezake irteera. Iñakik Gorlizen ezer gutxi bildu zuen, Josek Murgian “onddo, gibelurdin eta urretxaren bat”. Emankorra izan ohi da iraila, “orduan hasten da saltsa”. Aurten, baina iazko hile “oso onaren parean, ez da kolpe gogorrik izan, dibertitzeko beste”, Joseren esanetan.
Oso bestela ematen dute urria, gogor lanean Santutxuko Aste Mikologikoa prestatzen: Garabi plazako erakusketarako baimenak eskatzen, hitzaldiak adosten, perretxikoak sailkatzen -522 espezie-, Ramon Mendozari eginiko omenaldia lotzen… Ez da auzoko hau elkartekideek antolatzen duten jardunaldi mikologiko bakarra. Azaroan, Zamudion, Bilboko Plaza Barrian eta Busturian ere aritu baitira laguntzen. Zamudion, esaterako, erakusketaren aurreko egunean Dimako mendatera irteera antolatu zuten herritarrekin. Perretxikoen inguruko oinarrizko azalpenak eman eta goizean jasotako aleak arratsaldez sailkatu zituzten, biharamunean erakusgai jarriz.
Ez pentsa, perretxikotan ibiltzeko denbora gutxiago izan badute ere, atera dute astia azaroan. “Onddo sobrak, oin-urdinak eta amatistak” jaso dituzte. Baina espero baino gutxiago, beharrezko  duten hezetasunaren eta tenperaturaren arteko sinbiosi egokirik ez delako sortu. “Bi graduko aldeak eragin zuzena du perretxikoetan” eta hezetasunarekin ere beste horrebeste gertatzen da. Oro har, gure zonaldean, urte “eskasa” izan da aurtengoa. Baina mikrozonaldeka uztaren emaitza aldagarria dela diosku Josek: “Erlatiboa da, posible da urte berean Mundakan 50 perretxiko aurkitzea eta Gorbeian batere”.
Nora jo ez digute esan, baina aurten bezala, gutxi dagoenerako aholku batzuk eman dizkigute santutxuarrek. Josek, esaterako, beti darama altimetroa, termometroa eta iparrorratza aldean. “Perretxikoak aurkitzean ondorioztatzen dut orientazio eta altitude berean gehiago topa ditzakedala. Beraz, zoroan pare ibili ordez, mendixkaz aldatzeak emaitza ona ematen dit”. Bada beste gomendio bat, argi guneetan bilatzea. Baso itxiek, normalki, perretxiko gutxi izaten dute, argitasuna dagoen lekutan, aldiz, perretxiko gehiago izaten da. Hau da, “basoetako bazterretan eta soilguneetan”.
Arautu, ordez, hezi
Ez dira Santutxuko Mikologia Elkartekoak kotoak sortu eta berauetan sartzearen truke ordaintzearen aldekoak. “Batuko dituzun ziurtasunik gabe, gainera”. Iñakik Soriako herri batzutan kotoa ezarri izana ulertzen du, “herri asko bilketatik bizi delako”, baina ez Euskal Herrian kotoak ezarri izana, “ez dago hainbeste jende perretxikotik bizi denik. Diru iturria ikusi dute, ez besterik”. Arautu, ordez hezitzearen alde dago Jose: “Kopuruak errespetatuz gero, beti izango ditugu perretxikoak”. Errespetuzko kopuru bat jartze aldera, hiruna kilo pertsonako eta eguneko jotzen dute egokitzat. Bilketa arautzearekin konfome ez badaude, are gutxiago erabakiak hartzeko moduarekin: “Mikologia elkarteeak ez gaituzte kontutan hartu”. Kontsultatuak ez izateak haserretu ditu gehien.
Perretxikoen bilketan zein ezagutzan geroz eta gehiago huts egiten dugu eta hori heziketa faltaren adierazle da Iñaki eta Joseren arabera. “Umetan gurasoekin joan izan gara asko eta asko eta beraiekin ikasi dugu bospasei espezie bereizten eta batik bat jatekoak direnekin ez huts egiten”. Usadio horri esker –diote– Euskal Herrian eta Katalunian pozoitze kasuak gutxiago dira beste lurralde batzuekin alderatuz. Baina usadio hori galtzen ari da eta gaur egun “jende piloa ideiarik gabe joaten da perretxikoak batzera. Jakintza falta eta ausardia elkartzen dira horrelakoetan. Gure inguruan perritxo arrunten artean, bost pozoitsuren ordez 50 baleude, sekulakoa izango zitekeen”.    
Badago perretxiko jangarriekin intoxikatzeko modua ere. Ospitalera iristen diren kasuen %20 dira eta arrazoi posibleak honako hauek izan daitezke: perretxikoei tratu okerra ematea (plastiko poltsan gorde eta fermentatutako perretxikoak jateagatik), gularen aurrean ez etsitzea (bost kilo jateagatik) edota sentsibilitate berezia izatea (alergia izateagatik). Horregatik, medikuek 200 gramoko perretxiko dosia gomendatzen dute astean. Txanpinoien kasuan, gutxiago; 150 gramo astean.  
Moda baino gehiago
Lehen denda espezializatu batzuek soilik izaten zituzten salgai perretxikoak. Gaur egun, edozein supermerkatutan aurki daitezke. Asko zabaldu da perretxikoen banaketa eta merkaturatzea, baina kanpoko generoa da “bertakoa dela pentsatu arren”. Josek esan digunez, “ia dena kanpoko da”. Jan zituen lehen cantharellusak Frantziakoak ziren. Azkenaldian perretxiko asko ari da sartzen Errumania, Errusia eta Bielorrusiatik. Ordizia bezalako plaza garrantzitsu batean “Errumaniako onddoak saltzen ari dira”. Sorian bezala, Euskal Herrian perretxikoen industria sortzea zaila dela uste du Iñakik: “Ekoizpen enpresarik ez dut uste agertuko denik, komertzializazio enpresak agian”.
Sukaldari famatuek modan jarri dituzte denda ugaritan eros daitezkeen perretxikoak, batzuk arruntagoak, bereziagoak besteak. Komunikabideetan ere geroz eta leku gehiago egiten zaie perretxikoei, ugari biltzen den garaian batik bat. Baina hedabideek perretxikoen inguruan ikasteko balio ez duelakoan dago Jose: “Etxetik, pantaila bidez, ezin duzu ikasi, perretxikoa naturan bertan ikusi eta usaindu behar da. Bagagea ematen duena elkartera etortzea da. Guk erakutsiko diogu nahi duenari zeintzuk diren bost perretxiko hilgarriak eta 50 jangarriak. Argazki huts batek ez du ezertarako balio”. Irakasteko ondo prestatuta daude Santutxuko Mikologia Elkartean: 500 liburu dituzte, mikroskopio bat eta “irakasteko gogo handia”. Orain hamaika urte sortutako taldeak ateak zabalik ditu astelehenetan eta asteazkenetan 19:30etatik 21:30etara. “Perretxikoak non aurkitu esateko ezik, beste guztirako prest gaude”.

Berton aldizkaria | berton dugu


Aza
26
8:00

Mahatserria (Bilbo): Eulaliarekin kitatzeke dugun zorra

Bost erakusketa antolatu ditu Euskal Museoak Eulalia Abaituaren argazkiekin. Lehena aurkeztu zenetik 20 urte pasa direnean, zazpi hile iraungo duen atzera begirakoa eskaini dio oraingo honetan. Zertarako? Begoñak zein Bilbok, hiritarrok zein agintariek, Eulaliarekin dugun zorra kitatzeko premiaz ohartu gaitezen.


“Apur bat mingarria da”, dio Maite Jimenez Ochoa de Alda erakusketako arduradunak. Eulalia Abaituak Bilbon, bere jaioterrian kale, plaza edota oroigarri bat ez izatea “tristea da”. Madrileko Valdemoro herrian, berriz, glorieta batek bere izena du eta Guadalajara hirian kale batek. Azken hau emakume ilustreen izena duten kaleen artean dago. Bilbon, baina, hiritar ilustreen artean ere ez du lekurik Eulaliak. “20 urte pasa dira lehen erakusketatik eta balantzea egiteko ordua da. Zorra dago emakume honekin, bere lanagatik aitorpen publikoa merezi du eragile politikoen eta gizartearen partetik”. Horixe da zazpi hilabetez ikusgai egongo den erakusketa: “Museoak gizartearen esku jarri duen aitortza”. Beraz, Eulalia Abaituaren argazkiak orain arte ezagutu ez dituen bilbotarrak ez du aitzakiarik edukiko aurrerantzean “bere argazkilaria ezagutzeko”. Aurreko erakusketek hiruna hile iraun bazuten, zazpi hilekoa da bere lana laburbiltzen duen azken hau. “Komunikabideetan nahiko publizitate egin dugu. Oraingo honetan ez du balio ‘jo, kendu dute’ esateak”.
XX. mende hasieran ateratako argazkiek mahatsorrien interesa piztu behar du beste askorenaren gainetik, Eulalia mahatsorria izan genuelako eta Begoñako elizateak eta inguruko bazterrek orain 100 urte zelako itxura zuten erakusten digulako bere lanak.
“Berak erretratatu zuenetik oso gutxik irauten du gaur egun eta dirauena aldatuta dago”, Maiteren hitzetan. Horregatik dute aparteko garrantzia bere argazkiek, besteak beste, Mahatserriko historiaren kontalari direlako. “Begoñarrentzat jakinduria-iturria da Abaitua”. Batzuek ondotxo dakite hori bere lana aurretiaz ezagutzen baitute, horrelakoak Eulaliaren “zale” bihurtzen dira. Lehen aldiz argazkietara hurbiltzen denak, berriz, bere lana beti izango du kontutan aurrera begira.
Apenas eraikinik gabeko Begoñako eta Bilboko paisaiek harritu egiten dute ikuslea. Arriagako kaian amarraturik ikus daitezkeen itsasontzi mordoak bezalaxe. Leku ugariz gain, orduko familiarteko bizimoduaren isla diren argazkiak ere badira erakusketan. Etxea konpartitzen duten lau belaunaldi ezberdineko emakumeena, esaterako, edota etxean zuen agintea adierazteko hile luzea ikusgai uzten duen adineko gizonarena. Pertsona herritarrak eta hiritarrak erretratatu zituen Eulaliak, “janskera eta ohitura aldetik desberdintasun handia zuten XX. mende hasieran”. Eta tartean, batera eta bestera lan txikiak eginez ibiltzen ziren ijitoak. “Argazki sail bikain bat du ijitoekin bere Pinuko jauregiako lorategian egina”. Egun, baseliza aurrean, zutik dirau 1876an eraikia izan zen Eulalia Abaituaren etxeak, Clínica Ginecológica Bilbao dago bertan.
Herritar xeheak erretratatzea hartu zuen gai nagusitzat Eulaliak. Horretarako “beraienganaino iristen” jakin zuela uste du Maitek eta hori argazkietan ikus daiteke: “Inmortalizatuak izateko desioa erakusten dute batzutan eta bestetan argazkilariarekin irribarre konplizea konpartitzen dute”. Gehienak pertsona anonimoak dira, nahiz eta aurreko bost erakusketetan bisitariek emaniko datuei esker, hainbat pertsona eta leku identifikatzea lortu den. Benetan korapilatzen den lana da identifikazioa 100 urteren ondoren, beraz, “oso emankor eta aberasgarri” gisa definitzen dute museoko arduradunek oraindik orain egin daitekeen argazkien inguruko datu bilketa.
Argazkiak paperean eta ikus-entzunekoan
Euskal Museoak 80ko hamarkadaren erdialdean eskuratu zituen Abaitua-Olano sendiarengandik 2.500 argazki. Berauen katalogazioa bukatu gabe dagoen arren – museoak jasotzen duen material kopuru handiagatik–, horietatik 1.700 kontsultagarri daude publikoarentzat. Ez originalak, oso material “apurkorra” eta “bizitza laburrekoa” baita fotografikoa, kopiak baizik. Erakusketan ikusgai daudenak ere kopiak dira. 50 zehazki, aurretiaz Eulalia Abaituarekin eginiko erakusketa bakoitzeko hamarna dira. Argazki gehiago ikusteko aukera dago, tartean “inoiz erakutsi gabeak”, 15 minutuko iraupena duen bideo-proiekzioan. Eta erakusketaren osagarri XX. mende hasieran irudi estereoskopikoak sortzeko erabiltzen ziren makinak jarri dira erakusgai. Kamera estereoskopiko bat, bisore bat eta Eulaliaren plaka estereoskopikoak eta berauek gordetzeko kutxak. “Orduan punta-puntako teknologia zen irudi estereoskopikoarena. Dirudunek etxean gozatzen zuten makina horiekin eta jende arruntagoak ferietan izaten zuen aukera”. 
Bi argazki oso antzekoak behar dira irudi estereoskopikoa lortzeko. Bisore batean sei zentimetroko distantziara jarriz –begitik begira dugun distantzia berdina–,  buruak bi dimentsioko irudiak dauden lekuan hiru dimentsio ikusten ditu. Argazkigintza teknika hau, beste batzuekin batera, Ingalaterran ikasi zuen Eulaliak. Denen artean, estereoskopikoa izan zen batik bat landu zuena. “Oso ondo gainera”, dio Maite Jimenezek. “1900. urterako teknikoki argazki oso onak ateratzen zituen, argiztapen elektrikoaz eta guzti”.
Aurreratua izan zen Eulalia argazkigintzan. 1907. urtean Lumier autokromoak merkaturatu ziren eta handik gutxira ekin zion Eulaliak koloretako argazkiak egiteari. “Dirua zuelako” izan zen hain azkarra argazkigintza-material modernoa erabiltzen. Bera baino emakume aberatsagoak baziren Bilbon, baina horiek beste zaletasun batzuk aukeratu zituzten. Eulaliak argazkigintzan jarduteko hautua egitea erabaki zuen. Lumier autokromo makinarekin eginiko “kalitate handiko koloretako argazkiak” dituela eta, horiekin laster beste erakusketa bat antolatzea espero du Maitek.
Lehiaketak martxan
Bi lehiaketa jarri ditu martxan Euskal Museoak Abaituaren lanaren ezagutza zabaltzeko “jendearen parte-hartzea sustatuz”. Lehenengoa literarioa da eta Eulaliaren argazkien artean gustukoena aukeratu eta 10 lerrotan zergatia kontatzean datza. Museoan bertan ematen duten paper bat bete behar da horretarako. Bigarren lehiaketan parte hartzeko Eulaliaren argazki bat aukeratu eta antzekoa den argazkia egin behar da, antzeko lekuan edo antzeko pertsonak agertzen direla. Adinaren araberako bi kategoria daude lehiaketetan eta sariak kategoria bakoitzerako. Eulalia Abaituaren pausoak jarraitu nahi dituenak www.euskal-museoa.org webgunean topatuko du informazio gehiago.

Berton aldizkaria | berton dugu


Urr
27
19:00

Mahatserria (Bilbo): Funeraria Bilbainako errausketa-labea probetan; auzolagunak kezkatuta eta haserre

Koka gaitezen. Gas Plazan, Etxebarria parkean bertan, udaletxearen ondo-ondoan, etxebizitzak 30 metro eskasera, jendetsua den auzoaren alboan… Zazpi urteren ostean, eta Bilboko Udalak Funeraria Bilbainaren aurkako epaiketa galdu ostean (Udala bera ez zelako aurkeztu), Eusko Jaurlaritzak funerariari krematorioa martxan ipini baino lehen beharrezkoak diren kutsadura-probak egiteko baimena eman zion. Epea, irailaren 29tik urriaren 9ra. Probaldia, baina, lehenago etenarazi zitzaion.

Izan ere, bost egunetan, beno, hobe esanda, bost gauetan hamaika gorpu erre omen zituzten. Pasa den irailaren amaieran izan zen, hatsa airean, oso azidoa, itolarria, sekulako azkura aho barruan eta begietan… horrelakoak somatu eta sufritu zituzten era zuzenean Zumalakarregi etorbideko lehendabiziko atarietako bizilagunek, baita atzekaldean dagoen Kristo kalean bizi diren hainbatek ere. Zer esanik ez, une horietan inguru horretan txakurra paseatzen zebilen auzotar batek; korrika batean etxealdera joan behar izan zuen, jakin izan dugunez. Datu hau garrantzitsua da oso, emandako baimenean errausketa egunez egin behar zela adierazten baitzen. Horrelako testigantzak jaso ditugu irailaren 29, 30, urriaren 1ean eta ezin jakin zeintzu beste egun gehiagotan, gauez eta nahiko berandu gertatu zirelako.
Gertakari hauen berri emanez, auzokideek Udalean eta Eusko Jaurlaritzan kexak aurkeztu dituzte. Auzo elkarteak, hainbat bizilagunen lekukotza jaso ostean (zuzenean zein gutun bidez), egin diren neurketen datuak ezagutzeko eskaera ofiziala egin dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Azken honek derrigorrez eman beharko lituzke datu horiek. Hain zuzen, Ingurumen Sailak krematorioaren tximinian sentsore batzuk ipini zituen datuak jasotzeko helburu horrekin.
Errausketa-labeari ezetz esateko sortu zen plataformako kide batek neurketen inguruan hainbat gai argitu dizkigu. Berak ere irailaren 29an jasan zituen krematorioko tximiniatik ateratako kearen ondorioak: begietan azkura, ahaztu ezin duen hatsa, aire arnasezin azidoa, ezpainak eta zama “erreta” moduan… eta hori dena hiru minututan airea arnasteagatik! Leihoak berehala itxi behar izan zituen, jasanezina zelako egoera. Ondorio batzuk egun eta erdira oraindik nabari zituen. Plataformako kideak era anekdotikoan adierazi digunez, “hauek dira epe motzean izaten diren ondorioak. Epe luzera, tximiniatik zelako substantziak aterako diren jakinda, okerragoa izan daiteke”.
Bitxikeria
Gertakari bitxia aipatu beharrean gaude. Hasieran usaina ez zen “txarregia”, intsentsuarena ematen zuen. Horrek auzokideengan susmo txarra sortu du. Gauez erraustea eta intsentsua erabiltzea, ekintza bera disimulatzeko estrategia izan daiteke, hau da, legediari iruzur egin izana ezkuta lezake enpresak (gauez errausteagatik, egunez egitera behartuta dagoenean, eta kutsadura kontrolatzeko beharrezkoak diren bitartekoak ipini gabe izateagatik). Susmo hori dute plataformako kideek.
Plataforma osatzen duen jendea anitza da, lanbide eta ikasketa maila ezberdinekoa (ingeniariak, medikuak, arkitektoak, biologoak…). Arlo ugari menperatzen duen jendea izanik, beraiek esandakoak nahikoa sendotasun du. Horrela, neurketen inguruan, beren zalantzak agertu ditu BERTONekin hitz egin duen plataformako kideak. Funerariak erabili dituen sentsoreak ez dira tenperatura ez besterik neurtzekoak, eta ez bestelako gai kutsakorrak neurtzekoak (dioxinak, furanoak, merkurioa, bestelako metal astunak…). Jasan dutena ikusirik eta, enpresak eta Udalak berak esana kontutan izanik, tximinian jartzekoak ziren  azken belaunaldiko filtroak jarri ez dituztenaren susmo handia dute. Filtro hauek araudiak ezartzen dituen gutxienekoak betetzeko dira.
Beste aldetik, aktibitate-lizentzia indarrean izateko, Eusko Jaurlaritzak lizentzia administratiboa eman behar dio Funerariari jardun ahal izateko. Zentzu honetan, auzolagunek ozen esan dute behin eta berriro Udalak izan duen jarrera ez dela egokia izan, utzikeriaz jokatu duela eta auzolagunen interesak ez dituela babestu. Argi dute, krematorioa martxan ipiniz gero, banan-banan Funeraria Bilbainaren aurka epaitegira joko dutela, bai bide zibiletik baita bide penaletik ere.
Inguru berdinean dagoen Servisa funerariak –udaletxe atzean– izan dezakeen interesaz galdetuta, zain daudela dio plataformako kideak. Baina Bilbainak lizentzia eskuratuko balu, ziur dago berehala eskatuko lukeela Servisak ere. Beraz, kezka gehiago auzolagunentzat.
Jarduera industrial gisa sailkatuta dago krematorioa, eta berez, ezingo luke dagoen lekuan jardun, 1974ko jarduera hauek arautzen dituen legearen arabera. Bertan aipatzen da horrelako jarduerek bizilekuetatik gutxienez 500 metroko distantzia gorde behar dutela. Zera da, Bilboko Udal Hirigintza Araudian ez da distantziarik zehazten, bere garaian PGOU-a ez zelako aldatu hileta udal zerbitzua pribatizatu zenean: egin behar izan zen bezala. Eta 2004an, Eusko Jaurlaritzak Hileta Osasun Araudia onartu zuenean ere, ez zuen distantziarik zehaztu. Plataformako kideek aurrekoa araudiko 500 metroak aintzat hartu beharko liratekeela uste dute. Horregatik plataformak PGOU-ren aldaketa eskatu du. Udal langileekin ere jarri da harremanetan, era pertsonalean galdetuta, eta langileek hau dena zoroen gauza dela uste dute.
Hala ere, 500 metroko distantzia biribil hori kontutan hartzeaz gain, haizearen norabideak eta indarrak ere eragin-erradioa handituko luke, jende asko bizi, ibili eta lanean ari den inguruan. Gu ere, zain.
gureetxea.auzoelkartea@gmail.com

Berton aldizkaria | berton dugu


Urr
01
17:24

Mahatserria (Bilbo): Hik lan eta nik jai

 

 

 

Auzoko jaietaz goza dezagun, gutxi batzuk lana gogotik egiten dute. Jai batzordeetako kideak dira horiek eta, Solokoetxen eta Uribarri-Matikon, iraila dute hilabete erabakiorra. Bat gaztea eta bestea beteranoa den arren, asmo berberak elkartzen ditu bi batzordeak: jai herrikoien defentsak. Beraien lanak, kostata, baina eman du fruiturik; auzotarren parte-hartzea lortu dute.

 

 

Irailaren 12an bukatu ziren Solokoetxeko jaiak. 20 urteko lehortearen ondoren, iaz berreskuratu zituen auzotar talde batek, eta bigarren urte honetan, jaien inguruko “zalantza guztiak desagertu” direla diote. Oso pozik daude emaitzarekin. Hasierako kalejira “mundiala” izan zen, Iturribide eta Zabalbide kaleek bat egiten duten ertzetik hasita. Fanfarriak eta Solokotxon maskotak jende asko erakarri zuen. “Begiratzen bakarrik ez, parte hartzen ere animatu zen jende piloa”, Aitor Argote jai batzordekidearen esanetan. Parte-hartzaile kopurua handitzeaz gain, lanean ibili direnen kopurua ere hazi egin da. “Iaz oso gutxi ziren jai batzordean, aurten, berriz, hamar kide inguru izan gara”.
Jai batzode indartuak sorpresa ederra hartu zuen jaiak hasi baino aste bete lehenago. “Atarietan kartelak jarriz, bilera batera dei egin genien auzotarrei, eta 20 pertsonatik gora agertu ziren. Oso harrera ona izan genuen”. Laguntzaile guzti horiek puzgarrietan, umeen zainketan, bazkariko mahaien muntaketan eta txosnan ibili dira lanean.
Karpa izan da ezbairik gabe aurtengo berrikuntza handiena Solokoetxen. Eszenatokia estali du eta “beste presentzia bat ematen dio” plazari. Karpape hortantxe elkatu dira auzoko hainbat talde urte osoan egiten duten lana erakustera. Besteak beste, Danstyloko dantzariak, Artagan elkarteko maketa egileak, Mugarik gabe elkartekideak, San Antongo orfeoia eta huts egin ezin duen Las Fellini taldea. Karpa, baina, garestia da eta jai batzordeak “kristoren lana” egin du finantziazio nahikoa lortzeko. “Udalak ematen duen diru-laguntzarekin ez dago zer eginik”, dio ozen Aitorrek. Beraz, dirua auzoan bertan bildu beharra dago tabernari, dendari eta auzotarren artean. “Beraiek dira jaiak sostengatzen dituztenak”. Aurten, etxez-etxe aritu dira diru-laguntza eskatuz eta jaietako zapia emanez trukean. Lan gogorra da eskean ibiltzea, baina merezi izan du: “Auzotarrek besoak zabalik hartu gaituzte, iazko jaietan oso ondo pasa zutela esan digute eskean ibili garenean”. Jaien pertzepzio baikorra oso zabaldua da auzoan eta horregatik uste du Aitorrek bigarren urte honetan aurrerapauso handia eman dutela, “oraindik zer hobetua badugun arren”.
Aurrera begira, Solokoetxeko jai batzordeak badaki zelako jaiak izan nahi dituen, “parte-hartzaileak eta euskaldunak”, eta lanean jarraituko du bidea zabalduz. “Beti ere apaltasuna eta xalotasuna galdu gabe. Ez dugu jai handiagorik egin nahi. Hobeak, bai, baina ez handiagoak, auzoko jendearen parte-hartzea ezinbestekotazat jotzen baitugu eta geihegi handituz gero, hori galtzeko arriskua dugu”.
Hurrengo urterako hasi da jada lanean jai batzordea. Norbaitek bertan parte hartu nahi badu, iradokizunak egin edota “zergatik ez, aurtengo jaien diru kontuak ikusi”, solokotxon@gmail.com helbidera mezu bat idaztea dauka.
Urtikoren aurkezpena
Uribarri eta Matikoko jaiek maskota berria dute, Urtiko. Bere lehen urtea izanik, berari egokitu zaio aurten pregoia irakurtzea eta kartelean protagonista izatea. Goitibehera itxura du Urtikok eta auzoaren orografia malkartsuari egiten dio gorazarre. Izena, berriz, Uribarri auzoaren lehen hizkiekin eta Matikoren azken hizkiekin osatu dute.
Bi auzo horietako jai batzordeek orain hamar urte egin zuten bat Aldapangora sortuz, eta harrezkero elkarlanean ari dira. Aldapangoraren lehentasuna, “jaien pribatizazioaren aurka eta jai herrikoien alde egitea” da. Mezuak izan du erantzunik bigarren barrutian ere, jai batzordean urtean zehar lanean diharduen pertsona kopurua handitu egin baita. Laguntzaile kopuruak ere gora egin du: “Bilera irekia egin genuen eta lantxoak egiteko prest dagoen auzokide pila agertu zen”, oroitzen da Aitziber. Eta antolatzaileez eta laguntzaileez gain, auzotarren parte-hartzea da batik-bat hazi dena: “Orain hiru urte 100 aulki eskatzen genitun bazkari herrikoirako. Iaz 300 aulki gutxi izan ziren eta aurten 400 eskatu ditugu”. Hortxe froga argiena.
Ez da erraza geroz eta jende gehiagorengana iristea diru-laguntza geroz eta gutxiagorekin. Jaietarako udalak ematen duen laguntza “oso, oso txikia” dela esan digu udal ordezkariekin batzartzen den Borjak. Beraz, auzotarrei ohi baino gehiago eskatzea besterik ez da geratzen. “Horregatik diogu jai herrikoiak direla hauek, auzoko elkarteek, tabernariek eta dendariek ordaintzen dituztelako, txosnetatik eta zozketatik ateratako diruarekin batera”. Barretz, iazko diru kontuak aurtengo jaietako eskuko programan argitaratu dituzte.
Berrikuntza gehiago
Ez da Urtikorena berrikuntza bakarra. Lehen aldiz auzoko 21 taberna pintxo txapelketan lehiatuko dira eta epaimahai profesional eta herrikoiaren esku dago onena aukeratzea. Balkoi eta eskaparate politenek ere izango dute saria, Balkoi eta Eskaparate Loratuen Egunean, irailaren 29an. Bizitegi elkartearen proposamena izan da lehiaketa hau antolatzea eta “auzoa lorez beteta, inoiz baino politago ikusteko aukera da”, Haizearen iritziz.
Azken bost urteetako Rock Maratoiak aurten aldaketa handia izango du, bere ordez Hip-hop plazaratu, kalea zureganatu ekimena antolatu baitu Gazte Asanbladak. Antolatzaile aritu den Ikerren esanetan, “mikrofonoa zabalik edukiko dute auzoko gazteek”. Giroa berotzeko Errekaldeko Fenomenos de la naturaleza taldea eta 7Kantu bertso-eskolako bertsolariak bertaratuko dira.
Matiko eta Uribarriko jaietako egitaraua zehatz-mehatz kontsultatzeko aukera www.aldapangora.org helbidean dago.

 

Berton aldizkaria | berton dugu