Guaixe

http://www.guaixe.net/

Helbidea: <p>Foruen plaza 23 - 1. 31800 ALTSASU</p>

Telefonoa: 948564275

Faxa: 0

Zabalkundea

Zabalkunde eremua:

Ziordia, Olaztzagutia, Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Lizarraga, Dorrao, Unanu, Arbizu, Lakuntza, Arruazu, Uharte Arakil, Irañeta, Ihabar, Hiriberri, Satrustegi, Zuhatzu, Ekai, Etxarren, Egiarreta, Etxeberri, Urritzola, Irurtzun. (Sakana, Nafarroa)

Zabalkunde mota:

  • Doako harpidetza

Botaldia: 4.500

Maiztasuna: Astero

Aldizkariaren ezaugarriak

1994. urtean sortu zen elkartea. 90. hamarkadan, bizi-bizian zegoen herri komunikabideen gaia eta Euskal Herriko eskualde zein herri askotan sortzen ari ziren herri aldizkariak. Sakanan bitartean, noizean behin kaleratzen ziren euskarazko aldizkari pare bat-edo zeuden. Sakanako euskaldunek bertako informazioa euskaraz jasotzerik ez zutela ikusita, herri aldizkari bat sortzeko proiektua lantzen hasi ziren kazetaritza ikasten ari ziren hiru sakandar. Egitasmoari izaera juridikoa emango zion kultur elkarte baten beharra ikusi zuten, komunikabidearen babeslea izango zena. Horrela jarri zen BIERRIK elkartea martxan. GUAIXE 2004tik aintzina astekari bilakatu zen egunkari formatuarekin.

Informazio gehiago
Ots
06
18:38

Sakana: Elizondon baztandarrak nagusitu ziren

KULTURA > BERTSOLARITZA >

Bardoek elurrari, izotzari eta hotzari aurre egin behar izan diote asteburuan. Baina zaleen berotasunak termometroak baino indar gehiago izan du. 250 bat entzulek jarraitu dituzte asteburuko lau saioak.

Hautsi eta barratu taldeko Oier Lakuntza eta Haizea Beruete sakandarrek Elizondorako bidea hartu zuten larunbatean. Arkaitz Goikoetxea bertsolariarekin batera, indarrak neurtu zituzten Baztango Lepanatatuek taldearekin. Azken horretan azken orduko aldaketa egin behar izan zuten: Jon Baberenak ezin izan zuen aritu, eta haren lekua hartu zuen Julen Zelaietak. Beratarra, Oier Amiano eta Xabier Maia mozorro eta guzti igo ziren eszenatokira. Baztandarrek ikusleak eta epaileak konkistatu zituzten, eta haiendako izan zen puntua.

Oier Lakuntzaren eta Haizea Berueteren taldeak bigarren aukera izanen du heldu den asteburuan. Hilaren 18an, Uitzin, Betze maldikoak taldeko Ainhoa Aranburu, Aimar Karrika eta Oskar Sanz de Acedorekin neurtuko dituzte indarrak.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
06
18:36

Sakana: Santa Ageda koruak hotzaren beldurrik gabe

KULTURA > MUSIKA >
Euria eta elurra. Horiek izan ziren Santa Ageda bezperako protagonista nagusiak. Hori ikusita, zenbait sakandarrek bertan behera utzi zuten aurreikusita zuten kantaldia, batez ere ikastetxeek eta musika eskolek antolatutakoak. Baina izan ziren urteroko hitzorduari eutsi ziotenak ere. Besteak beste, Irurtzunen, Lakuntzan, Etxarrin eta Altsasun, kalera atera ziren Santa Ageda koruak. Hori bai, arropaz ongi babestu behar izan zuten: baserritarren arropa botinekin, berokiarekin, aterkiarekin, eskularru eta lepokoekin babestu zuten. Askok eta asko, abestu ondoren, merendua edo afaria izan zuten, hotza ateratzeko.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
06
13:12

Sakana: Triman 2 / Umacon Zaragoza 1

KIROLA > ARETO FUTBOLA >

Ostiralean elurra mara-mara ari bazuen ere, Zelandi kiroldegia jendez bete zen Luisitoren aldeko areto futbol partida ikusteko.

Aurrez aurrekoa oso berdindua egon zen hasieratik bukaeraraino eta taldeendako denboraldiko erritmoa ez galtzeko aukera bikaina izan zen. Trimanek lortu zuen garaipena Umacon Zaragozaren kontra.

Lehen zatian irurtzundarrak izan ziren nagusi, baina Zaragoza ez gutxiago izan eta aukera bikainak izan zituen gola sartzeko. Carlitos eta Carlosen golei esker bi taldeak berdinduta iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian ikusleek asko gozatu zuten, batez ere atezainek egindako erakustaldiei esker. Asierrek eta Arturok baloi asko gelditu zituzten. Ximbinha izan zen zaragozarren atea zulatzea lortu zuen bakarra, Trimani garaipena emanez.

Partida ondoren bai Trimanen baita Zaragozaren kamisetak eta bufandak zozketatu ziren ikusleen artean. Sarrerekin eta saldutako boletoekin lortutako diru guztia Luisito gazte olaztiarrarendako izan zen.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
06
13:11

Sakana: Andrew Fenn Palma lasterketako irabazle

KIROLA > TXIRRINDULARITZA >

Atzo hasi zen XXI Iberostar Mallorkako Challengea, urtero Mallorkako hiriburuan zehar ospatzen den Palmako trofeoarekin. Andrew Fenn izan zen irabazlea, sprintean Andre Schulzeren eta Alesander Porseven aurretik iritsi ondoren.

Aurtengo trofeoa ohi baino mugituagoa izan da, 17 iheslariek emandako jokoari esker.
Giroa ezin hobea izan zen. Eguraldia tarte bat eman zien txirrindulariei lasterketan zehar. Eguzkia ia goiz osoan zehar agerian egon zen eta horrek ikusleak gerturatzea ekarri zuen. Euskal txirrindularien artean, Pablo Urtasun, Jorge Azanza eta Gorka Verdugo daude aurtengo lasterketan. Horrela, Urtasun 34. iritsi zen helmugara, Urtasun 84. eta Verdugo 106.

Gaurkoan Migjorn trofeoa ospatuko da. Llucmajorretik aterata Ses Salines, Santanyi, Felanitx, Montuïritik pasako dira txirrindulariak 171,7 kilometrotakoa ibilbidea Camposen bukatzeko.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
06
12:20

Sakana: Euskarazko hedabideen aldeko azoka gaur ere zabalik

SAKANERRIA > ALTSASU >

Iñigo Aritza eta Txioka haur ikastolek antolatu dute elkartasun azoka. Bigarren eskuko objektu ugari bildu dituzte eta asteburua prezio merkeetan salgai jarri dituzten. Horretarako, Altsasuko Foru plazan zabaldu duten dendatxoan gaur ere mauka ederrak prezio merkeetan eskuratzeko aukera dago. Asteburuan zabalik egon da ere. Arropak, idunekoak, poltsak, jostailuak, liburua, cd-ak, DVDak, arropa, etxeko tresnak, dekoraziokoak eta beste daude eskuragai.

Andra Mari ikastolak ere larunbatean elkartasun azoka antolatu zuen. Estalopean izan behar zuen baina eguraldiak bertan behera uztea ekarri zuen. Andra Mari ikastolako kideek aurrerago eginen dutela jakinarazi digute. Data zehaztea falta da.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
06
12:20

Sakana: Partida guztiak bertan behera

KIROLA > FUTBOLA >
Horrela gelditu dira asteburu honetan Sakanako taldeek jokatu behar zituzten futbol partidak. Atzo Lagun Arteak Amayaren kontra jokatu beharra zeukan, baina elurrak galarazi egin zuen norgehiagoka. Etxarrik ere atzokoan zeukan Beti Onaken kontra jokatzeko hitzordua, baina Etxarriko futbol zelaia ez zegoen jokatzeko moduan eta partida bertan behera gelditu zen. Altsasuk berriz larunbatean jokatu beharra zeukan Aurreraren kontra. Beste asko ez bezala, altsasuarren partida atzeratua izan zen.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
03
18:17

Sakana: Heldu da eguna

SAKANERRIA > SAKANA >

Olazti
13 kinto daude aurten Olaztin 7 mutil eta 6 neska. Javier Vega, Marta Arguelles, Leire Zabalo, Maria Imaz, Nerea Gastaminza, Iker Armendariz, Iker Martinez, David Markez, Ander Gurmindo, Mikel Pinto, Cristina Palazios eta Estitxu Orabengoa.

Asteburu honetan hasiko dira kintoak ospatzen. Asteazkenean afaria egin zuten kinto guztiek, motorrak berotzeko. Atzo goizetik hasita diru eskean aritu ziren. Gainera herriko mediku, alkate, herriko txikienari eta handienari ogia banatu zioten. Gaur, ikastola eta eskolara joango dira eta arratsaldean ludotekako haurrekin kantuan buelta emango diote herriari. Bihar ere herria girotzen ibiliko dira egun guztian zehar, taberna eta herriko elkarteetan prestatutako gosariarekin hasi, bazkariarekin jarraitu eta gauera arte. Bihar gainera, herriko kintada guztiek bazkaria izaten dute, beraz jai giroa ez da faltako Olazti aldean. Bukatzeko, igandean, Santa Ageda egunean ere txarangaren laguntzarekin kintoak herritik bueltaka ibiliko dira.


Urdiain
6  kinto eta 6 kinto-zahar dira, kinto-gazteak ere gerturatzen dira festara eta denak batera 14 gazte dira egun hauetan zehar jai giroan ariko direnak. Kinto-gazteak Julen Goikoetxea eta Lucas Fernandez dira, kintoak Iñaki Berastegi, Zuriñe Lopez de Muniain, Edurne Goikoetxea, Ainhoa Caña, Igor Larunbe, Mati Ostiza eta Nekane Irigoien eta kinto-zaharrak Mikel Pardo, Alex Lopez de Goikoetxea, Tasio Leñena, Imanol Etxarri, Ane Galarza eta Julen Goikoetxea.

Urdiaindar gazteak 2 aste lehenago elkartzen hasten dira, dantza entseatu eta gauzak prestatzeko. Gaur bazkaldu eta herritik buelta ematen dute. Bitartean boletoak salduko dituzte. Enpresetara ere joaten dira aurretik bidalitako gutunak biltzeko. Afaria pilotaleku atzean dute lokal batean egingo dute. Larunbatean mahai inguruan bilduko dira ondoren herriko baserrietatik buelta egin eta jota eta porrusalda dantzatzeko. Beste urteetan ez bezala, aurten ez dute traktorea aterako, aurreko urtean arazoak izan zituzten eta. Gauean herrira itzuli eta Kaluxan egingo dute afaria, ondoren Altsasura joateko parranda egitera. Hala ere, igandean goizean goiz mugitu beharko dira, 11:00etan Mareon gosaria baitute. Jendea mezatik atera ondoren, kintoek Urdiaingo zortzikoa dantzatuko dute herriko plazan, guztira 5 zortziko dantzatuko dira.


Bakaiku
Aurten 6 kinto daude Bakaikun. Gaur, ostiralarekin, Bakaikuko elkartean bilduko dira afaltzera eta ondoren parranda gogoak ez dira faltako.

Bihar, larunbatarekin, goiz eta eguerdi partean kintoak Bakaikun eskean ariko dira, trikitilari eta panderoaren laguntzarekin giro ederrean. Santa Agedako kanta bat kantatzen dute, baina Bakaikukoa propio dena. “Santa Ageda, Santa Ageda, Santa Ageda andria, giltza handiak hartuta zerurako bidia” dio kantak. Etxez etxe atea zabaltzen dietenei ardo zahatoa eskaintzen diete kintoetk eta aipatu kanta kantatu, trukean borondatea eskatuz. Dirua edo pastak, arraultzak… bakoitzak nahi duena ematen du. Herrian barna ibili eta gero indarrak berreskuratzeko bazkaltzera joango dira. Bueltan Altsasun geratuko dira parrandarekin jarraitzeko. Igandea egun lasaia izaten dute eta gosari edo meriendarekin bukatuko dute bakaikuarrek aurtengo ospakizuna.

Altsasu
Santa Ageda ospakizun handia izan ohi da altsasuar guztiendako eta zer esanik ez aurtengo kintoendako. 64 neska-mutiko dira aurten kintoak. Horrela, bihar, Santa Ageda bezperan, bazkaldu eta gero kintak kalera aterako dira kantuan, baserritarrez jantzita, eta diru eskean arituko dira Santa Agedako koplak kantatuz. Arratsaldean meza izango da eta ondoren kintak mahai inguruan elkartuko dira.

Igandean, Santa Ageda egunean, mutilen txanda izango da. Goizean kintoak eskean aterako dira eta nesken etxeetatik joango dira opilak jasotzen. Opilak makila handi batean jasoko dituzte, eta neska bakoitzaren etxean jota eta porrusalda dantzatuko dute. Ondoren guztiak batera bazkari ederraz gozatuko dute. 19:30ean errege-erreginak eta beste 2 kintok Altsasuko zortzikoa dantzatuko dute. Santa Ageda egunean ospakizunen 25. eta 50. urteurrena eta 60. urte betetzen dituztenek ere urteko kintoekin bat egin eta festa handia ospatzen dute, eta dantzaldian ere aritzera animatuko dira.

Astelehen eta asteartean etxez etxe eskean ariko dira kintoak. Asteazken eta ostegunean atseden egunak izango dira, indarrak hartu eta jaien azken egunak gogotsu bukatzeko. Ostiralean, kintoek omenaldi berezia egingo diote pasa den urtean istripuz hildako Garazi Garasa kintari.

Larunbata berezia da altsasuar guztiendako. Kintada guztiak egun horretan elkartzen dira bazkaltzera. Egun horretan ere, kinto guztiek dantzatuko dute zortzikoa Altsasuko plazan.

Aurtengo kintoak
64 kintoak

Nerea Ruiz Imaz (erregina), Aitziber Leoz Etxarri (erregina-ordea), Oihana Paniagua, Tamara Arizaga, Edurne Gonzalez, Aitziber Miguel, Nerea Zabalo, Irune Unamuno, Ainire Garinoain, Saioa Marroyo, Maider Davila, Nahikari Gonzalez, Beltzane Gomez, Josune Ruiz, Amaia Viana, Amelia Moreno, Ekhiñe Olmos, Aitziber Fernandez, Irati Oiarbide, Nagore Claver, Nerea Gomez, Nerea Parra, Sandra Villaseca, Erkuden Palacios, Natalia Saiz, Rakel Paniagua, Goizargi Bengoetxea, Ane Amillano, Nagore Diaz, Izaskun Cidoncha, Maite Gorrotxategi, Maite Perez, Miren Mendaza, Claudia Reigada, Ainara Urkijo, Marta Gabirondo eta Erkuden Izagirre.

Eukeni Goikoetxea Larraza (erregea), Jorge Herrero Diaz (errege-ordea), Mikel Murgialdai, Gaizka Mendoza, Jon Andoni Galarza, Mikel Ribero, Ivan Mendia, Asier Lopez de Sabando, Jon Urkijo, Iñaki Grajeras, Asier Palomino, Jon Otaegi, Telmo Zulaika, Josu Palomo, Andoni Beramendi, Jose Javier Alegre, Ismael Santamarta, Unai Otermin, Jokin Unamuno, Dario Moreno, Aritz Agirrebengoa, Asier Izagirre, Eñaut Agirrebengoa, Javier Fernandez, Adur Ramirez de Alda, Aritz Urdangarin eta Asier Ansa.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
03
18:04

Sakana: Etxe merkeak

KULTURA > BAZTERRETIK >

Gaur egun etxebizitza lortzeko dagoen arazoa orain dela ehun urte ere bazegoen. Ez zen prezioen igoeragatik, etxe faltagatik baizik.


Etxeen gabezia arintzea helburu zuen 1911ko Etxebizitza Merkeen legeak eragin handia izan zuen Euskal Herrian, batez ere Bizkaian. Legea baliatuz, asko izan ziren gurean eraiki ziren mota horretako etxeak. Modu bitara egin zituzten: blokeak eta familiabakarreko etxebizitzak. Azken horiek ugariagoak izan ziren gurean. Gerra ostean, jakinda baliabide ekonomikorik, materialik eta eskulan espezializaturik ez zegoela, eraiki, berreraiki eta behar sozialei erantzuna eman behar zitzaien.

Horregatik, patronatua sortu zen. Proiektua eta eraikitzeko beharrezkoak ziren materialak (adreilua, zementua, egurra) berak eman eta, udalek lurzorua utziz, herritarrek eraiki zituzten etxeak.

Domingo Ariz Armendariz arkitektoak egin zuen Etxarri Aranazko etxe-multzoaren diseinua. Auzo berri bat sortu zen herri-zentrotik kanpo, 1951. urtean hasi eta 54an bukatuz. Denera hogeita hamar etxe adosatu eraiki ziren: ilara bat Bureina kalean eta bestea Zugarreta etorbidean. Azken horretan, eginda zegoen errepidea aprobetxatu zen.

Pisua beharrei erantzuteko pentsaturik zegoen; murriztua, funtzionala (argi naturala, aireztapena, instalazioak, familia kopurua) eta arrazionala izaten zen, kostuari asko begiratu behar zitzaion eta. Etxe barruko banaketan ez zen mugimendu estilistikorik jarraitzen;fatxadan, aldiz, bai.

Beheko solairua simetrikoki banaturik zegoen. Alde batetik, komuna, sukaldea (garai horretan aurrera pauso handia izan zen higiene aldetik) eta egongela eta, bestetik, hiru gela.

Fatxada frontalean euskal arkitekturan inspiraturiko estiloa ikusi daiteke, baserriaren irudia, alegia, bi isuriko estalkia eta goiko partean egurrezko oholak imitatuz. Simetrikoa da eta, itxuraz, baxua..

Etxe bakoitzak lursail zati bat du eta hasieran familiaren kontsumorako produktuak ematen zituen baratzea izaten zen. Bestalde, Zugarreta kalean daudenek aurreko aldean lorategia daukate; errepide eta etxearen artean sakabanatze bat egon zedin egin zen.

Neurri batean, garai hartako gizartearen barneko erosotasun, oparotasun eta adostasun irudia eman nahi zen Euskal Herriko etxe merkeen bitartez.

Erta Elizondo Arruabarrena

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
03
18:01

Sakana: Sakandarrak Ibaialde ikastolaren urtebetetzean

SAKANERRIA > SAKANA >

Lodosa eta Sartagudako Ibaialde ikastolak 25 urte bete ditu eta, ospatzeko, igandean festa ospatuko du Sartagudan. Egitarauan ibarreko kirolariek, musikariek eta boluntarioek parte hartuko dute. Horretaz gain, hainbat sakandarrek igandean Sartagudako bidea hartuko dutela espero da. 11:00etan abiatuko da denetariko eta adin guztietarako ekintzak hartzen dituen egitaraua.

Ospakizunak, hala ere, ikastolaren egoera ekonomiko “oso-oso larria” arintzeko balioko du; aurrera jarraitzeko. Izan ere, Ibaialde eremu ez euskaldunean dauden bost ikastoletako bat da. Nafarroako Gobernuak ez ditu aitortzen eta kontzerturik edo inolako laguntzarik ez dute jasotzen. Eusko Jaurlaritzatik edo Madrildik inoiz jaso duten diru-laguntza desagertu egin da eta 78 ikasle hartzen dituen Ibaialde ikastolaren jarraipena zalantzan jarri dute.

Sakanako ikastoletan, berriz,1.164,76 euro bildu dira Ibaialde ikastolaren alde. Gainontzeko ikastoletan bezala, Andra Mari, Iñigo Aritza eta Txioka ikastoletako ikasleek marrazki bana egin eta ikastetxe bakoitzak euro bat eman du matrikulatuta dagoen ikasle bakoitzeko, eta milatik gora euro bildu dute. Horretaz gain, ibarreko hiru ikastoletatik sakandarrek igandeko Sartagudako ospakizunean parte hartzeko gonbitea luzatu dute.

Elkartasun kontua

3035 0153 46 1531026051

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
03
17:59

Sakana: Ostiraletan, pintxo-pote

SAKANERRIA > ETXARRI ARANATZ >
Eguberritako festak pasa ondoren, Etxarri Aranazko plazan dauden lau tabernek pintxo-pote eskaintza egin diete bezeroei. Xapatero, Derry, Larraza eta Leku Ona tabernek 19:00etatik 22:00etara, mokadu bat zerbitzatzen diete bezeroei edariarekin batera. Bestalde, pintxo-pote eskaintza ostegunetan egiten du Iturri Ederrek, 2 eurotan.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
03
17:57

Sakana: Bihar euskarazko hedabideen aldeko elkartasun azokak

SAKANERRIA > SAKANA >

Andra Mari, Iñigo Aritza eta Txioka ikastolek objektuak biltzen daramatzate azken asteak. Erabilgarri diren eta etxean erabilerarik ez duten objektuak dira bildu dituztenak. Irene Lopez de Goikoetxeak Beleixe Irratian (FM 107,3) esan duenez,  jostailuak, liburua, cd-ak, DVDak, arropa, etxeko tresnak, dekoraziokoak eta beste jaso dituzte. Guztiak ere bihar “prezio oso eskuragarrian” salgai jarriko dituzte Etxarri Aranatzen eta Altsasun eginen diren bigarren eskuko objektuen elkartasun azokan. Ekimen horrekin Sakanako ikastolek Guaixe astekaria eta Beleixe irratiaren alde dirua atera nahi dute, “diru-laguntzen murrizketaren ondorioz egoera larrian baitaude”.

Azokak
Etxarri Aranatzen, estalopean, 11:30etik 15:00etara.
Altsasun, Foru plazan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
03
17:53

Sakana: Zorion etxe hontako denoi!

KULTURA > MUSIKA >

Bihar Santa Ageda bezpera dugu, “etxe guztiak kantuz pozteko” eguna. Ohitura jarraituz, zenbait sakandarrek kalez kale zabalduko dituzte Santa Agedaren omenezko kopla zaharrak. Ikastetxeetako haurrek emanen diote hasiera ospakizunei, gaur bertan. Haien atzetik etorriko dira udal musika eskolatako ikasleek, abesbatzek eta Santa Ageda bezperako tradizioa gogoko duten herritarrek. Makilak eskuan hartu, eta kalez kale zabalduko dituzte Santa Agedaren omenezko koplak. Bildutako puskekin asko eta asko merendatzera, txokolatea hartzera edo afaltzera bilduko dira.

Irurtzundarrek bihar, 18:30ean jarri dute hitzordua herriko kultur etxean. Aizpea euskara taldeak egindako deiarekin bat eginez, haur, gazte eta helduek kalez kale zabalduko dituzte martiriaren omenezko bertsoak. Bukaeran, denendako otamena izanen da Iratxo elkartean.

Irintarrak, urtero bezala, kalera aterako dira bihar, Santa Ageda bezperan. 20:00etan aterako dira elkartetik. Etxez etxe Santa Agedaren omenezko koplak abestu ondoren, afaria eginen dute elkartean.

Lakuntzako haurrak eta gurasoak, baserritarrez jantzi eta plazara aterako dira bihar, 16:30ean. Musika eskolako akordeoi-jole eta txistularien laguntza ere izanen dute. Elkarrekin, ordu eta erdi inguruko itzulia emanen dute herrian barna, makilek markatutako erritmora kantuan. Bukaeran, otordu ederra eginen dute bildutako puskekin. Abesbatzak, berriz, arratsaldeko 19:00etan du hitzordua, plazan. Makilak eta kriseiluak eskuan dituztela, bertso ederrak zabalduko dituzte herriko karriketan. Bukaeran, gustura afalduko dute elkartean, hurrengo egunean goiz esnatzeko beldurrik gabe.

Arbizuarrak bihar, 18:00etan, bilduko dira plazan, herritarrak kantuekin pozteko prest. Makila izanen dute lagun bakarra, eztarriz sano dabiltza eta. Santa Agedaren omenezko koplak abestuko dituzte karrizkaz karrika. Bueltan, eguraldiak laguntzen badu, aate txikia izanen da plazan parte hartzaile guztiendako.  

Etxarri Aranatzen Santa Agedak koruek asteburu osoa bustiko dute. Andra Mari ikastolako eta San Donato ikastetxeko ikasleek emanen diete hasiera ospakizunei. Gaur 11:30ean aterako dira kalera, baserritarrez jantzita eta makila eskutan dutela. Bihar, berriz, udal musika eskolako ikasleen txanda izanen da. 18:00etan aterako dira musika eskola berritik, parke ingurutik. Fanfarrea lagun, Santa Ageda koplak abestuko dituzte. Txokolate beroa zain izanen dute plazan, hotza ateratzeko. Bukatzeko, Etxarriko abesbatza kalera aterako da 20:00etan. Eskusoinuaren eta makilen laguntzarekin kalez-kalez abestuko diote martiriari. Mahaiaren inguruan agurtuko dute eguna.

Bakaikuko abeslari txikiak goiztiar ibiliko dira. Bihar, 10:30ean jarri dute hitzordua herriko plazan. Makilak eskuan dituztela, gogoz abestuko dute urtero-urtero berritzen dute kantua, Santa Ageda andria, giltza handian jabia. Akordeoi-joleen laguntzarekin etxez etxe abestuko dute. Eskean jasotzen dutenarekin bazkari ederra eginen dute ihoteetan. Kinto eta kinto zarrendako ere egun handia izanen da biharkoa. Jai giroan murgildu aurretik, etxez etxe abesten eta eskean ibiliko dira.

Iturmendiko eskolako haurrek abestera aterako dira gaur arratsaldean. Hotzari aurre egiteko ausardiak saria izanen du, eta bukaeran merendutxoa izanen dute. Bihar, Santa Ageda bezperan, ere kalera aterako dira iturmendiarrak. Iluntzeko puntuan hasiko dute kalejira. Santa Ageda koplak kalez kale abestu ondoren, auzatea eginen dute Aritzaga elkartean.
 
Altsasuarrendako egun handia da Santa Ageda. Horregatik, asko dira bihar haren omenez abestera aterako direnak. Musika eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak izanen dira lehenak. Bihar, 17:30ean aterako dira musika eskolatik. Fanfarrea lagun, Santa Ageda koplak zabalduko dituzte kalez kale. Ordu bete inguruko kalejira alaia eginen dute. 

18:30ean, kalera aterako da jubilatuen elkarteko korua. Aita Barandiaran egoitzan dute hitzordua. Kantuan Iortia plazaraino joanen dira kalejiran. Bertan bat eginen dute Zubiondo elkarteko abeslariekin. Bi elkarteak joan zen urtean batu zituzten lehen aldiz haien ahotsak, eta gustura geratu ziren. “Santa Ageda bezpera egun handia da Euskal Herrian, eta festa herrikoia egin nahi genuke” esan digu jubilatuen koruko zuzendariak. Haiekin abestera animatu dituzte altsasuar guztiak. Astean barna zenbat entsegu izan dituzte bi elkarteetan. Santa Ageda bezperako kopla ezagunez gain, Altsasuko bertso zaharrak ere prestatu dituzte. 

Olaztiko udal musika eskolak eta ludotekak Santa Ageda koplak abestera gonbidatu ditu herritarrak. Gaur, 17:45ean aterako dira ludotekatik. Baserritarrez janzteko deia egin dute. Kalez kale abestu ondoren, txokolate beroa izanen dute Kamiogaina jubilatuen elkartean.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
03
17:52

Sakana: Santa Agedetarako berotzen

KULTURA > MUSIKA >

Eszenatokira igoko dira El Trono de Judas eta Alerta Gorria

Olaztiko Gazte Asanbladak Santa Agedetarako motorrak berotu nahi izan ditu. Helburu horrekin kontzertu bikoitza antolatu dute gaur gauerako, gaztetxera gonbidatu baitituzte El Trono de Judas eta Alerta Gorria taldeak. Punk-rock eta punk-oi! melodiekin eginen diete harrera neguko festa txikiei.

Arbizuko uholdea
Arbizuko Alerta Gorria taldeak 2009an hasi zuen ibilbidea. Asier, Ander, Jon, Joan eta Joanesek gustuko taldeen bertsioak egiten hasi zuten bidea. Baina, denborak aurrera egin ahala, gero eta abesti gehiago dituzte. Punk-oi! estiloa gustatzen zaie, “musika gogorra”, esan digu Asierrek. Gitarra melodikoak eta ahots gogorrak ederki nahasi dituzte. 6 abestiko bildumatxoa eginda, buruan dute maketa bat grabatzea. 

Arbizuko gazteak haien lana erakusteko gogoz eta indarrez gainezka daude. Urtean barna eskaintzen duten kontzertu piloa ikusi besterik ez dago. Zuzeneko horietan guztietan agerian utzi dute zale asko dituztela. Alerta Gorriaren jarraitzaile uholdea Olaztin izanen da gaur.

Judas gurtzera
El Trono de Judas taldeak azken diskoa aurkeztuko du Olaztiko gaztetxean. Iruñeko taldeak 1996an hasi zuen ibilbidea. Hamabost urteko historia luze eta emankorrak bost disko utzi ditu: Los que reparten la paz (1998), Tenemos que ser optimistas (2001), El sonido de la metralla (2003), Gure kabuz ala hil (2007), Zuzen AHTren aurka (2009) eta Espejos por ventanas (2011). Azken lan hori aurkeztuko dute gaur gauean.

Iruindarrendako, musika aldaketa sozialerako tresna da. Hortaz, mezu sozial eta politikoak zabaltzen dituzte punk-rock erritmoan. 2011n argitaratutako diskoan ere lekua egin diete askatasunaren aldeko eta zapalkuntzaren aurkako mezuei. Taldeak Sakanan horrenbeste jarraitzaile izan dituen punk-rockari eutsi dio, indarrez beteriko bateria, gitarra eta ahotsarekin.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
03
17:50

Sakana: Leihotikan eta Gaur Ez Etxarrin

KULTURA > MUSIKA >

Etxarriko Gazte Asanbladak gogotsu hasi du urtea. Etxarriko gaztetxean mugimendu berezia ari da azken aldian. Joan zen astean bertsolariak baziren, asteburu honetan bi musika talde igoko dira eszenatokira: Leihotikan iruindarrak eta Gaur Ez irurtzundarrak. 

Irurtzundarrak zuzenean
Gaur Ez taldeak zenbait kontzertu eskaini ditu etxean, Irurtzunen. Bihar, lehen aldiz, Sakanan barrualdera joko dute, Etxarrira. Irurtzungo taldea musikari esperimentatuek osatzen dute: Xabi Unanua irurtzundarrak (baxua eta koroak), Arakilen aski ezaguna den Julen erasoarrak (ahotsa), Alfredok (gitarra), Idoiak (gitarra) eta Julenek (bateria). 2010ean gurutzatu ziren haien bideak. Uztarketa horretatik erritmo sendoko eta melodia goxoko taldea sortu zen.

Irurtzungo musika taldeak indartsu hasi zuen urtea. Zenbait kontzertu eskaini ditu,  Irurtzun aldean eta Iruñerrian batez ere. Azpimarragarria da Onki Xin pop rock lehiaketako finalera iritsi zela. Uda hasieran geldialdia egin zuen estudioan sartzeko. Lau abesti grabatu zituzten: taldeari izena ematen dion Gaur Ez, Itsututa, Itxoiten eta Agur. Abestiak eta bideoak web orrian eskegi dituzte.

Web orrira jotzeko beharrik gabe, bihar zuzenean entzun ditzakegu Etxarriko gaztetxean.

20 urteko ibilbidea
Leihotikan taldeak Oroimenak erretzen diskoa aurkeztuko du Etxarriko gaztetxean. Izenak dioen bezala, Iruñeko taldeak gogora ekarri nahi izan du 20 urteko ibilbidea. Leihotikan taldea 1992an sortu zen. 95ean grabatutako lehen maketak taldearen musika zabaltzeko aukera eman zuen. Aipagarria da Altsasuko gaztetxean eman zutela lehen kontzertua, 1995eko martxoaren 15ean, Doktor Divagorekin batera. Geroztik, beste maketa bat, lau disko eta hamaika zuzeneko etorri dira. Punk-rock eta hardcore estiloko abestiak, batzuk sakon eta ilunak, besteak alai eta koloretsuagoak, Euskal Herri osoan eta Estatuan zabaldu dituzte.

20 urteek utzi dutena Oroimenak erretzen bilduman jaso dute. Diskoan taldearen lau diskoetatik zaleek hautatutako abestiak daude. Taldearen abesti ezezagunenak ere, 1996ko maketakoak,  sartu dituzte. Azkenik, zenbait bildumatako temak eta bitxikeriak gehitu dituzte. Biharko kontzertuak ibilbide hori errepasatzeko aukera emanen du.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
03
17:47

Sakana: Hautsi ta barratu lehiara

KULTURA > BERTSOLARITZA >
Joan zen ostiralean mustu ondoren, asteburu honetan lehertuko da Nafarroako taldekako bertso ekimena. Bihar eta etzi lau bertso saio egonen dira. Haien artean dago Hautsi ta barratu eta Lepatanatuek taldearen artekoa. Oier Lakuntzak, Haizea Beruetek eta Arkaitz Goikoetxeak Jon Barberena, Oier Amiano eta Xabi Maiarekin neurtuko dituzte indarrak. Igandeko 19:00etan dute hitzordua, Elizondoko Arizkunenea kultur etxeko ganbaran. Ondoren, afari-merendua izanen dute Falfarak elkartean.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
03
11:49

Sakana: Goi mailako partida Luisitoren alde

KIROLA > ARETO FUTBOLA >

Gaur, arratsaldeko 19:30ean, Luisitoren alde lehen mailako areto futboleko jokalariak lanean ikusteko aukera izango da Altsasun. Triman eta Umacon Zaragora aurrez aurre arituko dira gazte olaztiarraren alde. Aste hauetan ligako partidarik ez dagoenez, futbol taldeek lagun arteko norgehiagoka jokatzeko aprobetxatuko dute.
Norgehiagoka Denok Luisitorekin! lagun eta herritar taldeak antolatu du, Luisitorendako dirua lortzeko intentzioarekin. Sarrerak 5 eurotan jarriko dira salgai eta 12 urte bitarteko haurrei borondatea eskatuko zaie.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
03
11:30

Sakana: Langabeziak gora

SAKANERRIA > SAKANA >

Ilbeltzean Altsasuko enplegu bulegoan izena emanda zeuden pertsonen kopuruak gora egin zuen. Urte hasieran baino 34 pertsona gehiago daude, %2,3 gehiago. Guztira 1.510 sakandar daude enplegu bulego horretan izena emanda ilbeltza akaberan. Azken hilabetean Altsasuko enplegu bulegoaren bidez 313 kontratu itxi ziren, horietatik 32 besterik ez ziren mugagabeak.

Nafarroan langabeziak %6,82 egin du gora. Ilbeltzean 3.203 langabetu gehiago izan ziren, hilaren akaberan 50.149 izatera iritsiz. Haietatik 25.591 emakumezkoak dira eta 24.558 gizonezkoak.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
03
11:08

Sakana: Larunbatean hasiko da 500 kilotako emakumezkoen txapelketa

KIROLA > SOKATIRA >

Bihar hasiko da goma gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa, Durangon.

Emakumezkoetan, Sakana taldeak parte hartuko du. Aurreko astean bukatutako 540 kilotako txapelketan txapeldunorde gelditu ondoren 500 kiloko txapelketan ariko da Sakana, Badaiotz, Ibarra, Bizindar eta Berriozar taldeekin batera. Hiru jardunaldiko liga jokatuko dute. Txapelduna hiru jardunaldiko liga jokatu eta gero erabakiko da.

Bihar Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan arratsaldeko bostetan hasiko dira jardunaldiak. Tiralariek 14:00etatik 15:30era bitartean egin beharko dute pisaketa. Durangoko jaialdian gizonezkoen 680 kiloko txapelketako finala jokatuko da eta emakumezkoen 500 kiloko lehen jardunaldia.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
03
11:06

Sakana: Erdozia eta Beltza igandean Legution

KIROLA > AIZKORA >
Igande honetan Legution, binakako Eusko Label txapelketako kanporaketa izango da. Herriko pilotalekuan izango da goizeko 12:00etan. Bertan Juanjo Erdozia eta Goizeder Beltza etxarriarrak Juan eta Jon Rodriguezen kontra ariko dira.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)


Ots
03
11:05

Sakana: Heldu den astean Pasaiara

KIROLA > MENDI IBILALDIA >
Heldu den igandean, otsailak 12an, Sakanako Mendigoizaleak Pasaia aldera egingo dute irteera. Goizeko 7:00etan Irurtzundik aterata mendizaleak kosta aldera abiatuko dira. Pasaiatik Jaizkibel aldera joango dira Hondarribian bukatzeko. Bertan bazkalduko dute. Sakanako Mendigoizaleak taldetik jendea animatu nahi dute antolatzen dira irteeretara apuntatzera, giro onean eta lagun artean mendi buelta egiteko. Igandeko irteerarako autobusera apuntatzeko ohiko lekuetan.

Guaixe.net - Bierrik Fundazioa - Sakana (Nafarroa)